Balioetan heztea dela eta, funtsezkoa da familia
Gurasoak ez ezik gizarte osoak ere, haur eta gaztetxo askoren jarrera eta jokamoldeez geroz eta kezka biziagoa sentitzen du: droga kontsumoa, bortizkeria ugaltzea, elkarrenganako errespeturik eza, ikasgelako erasoak edota ikasketetan jasotzen diren emaitza txarrak balio-krisi horren agerpen nabarmenak dira eta egunik egun biderkatzen ari zaizkigu, gainera. Horien arrazoi eta baldintzak kasu batetik bestera aldatzen badira ere, arazoari konponbidea emateko unean familiak berebiziko eginkizuna bete behar duela baieztatzean bat datoz adituak. Hortaz, familiaz sortzen diren zalantzak gorabehera, bera da oraino nortasunaren eraikuntzaren giltzarria ez ezik, seme-alabak kolektibitatearen balioetan sozializatzeko tresna behinena ere.
Zer dira balioak?
Gizakiaren sinesmen-sistemetan elementu nagusiak dira balioak, bizitza-egoera idealekin lotu izan ohi direnak. Pertsona garen aldetik, gure premiei erantzuten diete, gure inguruko gertakizunak, gainerako gizakiak eta geure burua balioztatzeko irizpideez hornitzen gaituzte. Bizibidean ipar orratz ditugularik, gainerako pertsonak uler eta maita ditzagun laguntzen gaituzte. Lehen ikaskuntza-markoa familia den aldetik, printzipio eta arau horien transmisore izango da baina, horrez gainera, bertan partekatuko dugu konpromiso emozionalaz harturiko bizi-proiektu oso bat; bertan izango dute pertsona guztiek -guraso izan, seme-alaba edo aiton-amona izan- garatzeko testuinguru aproposa eta bertan ahalbidetuko da belaunaldi desberdinetako gizakien arteko topaketa; familia da, azkenik, aldaketa eta krisietan ibiltzeko segurantzi sarea. Haurrarentzat, berriz, hori eta gehiago ere bada: bere buruaren eraikuntza prozesuan bera da eragile aktibo, gurasoak eta seme-alaben arteko harremana transakzionala (joan-etorrikoa, alegia) den heinean, izaera asimetrikoa badu ere.
Horrek esan nahi du haurraren balioak aldatu egiten direla, eraginik gertatzen direla, baina ez haurrenak bakarrik: helduonekin ere beste horrenbeste gertatzen da. Umeak ekarri ondoren, adibidez, oso litekeena da guraso batek ospe sozialaren gainetik segurantzia lehenestea. Famili arauak inplizituak dira, oro har, belaunaldiz belaunaldi transmititzen dira eta balioak adierazteko tresna gisa funtzionatzen dute eskuarki, baina malgutzat jo behar ditugu: famili zikloan zehar aldatu, bilakatu eta taldekideen zerbitzuetara jarri behar dira, ez alderantziz. Horregatik balioak zaintzen dira, gurasoen edota seme-alaben jokamoldeak aldatuz ez ezik, famili estrukturaren baitan harreman motak ere bestelakotuz.
Elkarrekiko agintaritza bizi duen famili estiloa
Hartzen dituen hamaika itxurak gorabehera, familia da oraino haurrak eta bere garapen psikikoak funtsezkoak dituzten premia eta harremanei erantzunak ematea funtsezko eginkizuna duen erakundea. Egungo ikerketen arabera, elkarrekiko agintaritza agertzen duen famili estiloa da egokiena seme-alaben alderdi guztietako hazkuntza laguntzeko. Aspaldi honetan (joan den mendeko zazpigarren hamarkadaz geroztik) jazotako aldaketak direla bide, modelo tradizionala bertan behera utzi da, gizonezkoa eta emakumearen artean eta gurasoak eta seme-alaben artean rolak zehazki eta irmoki bereizita. Gurasoek, egun, askatasunera begirako hezkuntza dute nahiena, komunikazioa, elkarrizketa eta tolerantzia hobetsita. Gizakiaren etorkizuna bizi eta antolatzen den lehen instantzia familia da, bertan talde bateko kide izan eta, aldi berean, autonomia mantentzearen arteko, antzekoa baina bestelakoa izatearen arteko kontraesanak sortzen eta jorratzen dira. Familiaren baitan eraikitzen da nortasuna, bertan ematen da aurreneko urratsa kulturarantz, balio-sistemaren antolamendurantz, kidego kulturalaren araberako pentsaera eta jokaerak bilakatzerantz.
Nolanahi ere, familiaren egitura, historia, kultura eta osaketatik haratago, bere eginkizun nagusiak betikoak dira egun ere: seme-alabak beren buruarenganako eta beste pertsonenganako errespetuan hel daitezen baldintza egokiak prestatzea, alegia. Dudarik gabe, balio-hezkuntzan bitartez gurasoak eta seme-alaben arteko harremana bideratzea da helmuga horretara iristeko agertoki lehena, behinena.
Prozesu horren helmugetako bat familiaren hezkuntza-proiektua aurrera eramatea da. Idatzirik ez dagoen akordio horren arabera familiaren antolatzeko modua, zereginen banaketa eta bertako kideek sortarazten dituzten itxaropenak definitzen dira. Balio, jarrera eta konfiantza horiek, kideen nortasun-ezaugarriak zehazten dituen metodoaren ereduz gauzatzen dira, familia batzuk besteetatik bereiziz. Lau hezkuntza-estilo bereizten dira, izan ere, gurasoak eta seme-alaben arteko harremanetan funtsezko bi aldaki agertzen diren edo ez diren kontuan izaki: gurasoen afektu edo hartaratzeko jarrera-maila, batetik, eta gurasoen eta seme-alaben arteko harremanetan islatzen den gurasoen aldetiko kontrol edo eskakizuna, bestetik, hara:
- Elkarrekiko agintaritza bizi duten familiak. Horrelakoetan, bi izariak orekan agertzen dira: seme-alaben kontrol finko arrazoitua egikaritu eta, aldi berean, haien eskubideak onartzen dituzte gurasoak; aldi berean, hauek beren eskubide eta betebeharrak seme-alabek aintzat har ditzaten eskatzen diete.
- Guraso autoritario eta zapaltzaileak. Honelako familietako kontrola aurreko kasuan bezain zorrotz eta finkoa bada ere, elkarrekikotasunik agertzen ez denez, zurrun gertatzen da, seme-alabek ez dute askatasunaz gozatzeko espaziorik.
- Guraso permisibo bihozberak. Honelakoetan gurasoek ez dute kontrolik egikaritzen, ez dira zuzentzaile, ez dute araurik ezartzen. Nolanahi ere, guraso horiek afektiboki oso inplikatuak daude, seme-alaben premietara erne.
- Guraso permisibo arduragabeak. Gurasoen permisibitatea ez dator afektuzko inplikazioaren eskutik, abandonuaren antz-antzekoa da.