Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Mario Merlino, idazle eta itzultzailea, ACETT-eko presidente: "Gaizki itzulitako liburua irakurleak bueltatu egin beharko luke"

  Madrilen hogeita hamar urtez finkaturiko argentinarra, Eça de Queiroz, Franco Moretti, Natalia Ginzburg eta lehen mailako beste literato askoren espainierazko luma da. Hiru adibide horiek beste hogeita hamar idazleko zerrendaren lagina da. Merlinok, itzultzaile den aldetik, Espainian portugesez argitara emaniko poeta afrikarren antologia urri-urriak sinatu ditu. Itzulpengintzaren Sari Nazional espainiarra eman zitzaion 2004 urtean egun portugesezko idazlerik hoberen gisa agertzen den António Lobo Antunesen "Auto de los condenados" obragatik. Egun, Idazleen Kolegio-Elkarteko Liburuen Itzultzaileen Sekzio Autonomoko presidentea da. ACETT hori 1983an sortu zen, itzulpengintza kultura eraikitzeko lanabes modura kalifikatzeko eta jarduera intelektualtzat jo dadin sustatzeko xedez. Eginkizun prosaikoagoak ere sartzen dira, noski, Merlinoren lanean: itzultzailearen lana editoreek aintzat har dezaten ?eta liburu azalean halaxe ager dadin? exijitzea, tarifen desizoztea errebindikatzea ("?azken hamar urteotan orrialdearen prezioa ez baita aldatu"), etc. Itzultzaile ertaina, izan ere, ezin bizi daiteke itzulpengintzatik bakarrik. Adibide bat ezarriko dugu, errealitate latz hau erakusteko: Matilde Horne ?fantasiazko literaturaren zale gehien-gehienek, seguru aski, ezezagun duten izen hau? "Eraztunen Jauna" obraren itzultzailea da. Egun, idazlan horrengatik ez du autore-eskubiderik kobratzen baina, halaz ere, Tolkienen unibertsoa espainierazko irakurleei erakusten diena da oraino.

Mario Merlinok Madrilgo bere pisuan hartu gaitu. Chueca alderdiko bihotzean dagoela adierazi ez baligute, Buenos Airesko San Telmo, Pariseko Marais, Lisboako Palma edo Istanbuleko Beyoglu auzategietako batean dagoela sinets genezake. Ezaugarri bitxi hori erakusten du espazio honek: ez ditu kultura desberdinetako adierazleak nahasten, ez da hori. Liburuak, eta gauzak, itzultzeko ahalmenaren beste adierazpide bat da, batik bat. Liburuak itzultzea du ogibide.

Idazle, poeta, hizkuntza eta literatura irakasle, literatur tailerren antolatzaile, itzultzaile. Intelektualak derrigor behar du bide anitzekoa: afizioz ala ofizioz?

Gazte-gaztetandik, unibertsitate, kafetegi eta antzokiko kideen aurrean ubikuotasun-dohainaren aldeko agertzen nintzen. Ene ustez, pertsona askori gertatzen zaio horixe, baina nik serio proposatu nion ene buruari horrela izatea. Gerora, hori ezinezkoa dela konturaturik, saiatzeari utzi nion baina, halaz ere, gauza askotan esku hartzeko, deus ez galtzeko eta dibertso izateko grinak bizi-bizirik dirau ene baitan. Hori ez dut alor profesionalera mugatzen, eguneroko bizimoduan ere horrelakoxea naiz, gizakiekiko harremanean. Behin ere ez zait gustatu intelektualekin baizik ez elkartzeko intelektualek duten mania hori. Oso-oso jakintsuak eta jakintsu ez direnen arteko hierarkia horrek jai du nirekin. Interesgarria pertsonekin komunikatzea da.

Espainieraz, portugesez, italieraz, frantsesez, ingeleraz, turkieraz zerbait mintzatzen zara. Zein hizkuntzatan zaude gustuen?

