Zistitisa

Sendagilearenera joatea, funtsezkoa

Emakumeen artean gizonen artean baino ohikoagoa den gaitza
1 azaroa de 2003
Img listado salud

Sendagilearenera joatea, funtsezkoa

Pixa egitean erresumin sentsazioa, egiteko premia, maskuria hutsik egonda ere gernu egin nahi, pubis aldean mina… zistitis edo maskuriaren hanturaren zenbait sintoma dira. Gaitz hori ohikoagoa da emakumeen artean, eta batzuetan ez zaio behar besteko arreta eskaintzen. Urtero bost emakumetik batek beheko gernu traktuan infekzio sintomak baditu ere, horien %10ek baino ez dute medikuarenera jotzen.

Maskuriak emakumeen gorputzean duen kokapenak azaltzen du horiek zistitisa areago jasatea. Organo horrek giltzurrunek ekoizten duten gernua biltzen du eta, aldizka, bere muskulaturaren uzkurduraren bidez, hustu egiten da. Maskuria uretrarekin komunikatuta dago, gernuak -kanpora isurtzen denean- zeharkatzen duen hodiarekin, alegia. Gizonarengan, uretrak prostata zeharkatzen du eta zakilaren gorputz leizetsuen artean igarotzen da; emakumearengan, berriz, motzagoa izan eta bulban bukatzen da. Horrek erraztu egiten du zistitisa, bulba aldeak eta perineo aldea gertu izateak kutsadurari laguntzen baitiote.

Likido gehiago edatea

Eskuarki gernuak ez du germen patogenorik. Baina bakterioren bat maskurira sartu eta bertan ugaltzen bada, haren populazioa bikoiztu egiten da 40 minutuko, eta azkarrago maskurian hondar-gernua geratzen bada edo maskuriaren hustuketan aldi luzeak igarotzen ba dira; esate baterako, likido gutxi edaten direnean. Uretra da kutsatzen lehena; infekzioa garaiz tratatzen ez bada, goranzko ibilbidea egingo du eta giltzurrunetara irits liteke, pielonefritis delakoa eraginez.

Heste-florako edozein mikroorganismok infekta lezake gernua, baina erruduna Escherchia coli delakoa izan ohi da gehienetan, zistitisen %90tan agertzen baita. Gernu traktuan gernuaren isuriaren moteltzea eragiten duten egoera guztiek zistitisa agertzea errazten dute: maskuri-ureterrorena errefluxuak, ureterretako dilatazioek, maskuri erretentzioak edo kalkuluak agertzeak, besteak beste. Sonda uretro-besikalak edo gernu-bideak aztertzeko tresnak -kateterrak edo zitoskopioak- sartzeak ere eragin ditzake infekzioak. Emakumearengan sexu harremanak eta haurdunaldia infekzio mota hau harrapatzeko joera daramaten faktoreak dira.

Sintoma nagusiak

  • Pixa egitean erresumin sentsazioa.
  • Maiz pixa egin behar.
  • Pixa egiteko premia bizia.
  • Pixa egiteko nahia maskuria hutsik egonda ere.
  • Pubis aldeko mina.
  • Itxura gutxi gorabehera uherreko gernua, eta are odola duena.
  • Hotzikarak eta sukarra.
  • Gerrialdeko mina, bizkarraren behealdean, giltzurrunak infektatzen direnean.

Beti ez dira sintoma guztiak agertzen eta pertsona guztiengan ez dute intentsitate berdina.

Diagnostikoa eta tratamendua

Gernu-infekzio hauetan maiz medikamenturik ohikoenen kontrako erresistentzia gertatzen denez, zistitisaren sintomak agertzen badira funtsezkoa da gernu-analisia egitea, germen eragilea zein den eta zein antibiotikok izango duen eragina aztertzeko. Emakume asko medikuarenera joan ez eta beren kabuz hartzen dituzte sendagaiak; hutsegite nabarmena da.

