Dislipemiak: odoletako gantz-alterazioak

Balizko arrisku honek analisia egitea agintzen du

1 urtarrila de 2005
Img salud listado 319

Balizko arrisku honek analisia egitea agintzen du

/imgs/20050101/img.salud.01.jpg
Gantz edo lipidoak ezinbestekoak ditugu bizitzeko, energi iturri izateaz gainera, hormonak sintetizatzen laguntzen baitute, gure erraiak babesten dituztelako, etc. Gorputzean barrena odolaren bidez hedatzen dira koipe horiek. Baina odoletan gantz ugari edo urriegi edukitzea -“dislipemia” izenez ezagun duguna- bihotzean, arterietan eta garunean berebiziko aldaketak ondoriozta ditzaketen alterazioen eragile izan daiteke. Gure bizimodua sedentario dela eta gantz ugariko dieta kontsumitzen dugula kontuan izanik, dislipemiaz aritzean lipido gehiegi (hiperlipidemia) biltzeaz ari gara. Badira biziki kontuan hartu eta zorrozki zaindu beharreko bi gantz mota: kolesterola eta triglizeridoak, alegia, horiek -kolesterola, bereziki- neurriz gainetik agertzea arrisku kardiobaskularreko faktorea baita.

Dieta eta bizimodua

Gantza uretan ez da disolbatzen, odoletan barrena zirkulatzeko proteinen laguntza behar izaten du, lipoproteinak osatuz. Horietako bik dute berebiziko interesa sendagile eta pazienteentzat: dentsitate apalekoak (LDL), “kolesterol kaltegarri” beldurgarria, eta dentsitate altukoak (HDL), “kolesterol mesedegarria”. Horien aldaketak -LDLren kasuan, gorakoa; HDLrenean, behera- arriskutsuak dira osasunarentzat.

Guztirako kolesterolaren (CT) eta triglizeridoen (TG) kontzentrazioak, HDL eta LDL kopuruenak bezala, biziki aldakorrak dira, geneen arteko elkarreraginaren eta giroaren ondorioz. Odoletako lipidoen kontzentrazioa, hein handi batean, dietak eta bizimoduak baldintzatzen dute; gehiegizko kopuruengatiko arazoaren seinaletzat hartzen diren CT eta TGen kontzentrazioak populazio orokorraren baitan zifrak zein eratan banatuak dauden kontuan hartuta finkatzen dira. Hainbat azterlanek frogatua duten bezala, arrisku koronarioa era esponentzialean areagotzen da guztirako kolesterola 200 mg/dl-tik gora, are gehiago LDL edo kolesterol kaltegarria goian dabilenean.

Erreferentzi balioak

Lipidoak Lortzeko moduko mg/dl Gehieneko mg/dl Mg/dl altuak
Guztirako kolesterola < 200 200-239 >240
Triglizeridoak < 200
LDL < 130 130-159 >160
HDL Femeninoa > 45 < 35
HDL maskulinoa > 40 < 35

Balio horiek erreferentzia gisakoak dira baina kasu bakoitza berariaz aztertu beharra dago. Arrisku kardiobaskularreko faktore diren aldetik, bakoitzaren esanahia, gainera, aldatu egiten da beste aldaki batzuekin elkartzean: tabakismoa, adina, tentsio arteriala, diabetesa eta beste hainbat. Kolesterol maila 250 mg/dl-an daukan pertsonak arrisku arinean dabil hiperkolesterolemia bakar-bakarrik nozitzen duenean. Horrez gainera tentsio altua badauka, erretzen baldin badu, familian kolesterol altuko aurrekinak baditu, diabetikoa bada etab., zifra hori altua da. Pertsona bakoitzak ezagutu behar du zehatz-mehatz nolako arriskua duen, metodo zientifikoen bidez kalkulatuta. Framinghan-en taulak oso erabiliak izan diren arren, bertan Espainiako populazioaren arriskua balioz gaineztatu egiten denez, egun populazio horren ezaugarrietara egokituriko taula bat eratzen ari dira adituak. Taula horietan eta egun baliatzen diren beste batzuetan ere hamar urteko epean gaitz kardiobaskular larririk (infartua, bularreko angina, bat-bateko heriotza, ezbehar garun baskularra, etc.) garatzeko aukera kalkulaturik agertzen da.