Komunikatzea hizkuntza batean aritzea baino gehiago da, bestea ulertu nahi izatea eta nork bere burua ulertaraztea da. Burutu ez nuen eleberri proiektu batean pertsonaia bat, nik izan ez nuen amonak munduko hizkuntza denetan egiten du berba. Ene buruaren, ene idealen proiekzioa zen hura.

Zergatik aukeratu dute hainbeste hegoamerikarrek itzulpengintza lanbide?

  Argentinan espainiera penintsularraren (versus Argentinakoaren) ezarpenaren aurrean arbuio sakona sentitzen genuen baina, aldi berean, eskolan hizkuntza zaintzen ikasi eta hartara zaletu ginen. Zuzen, are akademikoki, idatzi eta hitz egiteko grina zegoen gure artean. Horrek, hein batean, geure hizkuntzan elebidun bihurtzen gintuen. Guk ez genituen aditzen konjugazioak ikasi behar izan genituen, guk ez genituen bigarren pertsonako formak (tú eta vosotros). Bigarren Hezkuntzan, berriz, ingelesa eta frantsesa derrigorrezkoak ziren. Hizkuntza jendearen bizitzan sartzeko bide bat da. Eta besteren bizitzetan sartze hori argentinarrari ikaragarri gustatzen zaio.

Frantsesetik, ingelesetik, italieratik eta portugesetik itzultzen duzu, beti-beti espainierara. Hizkuntza batetik bestera itzultzeko ahalmenak ez du ontzi komunikatuetan bezala funtzionatzen?

Nire kasuan, behintzat, ez. Beste hizkuntza bat espainieraz adierazi, birsortu eta asmatu egin dezaket, baina ez alderantziz.

Zein mailatan ezagutu behar da beste hizkuntza?

Jeneralean, xede-hizkuntzako herrialdean bizi izatea komeni da.

Itzulitako obra baten irakurleak idazlana jatorrizkoari leial izatea espero du. Nola lor daiteke idatzi den hizkuntzan irakurriko lukeen bezala irakurtzea?

Itzuli ahal izateko funtsezkoa da, hizkuntza hori ez ezik, bertako kultura, ingurunea eta denbora ere ondo ezagutzea. Horrela egin ezean, testua naturalizatzeko ?hots, xede-hizkuntzara egokitzeko? arriskua dugu. Akats horretan erotzekotan, jatorriari bete-betean dagozkion fenomeno batzuk erresonantzia kulturaltzat traizionatuko ditugu. Eman dezagun, adibidez, janari brasildar bat: berezko osagaien eta prestatzeko moduaren ordez ezin dugu Espainian ezaguna den errezeta bateko prestaketa eta lehengaiak eman, protagonistek jaten dutena errazkiago ulertuko dela aitzakia baliatuta ere. Narrazioaren errealitatetik testua urrundu egingo baikenuke horrela.

Nolako metodoaz baliatzen zara itzultzeko?

Liburuaren, autorearen eta ene buruaren arabera aldatzen da. Zenbaitetan, irakurle zaren aldetik, liburua irakurri eta aurkitzeko egintza eta itzultzea aldiberekoak dira. Horretan amaitu ostean zuzentzeko tarte bat hartu behar duzu: tarte horrek osotasuna koherentziaz janzteko ?esate baterako, itzulpenean, esanahi bera duen hitzari beti termino berbera emateko? aukera emango dizu. Bestetan, ordea, liburua aurretiaz irakurri behar da, bere homonimoa lantzen hasi aurretik osotasunezko ikuspena hartu ahal izateko.

Zenbat denbora kentzen dizu?

Paulo Linsen "Ciudad de Dios" eleberriari sekulako pelikula egin zioten Fernando Meirelles eta Katia Lundek. Bertan, Rio de Janeiroko favela bateko bizimodua kontatzen da eta, narkotrafikoaz ari denean, inongo hiztegik agertzen ez duen portugesaren mintzaira xelebrea baliatzen du. Hura burutzeko ia urtebete behar izan nuen. Bestetan, aldiz, prozesua askozaz ere laburragoa da. Baita errazagoa ere.