Zistitis zorrotzaren tratamendua antibiotikoetan oinarritzen da. Badago bitarteko terapeutiko mordoa, baina zuzen erabili behar dira: sendagai egokia analisien emaitzen arabera aukeratuko dira beti. Tratamendu antibiotiko egoki batez zenbait egunetan arintzen da zistitis zorrotza, arazo eta konplikazio handirik gabe. Agindutako sendagaiak hartzeaz gain, honako jarraibide hauek bete behar dira:

  • Likido ugari edatea: gutxienez bi litro eguneko.
  • Maiz zistitisa duten emakumeek xaboi lurrinduak, xanpuak, usain kentzaile intimoak, bainu gatzak, konpresa lurrinduak eta uretra narrita lezakeen guztia erabiltzea saihestu egin behar dute.
  • Perineoaren gehiegizko izerditzea (uzkiaren eta sexu organoen artean dagoen aldea) kontrolatu egin behar da, alde hori beratzen errazten baitu eta azken batean bakterio kolonizazioa ahalbidetzen. Izerdiaren lurrinketa eragozten duten arropak saihestu behar dira, bereziki panty galtzak, kulero estuak, zuntz sintetikozko jantziak, etab. Kasu horietan egokiena kotoia da.
  • Kaka egin ondoren funtsezkoa da higiene erabatekoa: emakumeek aurretik atzerantz garbitu behar dute, uretraren sarrera hondar fekalez ez kutsatzeko.
  • Sexu organoak eta uzkialdea xaboi leun eta urez garbitzea.

Zirrituko zistitisa

Maiz zistitisa sufritzen duen pertsona batek espezialistari kontsultatu behar dio, gernu bideak aztertzeko, eta gernu traktuan infekzioak ahalbidetzen dituzten anormaltasunak baztertu nahiz egiaztatzeko. Kasu horietan, gernu analisi seriatuez gainera, baliteke ekografia bat edo gernu bideak ikustea ahalbidetzen duten bestelako azterketak egin behar izatea: pielografia, zitoskopia…

Zistitis guztiak ez dira infekziosoak. Zenbait pertsonak badituzte zistitis sintomak, haien gernu analisiek bakterioak egoterik agerian jartzen ez badute ere. Pixa egitean ondoeza eta egiteko premia sentsazioa dute, eta oso maiz egiten dute pixa, baina ez dago infekziorik; haien gernua antzua da. Zirrituko zistitisa da, eta maskuriaren paretaren hantura kronikoa du ezaugarri. Haren kausa ez dago argi eta tratamendua sintomatiko hutsa da, tratamendu antibiotikoak ez baitu kasu horretan eraginik.

Eztei bidaia-ko zistitisa

Zenbait emakumeri sexu harremanak izan ondoren agertzen zaien hantura da. Gernu egite mingarriak, erresumin sentsazioa eta maiz pixa egiteko premia sufritzen dituzte. Sintoma hauek egun bat edo bi irauten dute eta berriz ere sexu harremanak izan artean desagertu egiten dira. Ez da benetako zistitisa, uretraren hantura baizik, horregatik uretra sindromea izena ere ematen zaio. Izaera kronikoa du eta agertzen denean badirudi zenbait mikroorganismo daudela tartean, hala nola Chlamidia delakoa, herpesaren birusa, Trichomona delakoa, etab., gai honen gainean adostasunik ez badago ere. Uretrak sexu-jardunean sufritzen duen traumatismoagatik ere agertzen dira sintoma horiek. Emakumezkoentzako spray higienikoak, konpresa lurrinduak, koipez edo xaboi narritagarrizko bainuak erabiltzea ez da gomendagarria, uretra narrita baitezakete.

Zistitisa duten emakumeek hartu behar dituzten neurriez gain, uretra sindromea dutenek, berekin sexu-harremanak izango dituen pertsonaren zakila eta eskuak garbirik daudela ziurtatu behar dute. Halaber, bukatutakoan pixa egin behar dute maskuria hustu eta, hartara, uretra garbitzeko. Lubrifikatzaile uretan disolbagarriren bat erabiltzea ere onuragarria izan daiteke, koitoa errazagoa eta ez-traumatikoa izango baita. Ez da baselina erabili behar, ez baita disolbagarria.