Hiperlipidemia motak

Odoletako gantzaren agerpen handiak edo hiperlipidemiak era askotakoak izan daitezkeen arren, bi multzotan sailkatzen dira:

Hiperlipidemia primarioak: gantz saturatu ugari hartzeak, horien sintesiaren areagotzeak eta faktore genetikoek eraginikoa. Famili hiperkolesterolemia mota bat larri-larria izan daiteke, paziente gaztetan lesio arteriosklerorikoak sortarazten dituelako.

Hiperlipidemia sekundarioak: metabolismo lipidikoaren alterazio hauek gertatzen dira diabetes, hipotiroidismo, giltzurrunetako gaitz, hepatopatia, alkohol edota botiken (diuretikoak, kortikoideak eta antzekoak) kontsumo handia dagoenean.

Bai primarioek baita sekundarioek ere arrisku kardiobaskularra areagotu egiten dute, arterioesklerosia garatzearen ondorez.

Prebentzioa

Gaitz kardiobaskularraren prebentzioak, arrisku-egokieren arabera pertsonak identifikatzeko estrategia martxan jartzea agintzen du. Arakatze-kanpaina masiborik egitearen ordez, sendagilearen kontsultan aldian behin egin beharreko detekzioak aholkatzen dira. Dislipemien tratamendua -kasu larrietan izan ezik- familiaren sendagilearen zereginetako bat da. Gizonezkoak 35 urte eta emakumezkoak 45 urte bete aurretik kolesterola zehaztu beharra dago. Adin horretatik aurrera eta 75 urteak bete arte, bost urtean behin egitea komeni izaten da.

Tasa altua hautematen denean proba berriro egin beharra dago hortik bizpahiru hilabetera. Bere horretan jarraitzen badu, hobe da arrisku kardiobaskularra kalkulatzea eta azterlana oinarrizko arakatze kardiobaskular batez osatzea, odol eta gernu analisiekin, LDL eta HDL kolesterol, triglizerido, glukosa, kreatinina, azido uriko eta transaminasen kopuruak zehaztuz, eta elektrokardiograma bat egitea.

Tratamendua

Arrisku maila zehaztuta tratamendua ezarriko da, neurri higieniko, dietetiko eta farmakologikoetan oin hartuta. Kolesterola 240z gainetik badabil, hasierako neurriak higieniko eta dietetikoak dira, LDL apaltzeko helburuz. Tratamendu hori hasi zenetik hiru hilabetera helburua (LDL<160mg/dl) erdietsi ez bada, tratamendu farmakologikoa planteatuko da, norberaren arrisku-maila eta profilaren arabera. Erabili ohi diren botika eraginkorrenak estatinak badira ere, batzuetan bestelakoetara (erretxina eta fibratoetara) jo behar izaten da; oraindik orain kolesterolaren xurgatzea galarazten duten botiken erabilera nagusitu da. Tratamendua onartzea funtsezkoa da baina ez da batere erraz gertatzen: pazienteak ez du hiperkolesterolemia gaitz gogaikarri edo mingarritzat hartzen, ezta arrisku gisa ere. Bizimodua aldatzea da hipercolesterolemia bereziki eta dislipemiak orokorki tratatzeko lehen pausoa..

Aholku zenbait

Bai populazio osoaren kolesterol maila jaisteko, baita arterioesklerosia prebenitzeko ere, hobe izaten da:

  • Era askotako elikabideez osaturiko dieta kontsumitzea, labore, fruta eta barazki ugari hartuz.
  • Haragi gorri, arrautza, esne oso eta esnekien (izozkiak, esnegaina, gurina, gazta gantzatsuak, jogurt osoak, etc.) kontsumoa murriztea.
  • Oliba olioa kontsumitzea, opil, frijituetan eta prekozinatu industrialetan ohikoak diren palma eta koko olioak baztertuz.
  • Arrain zurien eta bereziki urdinen (sardina, amuarraina, izokina, hegaluze eta hegalaburra, berdela …) kontsumoa gehitzea.
  • Gorputzaren pisua jaistea, kaloria gutxiko dieta hartuz.
  • Alkoholik ez hartzea edo neurri-neurriz kontsumitzea.
  • Ez erretzea.
  • Ariketa fisikoa egin ohi izatea.