Noélia Fernández, Yahoo Españako Presidentea

"Internauta espainiarra da Europan pazientzia handiena duena"

1 abril de 1999
Img entrevista listado 131

Etengabe hitz egiten da komunikazioaren teknologia berriek eskaintzen duten aukera zabalaz; baina, nola balia ditzake aukera horiek herritar xeheak?

Teknologia berriek hobeto bizi izaten lagunduko digute. Adibidez, jende askori lana erraztuko diote, denbora asko aurreratuko baita eguneroko lanetan: artxiboak kontsultatzen, eguneko albiste nagusiak irakurtzen, mezu elektronikoak bidali eta jasotzen, bertako edo atzerriko enpresen informazio espezializatua eskuratzen, erosketa- eskaerak egiten, nahiz norbere ikerketa eta proiektuak hedatzen. Gainera, beste herrialde batzuetako jendearekin harremanetan izateko aukera ematen du Internetek: Espainian egon arren, Buenos Aires edo Korean bizi den norbaitekin harreman pertsonalak edo profesionalak izateko aukera eskaintzen digu. Eta hori itzela da. Ni neu mundu guztiko lankideekin harremanetan izaten naiz egunero Interneti esker, komunikabide merke eta eraginkorra erabiliz.

Beste herrialde batzuekin alderatuta, nola daude Espainiar estatuko internautak?

Europa guztian pazientzia handiena dutenak dira. Eta garbi esan behar dut, zerbitzuaren kalitatea oso eskasa baita. Arrakastarik gabeko konexio larregi izaten da, oso astiro nabigatzen da, eta azken batean, erabiltzailea desesperatu egiten da. Ikusi besterik ez dago Infovía Plus ezartzearekin zer gertatu den: izugarrizko akats pila izan da. Azken batean, Interneti esker bizi garen enpresa guztiok espabilatu beharra dugu komunikabide azkarra eta zerbitzu izaera izango duena lortzeko. Erabiltzailea ez da dagoeneko, lehen bezala, web orrialde baten aurrean liluratuta geratzen. Orain sarean albiste bat bilatu nahi du, liburu bat erosi, Londonen zer eguraldi egingo duen jakin edo, besterik gabe, nekazaritza ekologikoari buruzko iritzi talde batean bere iritzia eman.

Merkataritza elektronikoa garrantzitsua al da Internetentzat?

Bai, hala uste dut. Sarearen bidez edozein produktu mota erosi ahal izatea interesgarria da kontsumitzaile internautarentzat, baldin eta bere datu pertsonalak eta banketxekoak sekretuan gordeko direla garantizatzen bazaio, arazorik izan ez dezan. Arazo horiek gainditzen ari gara sareko gune handien enkriptazio sistemei (datuak zifratzeko sistemei) esker eta erosteko modu segurua izateko bidea ematen du horrek. Merkataritza elektronikoak ez du ohikoa ordezkatuko, baina salerosketa tokian bertan edo katalogo bidez egiten diren erosketentzat osagarri egokia izango da.

Oso erosoa da eskaerak sarearen bidez egin ahal izatea. Irratian entzun dugun diska bat erosteko aukera dugu, hemen salgai izan ez eta Los Angeleseko konpainia batek argitaratua izan arren. Gure inguruan saltzen ez diren produktuak eros ditzakegu. Eta prezio onean, Internetek asko murrizten baititu banaketa gastuak. Hala ere, egia esan, salerosketa elektronikoko enpresa handi askok dirua galtzen du oraindik.

Batzuetan oso zaila izaten da Interneten nahi den helbidea aurkitzea.

Nahiko erraza da, ordea. Yahoo bezalako atari garrantzitsuetan, pertsonek pentsatzen dute informazioa nola antolatu, eta ez ordenadoreek. Beraz, bilaketa humanoagoa eta zentzuzkoagoa da. Gainera, web-en lehen orrialdeetan gai nagusiei buruzko informazio ugari ematen da: albisteak, kirolak, burtsako kotizazioa denbora errealean… eta erabiltzaileari Sareko galmendian nahas ez dadin laguntzen dioten gidak. Onartzen dut hasieran errespetua sortzen duela Interneten sartzeak, baina denborarekin, dirudiena baino errazagoa da nabigatzea eta gauzak aurkitzea.

Interneteko eduki-aniztasunak hainbat gogoeta eragin du paperezko egunkari eta aldizkarien etorkizunaz.

Komunikabideek informazioa saltzen dute, ez papera. Azkenean, informazio horren balioa eta kalitatea izango da garrantzitsuena, euskarria elektronikoa izan edo ohiko papera izan. Irakurleak sistema bien artean aukera egingo du, baina bakoitzak bere balio erantsia eta bere publikoa ditu.

Zure ustez, legeak hesiak jarri behar al lizkioke Interneti?

Gai konplikatua da. Adierazpen- edo informazio-askatasuna eta antzeko gaiak ukitzen ditugu hor eta baita gai delikatuagoak ere, pornografia edo adin txikikoen korrupzioa, esaterako. Pertsonalki, Interneti esker hainbat proiektu interesgarri argitara ematen dela uste dut, hainbatek diru gutxi eta ilusio askorekin abian jarri dituenekin. Edozeini munduan zehar bere mezua zabaltzeko aukera ere ematen dio, web orrialde bat egitea nahiko erraza eta oso merkea baita. Lege arloko kontuetara itzuliaz, gure enpresan herrialde bakoitzeko legeriara egokitzen gara. Espainian, adibidez, Administrazioaren menpeko ez diren loteria-jokoak debekatuta daude; beraz, hemen ez ditugu helbide horiek sartzen. Pornografiari dagokionez, umeak sartzen ez diren lekuetan kokatzen ditugu gune horiek.

Zer dira Interneteko atariak?

“Ataria” hitza ohikoa da Sareko hizkera berezian: Internetera sartzeko leku bat esan nahi du. Yahoo, Lycos, Microsoft, Olé edo Alta Vista atariek hainbat produktu eta zerbitzu biltzen dute web-eko lehen orrialdean (bilatzailea, posta elektronikoa, merkataritza elektronikoa, denborapasak, chats-ak, albisteak, eguraldia…) eta Interneten erabilpen praktikoa antolatzen dute, erabiltzaileen Home Page (hasierako orrialde) bihurtzeko helburuarekin. Atari kontzeptua 1996an hasi zen erabiltzen, bilatzaileak – gainbalio gehiago sortze aldera- euren zerbitzu-eskaintza gehitu beharrean aurkitu zirenean; batez ere publizitatearen bidez (horixe baita Interneteko dirusarrera-iturri nagusia).

Orain, atarien ordez plazak (mega-atariak) jartzen ari dira aztertzen Sareko guruak; konfigurazio pertsonalizatuagoa litzateke, ezaugarri komunak dituzten erabiltzaileen merkataritza-gunez eta erabiltzaile komunitateak osatuaz. Adibidez: antzinako autoen zaleak edo dieta mediterraneoaren defendatzaileak.