Nola berotu etxea, sakela asko hoztu gabe
Neguko energia beharrei erantzuteko diru asko behar izaten da, eta gehien-gehien, berogailuak erretzen du: familia batek energiatan gastatzen dituen hamar euro bakoitzeko, sei eramaten ditu berogailuak. Instalazioa ongi egina edukitzea eta berogailua behar bezala erabiltzea lagungarriak gerta daitezke berotan diru gutxiago joan dakigun -zerbaiten beharra bada, egia esan, atzeraldi ekonomiko honetan-, baina, inguru hotzean bizi bagara, hotzari nolabait aurre egin beharra izango dugu. Etxe handian edo txikian bizi, kristal egokiak jarri edo ez, paretak ongi isolatuta eduki edo ez… horrek guztiak ere badu eragina hileroko ordainagirian.
Energia kontsumoa gutxitzeko moduen bila hasita, berogailu sistema eraginkorragoak erabiltzea da irtenbideetako bat, kronotermostatoak, adibidez, eta tresnen mantentze lanak egoki egiteak ere asko laguntzen du. Batekin eta bestearekin, % 10-40 energia gutxiago kontsumitzea lor dezakegu.
Klima bakoitzak sistema bat eskatzen du (dirua ahaztu gabe)
- Klima hotzetarako oso egokia.
- Prezioa: instalazioa egiteak 3.600 eurotik hasi, eta hortik gora balio izaten du.
- Etxean gasa jarria badugu, aukerarik onena, baldin eta beste gauza batzuetarako ere erabiltzen badugu, ura berotzeko, adibidez. Guk erabaki dezakegu zenbateko beroa nahi dugun geletan, eta etxe guztia tenperatura berarekin edukitzeko aukera ere ematen du. Gas naturala garbia da, eta ez du kutsatzen. Ohiko galdarak jar daitezke edo kondentsazio bidezkoak. Azken teknologia hau errekuntza gasetatik sortzen den ur lurrunaz baliatzen da eta likido egoeran itzultzen du; ohiko moduarekin alderatuta, % 30 energia gutxiago behar izaten du eta % 70 gutxitzen ditu nitrogeno oxido (NOx) eta karbono dioxido (CO2) isuriak. Kondentsazio bidezko zenbait galdarak ohikoek halako bi ere balio izaten dute, baina errentagarria gerta daiteke, gas gutxiago kontsumitzen duenez, gutxiago ordaindu behar izaten da eta.
- Klima epeletarako egokia.
- Prezioa. 50 euro modulu bakoitza, gutxienez.
- Klima epeletarako sistema egokia, eta etxean gas galdararik edo gasolio galdararik ez dutenentzat. Ez du sortzen ez gasik ez usainik, baina garestia da, eta ez beste batzuk bezain eraginkorra.
- Klima epeletarako egokia.
- Prezioa: 100 euro eta 350 euro artean berogailu bakoitzak
- Igorgailu termoelektriko edo ekoigorgailu izena ere ematen diete; berogailu elektrikoaren antzekoak dira, eta bi modutakoak aurki daitezke merkatuan: barruan jariakina daramatenak (merkatuan dauden gehienak halakoak dira) edo teknologia lehorrekoak. Bi sistemek ere antzera funtzionatzen dute: aluminiozko gorputz bat dute, eta erresistentzia bat; erresistentzia horrek berotzen du jariakina batean, eta plaka batzuk bestean (bero handia emateko gai dira plaka horiek). Garbiak dira berogailu hauek, seguruak eta erraz jartzen dira; aski da paretan zintzilik jartzea, lokia dagokion lekuan sartzea eta piztea. Sentsore bat eta segurtasun termostato bai izaten dute, igorgailuaren tenperatura kontrolatzeko.
- Klima hotzetarako egokia.
- Prezioa. 5.500 eurotik aurrera.
- Beroa emateko sistemarik naturalena. Hodi egitura bat izaten da, eta zoruan barrena, sabaian barrena edo paretetan barrena jartzen dira (azken bi moduak eraginkorragoak dira). Hauxe du abantaila nagusia: bero berdina zabaltzen da etxe guztian. Sistema honi esker, % 10 eta 30 artean aurreztu daiteke energiatan, baina instalazioa egitea nahiko zaila denez, ez da komeni etxe txikietan, ez eta klima epeleko lekuetan ere, ez baitu merezi halako lana hartzea urtean bizpahiru hilabetez soilik pizteko berogailua.
- Klima beroetarako egokia
- Prezioa. 1.200 eurotik aurrera.
- Sistemarik egokienetakoa klima epela edo beroa duten lekuetarako, aukera ematen baitu urte guztian tenperatura goxoa edukitzeko: neguan berogailu gisa erabiltzen da, udan aire girotua emateko, eta tarteko sasoietan, etxeko hezetasuna kentzeko. Tresna bakarrak egiten du hori guztia. Ez da arriskurik izaten su hartzeko edo leherketaren bat gertatzeko, ez baitu erregairik pilatzen; kearentzako irteerarik ere ez du.
