Krisi isuriak ingurumenari kalte
Krisi ekonomikoak ingurumenari ere eragiten dio. Epe motzera begiratuta, onerako ere izan daitekeela pentsa dezake batek baino gehiagok: jendeak gauza gehiago birziklatuko ditu, energia eta erregai gutxiago kontsumituko du, eta erositako gauzak hobeto zainduko ditu, gehiago iraun dezaten. Baina erakunde ekologistak oso kezkatuta daude, eta erakunde publikoei begira, ea orain ez duten joera aldatuko eta iraunkortasunaren aldeko lana bigarren mailan jarriko. Ahalegin guztiak ekonomia indartzera eta bultzatzera bideratzen badituzte, eta horrek erabateko lehentasuna hartzen badu, ingurumenak kalte handiak jasan ditzake.
WWF/Adena erakundearen Petrolioaren Behatokiak emandako datuen arabera, 2008ko lehen seihilekoan, Espainian dezente gutxitu dira CO2 isuriak, jendeak gutxiago kontsumitu dituelako gasolioa eta gasolina. Baina ez da izan Espainiako kontua soilik: mundu guztian gutxitu dira isuriak. Itxura guztien arabera, krisi ekonomikoak eragin du hori, eta petrolioak azken hilabeteetan izan duen prezioak.
Isuriak gutxitzea, ordea, aldi bateko kontua izan daiteke, aldi labur batekoa. Uda ostean, 150 dolarretara iritsi zen petrolio upela, baina kontsumoa apaldu egin denez, hiru hilabete aski izan ditu prezio erdira jaisteko. Petrolioa merkatu izanak, beraz, lehengo egoerara eraman gaitzake, lehen adina kontsumitzera, alegia, eta ekonomiari ezinbestean bultzada bat eman beharrak ere lagundu dezake hori gertatzen. Eta badago beste kontu bat, hori ere petrolioaren prezioari lotua: petrolioa merke badago, premia eta interes gutxiago izango da energia berriztagarriak sustatu eta garatzeko.
Hori gerta daitekeela ikusita, Nicholas Stern britainiarrak zerga berri bat ezartzea proposatu die herrialdeei, petrolioaren erabilera gutxitu eta energia berriztagarriak sustatzeko. Klima aldaketak zer eragin ekonomiko izango duen aztertu du Stern txostena deitzen dioten dokumentuan eta hor ageri da haren proposamena. Oraindik ezin da jakin zer erantzun jasoko duen, baina ez dirudi aldeko asko aterako zaionik, krisi bete-betean oso zaila baita bide horren alde egitea.
Helburuak apaltzeko arriskua
Kyotoko Protokoloa ere koloka jarri du krisiak -2012. urte arte egongo da indarrean-, eta haren ondotik etorriko den akordioa ere bai, antza. Hurrengo urtean hasiko dira akordio horren edukiak eztabaidatzen, Kopenhagen, nahiz eta abendu honetan ezarriko dituzten oinarri nagusiak, Polonian. Krisiak baldintzatuko du eztabaida, eta geldialdi ekonomikoaren beldurrak bertan behera bota dezake orain arte egin den ahalegin guztia.
Zenbait herrialde hasiak dira zalantzan jartzen Europako Batasunak (EB) orain dela urte eta erdi hartu zituen konpromisoei eutsi behar ote zaien, eta eskakizunak apaltzea galdegin dute. 2020. urterako, CO2 isuriak % 20 gutxitu nahi ditu EBk, energia guztiaren % 20 berriztagarriak izatea nahi du, eta % 20 hobetu nahi du energia eraginkortasuna. Italiak eta Poloniak dagoeneko esan dute ez daudela ados planarekin, eta betoa jartzeko mehatxua ere egin dute.
Italiaren ikuspegitik, erabaki horiek kalte ekonomikoak ekarriko dizkiete hango enpresei, autogintzakoei, batik bat. Poloniak eta bloke komunistan egon ziren Europako zenbait herrialdek, berriz, ikatzarekin dabiltzan zentral termoelektriko asko itxi beharko dituzte isuriak gutxitzeko eta haien ordez bestelako batzuk eraiki, baina ezinezkoa zaie egoera honetan horri erantzutea.
