Beste arrisku batzuk, loaren apnea dutenentzat

Zurrungak, zarata gogaikarriak baino zerbait gehiago

Zurrunga egitea gaixotasuna dela esateko, pertsona bati orduko 5 - 10 aldiz eten behar zaio arnasaldia (apnea/hipoapnea) lo dagoen bitartean; halere, kasu larrienetan, 90 etenaldi ere izan ditzake arnasketan denboraldi berean.
1 otsaila de 2008
Img salud listado 525

Zurrungak, zarata gogaikarriak baino zerbait gehiago

Zurrungak zarata gogaikarriak baino zerbait gehiago dira, loaren apnearen alarma seinalea izan daitezke. Oso ezagunak diren ondorioez gain, hau da lo indarberritzailerik ez edukitzea eragiteaz gain, arazo kardiobaskularrak izateko arriskua duten gaixoengan sortarazten dituzten ondorioak edo haurren gaitasun kognitiboetan eragiten dituzten kalteak ere baditugu. Loaren apnearen ezaugarri nagusia gaixoak egiten dituen zurrunga zaratatsuak dira, eta, Espainian, milioi 1 – 2 milioi laguni gertatzen zaie hori. Apnea, loaldian arnasketan gertatzen diren etenaldiak eraginda gertatzen da. Arnasketaren etenaldi horien ostean, batzuetan, denbora tarte labur batean iratzartuta egotea (mikroiratzartzeak) gerta daiteke. Horren ondorioz, egunean logura izan ohi da, lo indarberritzailerik egon ez delako, eta zenbait kasutan, arazoa kroniko bihurtzen da.

Lo indarberritzailerik ez egoteak, denbora luzean gertatzen bada, neke sentsazioa, edozein tokitan eta egoeratan botaka egiteko gogoa, kontzentratzeko arazoak eta memoria galtzea, haserretzeko erraztasuna, buruko minak, libidoa edo lan errendimendua gutxitzea dakartza, edozein istripu izateko arriskuaz gain.

Baina horiek ez dira arazo guztiak. Egin berri diren azterlanek esaten dutenez, loaren apnea dutenek gaixotasun kardiobaskularrak izateko arrisku handiagoa dute, bai eta, haurren kasuan, arazo kognitibo gehiago izateko ere. Gauean arnasketan etenaldiak izaten badira, azkenean burmuineko alde batzuei kalte egiten die, haietara doan odol kantitatea gutxitu egiten delako. Hori dela eta, haurren kasuan, beraien garapen intelektualean epe ertain eta luzera izan daitezkeen ondorioak larriak izan daitezke, eta arazo kardiobaskularrak izateko arriskua dutenen kasuan, berriz, burmuineko iktusa izateko arriskua handiagoa izaten da.

Osasun Publikoaren arazoa

Loaren apnea, Apnea-Hipoapnea Sindromea (SAHS) izenaz ere ezagutzen dena, “osasun publikoaren arazo”tzat hartu beharko zen, ez bakarrik lo indarberritzailerik ez izatea dakarrelako eta horrek ondorio larriak dakartzalako (SAHS duten gaixoek auto istripuak izateko arrisku handiagoa dute -beste guztiok baino 7 – 10 bider gehiago- eta are arrisku handiagoa, lanean eta etxean istripuak izateko). Izan ere, gaixotasun hori dutenen bizi kalitatea gero eta txarragoa da, gaixotasuna konpontzeko garaiz zerbait egiten ez bada.

Halere, argitu behar da zurrungak ez direla beti gaixotasunaren sinonimoa. Oro har, SAHS poliki- poliki agertzen da. Zurrungak lehenengo alarma seinalea da, eta atentzioa handien ematen duena, baina ez esanguratsuena. Bat-batean eta sentsazio asfixiagarriaz, itolarriaz esnatzen bagara, eta lo faltarekin zerikusia duten arazoak detektatzen baditugu, nahikoa da espezialistarengana jo beharra daukagula pentsatzeko. Eta horretaz gain, behar baino pisu gehiago edo obesitatea duen adin ertaineko gizonezkoa bada, SAHS duen pazientearen ohiko profila osatuta geldituko da. Espainian miloi 1 – 2 miloi pertsonek jasaten dute arazo hau, eta horien artean proportzio handi bat emakumeek egiten dute; halere proportzio hori gizonezkoena baino askoz txikiagoa da. SAHS sindromeari buruzko Bateratze Dokumentuaren arabera, gaixotasun hau emakumezkoen %2k eta guizonezkoen %6k jasaten dute, eta haurren kasuan, proportzioa %1etik 53ra doa.

Edozein modutan ere, osasun arazo hau patologikoa dela esateko, pertsona batek gutxienez 5-10 etenaldi (apneak/hipoapneak) izan beharko ditu orduko bere arnasketan lotan dagoen bitartean. Halere, kasu larrienetan, 90 etenaldi ere izan ditzake denboraldi berean. Etenaldi bakoitzak gutxienez 10 segundo iraun beharko du -denbora horretan ez da birikietan airerik sartzen ez eta ateratzen ere-. Denbora horretan, burmuinak oso oxigeno gutxi jasotzen du (hipoxemia). Arazoa luzatzen bada, agian behar baino odol gutxiago helduko da burmuinera eta horrek arazoak ekarriko dizkio organismoari, bai helduengan bai haurrengan.

Zurrunga egiten duten haurrak

Badira ere zurrunga egiten duten haurrak. Gehienek Loaren Apnea Buxatzailearen Sindromea (SAOS) jasaten dute. Patologiak haurren %1-3ri eragiten die. Kasu askotan, amigdalak oso handiak dituztelako izan ohi da, baina gaur egun arazo horrek badauka konponbidea. Laser kirurgiaren bitartez konpondu daiteke, lehengo sistemetara jo gabe, hau da, amigdalak kendu beharrik izan gabe. Halere, kontuz ibili behar da sindrome honekin osasun arazoak ekar ditzakeelako eta, ondorioz, haurraren garapen fisikoan eta intelektualean zuzenean kalteak eragin ere bai. Antza, haurren koefiziente intelektuala edo arreta maila kaltetuta gerta daitezke.

Ospitalez kanpoko Pediatriako eta Lehen mailako Arretako Espainiako Elkarteak 2007ko urrian Bartzelonan egin zuen Kongresuan (SEPEAP) Teknon Mediku Zentruko Jordi Corominak aurkeztu zuen azterlan baten arabera, SAOS duten haurrek bere koefiziente intelektualaren 10 puntu galdu ditzakete eta hiperaktibitateari lotutako arreta falta (TDHA) izateko arriskua beste edozein haurrak baino hiru aldiz handiago izan daiteke. Ondorio hauek eskolako atarramenduan nabaritzen dira; izan ere, gauean lo gutxi egiten badute ezin izango dute behar besteko arreta eskaini eta beti logura egongo dira, edo, bestela, oso urduri.

Loaren apneak zurrunga egiten duten haurrengan dituen beste ondorio batzuk honakoak dira: aurpegiera aldatzea (“zaldi hortzak” esaterako), gaueko enuresia (edo gauean pixa egitea), egunez neka-neka eginda egotea, eta behar baino pisu eta altuera gutxiago izatea.

Helduen kasuan, burmuinera behar baino odol gutxi joatea eragin dezake eta hori ikaragarri txarra izan daiteke hipertentsio arteriala dutenengan, horiengan iktus iskemikoa (buruko infartuak) izateko arriskua handiagoa eragin dezake eta. Era berean, errazagoa da miokardioko infartuak izatea. Arriskua normalizatzeko, gaixoek tratamendua egokia jarraitu behar dute.

