Gure seme-alabekin jolastu

Beharra apeta baino gehiago

1 urtarrila de 2005
Img miscelanea listado 320

Beharra apeta baino gehiago

/imgs/20050101/img.miscelanea.01.jpg
Egunean zehar haurrekin jolasteko tartea izatea haren garapenean elikadura bezain garrantzitsua da. Hala ere, gure seme-alabekin jolastea ez da lan erraza. Gurasoentzat aspergarria da batzuetan eta eguneroko bizitzan aparteko ahalegina eskatzen die, gero eta estres gehiago eta denbora librea urria nagusi diren garai honetan. Hiru urte bete arte jolasa oso garrantzitsua da, izan ere garai horretan haurrek euren artean ez dute horrenbeste jolasten -hasieran txikiegiak direlako eta ondoren jolasaren mundua deskubritzeko gurasoak nahiago dituztelako. Ildo honi jarraituz, ikasketa askok erakusten dute haurtzaroan jolasa batasunaren oinarri bihurtu duten familiek nerabezaroan arazo gutxiago izan dituztela. Baina oso asmo onak eduki daitezke eta jolasa erakargarri eta onuragarri nola bihurtu ez jakin.

Lehenengo urtean

Jarrera ludikoak haurra jaiotzen denetik hor daude. 8 hilabete bete arte gorputza du jostailu eta batzuetan baita bere arreta bereganatzen duen oso gertuko gauzaren bat ere. 9 hilabetetik aurrera, eskuz atzeman dezakeen guztia da jostailua eta harengan eragin dezakeela konturatzen denean, ekintza behin eta berriz errepikatzen du.

Gurasoen funtzioa

  • Gurasoek erabateko konfiantza izan behar dute haurrak jolasteko duen gaitasunean eta iniziatiba eskaini behar diote.
  • Haurrari begiratu behar diote jolasa zertan den ulertu arte. Ulertzen ez bada, imitatu.
  • Altuera berean jolasten saiatu behar dugu beti, nola lurrean hala mahaian.
  • Beraiekin jolastea aurreikusi dugun denbora errespetatzea garrantzitsua da. Egunean zehar ordu erdi baino ez bada, horretara soilik egon behar da. Haurrak ere ezin ditu beste behar batzuk eduki, gosea edo logura, esate baterako.
  • Beharrezkoa bada, orientabideak eman daitezke jolasean, baina inoiz ez da araurik inposatu behar. Ezer gutxirako balio du.

Jolasak

  • Imitazioa oinarrizkoa da. Minutuak igaro ditzakete soinuak, txaloak eta mugimendu errazak errepikatuz.
  • Hamabi hilabete inguru izandakoan, haur handiagoekin lau hanketan ezkutaketan eta harrapaketan jolastea gustatzen zaie gehien.
  • Pilotari begiratzen die arretaz, etorkizuneko jolas askotan lagunduko diena. Pilotak nahikoa handia izan behar du, ahoan ez kabitzeko modukoa.
  • Kaxa batean gauzak sartu eta ateratzea oso dibertigarria iruditzen zaie, beraiei begira egonez gero batez ere eta zuzen egindakoan euren arrakasta aitortuz.

Jostailuak

  • Gurasoak dira lehenengo hilabeteetan jostailurik onena, nahiz eta topikoa iruditu.
  • Egunek aurrera egin ahala, ordura arte segundo bakarreko arreta baino merezi izan ez duten opariak euren jakingura pizten hasten dira, baina oraindik ere arin aspertzen dira haiekin.

3 urte arte

Haurrak esna igarotzen duen denboraren %60 adin honetan jolasari eskaintzen dio, edo horrela izan beharko luke, behintzat. Zehaztapen hau Espainiako Pediatria Elkarteak eginiko oharra da. Haiek diotenez gure haurrek gero eta gutxiago jolasten dute eta euren aisia ekintza pasiboagoekin betetzen dute, telebista eta bideojokoetan oinarrituta batez ere. Adin tarte honetan, halaber, jostailuak eskura eduki arren, adinekoen presentzia ezinbestekoa da. Haurrak oraindik ez du jolasteko adin berekoen presentzia eskatzen; espazioa eta baita jostailuak ere partekatu ahal izango ditu beste haur batzuekin, baina haiek ez dute bere jolasean parte hartzen.