Etxea ongi isolatzea, dirua aurrezteko lehen baldintza
- Ongi isolatuta dagoen etxeak energia gutxiago behar izaten du (% 20-40 gutxiago) goxo egon ahal izateko.
- Etxe batean beroak paretetatik egiten du ihes (% 35), sabaitik (% 25), zirrikituetatik (% 15), zorutik (% 15) eta leihoetatik (% 10).
- Berogailu beharren % 25-30, leihoetatik beroa galtzen delako sortzen dira. Akatsen bat dagoela sumatzen badugu, isolatze sistema aztertu eta hobetu beharko dugu.
- Kristalezko gainazaletatik joaten da bero gehien. Oso eraginkorra izaten da bi leihoko edo bi kristaleko sistemak jartzea. Kristal bakarreko leihoetatik galtzen denaren erdia joaten da horietatik.
- Oso ona da haize-babesgarriak itsastea ate eta leihoetan. Energia aurreztuko dugu horrela, % 5 eta 10 artean.
- Egiazta egin behar da s areten kutxek ez daukatela zirrikiturik eta ongi isolatuta daudela.
- Etxea berritzea aukera ona izan daiteke paretetan eta sabaian isolatzaile termiko onak jartzeko. Halakorik ez duten etxeetan, urtean % 70 gehiago gastatu dezakete berogailutan, batik bat familiabakarrekoak badira.
Termostatoa, funtsezko tresna tenperatura kontrolatzeko
- Energia kontsumoa gutxitzen laguntzeko, termostato maskorrak jar ditzakegu berogailuetan (20-25 euro balio du bakoitzak) edo, bestela, paretako termostatoak (17 eurotik 100 eurorainokoak daude). Oso erraz jartzen dira, eta % 8 eta 13 artean aurrezten da energia.
- Beste aukera bat da kronotermostatoak jartzea, denbora programatzeko aukera ematen duteak; zer komeni zaigun, halaxe programatu.
- Etxetik kanpo ordu batzuk eman behar baditugu, termostatoa 15 ºC-tan jartzea komeni da. Etxea ez da hoztuko, eta alferreko berorik ere ez du emango.
- Egunean zehar, 20 ºC-tan jarri behar da termostatoa. Lotara joandakoan, aski da 15 eta 17 ºC artean uztea. 20 º C-tik gora igotzen dugun gradu bakoitzeko, % 6-8 energia gehiago kontsumitzen du.
- Konfort tenperatura. Erabiltzaileak etxean daudenean izaten den tenperaturari esaten zaio. 20 ºC-koa izaten da maizenik.
- Aurrezte tenperatura. Erabiltzaileak etxetik tarte batez irteten direnean izaten den tenperaturari esaten zaio; etxea ez hozteko behar izaten den maila da. 15 ºC-tan jartzea gomendatzen dute.
- “Izoztearen aurkako” tenperatura. Neguan hodietako ura ez izoztea izaten da helburua, berogailu sistema matxuratu baitaiteke hori gertatuz gero. Nahikoa izaten da 5 ºC-en inguru ibiltzea tenperatura.
- Berogailuari edozein gauza arraro sumatu orduko, ekoizleen zerbitzu teknikoarekin jarri behar dugu harremanetan edo baimendutako instalazio enpresa batekin.
- Galdararen sugarrari begiratu, ongi dabilen edo ez ikusteko. Sugarrak urdin kolorea badu, eta gorabeherarik gabea bada, egoki erretzen ari den seinale.
- Gas usaina antzemanez gero, ez dugu piztu behar ez etengailurik, ez tresna elektrikorik eta ez pospolorik. Ateak eta leihoak ireki, gasaren giltza itxi, eta baimendutako enpresa bati deitu behar diogu, instalazioa azter eta konpon dezan.
- Berogailu elektrikoak edukiz gero, ez ditugu ukitu behar esku edo oin bustiekin. Sekula ez dugu ukitu behar oinutsik bagaude, bainugelan batik bat.
- Ez dugu jarri behar arroparik berogailuen gainean, eta bestelako gauzarik ere ez; arropa bustia lehortzeko erabiltzen baditugu kontsumoa handituko baitzaigu.
- Berogailu kolektibo bat badaukagu eta bero gehiegi dagoela iruditzen bazaigu, ez dugu leihorik ireki behar; aski da berogailuen giltza ixtea.
- Leihoak ez ditugu eduki behar irekita behar baino denbora gehiago. Hamar minuturekin nahikoa izaten da gela bat haizeberritzeko.
- Eguzkia dagoenean, saretak ireki eta gortinak baztertu behar ditugu, eguzkia sar dadin. Iluntzen duenean, berriz ere itxi egin behar ditugu, berorik gal ez dadin.
- Oso leku hotzean bizi ez bagara, behintzat, berogailua itzali egin behar da gauez, etxean pilatu den beroarekin nahikoa izaten baita.
- Aire beroa sabian pilatu ohi da eta hori mugiarazteko sabaiko haizagailu bat erabiltzea da egokiena. Haizagailuaren besoek aire beroa jaitsi egiten dute, eta orekatu egiten dira tenperatura. % 30 inguru aurrezten da energia.