Erresuma Batuak ere adierazi du bere ezina, eta ez omen du lortuko energia guztien % 15 berriztagarriak izan daitezen. Eta Alemaniak ere plazaratu ditu bere argudioak, nahiz eta herrialde eredugarria izan den ingurumenaren aldeko konpromisoak hartzeko orduan: automobil ekoizle handien salmentak bat-batean apaldu dira, eta atzeraldi garaian oso kaltegarria gerta daiteke karbono isuriak gutxitzeko eskakizun zorrotzak egitea. Egoera zaila da eta gerta liteke langabezia igotzea, enpresak arau malguagoak dituzten lekuetara mugitzen badira. Hori dela eta, Alemaniak proposatu du CO2 isurien araudia betetzeko diru inbertsioak egin behar dituzten industria sektore guztiei doan ematea isuri-kuota gehiago.
Baina onartuko balitz CO2 isuriak doan egiteko baimen gehiago ematea, horrek ondorio kaltegarriak ekarriko lituzke bata bestearen atzetik. Batetik, EBk eta herrialde garatuek indarra galduko lukete klima aldaketaren aurkako borrokan. Hortik sortzen den galdera begi bistakoa da aditu askorentzat: EBk ez badu konpromisorik hartzen, nola egingo dute Txinak eta Indiank adibidez? Bestetik, ahulduta utziko lituzke Garapen Garbirako Mekanismoak ere, eta horiek dira Kyotoko Protokoloak dituen tresna baliotsuenetakoak; isuriak gutxitzeko har daitezkeen neurrien artean, energia garbien aldeko apustua egitea da garrantzitsuenetakoa, eta garapen bidean dauden herrialdeetan horiek ezartzeko laguntzak ematea. Herrialde garatuak hasiak dira diru laguntzak ematen, zentral eolikoak eta hidroelektrikoak eraiki ditzaten. Era horretan uztartu nahi dituzte garapena eta iraunkortasuna: teknologia hobetu, eta isuriak gutxitu.
Egoera nahasi honetan nola negoziatuko dute herrialdeek klima aldaketari aurre egiteko akordioa? Une hauetan eta 2009 hasi arte, Frantziaren esku dago Europako Batasuneko presidentzia, eta Nazioarteko Harremanetarako Frantziako Institutuko behatzaileek adierazi dutenez, herrialdeek borondate ona erakutsi dute, baina Frantziak eskari guztiak onartzea erabaki du, guztien artean eztabaidatu eta negoziatzeko. Horrek arrisku nabarmena du: eskari guztiak ontzat hartzeko eta aurrera eramateko prest badaude, gerta daiteke akordioa ia baliorik gabe geratzea klima aldaketaren aurka egiteko. Beste arrisku bat ere bada, eta halaxe ohartarazi dute zenbait adituk. Alemaniak CO2 isuriak egiteko baimen asko eskatzen baditu, beste herrialdeek ere berdin egingo dute. Poloniak bat egin isuriak gutxitzeko politikarekin, eta bloke komunistakoak izan ziren herrialdeek ere bai; horiek ez dute eskatzen isuriak egin ahal izateko baimenik, ezpada laguntza ekonomikoak isuri horiek gutxitu ahal izateko.
Nazio Batuen Erakundeak klima aldaketaren inguruan oraintsu atera duen txosten batek esaten du diru gehiago behar dela arazo horri aurre egiteko, orain jartzen den kopurua ez delako aski: urtean 200.000 milioi dolar gehiago behar dira. Eta beste gorabehera batzuetan zein eskuzabal jokatu duten ikusita, hutsaren hurrena da hori herrialdeentzat. Finantza erakundeak zulotik ateratzeko, adibidez, 360.000 milioi euro erabili ditu Frantziak, 62.000 milioi euro Erresuma Batuak, eta 50.000 milioi euro Espainiak. Ez da erronka makala, baina aukera hortxe dagoela azpimarratu dute Europako Batasunetik: ezarritako helburuei eutsi behar zaie, eta merkatu berriak baliatu, automobil ekologikoak eta teknologia garbiak, besteak beste.
Europako Batzordeak krisiaren eragina arintzeko laguntzak eman dizkie automobil egileei, ibilgailu ekologikoagoak egin ditzaten. Baina hori baino gehiago lortu nahi dute, eta sektoreari eragiteko estrategia oso bat landu dute: araudia aldatu eta ibilgailuek zama gutxiago izatea nahi dute, munduko merkaturako sarbideak hobetzea, ikerkuntzaren bidez berrikuntza sustatzea eta garraiobideen segurtasuna handitzea. Europako Batasunak jakinarazi duenez, ekoizleek 40.000 milioi euroko mailegua eskatu diote Batasunari ibilgailu ekologikoagoak egiteko, eta asmo horrek aurrera egingo duela dirudi, Europak begi onez ikusten baitu. Ameriketako Estatu Batuetan ere antzeko erabakia hartu dute helburu horixe bera lortzeko: interes txiki-txikiko maileguak ematea.