Gurasoen funtzioa

  • Orain jolasak beraiek edo jostailuek garrantzia hartzen dute, baina oinarrizkoa izaten jarraitzen du gurasoek jolasari denbora zehatza eskaintzea.
  • Eurek jartzen dituzte arauak, nahiz eta berez arauak ez izan, ez baitira betetzen. Pertsona nagusia laguntzeko dago hor, ez erakusteko. Berezkotasunak afektibotasuna adierazten du eta komunikazio eta errespetuzko harremanak elkar trukatzeko bidea ematen du.
  • Haurrek euren jolasetan adin nagusiek egiten dituzten jarduera berberak errepikatzen dituzte, era horretan euren bizitzarako gaitasunak eskuratuz. Nagusiek eguneroko zenbait gauza egiten dituzten bitartean haien berri haurrei ematea jarduera erabilgarria izan ohi da.
  • Bi urtetik aurrera gutxi gorabehera hizkuntza erabiltzen hasten dira eta egin ordez esan egiten dute. Urrats handi hau ekintza eta hitzen eskema sinbolikoan islatzen da. Lehen errealitatea era mimikoan asmatzen bazuten, orain laguna mundu irreal hori konpartitzera gonbidatzen dute. “Demagun…” horrela adierazten dute antzerki proposamen bat egiteko nahia, zalantzarik gabe, onartzea merezi duena.
  • Gurasoek presa handia izan ohi dute seme-alabek hainbat gaitasun eta ezagutza bereganatzeko, hala ere, haurtzaroa luzatzea garrantzizkoa da.

Jolasak

Pilota funtsezkoa izan ohi da jolasean. Harrapaketan jolastea asko gustatzen zaie eta baita abestu eta dantza egitea ere, poliki-poliki gorputzeko atalez espresioa lantzen hasten dira…

Jostailuak

  • Panpinak eta pelutxeak, eta bultza egin, zamatu eta hustu dezaketen autoak, trenak eta kamioiak.
  • Pieza handiko buruhausgarri eta puzzle errazak.
  • Muntatzeko joko errazak.
  • Hondarretan jolasteko ontziak, palak eta moldeak.
  • Arotzaren bankua.

3 urtetik aurrera

Haurrak umetxo izateari utzi dio eta adin bertsua dutenekin erlazionatzen hasten da, jolasak haiekin partekatu nahi ditu eta gurasoekiko independentzia handiagoa lortzen du. Bakarrik jolastuz luze entretenitzeko gauza da, hori dela eta, gurasoen jolas denbora ipuinaren irakurketak ordezkatu behar du.

Jolasaren ezaugarriak

/imgs/20050101/img.miscelanea.02.jpg
Denbora pasa edo jostagarri huts izateaz gain, heldutasuna iristen denerako bizitzaren ikaskuntza prozesutzat jotzen da jolasa. Gurasoek ere badute beste kezka bat: telebista ez dadila haurren jostagarri bakarra izan. Bi faktoreak kontuan hartuta, gurasoak konturatu dira jolasa bultzatu eta nola jolastu ikasi beharra dagoela. Jolasteko beharra berezkoa da, 1959ko Haurtzaroren Eskubideen Deklarazioak hala dio bere zazpigarren artikuluan: jolasa eskubide unibertsala da, haurren ongizateari begira dagoen garapen kulturalaren ebidentzia. Jolasa zehazten duten ezaugarriak ondorengo hauek dira:

  • Jolasa atsegingarri eta dibertigarria da.
  • Jolasaren motibazioak bere baitan geratzen dira eta ez daude beste helburu batzuen zerbitzura. Hain zuzen ere, bitartekoen atsegingarri da helburu zehatz bati begirako ahalegina baino gehiago.
  • Jolasa borondatezkoa eta berezkoa da, inoiz ez derrigorrezkoa.
  • Jolasten duenaren aldetik parte hartze aktiboa eskatzen du.
  • Lasaitasuna eta poztasun emozionala eskaintzen du badakigulako jolasa baino ez dela.
  • Aldez aurretik ez dago ezer ikasi beharrik.