Zertan dabil abokatu bat legerik gabeko eremu batean, Interneten alegia?
Horixe bera galdetzen didate fakultateko kideek. Zerbait berria ikusi nuen, etorkizuna horri lotuta egongo zela iruditu zitzaidan, eta erakarri egin ninduen.
Finantza sektorean kontrolik eta araurik gabe jardun dutelako sortu zaigu egungo krisi ekonomikoa. Internetek ere behar du norbaitek arautu dezan?
Interneten gertatzen dena, berez, arautua dago; iruzurrak, salerosketak, komunikazioak… horiek araututa daude, baina ñabardurak egin beharra dago beti, Internet aldatzen ari baita etengabe.
Badirudi Interneten legeak ez duela agintzen beste zenbait esparrutan bezainbeste.
Mugarik ez egoteak eta ustezko anonimotasunak legerik eta mugarik ez dagoela pentsatzera eraman dezake jendea. Oso bitxia da, pertsonak konfiantza handiarekin sartzen dira Internetera lehenengo aldian. Uste dute inork ez dituela ikusten. Baina ez da hala. Internetek nola funtzionatzen duen ikasi ahala, jendea ohartzen da ez dela hain anonimoa, eta mugak ere badaudela.
Beraz, Internet arautu daiteke, eta, are gehiago: araututa dago.
Halaxe da. Eta aurrerantzean egin beharko diren ñabardurak izango dira Interneten gertatzen dena epaitzeko eta ikertzeko ardura eta eskumena dutenen lana arintze eta errazte aldera. Epaileek, adibidez, prestakuntza berezia jaso behar lukete Interneti buruz, baina ez diete ematen.
Nola erakuts diezaiokegu jendeari Internet erabiltzen eta Interneten ibiltzen?
Zalantzarik txikiena edukiz gero, saiatu behar genuke jokatzen kalean egingo genukeen bezala. Adibidez, norbaitek telefonoz deitu eta auto bat eskaintzen digu, ohiko postaz argazki bat bidali eta 8.000 euro bidaltzeko eskatzen digu. Kalean hori gertatuz gero, aurrera egingo genuke? Ez.
Barack Obamak etekin handia atera omen dio Interneti. Espainian, administrazioa zenbateraino baliatzen da Sareaz?
Oso gutxi, oraindik ez dio probetxurik eta etekinik ateratzen tresna horri. Asmo handiak ditu: herritarrek Administrazio Elektronikorako sarbidea izatea, baina asmo hutsean geratu da hori. Administrazio Publikoa, gaur-gaurkoz, ez da gai emateko Internetek berak esku-eskura jartzen digun hori.
Hurrengo urteetan hobetzeko itxurarik badu horrek?
Gauzak orain dauden bezala, ez. Nik ulertzen dut segurtasun erabatekorik ez dagoela, ez paperean ez euskarri digitaletan, baina segurtasun horrek huts egiten badu, Estatuak eman behar dizkie bermeak herritarrei.
Eta orain ez ditu ematen berme horiek?
Oraingoz ez.
Elektronikorako sarbidea izatea, baina asmo hutsean geratu da hori”
Zure hitzen arabera, ez da komeni Internet erabiltzea…
Gauza batzuetarako ez. Ni, oraindik behintzat, ez nintzateke fidatuko sektore publikoarekin hark informazio guztia kudeatu dezan… Klik bat egin eta jaiotza agiria eska nezake erregistro zibilean, etxean hartzeko, hori bai. Edo errenta adierazpena Internet bidez ere egin daikete. Baina Administrazio Publikoak lan eskerga izaten du herritarren datu pertsonalak eta informazioa kudeatzen, eta oso zaila da hori guztia mundu digitalera egokitzea; denbora eskatzen du, eta nik nahiago dut poliki egin dezaten. Gauza batzuekin fidatzen naiz, eta nahi nuke Internet bidez izan daitezen. Adibidez, Administrazioak informazioa bidaltzen badit Internet bidez, hori bikain da, egiteko moduan gaude, baina ez dute egiten behar den bezala.
