Mercedes Villegas, Adinekoen Lagunak Fundazioko zuzendaria

"Hurbiltasun profesionalak hobetu egin dezake adinekoaren aldartea, autoestimua eta bizi kalitate"

Espainiako Estatuan 65 urtetik gorakoak dira 8 milioi pertsona baino gehiago, populazioaren %18. Eta Adineko pertsonen profila izeneko ikerlanaren arabera (CSIC erakundeak egiten du urtero), 2051. urtean herritarren %35ek gaindituko dute adin hori. Guztioi ematen digu zer pentsatua gaiak: Nola egingo diogu aurre bizitzako aro horri? Zer da hobea, egoitza batean bizitzea edo etxean laguntza jasotzea?
1 junio de 2018
Img entrevista 2 listado 387

Medikuntzako zainketek eta ongizate sistemak handitu egin dute bizi itxaropena (egun, 82 urtekoa da Espainian). Baina dagoeneko 8 milioi pertsona dira 65 urtetik gorakoak. Maila indibidualean lorpen bat den hori izan al daiteke arazo bat maila kolektiboan?

Hala da, bizi itxaropena handitu egin da, eta hori aurrerapen bat da; baina, era berean, gero eta adineko pertsona gehiago bizi da bakar-bakarrik. Eta inguruan maitasun loturarik izan gabe zahartzea arrisku faktore bat da norberak hautatu gabeko bakardadea pairatzeko, eta egoera horrek kalte egin diezaioke osasunari. Gizarte gisa daukagun erronka da kalitatezko zahartzea bermatzea, adinekoek hautatu ez duten bakardadeari aurrea hartzea eta hura arintzea.

Adinekoekin jator jokatzen al du gure herrialdea?

Espainian gaur egun 65 urteko ia 2 milioi pertsona bizi dira ior gabe, bakar-bakarrik (1.960.900, INEren arabera); eta horien arteko gehiengoak bakardadea sentitzen du (%59k diote hori, CISek, Adinekoen Institutuak eta Gizarte Zerbitzuek elkarrekin egindako azterlan batean ageri denez). Bizi erritmo ero honek eta irudiari eta itxurari ematen zaion garrantziak agian eragina edukiko zuten adineko pertsonei bizkarra ematera iritsi izateko: baztertu egiten ditugu gure bizitzetatik gezurreko estereotipoen eraginez, eta ezgauza balira bezala irudikatzen ditugu, triste bizi balira bezala eta eskaintzekorik ez balute bezala, baina egiaz guztiz bestela da. Horregatik dihardugu gizartea sentsibilizatzeko lanean ere, adineko pertsonak berriz ere protagonista senti daitezen.

Ia 300.000 herritar bizi dira Espainian adinekoen- tzat dauden 5.387 egoitzetako batean. Egoitza horiek egokiak al dira adineko pertsona mota guztientzat?

Nire iritziz, ez: egoitza tradizionalak ez daude egokituta, eta ez diete erantzuten hara iristen diren adineko pertsonen beharrizanei. Adinekoek ez dute nahi inork esaterik zer ordutan jan behar duten, noiz joan behar duten komunera, edo ez dute galdu nahi noiz eta zeinekin aterako diren erabakitzeko gaitasuna, zer eta egoitza batean bizi direlako.

Zer-nolako erronkak dituzte arlo horretan?

Aloimendu mota beriak sortzea adineko pertsonentzat. Zorionez, agertu dira cohousing eta gisako beste ekimen batzuk, lankidetzan oinarritzen diren etxebizitzak, non konbinatu egiten diren eremu pribatuak eta erabilera partekatuko guneak; horiek beste aukera bat eskaintzen dute egoitza tradizionalen ordez. Beste aukera bat dira adinekoentzako apartamentuak; horietan, zerbitzuak eta osasun arreta eskaintzen dizkiete. Baina eskaintza hori urria eta garestia da oraindik ere, eta ez dago egokitua adineko pertsonen artean dagoen aniztasunari erantzuteko.

Eroski Consumer aldizkariak egindako ikerketa batek ondorioztatu du egoitza baten lekua eskuratu nahi duten hiru adinekotatik bik bakarrik lortzen dutela. Zuen fundazioak laguntza eman nahi izaten die etxean bakarrik dauden adinekoei?

Adinekoen Lagunak elkartean hurbiltasun afektiboa eskaintzen diegu, boluntarioen laguntzarekin, bai beren etxean bizi diren pertsonei eta bai egoitzetan daudenei. Ez da osasun zaintza bat: boluntario bat joaten zaio eta adineko pertsonak asteroko bisita jasotzen du, hitz egiteko, paseatzeko, kalera ateratzeko… Laguntza hori osatzeko, aisialdiko jarduerak eta sozializazioa errazten dutenak ere antolatzen ditugu haientzat: irteera kulturalak, txangoak, festak, tailerrak… Gure helburua da adineko pertsona ez dadila bakarrik sentitu: lagundu egiten diogu adiskide sendoak egiten eta intereseko gauzei berriz heltzen edo horiek aurkitzen. Errutina aldaketari esker, lortu egiten da adinekoa gizartean txertatuta sentitzea, eta lan hori garrantzitsua da bai bakarrik bizi diren adinekoentzat eta bai egoitza batean daudenentzat ere. Eta osatu egiten du osasun arreta.

Noiz ohartu zinen adinekoei lagun egiteko eta adiskidetasuna eskaintzeko zerbitzuak garrantzitsuak direla?

Horretaz ohartu nintzen zerbitzu hau eskatzen zuten adineko pertsonen kopuruak gora egin zuenean. Iaz 729 adinekorekin izan ginen lagun egiten, Madrilen, Galizian eta Euskal Autonomia Erkidegoan. Gizarte Zerbitzuek ere gero eta jende gehiago bidaltzen dute gugana, eta horrek behartu egiten gaitu etengabe kanpainak egitera boluntario eske; gero, berariaz horretara bideratua dagoen formazioa eskaintzen diegu. Eta gizartea sentsibilizatzeko ekintzak ere egin behar izaten ditugu.

Nola jakin zaintzaile bat edo lagun egiteko izena eman duen boluntario bat egokia edo desegokia den?

Lehenik eta behin, prestakuntza espezializatua eskatu behar da. Lagun egiten duten boluntarioak, adibidez, kualifikatua egon behar du eta konprometitua. Oinarri horrekin, esperientzia hobea izango du, eta funtsezkoa da, halaber, adineko pertsonari laguntzeko. Ongi asmatzeko beste gako bat da adinekoari egokitzen zaizkion profilak bilatzea: horri esker, adiskidetasuna mamitu egiten da eta iraun egiten du. Egoitzetan lan egiten dugunean, garrantzitsua izaten da hango langile taldeekin koordinatzea ere.

Zer eskatzen dute gehien adinekoek? Zein da haien beharrizanik handiena?

Batez ere, goxotasuna eta ondoan norbait izatea, solasaldi bat egiteko edo paseo bat emateko norbait izatea. Eta guztiok dakigu hori egiten. Gainerakoa berez-berez etortzen da: adineko pertsonak ikusten duenean ondoan norbait duela eta seguru sentitzen denean, atzean uzten du bakardadea, eta ez hori bakarrik: bere gaitasun kognitibo eta fisikoak lantzeko modua izaten du.

Adituen esanetan, bakardadea da zahartzaroko gaitzik handiena, eta horrek depresioa eragiten du.

Adinekoek hautatu ez duten bakardadea fenomeno ikusezina da, baina berriki egin diren ikerketek diotenez, arazo handi bat da eta osasuna arriskuan jartzen duen lehenbiziko faktorea mendebaldeko gizarteetan bizi diren adinekoen artean. Adineko pertsonetan, hauek izaten dira bakardadearen ondorioak: endekapen kognitiboa, depresioa, mugikortasuna galtzea, bihotz-hodietako gaixotasunak eta baita heriotza goiztiarra ere. Eta alderantziz: profesionalak ondoan edukitzeak eta adiskidetasunak lor dezake bakarrik sentitzen den adineko pertsonak, autoestimurik eta kalera ateratzeko gogorik gabe dagoenak, autoestimua hobetzea eta berriz ekitea maite zituen gauzak egiteari, adibidez etxetik ateratzeari eta ilusioa sentitzeari. Horrek guztiak hobetu egiten du haien bizi kalitatea, eta baita osasuna ere.

Hortaz, adinekoen bakardadea eragoztea da erronka kolektibo handia?

Erronkarik handiena da bizi kalitate onarekin zahartzea. Eta horretarako, nahitaezkoa da ondoan norbait duzula egitea. Bakardadea da eta izango da populazio guztiaren erronka nagusietakoa, ez adinekoena bakarrik. Aldaketak, gainera, globala izan behar du, adineko pertsonengan jende baliotsua ikus dezagun, eta guztiok esku hartu behar dugu horretan.