Diagnostiko nekestua

SAHS gaixotasuna aztertu eta tratatu behar duen espezialista neumologoa da. Gaixotasuna diagnostikatzeko azterketak neketsuak dira eta, baliteke, osasun publikoan, gaixoak hilabete itxaron behar izatea bai diagnostikorako bai tratamendurako. Loaren unitateak, hantxe egiten ohi baitira horrelako azterketak, asko ugaritu dira azken urteotan, baina oraindik ez dira nahikoak.

Loaren apnea baloratzeko poliosomnografia erabiltzen da. Teknika honekin gauean hainbat erregistro egin daitezke aldi berean, esaterako burmuineko uhinak, begien mugimenduak eta muskuluen tonua neurtu daitezke aldi berean, eta parametro horiei esker jakin dezakegu pazientea zein egoeratan (lo/iratzarri) aurkitzen den. Bihotz eta arnas aparatuko poligrafia dugu beste teknika bat, eta horrekin oxigeno-saturazioa, sudurretik eta ahotik pasatzen den aire kantitatea edo bihotz erritmoaren gorabeherak neurtu daitezke.

Tratamenduak

Tratamendu berak erabiltzen dira antzeko pronostikoa duten loaren apnea guztietarako, haien arrazoia edozein dela ere (zentrala edo buxatzailea). Hona hemen tratamendu nagusiak:

  • Neurri higieniko eta dietetikoak: pisua galtzea da eskatzen den lehenengo gauza. Pazienteak kilo batzuk kentzea lortzen duenean, arazoa konpondu daiteke beste inolako tratamendurik aplikatu beharrik gabe.


  • CPAP
    (Continuous Positive Airway Pressure, ingelezko siglak): tratamendurik erabiliena da. Maskara bat da, eta maskara hori sudurraren gainean jartzen da eta aire korronte bat eragiten duen turbina bati lotuta dago. Aire korronte horrek arnas bideetan dagoen aire presioa handitzen du eta horrela ez da buxaketarik gertatzen. Arazoa konpontzen ez bada, maskara gauero erabiltzea gomendatu daiteke. Gaixo guztiei primeran egiten badie ere, gaixoen %15-20k ez dute tratamendua onartzen.

  • Autocap:
    aurrekoaren antzeko dispositiboa, baina honek sentsore bat dauka airearen presioa uneoro neurtzeko. Horrela, apnea bakoitzean dauden premietara molda daiteke. Oso sistema garestiak dira, eta horregatik ez daude oso hedatuta.

  • Kirurgia:
    CPAParekin onera egiten ez dutenen kasuan edota pisua galtzea lortzen ez dutenen kasuan, kirurgia alternatiba bat izan daiteke. Horien artean, uvulopalatofaringoplastia deituriko operazioa dugu, hau da, ahosabai biguna, aho-gingila eta amigdalak kentzea. Horretarako, laserra, irratifrekuentzia edo ohiko kirurgia erabil daiteke.

  • Masailezurreko eta ahoko dispositiboak:
    dispositibo hauekin, masailezurra aurreratu eta atzeko aldetik (faringea) airea hobeto pasa daiteke, leku gehiago dagoelako. Halere, oraindik ez da lan asko egin dispositibo horiekin.

  • Trakeotomia:
    aparteko egoeratan baino ez da aplikatzen, arnasketa errazteko.
PAZIENTEARENTZAKO GOMENDIOAK
  1. Pisua galdu
  2. Ez lorik egin ahoz gora, hobeto alde batera edo ahoz behera egitea
  3. Ahal bada, ez telebistarik ikusi ez eta irratirik entzun oheratzerakoan
  4. Ez hartu inolako lasaigarririk, loaren apnea erraztu dezaketelako
  5. Alkohola eta tabakoa kendu, horiekin arazoa larriagoa izan daiteke eta
  6. Gidatu behar baduzu, oso kontu handiz ibili eta beti tratamendua hartuta
  7. Ez gidatu logura bazaude, edo alboan inor ez badaukazu, ez eta bapo jan ondoren ere.