Esku telefonoentzat ere bada asegurua

Azken belaunaldiko esku telefonoak ugaritzen ari dira, eta garesti ordaindu behar izaten direnez (200 eurotik gora), jabeek aseguruak egitera jotzen dute; lapurtu, galdu edo matxuratuz gero, babestuta daude
1 abendua de 2008
Img eco domestica listado 293

Esku telefonoentzat ere bada asegurua

Esku telefonoa eskua bera bezain garrantzitsua da zenbaitentzat. Gehiegi esatea irudituko zaio bati baino gehiagori, baina telefonoa lapurtuz gero, eskua ez ezik burua ere galtzen dute batzuek. Poltsan edo sakelan, giltzekin eta diruekin nahasian joaten da, giltzatakoarekin baina falta denean, haren hutsunea baizik ez da sumatzen. Ez baita telefono hutsa: urtebetetze egunak, bilera orduak, hitzordu garrantzitsuak, beste euskarrietan gorde ezin diren telefono zenbakiak, mezu elektronikoak, musika, bideoak… Milioika lagunentzat, beren bizitzaren zati garrantzitsu-garrantzitsu bati lotua dago esku telefonoa, laneko zeregin funtsezkoei eta are beren izaeraren muinari ere zenbaitetan. Ez da harritzekoa, beraz, gero eta jende gehiagok aseguru batekin babestea telefonoa eta hark gordetzen dituen artxibo guztiak. Espainian, izan ere, 250.000 esku telefono lapurtzen dituzte urtean, eta horien artean, gainera, gero eta gehiago dira 200-300 eurotik gora balio dutenak. Egun, 30 eurorekin egin daiteke gisa horretako aseguru bat (garestiagoak ere badira, noski), eta kalkuluak egiten hasita, milioi bat telefonok edukiko dute asegurua Espainian (guztira, 48 milioi omen dabiltza eskutik eskura).

Aseguruaren prezioa

Jendea azken belaunaldiko esku telefonoei begira jarria dago gero eta gehiago, eta horiek babesteko egiten dira, batik bat, aseguruak; jendeak ez du nahi inork iruzurra eginez erabil dezan bere telefonoa, eta, halaber, jendeak ez du galdu nahi bere harreman zerrenda eta egin duen inbertsioa. Merkatuan badira esku telefonoak 25 eurotik aurrera, oinarrizko baliabide guztiekin, gainera (deitzeko eta mezuak trukatzeko balio dute), baina ekoizleentzat azken belaunaldiko telefonoetan dago egiazko negozioa. Erruz saltzen dira argazki kamera duten telefonoak, adibidez, edo bideoak eta filmak gordetzeko balio dutenak, eta eskaria handia denez, prezioa ere halakoxea da: batez beste, 200 euro balio dute halako telefonoek. Maiz asko, telefono operadoreek oparitu edo merkatu egiten dituzte haiekin kontratua sinatuz gero, eta, ondorioz, egun kontratu bati lotuta daude telefono erabiltzaile gehienak. Eta lotura horiek guztiak eginez gero, ia berez-berez dator beste bat: asegurua.

Aseguru merkeena kontratatzea urtean 30 euro kostatzen da,
batez beste

Asegurua egiteko orduan, esku telefonoak merkatuan zer balio duen hartzen du aintzat konpainiak, ez operadoreek zer preziotan eskaintzen duten, eta horren arabera kalkulatzen du hileko kuota. Bezero batek telefono kontratuduna eskuratzen duenean operadore batekin, goi mailako telefonoa eman ohi diote, eta, asko jota, 50 euro ordainduko du, nahiz eta telefonoak, berez, 250-300 balio duen. Bezeroak 50 euro ordaindu arren, aseguruak zenbateko kuotak izango dituen kalkulatzeko, telefono libreak batez beste zenbat balio duen hartzen du kontuan aseguru etxean, eta, egun, batez beste 270 euro balio du. Esku telefonoaren asegurua, gutxi gorabehera, telefonoak merkatuan duen balioaren % 20 ordaindu behar da, eta 200 euroko telefonoa duenak, beraz, urtean 40 euro ordaindu beharko du, eta 400 eurokoa duenak, 80…

2004. urteaz geroztik eskaintzen dituzte esku telefonoentzako aseguruak, baina Espainian nahiko gauza berria da, bai, behintzat, Erresuma Batuarekin eta Ameriketako Estatu Batuekin alderatuta. Horrexegatik, Espainian zerbitzu mota hori eskaintzen duten konpainiarik gehienak herrialde horietakoen adarrak dira. Gehien-gehienek telefonoaren prezioa hartzen dute kontuan aseguru poliza egiteko (merkatukoa, ez operadoreek jartzen diotena), baina badira aseguru eredu pertsonalizatuagoak ere, norberak dituen beharretara moldatzen direnak. Urtean 31,36 eurotik hasi, eta 66,97 ere irits daitezke.

