Nola azalduko zenuke gaur egungo panorama ekonomikoa, duela gutxi arte hain esperantzagarria eta orain gorabehera etsigarriz betea dagoena?
Kontsumoaren hedapen garaian gaude. Baina horrekin batera, datu kezkagarriak iristen zaizkigu: petrolio gordinaren prezioaren gorakada, gasolina eta berogailua garestitzea dakarrena, diruaren balioaren gorakada eta horren ondorioz hipotekak eta maileguek gora egitea; inflazio handiak ere pikutara bidali ditu Gobernu espainolaren aurreikuspenak; euroak dolarraren aurrean izan duen deskalabrua… Hala ere, aldagai erabakigarri bat kontuan izan behar dugu: kontsumitzaileen sentimenduen indizea, ekonomiaren egoeraz dugun pertzepzioa. Eta indize hori hobetuz joan da 90 hamarkadaren erdi aldetik hona; horren emaitza gisa, herritarrek jarrera baikorra dute oraindik ekonomiaren aurrean. Gainera, ekonomiaren kontzeptu klasikoen gainbehera bizi izaten ari gara, jendearen portaerari dagokionez. Homo economicus kontzeptua, ahalegin txikiena eta emaitzarik handiena portaera duen eta arrazionalki atsegin zaion hura erosten duenarena, lekuz kanpo dago gaur egun: dagoeneko ez dugu era arrazionalean kontsumitzen.
Gure ikerketetan deskubritu dugu jokaera konpultsiboak Estatu espiniarreko jendearen erosketa-ekintzen %60 -%70 direla eta horrek esan nahi du ez garela ari gure kontsumitzeko modua arrazionalizatzen. Heldutasunik ezaren kulturan gaude, berehala lortu nahi dugu asetzen gaituena. Nahi duguna erosten dugu, ez behar duguna eta beharrizan objektiboaren kontzeptuaren ordez erabilgarritasun subjektiboarena jartzen dugu. Horrela, kontsumoaren gorakada bizi dugu eta, itxura denez, horrela jarraitu behar dugu, ez baita dagoeneko pauta arrazionaletan oinarritzen. Eta kontsumitu ezin badugu, kontsumitu ezin dugulako egingo dugu protesta lehen aldiz, eta ez behar duguna ez daukagulako.
Nola eragiten dio gaur egungo egoerak kontsumitzailearen bizitzari eta bere etxeko ekonomiari?
Kontsumoaren hedatze honek jarraitzen badu, diruaren balioa gehitzeari eta inflazioaren gorakadari lotuta, gure eros-ahalmena gutxitu egingo da, non eta 2001 urtean ekonomia goraka hasten ez den. Horrela, gutxiago erosiko dugu eta, beraz, eskulanaren beharra txikiago eta, ondorioz, langabezia handiagoa izango da. Aldi berean, langabeziak gora egiten badu, behera egingo du herritarren eros-ahalmenak. Egoera hori krisialdian amai liteke; baina krisialdiak ez daude erregaien prezioaren edo inflazio tasaren gorakadarekin bakarrik lotuta; herritar gisa dugun portaerak eta egoerara egokitzeko gaitasunak ere badu zerikusirik. Kontsumitzaileak soldatara mugatzen zuen lehen gastua, baina gaur egun zirkunstantzietara moldatzen du soldata: hilabeteko oporrak hartu ezin baditu, hamabost egunekoak hartuko ditu, baina hartu egingo ditu; markako produktu bat erosi ezin badu, merkeagoa erosiko du; hipoteka garestiagoari aurre egin behar badio, seguruenik gutxiago gastatuko du jaten. Eta elikadurako gastua gutxitzen bada, mailarik apaleneko gizarte sektoreentzat bizitza kalitatearen galera ekarriko du horrek.
Paradoxa da eros-ahalmena gutxitzen denean kontsumoa gehitzea.
Bai, baina euforia ekonomikoko egoera bat bizi dugu eta kontsumitzaile gehienek ez diote kontsumitzeari uzten, gauzak hain gaizki ez daudela uste baitute. Garai klasikoan hiritarrak bere lekua agora erromatarrean edo foroan hartzen bazuen, gaur egun kontsumoaren bitartez egiten du. Homo consumator horrek bere aisialditik gero eta denbora gehiago ematen du erosten; dendaz-denda joatea eguneroko ekintza da. Testuinguru horretan zaila da kontsumoa gutxitzea. Jendeak arazo gisa ikusten duenean etorriko da arazoa. Aldaketa esanguratsurik sortzen ez bada, hilabete amaierara iritsi ezina etorriko zaigu, dagoeneko familia batzuei gertatzen zaien moduan.