Zer etekin ateratzen diote enpresek Interneti?
Ahal duten etekin guztia ateratzen saiatzen dira, eta batzuetan, zuhurtziarik gabe jarduten dute. Sustapen kanpainak egitera jotzen dute itsu-itsuan, saltzera, negozio eredu berriak sortzera, telelana egiteko aukera berriak eskaintzera, baina behar baino berme gutxiagorekin, gauza bakarra interesatzen baitzaie: negozioa sustatzea.
Eta herritarrek nola erabiltzen dute Internet?
Zuhurtzia falta dute. Baina hori gertatzen da oraintsu hasi garelako Internet erabiltzen, azken bi urteetan bihurtu garelako ohiko erabiltzaile, eta erabateko konfiantzarekin hartzen dugulako oraindik.
Internetek zergatik du arrisku gehiago, egiten dugun hori mundu guztiaren bistan dagoelako?
Ez, guk zuhurtzia gutxiago dugulako. Iruditzen zaigu blog bat argitaratzea gure egunerokoa idaztea bezala dela, gutako edozeinek etxean bere giltzatxoarekin gordeta eduki dezakeen eguneroko horren parekoa dela… Burura etortzen zaiguna botatzen dugu, eta uste dugu gure lagunek soilik irakurriko dutela, eta hori ez da hala.
Herrialde batetik bestera desberdintasun teknologiko handiak sortzen ari dira, baina herrialde berean ere sor daitezke aldeak. Horrek kezkatzen zaitu?
Ez. Uste dut guztiok badaukagula modua teknologiara iristeko, eta gutxi-asko denok sar gaitezkeela ziberkafe batean eta Internetera konektatu.
Eta belaunaldien arteko aldeak?
Hor bai, alde izugarria dago belaunaldi batzuetatik besteetara. Denborarekin, hala ere, gauzak aldatuko dira. Irakasleek, adibidez, behartuta ikusi dute beren burua, eta Internet erabiltzen hasi behar izan dute. Eta eguneko zentro batzuk ere hasiak dira adinekoei ikastaroak ematen, eta aiton-amonak Internet bidez jolasten dira bilobekin; gurasoak, aldiz, sekula ez dira saiatu urrats hori egiten.
Zer egin daiteke Espainian guzti-guztiek eduki dezaten banda zabalerako sarbidea?
Zerbitzu unibertsala eta Interneterako konexioa Telefónica-k eskaini behar du, operadore nagusia delako baina ez du gaitasunik hori egiteko, eta erabiltzaileak ezin izaten ditu jaitsi Internetetik ekarri nahi lituzkeen erdiak ere. Sarbidea eskura dugu, enpresa pribatuek eskaintzen digutelako, baina Estatuak esku hartu behar luke eta zerbitzu unibertsal bihurtu banda zabala. Gure elkarteak urte asko daramatza hori eskatzen.
Eskubide konstituzionala izan behar luke, etxebizitza edo lana bezala?
Teknologiarako sarbidea eskubide konstituzionala izan behar luke. Oso kezkagarria da Espainiako zenbait herritan Interneterako sarbiderik ez edukitzea herritarrek, eta operadoreak nahierara ibili ahal izatea izugarrizko gehiegikeriak eginez, inork zigorrik jarri gabe. Ez da batere normala ni sei hilabetez konexiorik gabe uztea, eta ordaintzeari uzten diodanean zerbitzua ematen ez didatelako, zordunen zerrendan jartzea. Horrexek sortzen ditu desberdintasun edo alde teknologikoak, eta ADSLren prezioak, eta erabiltzaileak Internetera sartzeko izaten ditugun arazoek… Horixe sustatzen dute operadore pribatuek, eta Estatuak horien alde egiten du, utzi egiten die. Ikusi besterik ez dago, adibidez, zer gertatzen ari den 20 megako konexioak saltzen dituztenean: horren % 10a jasota pozik egon behar! Hori ez dago onartzerik.
Zeinengandik edo zertatik babestu behar dira Sarea erabiltzen dutenak?
Lehenik eta behin, bere buruarengandik, kalean izaten duen baino konfiantza gehiagorekin jokatzen duelako Sarean. Esan behar zaio, ezin dela ibili gauza bat erosi eta bestea erosi, eta ondoren horien bermeak eskatzen hasiz; aurrez ez badu begiratu bermerik baduten edo ez, alferrik izan daiteke erosi ondoren eskatzea. Nik denetarik erosi dut Interneten, baina bermeak aztertuta, enpresa non dagoen eta nola jar zaitezkeen harekin harremanetan arazoren bat sortuz gero. Ez bagara guztiz fidatzen hark eskaintzen duenarekin, internautaren defendatzailearen orrira jo eta han argitu ditzakegu gure zalantzak
Nagusiki zer eratako iruzurrak egiten dira Internet bidez?
Badira zerbait erosi eta sekula jasotzen ez dutenak, eta, horiez gain, gehienbat auto salerosketei lotutako iruzurrak izaten dira, edo gezurrezko lan eskaintzak, eta, nola ez, bankuko kontuekin egiten diren iruzurrak.
Nola saihestu horiek?
Zuhurrak izatea da gauzarik garrantzitsuena. Etxeko giltza norbaiti uzten badiozu, gero ezin diozu inori eskatu barruan zeuden gauzak itzultzeko, salbu eta ez baduzu aseguru bat egina, eta ez dut uste bankuek eskaintzen dutenik asegururik halako gertakarientzat.
Pertsona bati iruzur egiten badiote Interneten zuhurtziarik gabe jokatu duelako, ez dauka eskubiderik kalte-ordainik jasotzeko?
Zuk pentsa ezazu kalean egiten dizutela iruzur, eta amua irensten duzula. Zer eskatu behar diozu zeini? Ez du zentzurik. Hala ere, gertatu izan da bankutik dirua desagertu zaienei diru hori itzultzea, tartean bitartekari bat sartu izan delako eta hura engainatu dutelako. Epaitegiek iruzur egiteagatik zigortu izan dituzte bitartekari horiek; nonbait, behar bezain zuhur jokatu ez, eta gezurrezko lan eskaintza bat egiazkotzat hartu izan dute, eta haiei egozten diete iruzur egin izana, eta behartzen dituzte dirua itzultzera Internet bidez bankuko datuak eman dizkieten pertsonei. Horrek ez du ez hankarik eta ez bururik, ez legearen ikuspegitik ez logikaren ikuspegitik ere, baina epaitegietan…
Beraz, zuhur jokatzen ez badugu eta ‘phising’ egiten badigute web orrian dirua lapurtzeko informazioa atera, dirurik gabe geratuko gara?
Segur aski, bai. Baina epaitegiak orain ari hasi dira kontu hauekin, eta gerta daiteke dirua itzultzea salaketa bat jarrita.
Internetek desagerrarazi ditu pribatutasuna eta intimitatea?
Erabiltzaileak berak egin du hori.
Internauten Elkarteak egin duen ikerketa baten arabera, hiru erabiltzailetatik bik ez dute bereizten zein ari zaion gezurretan eta zein ari zaion egia esaten.
Erabiltzailea plano batetik bestera aldatu da, mundu errealetik mundu birtualera. Zoaz herri txiki batera, eta galdetu adinekoren bati hango zurrumurru barregarrienak kontatzeko; lehertuko zara. Sinestea errazagoa egiten zaigu, galdetzea eta aztertzea baino.
Eta beren borondatearen kontra Interneten protagonista bihurtzen diren pertsonak, zeinek babesten ditu?
Legeak babesten ditu, irainak baitira. Zurrumurru batekin hasten da guztia. Ricky Martin-en marmeladaren inguruko zurrumurrua, hori Interneten hasi ote zen? Ez zait iruditzen, eta pasatu zen, eta holako zenbat izango ote dira…
Interneten, kontsumitzailea David gutxitu bat da eta enpresa handiak Goliat are handiagoak?