Beste autorerik gertatzen zaizu zail edo nekoso?

António Lobo Antunesekin ez dakizu nora iritsiko den, iritsi arte. João Ubaldo Ribeiroren pasarte batzuk ulertzeko, nekazari zahar baten esakuneak hitzez hitz biltzen dituenean, adibidez, deszifratzen eta interpretatzen kosta egiten den mintzairari buru egin behar diozu. Eça de Queirós, aldiz, soil xamarra da: literatura lineala da, gertakarien kronologiari atxikia, eta barne-erritmoa logikotzat jo dezakegu.

Itzulpen txarrak, kaskarrak inoiz, nabarmen gertatzen dira batzuetan, baina ez beti. Nola atzeman testu literarioa itzulpenak zikindu duen?

Gakoa irakurtzea sustatzean datza. Horrek ez du asko irakurtzea esan nahi: ideia hori okerrekoa da. Kontua ez da bolumena, tamaina; kontua da hautatzea, irakurtzen denarekin gozatzea. Liburu asko irakurtzeko gauza izatea ona da, konforme; baina hori baino hobea da liburuekin gozatzea eta ikastea. Horrek emango digu liburu bat ondo idatzita dagoen edo zergatik dagoen gaizki idatzita atzemateko aukera, horrek emango digu itzulpen kaskar bat hautemateko pista. Sasi-lagunak, adibidez, karranka hasiko zaizkio.

Zer egin daiteke itzulpen kaskar batekin?

Irakurle argiak, esate baterako, gaizki idatzitako liburuak bueltatu egin beharko lituzke. Irakurlea kontsumitzailea da eta, halakotzat, bere eskubideak exijitu behar ditu, hots, eskuratu duena espero zuen hori bera dela.

Zein dira sasi-lagunak?

Literalki itzultzen diren hitzak. Badirudi berba horiek adiera dutela, jatorrizko hizkuntzan eta xede hizkuntzan berdinak edo berdintsuak direlako. Portugesezko galhetas mezako ur-ardo txarroak dira. Neofitoak akaso usteko du gailetak direla eta, noski, hitza bere horretan ematen du, inolako konplexurik gabe.

Itzultzen dituzun autoreak pertsonalki ezagutzen al dituzu?

Aukera dudanean, bila noakie. Jatorri siriar-libanoarreko Raduan Nassar idazle brasildarrarekin bizipen ederra izan nuen: Madrila etorri zenean etxean eman nion ostatu eta biok hitz-aspertu luze-luzetan jarduten ginen, hein handi batean orduantxe itzultzen ari nintzaion "Labor arcaica" izeneko bere liburuaz. Ikasketa ederra izan zen niretzat. Neketsua, nola ez. Bestetik, gauza bitxia: Lobo Antunes eta neu oso-oso antzekoak omen gara eta, batek baino gehiagok, nahasi egiten gaituzte.

Itzultzeko modukoa al da poesia?

Bestelako zorroztasunez jardutea eta, kontraesanekoa badirudi ere, beste hainbat generotan baino askeago jokatzea agintzen du. Askatasun handiagoz jardun behar da, ez jatorrizko poema traizionatzeko, hitzen literaltasunean ez amiltzeko baizik: horrek, izan ere, testuaren edertasuna baliogabetzera baizik ez gintzake eraman. Kontua ez da testua ispiluan ipintzea, isla mimetikoa erdiesteko. Bi hizkuntzetako edizioak akats larriak dira! Itzulpengintzaren erronka jatorrizko testuaren baliokidea lortzea da eta ariketa literario hori, poesiaz ari garela, idaztetik gertu-gertukoa da.

Ongi ordaindua dago lanbide hau?

