Zein da zuzentzen duzun Zientzia eta Teknologiarako Espainiar Fundazio horren helburua?
ZETEF erakunde publiko independentea da, gure fondoak Hezkuntza eta Zientzia Ministeriorik datoz; fundazio honen helburu nagusia Espainiako ikerkuntza laguntzea denez, zientzia eta teknologiaren ikerkuntza eta sustapenera orientatua dago.
2007 Zientziaren urtea izan bada ere, inortxo ez omen a biziki konturatu horretaz.
Zientziaren urtea aitzakia izan zen, batez ere, Espainian kultura zientifikoa finkatzen hasteko. Zientziaren urteko zientzia-hedapena laguntzeko zazpi milioi euroko deialdi bat egin dugu eta ia hirurehun jarduera finantzatu dira diru horrekin. Unibertsitate eta ikerkuntza-gune zenbaitetan zientzia hedatzeko eta informazioa emateko egitura egonkorrak sortu nahi izan ditugu. Gure ustez, behintzat, gizarteak ez daki Espainian alor honetan zer egiten ari den eta hori, izan ere, arazo larria da. Ia-ia zerotik abiatzen ari gara; kontuan izan dezagun Espainia ikerkuntzan hasi zela 1986ko Zientziaren Legearekin batera; beraz urte gutxi dira oraino. Ikerkuntza biziki hazi gara, hedapenean mantsoago joan bagara ere; dena den, oso-oso txarto ez gara joan: begira Espainiako museo-sarea, zientzia-museoak, ozeanografikoak, akuarioak, planetarioak… Eskuartean daukagu orain proiektu pilotu bat, biziki gustatzen zaidana: “Zientzia hirietan” deritzo eta kontua da udalerri txikietan kultura zientifikoa astinduko duten eragile sozialen sare bat antolatzea. Gure asmoa, herri txiki horietan jarduerak antolatzea da, “Zientziaren Klub” antzekoak sortzeko.
Espainian kultura zientifikoa espero zitekeena bezain ona ez izatea noren ardura da?
Ene ustez, denok gara erantzule, hein batean. Alde batetik, zientzialariak ez daki ongi komunikatzen eta, egia esan, ez du zergatik jakin behar. Beste aldetik, hedabideak kontu ikusgarriez bakarrik arduratzen dira. Nolanahi ere, partikularrei ez ezik, hedabideei ere lehen eskuko albisteak emango dizkien informazio-zerbitzua aurki ipiniko dugu martxan.
Zertarako zientzia sustatu eta hedatu, Espainiak ikerkuntza eta garapenera bideratzen duen Barne Produktu Gordinaren portzentajea herrialde garatuek ematen dutenaren herena baizik ez denean?
Tira, 2006 urtean %1,25 ematen zen. Beraz…
Baina helburutzat BPGren %3 dago finkatua, ezta?
Azpitik gabiltza, egia da, baina kontuan izan sekulako esfortzua egin dela. Estatu honetan zientzia “era sistematiko batean” hogei urte baizik ez dugu eman. Ene ustez, orain arteko bidetik segitzen badugu, 2012 urterako PNGren %2ra iritsiko gara, eta hori arrazoizko zifra litzateke. Dena dela, ene ustez, I+Gera bideratzen dena gehitu beharra dago baina beste hainbat alderdi ere zaindu beharko genuke: ikertzaileen kopurua ugaltzea (Espainiak asko ere ikerlari gehiagoren premia du, Europako gainerako herrialdeek bezala), karrera zientifikoa finkatu behar da… eta hori pixkanaka egiten da.
Espainiak ikerlari espainiar onen premia du ala ikerlari onen premia?
Ikerlari onak behar ditu, jatorriak jatorri. Kontua da espainiar ikertzaile onak ditugula eta aski absurdua gerta daiteke ikerlari bila kanpora jotzea zureek, hemen lanik bilatu ezinik, alde egiten duten bitartean. Hemen finkatu eta eduki behar ditugu horiek.
Nola iritsi helmuga horretara, ikertzaile gazte baten egiazko perspektibak lan-prekarietate larria, soldata apala eta hutsaren hurrengo aitorpen soziala izaki?
