Gabonak eta haurrak: opariak, telebista... eta zerbait gehiago
Eguberrietako oporrak hortxe daude, eta haurrak hasiak dira egunen kontuak egiten, haien gurasoak bezala. Batzuei gero eta gutxiago geratzen zaie oparien zorroak irekitzeko eta eskolakoak bazterrean uzteko. Besteei, berriz, zakua bete lan etorriko zaie laneko eginbeharrak eta etxekoak orekatu ahal izateko. Irtenbide bila, Eguberrietan ere aiton-amonengana jotzea izaten da ohikoena, haientzat ez da oporrik. Espainian, 65 urtetik gorakoetan, % 75ek bilobak dituzte, eta milioi bat aiton-amona aritzen dira haurtzain lanetan gurasoak lanean dauden bitartean (Emakumearen Espainiako Institutuak emana da datu hori).
Baina kontua ez da adinekoak gehiago zamatzea. Beste bide batzuk ere bilatu behar dira. Erakunde publikoek eta pribatuek, Gabonetan gero eta maizago antolatzen dituzte jolas eta kultura ekitaldiak haurrentzat: jolas parkeak, atrakzioak, merkatutxoak, jaiotzen eta Gabon abestien lehiaketak, zuhaitz apaintzeak… Egun guztia telebistari begira eta bideojokoetan ematea baino askoz egokiagoa da horietan parte hartzea, eta horrexegatik hedatu dira hainbeste jarduera horiek. Eskolak ere sartu dira joera horretan, eta asko irekita egoten dira Eguberrietako oporretan. Gurasoak lasaiago egon daitezke eta haurrek jolas egin ahal izango dute, modu hezigarri eta seguruan.
Oporrei, opor
Gabonetakoa, itxuraz, urteko sasoirik lasaiena da, etxe giro goxoari lotua, baina Eguberrietako oporrak iristen diren bakoitzean, indartu egiten da oporrei buruzko eztabaida. Zenbait sektoreren iritziz, zentzu gehiagorekin eta irizpide pedagogiko hobeekin banatu eta tartekatu behar dira oporraldiak. Espainian, batez beste, 175 eskola egun dituzte haurrek, eta Europako beste herrialde batzuetan, berriz, 186. Eta oporrak, beste inon baino gehiago: 16 aste baino gehiago urtean.
Bi milioi etxetan baino gehiagotan, helduek lan egiten dute Espainian (Eurostaten datua da), eta egungo antolaketarekin, oso zaila gertatzen da haurren eta gurasoen ordutegiak bateratzea; eta berdintsu gertatzen zaie haurrak nork zaindurik ez duten gurasoei ere (Espainiako Estatistika Institutu Nazionalak 2002. urtean egin zuen ikerketa batek dioenez, 320.000 guraso daude egoera horretan). Hori dela eta, hezkuntza komunitateak laburtu egin nahi ditu, besteak beste, Eguberrietako oporrak, gurasoen eta seme-alaben arteko bizikidetza hobetzeko asmoz.
Egoera hori ikusita, udalak, erakunde autonomoak eta guraso elkarteak esku hartzen hasi dira, eta gero eta leku gehiagotan, haur hezkuntzako eta lehen hezkuntzako ikastetxeak irekitzea erabaki dute (3 urtetik 12ra bitartekoak), haurrekin era guztietako jarduerak egin ahal izateko (gehienak doakoak): ikastarotxoetatik hasi eta txangoetara, haurrak gustura edukitzea da helburua, gurasoak lanean ari diren bitartean
Iazko Eguberrietan, 255 ikastetxe ireki zituzten Madrilgo, Aragoiko, eta Gaztela eta Leongo autonomia erkidegoetan, eta 13.000 haurrek baino gehiagok eduki zuten aukera eskolaz kanpoko jarduerak egiteko. Kataluniako eta Gaztela-Mantxako zenbait ikastetxek ere hori egitea erabaki zuten.
“Hori nahi dut”. Ez da izango beste esaldirik, Gabonetan gehiago entzuten denik. Haurrek ez dute mugarik ikusten, haien ilusioak ere ez, eta alferrik mintzatuko gatzaizkie krisiaz, maileguaz eta zorrez. “Hori nahi dut” entzungo dugu behin eta berriro, gure etxean edo auzoan. Jostailu Ekoizleen Espainiako Elkarteak (AEFJ) argitaratu dituen azken txostenek erakusten dutenez, abenduaren 1etik urtarrilaren 6ra saltzen dira urte guztiko jostailuen % 70-75, eta horrek esan nahi du, batez beste, 200 euro gastatzen direla jostailutan haur bakoitzeko.
Baina jolasa ez du jostailuak egiten. Jostailu hori egoki erabiltzeak ematen dion indarra jolasari. Kataluniako Pedagogoen Elkargoak egin duen ikerketa baten arabera, jolas eginez bikoiztu egiten da haurraren kontzentrazio eta memoria gaitasuna. Gainera, zentzumenak garatzen laguntzen dio haurrari, irudimena eta fantasia erne jartzen dizkio, pertzepzio gaitasuna eta arreta azkartzen dizkio, eta memoria lantzen laguntzen dio. Jolasari esker, inguruan duen munduarekin komunikatzen ikasten du haurrak, eta jostailuak erabiltzea eta aztertzea bezalakorik ez dago errealitate soziala bera aztertzeko eta haren berri jasotzeko. Jostailuak jostailu, pedagogo eta psikologo guztien iritziz, gurasoak haurrarekin jolastea da umeei egin dakiekeen oparirik onena.
Eguberriak familiarekin gozatzeko zenbait ideia
Gabonak bereziak izaten dira, baina ez opari eta opor garaia delako soilik. Familiak elkartzea, zinemara joatea, Olentzero eta Errege Magoak ikustera joatea, haurrentzat antolatu dituzten erakusketa eta azoketan ibiltzea… ez da falta izaten aisialdiko eskaintzarik, eta haurrek eta gurasoek elkarrekin egiteko modukoak izaten dira, gainera.
Haurrentzako jaialdiak eta erakusketak
Egun hauetan, hainbat azoka egiten dira, eta ekitaldi asko izaten dituzte: antzerkiak, zine forumak, xake eta argazki lehiaketak, eta kirol lehiaketak ere bai. Hona hemen azoka esanguratsuetako batzuk.
- Juvenalia (Madril). Abenduaren 19tik 28ra izaten da, IFEMAko 2, 4 eta 6 pabiloietan, eta zientzia gaiak, kirola, musika… izaten da goizeko hamarretatik iluntzeko zortziak arte. Sarrera doakoa da.
- Juveándalus (Granada). Haur eta Gazteentzako azoka izaten da, abenduaren 15etik 28ra bitarte, eta askotariko eskaintza izaten du: kirol ikastaldiak, jolasak, ikastaro hezigarriak… Taldeek 5 euro ordaindu behar dute sarrera (ikastetxeek, elkarteek, klubek) eta norbanakoek, 6 euro.
- PIN (Bilbo). Eguberrietako Haur Parkea da, haur eta gazteentzat antolatua, abenduaren 13tik urtarrilaren 5era. Hainbat jolas eta ikastaldi egin ditzakete haurrek, atrakzioetan ibili, skatean aritu, minigolfean, eta abar. Hiru urtez azpikoentzat, doakoa da sarrera, eta besteentzat, 5 eta 7 euro artean ibili ohi da.
- Expojove (Valentzia). Abenduaren 24tik urtarrilaren 4ra, hainbat kiroletan parte hartu ahal izaten dute haurrek, eta hainbat ikastaldi egin: egurra zizelkatzen ikasteko, zeramika lantzen, irrati programak egiten… Bikingoen galeoi bat ikusteko aukera ere izaten dute, eta Leonardo da Vinciren asmakuntzak begiztatzeko ere bai. Euro batetik lau euro bitartean balio du sarrerak. Bost urtez azpikoak doan sar daitezke.
- Haur Jaialdia (Bartzelona). Abenduaren 27tik urtarrilaren 4ra, musika ikuskizun ugari izaten dira haurrentzat, ikastaldiak, eskulanak eta kirol jarduerak. Egun guztirako sarrera 8 euro ordaindu behar da, eta 16:00etatik aurrera joanez gero, 5 euro.
- Gabonetako Haur Azoka (Zaragoza). Aurtengo ekitaldiaren gai nagusia honako hau da: Espazioa. Abenduaren 26tik 30era, jauzi-piloten ikastaldia egin ahal izango dute 2 urtetik 12 urtera bitarterako haurrek, Miranda astronautarekin egon ahal izango dira, Mariano martetarrarekin, edo espazio ontzi berezi-berezi bat ikusi ahal izango dute. Helduek 2 euro ordaindu behar dute sarrera, eta haurrek, 8 euro.
Jaiotza bizidunak eta erakusketak
Gabon jaiak nondik datozen ikasteko modu entretenigarria izan daiteke, eta beste zenbait tradizioren berri jakiteko ere bai. Hiri eta herri askotan antzezlanak ematen dituzte, jai erlijioso hau nondik datorren oroitarazteko.
- Buitrago de Lozoyako jaiotza biziduna (Madril). abenduaren 20, 21, 25 eta 27an, 18:30ean.
- Arcos de la Fronterako jaiotza biziduna (Cadiz). Abenduaren 20an, 18:30ean.
- Báscarako jaiotza (Girona). Abenduaren 23, 25, 26, 29 eta 30ean, eta urtarrilaren 1ean eta 6an, 19:00etan.
- Errege Eguneko Misterioa (Zangoza, Nafarroa). Urtarrilaren 5ean.
- Jainko Haurraren Kofradia (Galisteo, Caceres). Abenduaren 24an eta 25ean.
Haurrentzako ikastaldiak
Ludotekek, liburutegi publikoek, saltoki handiek eta beste gune espezializatu batzuek ere egiten dute beren eskaintza, haurrek zer egina eta zer ikasia eduki dezaten aisialdiko orduetan. Gabon ipuinen irakurraldiak izaten dira batzuetan, txotxongiloak nola egin jakiteko ikastaldiak besteetan, marrazketa eta eskulan ikastaldiak zenbaitetan…
Gabon jaietan, 3 ordu baino gehiago ematen dituzte telebista aurrean 4 urtetik 12 urte bitarteko haurrek, eta 13tik gorakoek, lau ordu, batez beste. Haurrak gero eta lotuagoak daude telebistari, eta, itxuraz, ahaztu egin zaigu zer den telebistarekin arduraz jokatzea eta oinarrizko printzipio batzuk finkatzea. Ez dugu zertan haurrei telebista kendu, baina arautu egin behar da zer eta zenbat ikusten duten, eta, gauza guztien gainetik, sekula ez da erabili behar telebista gure haurrak geldi eta zainduta edukitzeko. Hona hemen kontuan hartu beharreko zenbait ohar:
- Ahal dela, haurrak ez ditugu bakarrik utzi behar telebista ikusten. GECA enpresak urtero egiten duen txostenak dio haurrek telebistan ematen duten denboraren % 28 bakarrik ematen dutela. Haurrentzako egokiak diren programak ari badira telebistan, utz daitezke bakarrik, baina orduan soilik. Zalantzaren bat izanez gero, film egoki bat jar dezakegu DVDan.
- Haurren garapen mailari egokitzen zaizkion programak aukeratu behar ditugu.
- Telebista elkarrekin ikusten dugunean, haurrari hitza ematen saiatu behar dugu, eta ikusten ari garenari buruz mintzatzen.
