Aisia, unibertsitateko ikasgaia. Akademikotasunaren antitesia ikasgai bihurtzea ez ote da harrigarri samarra?
Aisia XXI. mendeko euskailuetako bat da. Balio den aldetik, joan den mendean hasi zen finkatzen, eta gaur aisia pertsonaren identifikazio elementuetako bat dela esan dezakegu: bizitza ez da ulertzen aisiarik gabe, hots, telebistarik, musikarik gabe, bidaiaren bat egin gabe, praktikatu edo ikusteko kirolik gabe. Jakina, egungo balio munduan gertatu den aldaketaren ondorioz aisia goi-goian geratu da.
Jarraitu eta betebeharreko printzipiotzat, edo?
Bizi-baliotzat, hain zuzen. Gizakia mugiarazi eta esker oneko bizipenak ezagutzeko gaitzen duen ezaugarria da; bizipen horiek, noski, aberats edo kamutsagoak izango dira baina, nolanahi ere, garrantzia izango dute gizaki horren existentzian. Jendeari bere bizitzan zer den garrantzitsua edo oso garrantzitsua galdetuta, aisia laugarren postuan agertzen da. Gazteriak, areago, lehentasun gisa lana bere tokitik atera eta aisiaren lekuan jarri du.
Mesedegarria ote da hori?
Kaltegarritzat, bederen, ez dugu hartu behar. Aisian konforme egoteko espazioa bilatu du gazteak. Bertan ditu gustuko zereginak, eta lanak, oro har, ez dio aukera ematen gizaki gisa bere burua atseginez garatzeko: horregatik ez du orain bere bizitzako gune moduan hartzen. Lehenago lanean jarraitu ahal izateko, atseden hartzeko tartea zen aisia; orain, berriz, aisia eskuratu ahal izateko bitarteko edo baliabide hutsa da lana.
Nola iritsi gara horraino?
Gizarte industrialetik teknologikora igaro izanaren ondorioetako bat da hori. Egun lanean emaniko denbora bizitza osoko denboraren %7 baizik ez denez, bizitza osoan ere garrantzi urriagoa dauka. Gaztea lan-munduan noiz sartzen den eta heldua bertatik noiz irteten den ikusi baizik ez dago horretaz konturatzeko: lanean berandu hasten gara eta bizitzeko itxaropena askoz ere handiagoa da. Erantsi horri asteburuak, tarteko oporraldiak, jaizubiak… Hori, orain, zeharo normaltzat jotzen dugun arren, duela gutxi arte ez da horrela izan. Gazteek argi eta garbi ikusi dituzten emaitzak ekarritako lorpena da hori: lana ez da garrantzi gehien daukana. Egia esan, gazte horrek daukan lana ez da bere ametsetakoa, lan mundua prekarioa da, etc., baina, horiez gainera, lantokia ez dute gune interesgarritzat hartzen beren burua errealizatzeko. Askozaz ere atseginagoa denez bidaiak egitea, kontzertuetara joatea, surf egitea eta senide edota adiskideekin solasean aritzea, horixe eskuratzen egiten dituzte ahaleginak.
Egungo sistemak eutsi ahal izango al dio horri?
Aisiaren munduak sekulako indarra dauka: XXI. mendeko industria garrantzitsuenetakoa da bera. Hortxe duzu turismoa, adibidez, funtsezko irabazi iturri eta sektore sozio-ekonomiko behinenetako bat. Txapeldunen ligak barne produktu gordinaren %1 eragiten du. Zinemak, parke tematiko eta jolasetakoak, merkataritza zentroak, musika jaialdiak, kirolean espezializatutako dendak… horiek denak aisia finkatzearen eta, era berean, bizitza ulertzeko molde berriaren kausa eta ondorio da. Lan iturri oparoa da, gainera.
Aurrekoari ostera ere helduz, horren balio desberdinak dituzten belaunaldiak nola biziko dira elkarren ondoan?
Horren erantzunaren peskizan, hain zuzen Italiako iparraldean egin zen ikerlan batek zioenez, inongo talkarik ez da gertatuko. Hiru belaunaldi aztertu zituen lan hark: aiton-amonak, gurasoak eta seme-alabak. Balio gehien lanari aiton-amonek bakarrik aitortzen diote; gurasoek lanaren eta aisiaren arteko jarrera orekatua erakusten dute, eta seme-alabek aisiari deritzote lehentasunezko. Horrek argi asko erakutsi digu balio aldaketa sakona egin dela, hurrengoei hain zuzen mundu hobea eskaintzea helburu zuten aurreko belaunaldiek eginiko ahalegin gaitzari esker, gizaldi berriek sorleku eta bizitoki izan duten ongizatearen gizartearen ondorioz. Beste aldetik, aiton-amonek harrotasun handiz aldarrikatzen dute lanaren aldekotasuna; hirugarren belaunaldiko gazteek ez dute horrela sentitzen baina ez da jazo batzuen eta besteen arteko talka edo gatazkarik.
Aiton-amonek gogor jardun zuten lanean gazteek hobe bizi zitezen. Orain, nahikoa astirik dutela, aisialdiaz gozatzen ikasi al dute?