Tarifa batzuk ez dira gaurkotu azken hamar urteotan baina horixe bera ogibide askotan gertatu omen da. Hobeki ordaindutako itzulpena kalitate hobekoa izango dela ulertu behar du editoreak baina, halaz ere, argitaletxe batzuek, oraindik ere, eskarmentu gabeko jendearekin ari dira lanean; editorialak itzulpenaren ardura ofizio gabekoaren bizkarrean utzi eta? lan honetan, edozeinetan bezala, metodo handia hartu behar da. Bestetik, artelanik ez bada ere, honetan jarduteko bokazioa ezinbestekoa da, neurri batean, bederen.

Itzulpengintzaren foroetan behin eta berriro agertzen da ideia bat, bera: klasikoak ez dira zaharkitzen baina itzulpenak bai. Zer dela eta?

"Itzulpen bat bestearen berdina izatea ezinezkoa da"

Hori erlatibizatzen saiatuko gara. José de Alercán idazlearen "Romántica" obraren espainierarako lehen itzulpena (1910) zoragarria da. Ez dut uste hobetu behar denik. Badu, gainera, gaur ezinezkoa izango litzatekeen abantaila bat ere: itzultzailearen hizkuntza autorearen hizkuntzatik gaur darabilguna baino hurbilagokoa da. Beste kontu bat da Erdi Aroko testu bat itzultzea. Bocaccioren "Decamerone" obrako ipuin bat itzuli beharko balitz, XIV. mendeko gaztelerazko testuetan barrena txangoa egin beharko genuke, garai hartako pentsamoldeari zein hitz zaizkien gertukoenak, denborari loturiko kultur erresonantzia bilatzeko. Ezin itzul dezaket Erdi Aroa XXI. mendeko hizkuntza baliatuz. Horrek ez du esan nahi testua arrarotu egin behar denik; baina jatorrizko "Decamerone" haren aurrean jartzen den 2007ko italiar irakurlearen arrarotasun sentsazioa eragiten, behintzat, ahalegindu beharra dago. Hitz batez, ikerkuntza zientifikoa egin beharra dago, nahi bada, klasikoetara hurreratzeko. Eta, ikuspegi horretatik, itzulpena berriro egin daiteke, noski, baina ez itzulitakoa kalitate onekoa ez delakoan.

Zergatik testu beretik, zorroztasunaren bila, sortzen dira elkarrekin ia zerikusirik ez duten obrak?

Itzulpen bat bestearen berdina izatea ezinezkoa da. Hitz bat, beste guztien gainetik, hautatzea zilegi du itzultzaileak. Ikuspegi guztiak, zintzoak badira, baliozko dira. Hortik aparte dator bete-betean asmatzea eta norberaren konpromisoa eta trebezia.

Idazketa-tailerrak zuzendu egiten dituzu zuk Ba ote dago idazten ere ikasterik?

Batez ere, irakurtzen ikasten da tailer horietan eta, gainera, hainbat baliabide eskuratzen ditugu. Emozioak bultzaturik idaztea ez da posible. Gertatu denetik urrundu garenean, jakina, bizi izaniko emozioa askoz ere hobeki transmitituko dugu. Hau ez da aforismo bat, hori dogmatismoan amiltzea adieraziko lukeelako, baina eguneroko lanari esker izango gara geure burua itzultzeko gauza: hori egin beharra dago, gainontzekoei geure burua eskaini aurretik. Hitzekin jolasten hasten garenean, emozioa berreraikitzen denean, orduantxe konturatzen gara: bada unibertso paralelo bat, testua. Narratutakoa emoziotik abiatu da, baina hori beste gauza bat da.

Amonaren eleberria bukatuko al duzu?

Ez dakit hartara itzuliko naizen inoiz, baina amona non edo non agertuko da, noski.

Irakurle zara: zein autore garaikide duzu erakargarri?

Batuk aipatu eta beste asko ahazteko arriskua nozitzearren, Olvido García Valdés, Javier Marías eta Eduardo Mendicuti; azken honen umoreak barrea eragiten dit. Eta barre egitea, egun, ona da.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto