Telebista laua nola aukeratu

Ez da itsutu behar neurriarekin

1 abendua de 2008
Img internet listado 467

Pantaila laua duen telebista bat erosteko orduan, hainbat alderdi hartu behar dira kontuan: zer neurri daukan telebista jarriko dugun gelak, zein erabilera eman nahi diogun, irudiek zer-nolako kalitatea duten eta zenbat balio duen

Ez da itsutu behar neurriarekin

/imgs/20081201/internet1.jpg
Telebista handia nahi du jendeak. Egun, gutxienez 32 hazbete dituzten tresnak agertu dira merkatuan (80 zentimetro ditu pantailak diagonalean), eta ez dugu besterik ikusten. Tokitan geratu dira 20 hazbeteko telebista haiek (50 zentimetro diagonalean); urteetan halakoak egon izan dira etxe askotan, eta haiek ere gauza handia izango ziren bere garaian, baina egun… Handia merke jarri da, harritzeko moduan jarri ere: 480 euroan ere badaude 32 hazbeteko telebistak, eta tokitan geratu da 2007ko maiatzean Wired teknologia aldizkariak iragarri zuena ere: tresna horiek ez omen ziren jaitsiko 700 eurotik, mugara iritsi omen ziren. Handi-nahia mugatzen zaila da, ordea.

telebista izugarri handia ez badugu nahi, plasma baino hobe da lcd teknologia aukeratzea

Beraz, gero eta eskurago dauzkagu telebista handiak baina neurrian begiratu behar zaio neurriari, badaude-eta garrantzi handia duten beste alderdi batzuk ere: erosotasuna eta irudien kalitatea, adibidez, azken batean ongi ikustea baita kontua, izan telebista kateak, izan DVD edo Blu-ray filmak, edo izan bideojokoak.

Zein distantziatara ikustea komeni da

Telebista non jarri nahi dugun, horrek esango du zein neurritakoa izan behar duen. Gela txiki batean telebistatzar handi bat jarrita, zorabiatu ere egin gaitezke hari begira, eta gerta daiteke irudiak distortsio moduko batekin ikustea. Zineman aurre-aurrean esertzea bezala da, baina etxeko irudia ez dugu ikusiko fokatua, pixeletan zatitua baizik, eta bereizmen apal samarrarekin. Urrutiratu ahala, ordea, irudiek beste osotasun bat hartuko dute.

Efektu hori saihesteko asmoz, etxeko telebista zein distantziatara ikusi behar den zehaztu dute adituek:

  • 20 eta 27 hazbete arteko telebista: 75 zentimetro eta metro eta erdi arteko distantzia.
  • 30 eta 37 hazbete arteko telebista: 1,8 metro eta 2,4 metro arteko distantzia.
  • 40 eta 50 hazbete arteko telebista: 3 eta 4 metro arteko distantzia.
  • 50 hazbete baino gehiagoko telebista: sekula ez lau metro baino gutxiagoko distantzia.

Telebista zertarako nahi den

Telebista kate gehienek oso kalitate txarra ematen dute, pantaila laua duten telebistarik gehienek eskain dezaketen baino txarragoa. Ondorioz, betiko telebistetan baino okerrago ikusten da telebista lauetan. Lurreko emanaldi digitalentzat, 720 lerroko bereizmena dute telebista horiek -kopuru hori dagokio ‘HD Ready’ homologazioari-, baina Espainian, behintzat, oso kate gutxi iristen dira maila horretara. Eta DVDko filmak ikusteko -hori da formatu erabiliena, oraingoz-, ez da behar ‘Full HD’ bereizmena duen telebistarik, aski da ‘HD Ready’ motakoa. Gainera, azken horiek baino garestiagoak dira, eta txikienak 40 hazbete izango ditu.

Egun, ordea, gero eta erabiltzaile gehiagok ikusten ditu filmak Blu-ray formatu berrian, eta bideojokoetan aritzeko ere, gero eta joera handiagoa dago. Horretarako nahi duenak, ‘Full HD’ motako telebista jarri behar luke, formatu berriak eskaintzen duen kalitatea emateko gai baita: 1.080 lerroko bereizmena ematen du, eta ez 720 lerrokoa, ‘HD Ready’ motakoak bezala.

/imgs/20081201/internet2.jpg
Bideojokoetan aritzeko erabili nahi bada, bi gauza hartu behar dira kontuan: telebistak zer bereizmen ematen duen eta zenbateraino den erraza batetik bestera mugitzea. PS3 motako bideojokoetan -pantailari konektatzen zaio kontsola- funtsezkoak dira bi alderdi horiek. Konexioari dagokionez, kontsola horrek dakartzan bideojokoen grafikoak bereizmen handikoak dira, eta ‘Full HD’ formatua da egokiena horientzat. Mugitu ahal izatea ere garrantzitsua da, inori trabarik egin gabe jolastu ahal izateko, eta horretarako, 32 hazbete telebista izan behar du gehienez ere, hortik gorakoak mugitzea oso deserosoa baita. Gainerako kontsolek (Nintendo etxeko Wii delakoak, batik bat), bereizmen apalagoko grafikoak dituzte.

Plasma edo LCD?

Egun, bi teknologia nagusitu dira telebista lauen merkatuan:

LCD teknologia: teknologia honek izan du bilakaerarik handiena, eta ongi gainditu ditu hasieran ekarri zituen gabeziak: gaizki ikusten zen angelu batetik begiratuta, kontraste gutxi zuen irudi argien eta ilunen artean, eta kolore arrastoak geratzen ziren irudiak azkar mugitzen zirenean.

Plasma teknologia: koloreei erantzun bikaina ematen die, bereizmen oso ona ematen du pantaila handi-handietan, eta ongi ikusten da angelu batetik begiratuta. Baina orain badira LCD teknologia duten pantaila aski handiak, eta oso modu onean daude, gainera; itxuraz, plasma teknologiari gaina hartuko diote. Horregatik, baldin eta ez badugu nahi telebista izugarri handia, hobe da LCD telebista bat erostea.

Etorkizun hurbil-hurbilean...

Laborategietako lanak ez du etenik, eta luze gabe, bi teknologia berria sortuko dira mundura. Uste bezalako emaitza ematen badute, urte gutxiren buruan goitik behera irauliko dute berriz ere merkatua:

  • OLED pantailak: puntu mordo bat ditu gainazal baten gainean, eta zenbateko indar elektrikoa jasotzen duten puntu horiek, argitu edo itzali egiten dira, edo kolore bat edo bestea hartzen dute. Ez dute behar zerbaitek ondoren argi egitea (haiek ematen dute argia), eta, beraz, oso finak izan daitezke eta are malguak. Egungo telebistarik onenek baino askoz bereizmen hobea dute, eta prezioa ere, horren araberakoa noski.
  • SED-TV: teknologia honek bere baitan bildu ditu, batetik, hodi katodikoak dituzten telebistek ematen duten kolore kalitate aparta (pantaila laurik onenek baino hobea), eta, bestetik, plasma eta LCD pantailen neurri eta diseinuak. Hodi handiaren ordez, milioika hodi txiki-txiki ditu, izpi katodikoekin, eta guztien artean, pantaila lau bat osatzen dute. Bereizmen hobea ematen du, ongi ikusten da angelu batetik begiratuta, eta energia gutxiago behar du. Horra hor teknologia honen ezaugarri nagusiak zein diren.