Beste fenomeno bat dugu orain begien aurrean eta, onartua dugun arren, ez gara jabetu berri-berria dela: lehen jubilaturik ez zen. Bizi itxaropena laburragoa zen eta, gainera, bizi ahal izateko langileak lanean segitu behar izaten zuen. Joan den mendearen zazpigarren hamarkadan beste gizarte klase bat agertu zen: lanera joan behar ez duten pertsonak, dirua eta osasun ona daukatenak, gauzak deskubritzen segitzeko kemena dutenak. Zer gertatu zaie, ordea? Lanaz aparte ez dakitela zer egin. Orain arte lanaren bitartez bakarrik identifikatu ziren eta beren presentzia soziala lanari esker bakarrik adierazten zen. Lanpostua betetzeari utzitakoan, berariazko prestakuntza jaso ez badute behintzat, pertsona sortzaile edo dinamikoak izan ezean, hortik hiru urtera gaixotu egiten dira. Horregatik orain gizartea konturatu da pertsonak erretiroa hartutakoan goza eta gustura bizi daitezen prestatzeko garrantziaz. Ekonomi kontua da: lanari utzitakoan autonomia duten pertsonak gutxiago gaixotu eta gastu gutxiago egiten dute. Kontu soziala ere baita, haatik: pertsona horiek beren inguruan giro mesedegarria sortzen dute familia guztiarentzat baina, batez ere, beraien buruari egiten diote mesede handiena.
Nola hezi behar da jendea aisiaren alorrean?
Beste askotan bezala, irakatsi ahal izateko aisiaren alorreko hezitzaileak sortu behar dira, horretan prestatuak diren hezitzaileak, beste hezitzaile batzuk sor ditzaten. Gai hau, ordea, ez dagokio eskolari bakarrik, gizarte osoari baizik. Izan ere, gizartea bere rola bereganatzen ari da eta, horren adierazgarri, kirol klubak, zentro kulturalak eta era guztietako elkarteak sortzen ari dira nonahi. Lanean espezialtzen zaren modu berean espezialtzen zara aisian ere. Bila ibili ondoren, gehien asetzen zaituena aurkitzen duzu azkenean. Zaletasun kopurua biderkatzen baduzu, asmatzeko aukerak ere ugariago izango dituzu. Horrenbestez, pertsonak zenbat eta lehenago hezi orduan eta hobeto. Kontua da, askatasunez eta dabiltzan bidea ezagutuz, pertsonak aisiaz goza daitezen prestatzea. Heziketa horrek manipulaziotik eta kontsumismotik urrunduko ditu.
Aisia eta kontsumismoa ez ote dira, hein batean bederen, gauza berdintsua?
Aisiaz gozatzeko klabea ez datza diruan, gizakiarenganako errespetuan eta gizakiaren ahalmenetan oinarrituriko balio zenbaitetan baizik: horregatik aisiarako hezkuntzaren jomuga pertsonak balio horiek lehenbailehen idorotzea da. Ezin uka daiteke egungo gizarteak aisia kontsumismoaren sinonimo bilakatu duela, ukiezin zena produktu bihurtu du eta. Azkenean, ordea, aisia zure gustua egitea da, gustura sentiarazten zaituen horretantxe jardutea. Esker oneko bizipena da, nahi duzulako egiten duzu eta, inork horretara behartu gabe. Eta horretan ez da zertan dirua xahutu. Dena den, aisiaren atzetik dagoen industria geroz eta ahaltsuagoa da, geroz eta eskergagoa, eta hori onuragarria izan daiteke gerora. Norbaitek musika klasikoa baldin badu gustuko, etxean bertan munduko zuzendari eta orkestrarik hoberenak aditzeko ekipoa eskuratu dezake, modu-moduan baitaude horiek salgai. Hori, duela berrogeita hamar urte… ezta pentsatu ere. Gozatzeko aukerak demokratizatu egin dira, beraz. Lehen familiartekoek lana partekatzen zuten, orain aisialdian topatzen dira, eta horrek abantaila nabarmena dauka: atsegintasuna askoz ere lokarri sendoagoa da tragedia edo beharra baino. Beraz, aisialdia familian partekatzea, arrazoiari loturik ez dauden sentsazio eta sentimenduez osaturiko mundua transmititzea da. Enpresetan, kudeaketa sistemekin ere beste horrenbeste gertatzen da. Geroz eta arreta handiagoa ematen diote aisiari: bestela izatekotan, motibazioa eragiteko funtsezkoa den emozio elementu orok porrot egingo du.
Lehiakortasunik gabe hedonismoak irabazteko arriskurik ez ote dago?
Aisia izatez egoista da, baina gustukoa egiten dugun bitartean ez da zertan besteak ahanztea, ez da nahitaezkoa. Une honetan, hain zuzen ere, galdera nagusi bati ihardetsi behar diogu: borondatezko jarduerak zer du aisiatik? Aisiaren ezaugarri guztiak ditu: jarduera librea da, esker onekoa, eta gustukoa ez denean utz egin daitekeena. Aisiako jarduera heldua da, niregandik haratago doana. Horregatik ene hurrengo galdera hauxe da: nolako heziketa eman beharko zaio jendeari aisiako jarduera heldu batean gustura senti dadin?