Arropa zaindu egin behar da
Aski da arropak dakarren etiketa irakurri eta bertako aholkuak jarraitzea oihalak garbitu, lehortu eta lisatu ondoren egoera onean zaintzeko. Hona hemen zenbait aholku arropak arrakastaz gaindi dezan prozesurik kaltegarrienetako bat: garbiketa.
- Ez gorde arropa zikina hermetikoki itxitako lekuetan. Lehor eta ondo aireztatuta edukitzea komeni da.
- Bete itzazu etiketako aholkuak eta bereiztu arropak kolore eta garbiketa motaren arabera.
- Garbitu aurretik, hustu poltsikoak, itxi kremailerak (irekita hondatu egiten dituzte jantziak), lotu botoi eta lokarriak, eman buelta jantzien eskumuturrei, altxa alkandorei lepoak eta josi urratuak, txiki-txikiak ere handiagotu egingo baitira ikuzgailuan.
- Janzki bat lehen aldiz garbitzean, begiratu tindurik galtzen duen. Ikusten ez den zati batean egin proba, tolesturan adibidez. Umeldu kotoi puska bat eta utzi oihalaren gainean bost minutuz. Kotoiak oihalaren kolorea hartzen badu, bereiztuta garbitu edo tindategira eraman beharko duzu jantzia.
- Orban bat kendu ezinik bazabiltza, ez egin esperimenturik. Utzi lan hori profesional baten eskuetan.
- Ez ipini arroparik beratzen esmalte edo metalezko ontzietan; herdoildu egin litezke. Plastikozko ontzia erabili, jantziak urez estalita geratzeko bezain handia ahal dela.
- Ahaleginez, ur hotza erabili. Arropa oso zikina badago, ur epela ere erabil daiteke, baina beroegiak hondatu egiten ditu ehunak.
- Ez azkarregi zentrifugatu eta ez utzi arropak eguzkitan lehortzen, trinkotu egiten baitira.
- Garbitu ondoren arropak xaboi-aztarnak baditu, eragin berriro uretan, urari ozpin apur bat botata. Kikarakada bat makinarako eta goilarakada bat eskuz garbitzeko.
Makinaz garbitzeko …
- Ikuzgailua ez larregi beti.
- Janzki delikatuak berariazko sare baten barruan sartu. Sarerik ezean, almohada-azalak ere balio du.
Eskuz garbitzeko …
- Arropa sartu aurretik itxoin detergentea uretan ongi urtu arte.
- Puntuzko jantzientzat, artilearentzako berariazko detergente likidoa erabili. Lauskitu jantzia apur bat uretan. Artile bustia ez da sekula igurtzi behar, urak hartuko luke eta.
- Ahal dela ur hotza erabili; baina etiketako gomendioek tenperatura altuagoak onartzen badituzte, kontuan izan: hotzean garbituta (30ºC) ura hotza irudituko zaizu ukitzean; ur epela erabiliz gero (40ºC), sentsazio atsegina sentituko duzu eta ur beroa, berriz, eskuak gehienez jasan dezakeen tenperatura izango da (50ºC).
Kontuz lixibarekin…
- Ez erabili lixiba larregi. Jantziaren barruko eta kanpoko zuntzak desegiten ditu, eta laburtu egiten da jantziaren iraupena.
- Sekula ez erabili diluitu gabeko lixiba hiperkloraturik. Jantziak zulatu egiten ditu.
- Ez erabili lixibarik jantzi kaltetu edo kolorea galdu dutenetan, ez bailuke denean eragin bera izango. Artilezko jantzietan ere ez erabili.
- Garbitzerakoan ez nahastu lixibatan beratutako arropak bestelakoekin, lixiba hondarrak kaltetu egingo bailuke beratzen egon ez den arropa.