Astronomia

Ortzia irakurtzeko aukera

Partitura bat irakurtzeko beharrezkoa den antzeko trebezia
1 uztaila de 2003
Img miscelanea listado 243

Ortzia irakurtzeko aukera

Pazientzia, intuizioa eta ortziaren mezua deskubritzeko interesa duten zaletuen eskurako diziplina zientifikoa da astronomia. Izarrak ezagutzen, planetak bereizten ikastea eta efemerideak jarraitzea aski soila da: izan ere, uda partea egoki-egokia da horretan hasteko. Gaua motzagoa den arren, gorabehera meteorologikoek hodeiak eta hezetasuna urruntzen dutelarik, oporraldi egunak aukera ematen digu loari hainbat ordu lapurtzeko, begiak unibertsoan josirik, espazioa arakatuz. Behatzeko moduko dugun guztia hor bertan da baina, hori bai, noiz eta non ikus daitekeen ikasi beharra dago, begira dagoenaren ikuspegiaren arabera aldatzen den mihisea baita izartia.

Lehendabizikoa, zeru-planisferioa

Izar-karta irakurri eta interpretatu ahal izateko ez da derrigorrezkoa astrofisikaz ezagutza sakonak izatea, ezta ekipo konplexua edukitzea ere. Merkatuan badira, bost euro baino gutxiago ordainduta, urteko gau guztietan izartiaren irudia agertzen duten esferak, ederki osaturikoak. Planisferio hori latitudearen -hau da, behatzailea kokaturik dagoen tokiko graduen- arabera dago diseinatua (Espainia, adibidez, 41 gradutan dago) eta eguzki orduekin erregulatzen da (neguan ordubete baino gutxiago, udan bi ordu gutxiago). Horrek agindutakoa beteaz, bertan agertzen diren izar ugari ikusi batera bereizten direla konturatuko gara. Izenak eta irudiak ikastea dugu hurrengo urratsa. Interesak bultzatuko gaitu gorantz begiratzeko ahalmen edo trebeziaz pixkanaka jabe gaitezen eta izenak eta ordezkapenak buruan jaso ditzagun. Kontua da partitura bat irakurtzeko beharrezkoa den antzeko artaziaz janztea. Horretaraino iritsitakoen arabera, atsegin handia eta, batera, kosmoseko osagai izateko kontzientzia hartze arraroa sortarazten du horrek.

Hobe prismatikoak teleskopioa baino

Esne Bidearen izar-izaera, Eguzkiko orbanak, Ilargiko erliebea, Artizarren faseak, Jupiterren 4 satelite nagusiak eta Saturnoren eraztuna aurkitzeko, begiratzen zena 10 aldiz biderkatzen zuen ispilu-sorta baizik ez zuen baliatu Galileo Galileik. Harrezkero astronomiak berealdiko garapena egin du, gizakia Ilargira iritsi da eta espazioko teknologia punta-puntan dabil giza ikerkuntzan. Nolanahi ere, 7 X 50 moldeko (hau da, irudia zazpi aldiz handitzen duen lentea, 50 milimetroko diametroduna) prismatikoak aski dira behapenean hasteko. Teleskopioak urruntasun handiagoan sartzea errazten duen arren, bere lentearen diametroak ortziaren parte txiki bat baizik ez du harrapatzen; prismatikoek hartzen duten zeru-esferaren angelua zabalagoa da, ordea. Prismatikoekin, gainera, zaletuak inbertsio txikiagoa egingo du (150 euro ordainduta prismatiko ederrak eros daitezke), teleskopioaren konplexutasunak gerorako utzita.

Puntuak elkartzea

Behatzaile amateurraren helburua konstelazioak bilatzea da, beraien artean gertukoak omen diren izar-multzoek osaturiko puntuak (buruz, noski) elkarrekin lotzearen bitartez. Horien posizioak aldaketa nabarmenik ez izateari esker, konstelazio bati begiratzen diogun guztietan berdintsu ohi dagoenez, berehala ezagun egiten zaigu bere itxura. Ortziaz gozatzeak duen eragozpenik latzenetako bat, argi-kutsadura da gaur egun, dudarik gabe: gehiegizko argitasunari saihets egiteko hirigunetik alde egin beharra dago, konstelazio nagusiak bereizgarri dituzten izar distiratsuenak bereiztea nahi badugu. Horren larre zabalean orientabide gisa irudi adierazgarrienak hartu beharko ditugu, bata bestearekin lotzen duten balizko lerroak eta forma geometrikoak imajinatuz. Konstelazio batzuk aurkitzea kosta egiten da hastapenetan (tarteka bakarrik ikusiko baititugu) baina eskarmentuak gauez ere bide segurutik eramango gaitu.

Arrastotxoak

  • Hartz Nagusia: ipar hemisferioko konstelazio ezagunena, erraz ezagutuko dugu gurdi itxura baitauka. Beste hainbat konstelazio bilatzeko ere balio du.
  • Ipar-izarra: ipar hemisferioan beti iparrean da, posizioz aldatu gabe.
  • Kasiopea edo “W”: Ipar-izarrarekin lerro-lerroan, Hartz Nagusiaz beste aldera dago.
  • Lirako Vega: abuztuko hamaikatik hamabirako gauerdi aldean zenitean (gure buru gain-gainean dugun gunean) agertzen da Lira konstelazioko Vega izarra, udan ikus dezakegun distiratsuena, alegia.
  • Udako triangelua: Vega, Deneb eta Altair dira “udako triangelu” horren bertizeak, udako izar horiek nabarmentzeko modukoak izaki.
  • Itzaineko Arturo: Hartz Nagusiaren isatsa erreferentzia harturik erraz aurki daiteke izar hau. Guregandik gertuen (35 argi-urtera) dagoen erraldoi gorri horren distira du bereizgarri nahastezina.
Pertseidak, San Lorentzoren malkoak

Pare bat mila urtez ortzian Pertseidak izeneko uxo-izarren euria behatu izan du gizateriak. Astronomia gustuko duenarentzat bete beharrekoa den hitzordu hori urtero errepikatzen da San Lorentzo inguruko gauetan (abuztuaren 10etik 15era bitarte horretan). Aurretiaz, behintzat, behapena non egin behar den finkaturik ez dagoen arren, ipar edo ekialderantz begiratzea aholkatzen dute adituek beti, hiritik urrun, ahal dela. Uxo-izarrak (hau da, hauts partikulen tamainako meteoroak, 100 kilometroko altueran desintegratzen direnak) ikusi ahal izango dira horrela.