- Ongi neurtu behar da haurrek zenbat denbora ematen duten telebista aurrean. Ez da komeni egunean ordu bat edo bi ordu baino gehiago egotea.
- Telebista ez da etxea girotzeko tresna, eta, ez dugu egin behar piztu eta ahotsa kendu, edo soinua utzi eta irudia kendu.
- Haurrei erakutsi behar zaie eurek ikusi nahi duten programa hastear denean soilik piztu behar dutela telebista, eta komeni ez zaien programaren bat egokituz gero, katea aldatu edo telebista itzali behar dutela. Ikusten ari direna bukatzen denean, berriz, telebista itzali behar dutela jakin behar dute.
- Otordu garaian eta ikasteko orduetan, telebista itzali egin behar da.
- Telebistaren ordezkoak eman behar dizkiegu haurrei, denbora librea bestelako jarduerak eginez igaro dezaten.
Bideojokoak, maiteetan maiteenak
Ez panpinak, ez lasterketa autoak, ez DVD filmak eta ez liburuak. Bideojokoen zale egin dira haurrak, eta halakoak nahi izaten dituzte opari. Urteko salmenta guztien % 40 Gabonetan egiten dituzte ekoizleek (Japoniatik eta Ameriketako Estatu Batuetatik datoz gehienbat produktu horiek). Europari dagokionez, Erresuma Batuan, Alemanian eta Frantzian saltzen dira software interaktibo eta kontsola gehien, eta laugarren lekuan Espainia dago. Ikus-entzunezko aisialdia aintzat hartzen bada, bideojokoek hartzen dute aisialdi mota horren % 54 (zinemak, musikak eta DVD filmek baino gehiago). Hainbat formatutan merkaturatzen dituzte egun bideojokoak, denek aurki ditzakete beren adinari dagozkienak, gehien gustatzen zaizkienak, asko gastatu gabe eskuratzeko modukoak… Aniztasunak erabilera sustatu du, eta haurrak liluratuta dauzkate.
Telebistarekin bezala, bideojokoekin ere neurri batzuk hartu beharra dago, egoki eta arduraz erabiltzeko:
- Ez dira txartzat jo behar. Balio pedagogiko handia dute, lagungarriak izan baitaitezke kontzeptu abstraktuak, geometrikoak edo matematikoak barneratzeko. Pizgarri izan daitezke zaletasun intelektuala, estetikoa edo musikala pizteko.
- Haurren adinari egokitzen zaizkionak erosi behar dira.
- Jokoak sailkatzeko eta pribatutasuna zaintzeko zein irizpide erabiltzen diren ikasi beharko dugu, eta sarean egoki eta arduraz jokatzeko zer egin behar den aztertu.
- Seme-alabek eskatzen dituzten bideojokoek zer eduki dakarten kontrolatu behar dugu, bestela ez baitugu jakingo zer mezu hartzen ari diren, eta erraz asko gerta daiteke bortizkeriari, sexismoari edo arrazismoari lotutako mezuak izatea.
- Zeinekin jolasten diren zaindu behar dugu. Guk erraz ikusi ahal izateko lekuan jarri behar da kontsola edo joko tresna.
- Jokalari bat baino gehiago eskatzen dituzten bideojokoak erabiltzera bultzatu behar ditugu haurrak. Saiatu behar dugu haurra sekula ez dadin bakarrik jolastu; lagunekin, gurasoekin, senideekin harremanak egiteko eta sozializatzeko aukera ona ematen dute bideojokoek.
- Bideojokoetan aritzeko denbora mugatu behar dugu. Ez da komeni egunean 30 minutu edo 60 minutu baino gehiago joka dezaten, eta tartean atseden hartu behar lukete (20-30 minutuz behin).
- Ongi zaindu behar ditugu lagunekin jokoak trukatzen dituzten jokoak edo Internetetik ekarritako programak.
- Bideojokoren bat alokatzen badugu, guk geuk probatu behar dugu haurrekin, bestela ezin jakingo baitugu zer joko mota den.