Bai, enpresek oso etekin ona ateratzen diote erabiltzaileen konfiantza gehiegiari eta ezagutza faltari.
Filmak eta musika jaistea piratakeria da?
Saltzea, etekin komertziala lortzea, hori bai. Bestela, ez da piratakeria, termino horrek delitua adierazten baitu, eta delitua egiteko, etekin komertziala behar du. Jabetza intelektualari buruzko araudi zibilaren artikuluren bat hautsiko bagenu, agian, jardun zibil legez kontrakotzat jo lezakete gurea. Gainerakoan, egun egiten dituzten hotsandiko kanpaina horiek, “orain legeak esku hartzen du”, “polizia sartuko zaizu etxean”, “internauta pirata” eta gisakoak, horiek lelokeriak dira eta ideia politikoak.
Orduan, Espainian beste inon baino piratakeria gehiago dagoela entzuten duzunean…
Barregura sartzen zait, piratakeria, berez, top manta delako. Baina zertaz ari gara, delituak egiteaz, pertsona baten jabetza eta ekonomia eskubideei kalte egiteaz… Logikak esaten dit ez garela horretaz ari. Piratakeriak eta delituek hainbesteko galerak eragiten badituzte, horiei jazarri beharra dago, eta salatu, eta Poliziak esku har dezala. Legez kontrako beste ekintza batzuen ondorio badira galerak, horiek ere jazarri egin beharko dira legeak eskaintzen dituen bitartekoekin, eta zenbaitek nahi adina jazarri ezin badira, agian, zenbait horiek pentsatu beharko dute negozio eredua aldatzeko garaia iritsi dela. Horien sektorea krisiak jota dago, baina ez piratakeriaren erruz, ezpada ez dutelako jakin aldaketa garaira egokitzen.
Aldiz, Espainiako Autoren Elkartea (SGAE) dirua egin eta egin ari da.
Bai, kanon bat, tasa bat eskuratzen dutelako, krisian dauden gainerako sektoreek ez bezala. Musika digitalizatu zenean, biniloa utzi eta euskarri digitalera igaro ginen, eta lehen baino askoz diru gutxiago kostatzen da orain gauza bera egitea, erruz aurrezten dute horretan. Eta berdin gertatzen da publizitatearekin eta marketinarekin, Interneti esker, neurri handian. Baina aurreztu den diru hori, ordea, ez da inbertitu musikaren sektorearen ikerketari eta garapenari begira, I + G delakoari begira. Zergatik bizi gara oraindik biniloarekin lan egingo bagenu bezala? Zeren musikaren sektoreak biniloan funtzionatzen jarraitzen du. Nik ikusten dudanean iragarki bat esanez “erosi nire diskoa”, harrituta geratzen naiz. Nik irratia entzuten dut, eta ez naiz joango zure diskoa erostera, abesti bat edo bi ongi sartzen bazaizkit, segur aski joango naiz zure kontzertura, eta nahiago dut 200 euro kontzertuetan gastatu, eta ez CDetan. Madrilgo Gran Vian, inoiz baino musika ikuskizun gehiago eskaintzen dituzte. Musika ez dago krisian. Kanona gehiegikeria bat da, eta musikaren industriari egiten dio kalte. Nire iritziz, sormen falta dago nabarmen eta horrexegatik dago krisian sektorea, interesik ez dagoelako. Interesak mugiarazten du jendea, eta nik ez badut lanik egin behar bizi izateko, zergatik egingo dut, sasoian egoteko?
Zuk jaisten duzu musika Internetetik?
Ez, sekula ez.
Zergatik ez?
Lantokian ez nagoelako Interneti konektatuta, eta ezin dudalako egin. Baina ezagutzen ditut hori egiten duten pertsonak, eta inoiz edo behin utzi izan didate zerbait, eta gustatzen bazait, kontzertura joaten naiz. Hemen begirunea behar da, besteenganako begirunea; ni top manta-ren aurka nago, gehiegikeria bat da.