Estaldura mota bat baino gehiago

Aseguru hauek kalte-ordainak ematen dizkiote bezeroari telefonoa lapurtzen badiote edo galtzen badu, eta lasaigarria gertatzen zaie estaldura hori edukitzea. Gutxienez, telefonoak merkatuan duen balioaren % 80 ematen diote (erosi zuen uneko balioa hartzen dute), eta % 100 ere bai zenbaitetan. Horrela esanda, askok uste izango dute erraza dela aseguru etxeei ziria sartzea: eskukoa galdu dugula esan, eta diru mordo polita jaso kalte-ordainarekin. Azkar ustekoenak ere laster aurkituko du muga, ordea. Aseguru hauek badute, izan ere, beste estaldura bat, eta bezeroak jakinarazi bezain pronto telefonoa galdu duela edo lapurtu egin diotela, konpainiek blokeatu egiten dute bai linea eta bai telefonoa bera. Eta telefonoa blokeatuta, inork ezingo deirik egin, eta bestelako erabilerarik ere ezingo diote eman (musika entzun, bideoak ikusi, Internet-era konektatu…). Aseguru etxea jakinaren gainean jarri orduko, beraz, telefonoa ezin izaten da erabili, eta hortxe bukatzen dira iruzur egin nahi lukeenaren eginahalak. Poliza horietako batzuek 1.200 euroko ordaina ematen diote bezeroari inork haren telefonoarekin iruzur egin eta deiak egiten baditu.

Erabiltzaile askorentzat, esku telefonoaren agenda eta SIM txarteleko datuak dira gauzarik garrantzitsuenak. Aseguru etxe hauek erraz eskuratzen dituzte horiek guztiak, aukera baitute bezeroaren datuak irakurri eta beren esku dagoen beste txartel batean grabatzeko. Zenbait kasutan, bezeroak hiru lagunen izena eman ahal izango dio konpainiari, eta telefonoa galdu edo lapurtuz gero, zer gertatu den jakinarazteko mezua bidaliko die konpainiek lagun horiei, eta berehala ohartuko dira zergatik ezin duten harekin harremanetan jarri. Burua lanean hasi aurretik, lasai geratu ahal izango dira, behintzat. Zenbait aseguruk, azkenik, telefonoaren bermea bukatu ondoren ere erantzuten dute galdu edo matxuratuz gero.

Non egin daitezke aseguruak?

Esku telefonoak saltzen dituzten lekuetan bertan egiten dira maizenik aseguruak. Gehienetan, 150 eurotik gorako telefonoentzat eskaintzen dute aukera hori, eta ez telefono merkeentzat, nahiz eta bezeroak eska dezakeen, hala nahi izanez gero. Egun, iPhones eta antzeko tresnak agertu direnetik, izugarri ugaritu da poliza horiek kontratatzen dituen erabiltzaile kopurua. Batez beste, 70 eurorekin egin daiteke iPhones baten asegurua (400 euro inguru balio du). Asegurua egin nahi bada, tresna erosten den lekuan eta unean bertan egitea da egokiena. Berehala egin ezean, eta gerorako utzita, zenbait konpainia ez dira fidatzen, eta, agian, ez digute asegururik egin nahi izango.

Kontratua edo aurrez ordaintzeko txartela?

Telefonoa kontratu bati lotua egon edo aurrez ordaintzeko txartel batekin ibili, aseguruak aldatu egiten dira. Lehen motako telefonoen asegurua garestiagoa da, kalte-ordaina izaten baita inork telefonoarekin iruzurrik eginez gero. Aurrez ordaintzeko txartela badu telefonoak, dei batzuk galduko ditu erabiltzaileak lapurtzen badiote -txartelari geratzen zaion kopuru horixe galduko du-, baina, oro har, ez da diru asko izaten. 150 euroko esku telefono batentzat, 31 euro balio du aseguruak aurrez ordaintzeko txartelarekin badabil; telefono hori bera kontratuarekin bada, 38 eurokoa izango da asegurua.

Kontu izan behar da esku telefonoen aseguruekin: salbuespenak eta letra txikia
  • Aseguru etxeek beti ez dute ordaintzen telefonoak balio duen guztia. Norbaitek eraman badigu (lapurtu edo ebatsi), polizia etxean egindako salaketaren kopia eskatzen dute eta erosketa ordainagiria. Dokumentu horietako bat aurkeztu ezean, konpainiek atzeratu egiten dute ordaintzeko prozesua. Funtsezkoa da telefonoaren ordainagiria gordetzea, hori aurkezten ez badugu, izan ere, konpainiek eskubidea dute kalte-ordainik ez emateko.
  • Esku telefonoa galtzen badugu, konpainiek ez dute ematen telefonoaren balio guztia, zailagoa baita hori frogatzea; halakoetan, aurrez zehaztuta dagoen kopuru bat ordaintzen dute. Zenbait konpainiak 100 euro soilik ematen dituzte, nahiz eta guk egiaztatu 500 euro baino gehiago ordaindu dugula esku telefonoa.
  • Matxuraren bat gertatzen bada, telefonoaren bermeak bezala funtzionatzen dute aseguru etxeek: oker erabili badugu, ez dute erantzuten. Material akatsak eta eskulan akatsak bere gain hartzen ditu aseguruak, baina ez zenbait alderdi: pantaila, karkasa, ohiko higadura edo neurriz kanpoko erabilera. Pantaila edo argazki kamera gehiegi erabiliz gero, aseguruak ez digu emango estaldurarik horientzat. Oker erabiltzeak sortzen dituen kalteak ere kanpo geratzen dira; adibidez, urak egiten dituen kalteak.