Kontsumitzeko ezintasuna da niretzat pobrezia; horrenbestez, diru-sarrera gutxiago dutenek gero eta gutxiago kontsumituko dute eta gero eta pobreago izango dira. Eta horrek merkatuetan ere izango du eragina: prezioaren aldagaiak gero eta pisu handiagoa du: jendeak eskaintzak baliatzen ditu, beherapenetan erosten du… Merkatuak lehen egin ezin zuen moduan erregulatzen du eskaria.
Petrolioaren prezioaren gorakadak lainoetara eraman du inflazioa eta kontsumitzaileen kexuak askatu. Zein eragin du petrolioaren prezioak herritarraren ekonomian?
Hemen bi paradoxa izugarri daude. Lehena: prezioak ez handitzea eskatzen zaio OPEP erakundeari, Europako Petrolio-enpresa Elkartuen taldeak OPEPek berak baino irabazi gehiago lortzen duenean; izan ere, OPEPeko kide diren herrialdeek (horietako zenbait pobreak dira, gainera) ez dute asko aurreratuko petrolioa garestitzearekin. Azken batean, kontsumitzaileak ordaintzen ditu petrolio gordinaren prezioa, petrolio enpresen irabaziak eta zerga pila handi bat, bere bizitza-kalitatean eragin positiboa dutenak, Estatuak banatu egiten baitu biltzen duen dirua. Bigarren paradoxa: kontsumitzaileak garestiago ordaintzen du gasolina, baina petrolioaren kontsumo garrantzitsuena ez da hiritarrek autoarekin eta berogailuarekin egiten dutena, industriarena baizik; garraioaren eta energiaren kostu handiagoak garestitu egingo du produktu eta zerbitzu askoren prezioak.
Horrela, gure eros-ahalmena gutxitu egingo da; baina, berriz diot, zaila ikusten dut kontsumitzaileak bere bizitza estiloa aldatzea, eredu neoliberalak era irrazionalean kontsumitzen irakatsi baitigu eta orain erregaiaren kontsumoa mugatzea eskatzen digu. Nola bidaltzen dizkigute hain mezu kontrajarriak? Orain ezin zaio kontsumitzaileari zentzuduna izan eta gerrikoa estutzea eskatu. Nik ez dut uste petrolioaren arazoak kontsumoa gutxituko duenik, baina eragina izango du jendearen bizitzan. Gure jokaera egoera horretara egokituz joan beharko dugu, ahal dugun arte. Eta ezin dugunean sortuko dira arazoak.
Eta zein eragin izango du inflazio-egoera honek gure ongizatean?
Ongizatea termino subjektibotan definitzen badugu, ongizate handiagoa antzematen jarraituko dugu, ez baikara kritikoak; galdu egin dugu pentsatzeko ohitura eta eskubidea. Hiritarrak zenbateraino egiten du ariketa kritikoa giltza autoan sartzen duenean edo dutxan 50 litro ur xahutzen dituenean? Ongizatea hori bada, prozesua areagotu egingo da. Baina ongizatea termino objektiboagoetan definitzen badugu, adibidez garapen pertsonala, profesionala edo norberarena hartuta, gutxituz joango da tasa hori. Gure gizartea heldutasunik gabeko gizartea da kontsumoari dagokionez; heldutasuna geure buruaz dugun kontrola baita. Kontsumitzaile helduak ez du erosten erosi nahi ez duena, baina heldutasunik ez duen kontsumitzailea manipulagarriagoa da. Eta, zalantzarik gabe, manipulatu egingo dute, ez baitago mekanismo eta baliabiderik berarengan egiten den eragina kontrolatzen duenik.
Zeintzuk dira familien egoera ekonomikoa hobetzeko ardatzak?
Kontsumitzailea heziketa eta gizarte-sistema jakin batean murgildurik dago. Eta kontsumitzailea hobetzeko egin nahi duguna hiritar gisa duen portaera hobetzeko egin beharko dugu. Informazioa ematea, ezagutza eskuratzeko aukera ematen dion edozer, positiboa da beti. Liburuak, programak, argitalpenak… esan nahi dut, kontsumitzaileari bere burua ikusteko aukera emango diotenak, protestatze hutsa baino gehiago egiteko aukera emango diotenak -hori ere bultzatu behar den arren- baina bere burua den bezala ikusteko aukera emango diotenak. Horixe da bidea: pertsona batek erosi edo kontsumitzen duenean, zergatik egiten duen pentsatu behar du; adibidez, armairuan zenbat praka pare ditudan eta zenbat janzten ditudan begiratu, edo zaborretara zenbat janari botatzen dudan aztertu. Horrela ikusiko dugu ez dugula nahi duguna egiten. Hiritarrak pertsona bezala gara daitezen bitartekoak jarri behar ditu Estatuak, baina geuk ere badugu horren ardura. Hiritar ideologikoa behar dugula uste dut, ideia eta balore egonkorrak dituena eta, horretarako, hezi egin behar dugu, informazioa lortu eta gure bizitzako ohiturak arrazionalizatu.
Nola eragin dezake kontsumitzaileak, bere jokaerarekin, munduko ekonomian?
Gizartean antolakuntza edo kontsentsua izatea da bide bakarra. Eta hori, harrigarria badirudi ere, gertatu egin da azken urteotan. Ur botilena da adibide bat; duela urte batzuk PVCzkoak ziren. Greenpeace eta beste erakunde batzuen kanpainaren ondoren, kontsumitzaileak informazioa dauka eta ez du botila mota hori erosi; enpresek egokitu eta ingurumenarekin begirune handiagoa erakusten dutenak egin behar izan dituzte. Jokaera kolektibo hau ezartzeko gai izan behar dugu. Herritarrak, erosterakoan duen portaeragatik, eragin handia izan dezake alderdi makroenomikoetan. Informazioa eman behar zaio, jokaera egokia erakuts dezan. Horretarako eskolatik hasita lan egin behar da kontsumitzaileekin, kontsumoan heziz, parametro ekonomikoekin zer gertatzen den eta bere bizitzan nolako eragina duten erakutsi behar diegu. Edo, pertsona helduekin, informazioa emanez, CONSUMERen egiten duzuen bezala.
Zer diozu erosketako psikopatologia direlakoez?
Azken urteotan, erosketa patologikoak edo erostearen menpekotasunak gora egin duela antzeman dugu. Gero eta pertsona gehiago dago tratamendu psikologikoaren beharrean: nomina kobratu eta bost egunera dena gastaturik izaten dute, askotan behar ez diren gauzak erosten. Kontsumoa ekintza psikopatologiko bihurtzea izan daiteke, agian, kontsumitzaile den aldetik ekonomiak pertsonarengan duen ondoriorik txarrena. Bada jokaera patologiko horien aurreko une bat, kontrolatu beharrekoa, erosketa konpultsiboa, alegia. Ahaztu zaigulako erosketari beharrezko dugun zerbait gehitzen badiogu ez da ezer gertatzen; baina gero eta gauza gehiago erosten da aurrez pentsatu gabe eta beharrezko ez izan arren. Erosketa konpultsiboa gero eta handiagoa da eta gero eta arrisku handiagoa dago erosketa psikopatologikorako. Gogoeta egiten badugu, argi ikusiko dugu alderdi ekonomikoak sekula baino lotura handiagoa duela gure eguneroko bizitzarekin. Gauza guztien oinarian dirua duen ekonomia batean, soldata bizitza-mailaren erreferentzia-puntu bihurtzen da pertsonarentzat, bere seme-alaben sozializaziorako eta bikotearekiko harremanerako.
Nolakoa izan behar du politika ekonomikoak kontsumitzailearentzat mesedegarri izan dadin?
Ez naiz ausartzen erantzutera, ez bainaiz ekonomilari klasikoa. Baina nire ustez ekonomia gai serioegia da ekonomilarien esku bakarrik uzteko. Gai hauetan parte hartu behar lukete herritarrek. Nire ustez, politika ekonomiko egokia litzateke, adibidez, prozesu makroekonomikoak abian jarri eta egoki gertatzea kontrolatzeaz gain, kontsumo gizarte honetan duen eginkizunerako kontsumitzaileak sortu, hezi eta garatzen eragina izango lukeena. Baina ez da politika ekonomikoko arazoa bakarrik; heziketa-politika, politika soziala eta beste asko sartzen dira hemen.