Hiru konpon daiteke, ongi eratutako karrera zientifikoa taxutzen bada. Ene iritziz, Espainian dugun arazoa -ez dakit bekadun guztiak honela dabiltzan- bestelakoa da: jende askoren ustez, karrera zientifikoa egitea funtzionario izatearen parekoa da. Baina hori, Europan, ez da beste inon gertatzen, herrestan dakargun zama astuna da. Kontua ez da ikerlari guztiak funtzionario izatera iristea baina zuk ezin dezakezu eduki pertsona bat 40 urte bete arte bekadunaren soldatarekin eta 40 urte betetzean, kalera bidali. Pertsona hori, egiten ari den lanaren araberako duintasunezko soldata batekin ari bada, 40 urteak betetzeak esan dakioke: “Hau ez da enplegu finkoa; enpresa denetan bezala, bost urtean behin berriztatuko zaizun kontratua izango duzu; interesatzen bazaizu, aurrera; bestela, kalera”. Proposamen horri batzuek baiezkoa emango diote eta beste batzuek, ezezkoa. Ene aburuz, horixe da arazoetako bat: karrera zientifikorik ez izatea, hots, egingo dituzun urratsak ezagutzea eta soldata egokia izango duzula jakitea.
Baina ikerkuntzaren alde egiten duten pertsona horiek Espainiako unibertsitateetan dabiltza eta erakunde horietako gehientsuenak publikoak eta funtzionarialak dira, hau da, ikerlarien lankideak funtzionario dira. Horregatik eduki nahi dute status hori bera.
Bai, ulertzen dut, egia da. Baina lege berriak kontratazio laboralari ere ateak zabaldu dizkio, hau da, langilea enpresan kontratatzen den terminoetan aritzeko, kontratu mugagabearekin, alegia Pentsamoldea pittin bat aldatu behar da, hori bai; ezin dugu sinetsi “Hementxe naiz, iritsi naiz, postua betirako dut”.
Hori aldatzeko modukoa da
Oraintxe bertan horrela jarduteko baliabideak baditugu, hori unibertsitateen eskumenekoa bada ere.
Eremu horretan inertzia asko dago, eta ez inertzia positibo, hain zuzen…
Sartzen ari garen eremu honetan lehia bizia dago, terminoaren adiera onean. Ikusiko dugu, bihar goizean ez baina 10 -15 urteren buruan, inertzia horiekin irauten duten unibertsitateak ikasle, ospe eta diru gutxi-gutxirekin geratuko direla. Espainian gertatzen den hori -hau da, norbaitek karrera ikasi, doktoretza egin, irakasle titular eta katedradun izatea, alegia- ez da beste inon jazotzen.
Dena den, ikerkuntzan lehen urratsak egiten dituzten ikasle gehientsuenen helburu behinena, ikasi duten unibertsitatean segitzea da.
Bai, eta pena ematen du. Bista laburreko jokamoldea da, era berean, baina etorkizunean horrela izan ez dadin baliabideak ezarri ditu sistemak. Egun, kanpoan pare bat urte egin duen pertsonak plaza edukitzea kontu zail-zaila da. Merezimenduen arabera ebaluatuko den kreditu-sistema berria indarrean sartzean, endogamia horrek nekez iraun dezake; ez da inondik ere areagotuko eta, areago, urritu egingo da. Horixe espero dut nik, bederen.
Zientzia eta Teknologiarako Espainiar Fundazioaren helburuetara itzulita, Espainian ikerkuntza eta zientziaren sustapena eta hedakuntza lan soil, gogor ala ikaragarria da?
Zaila da, oso atomizatua baitago, ez baitugu kultura zientifikoaren tradiziorik.
Zientzia erakargarriago bihurtzeko klabeak bilatzea erlatibitatearen teoria garatzea baino zailagoa al da?
Ez dut uste. Irakaskuntza ertainetan, adibidez, sekulako aberastasuna dugu Espainian. Horko irakasle batzuek egiazko mirariak egiten dituzte. Bada hor dikotomia bat, eskolan irakasten dena eta zientzia dibertigarria (dibertigarria ez da trauskil edo oihesa). Nik uste dut eskolan irakasten dena biziki latza dela, formalegia, ikasturtearen amaieran erdietsi behar denari, azterketei, selektibitateari… egokituegia. Beste aldetik zientzia jostagarria dugu: gauza berbera irakasten da horrela, baina gertutasun handiagoz. Zientzia nonahi dago. Lehendabiziko egunean nik honela esaten nien beti ikasleei: “Ariketa: pentsa ezazu, ohetik jaikitzen zarenetik berriro oheratu arte, zein alderditan esku-hartzen du zientziak eta zer ezin egin genezakeen dauzkagun zientzia eta teknologia hauek eduki ezean”.
Beraz, negar egiteko baino itxaropentsu izateko motibo handiagoak omen ditugu
Beti da horrela. Geunden baino okerrago egotea oso-oso zaila da.
Dena den, unibertsitario ugari kexu daude, beraiek eginiko dibulgazio-lana aitortzen ez zaielako eta lankide askok mesfidantzaz begiratzen dietelako.
Horrela da, baina hori ere aldatzen ari da. Curriculumean, ikerkuntzarako, adibidez, ene lankide askok eginiko dibulgazio-lanak ez zituzten sartzen, hura segun-eta nork irakurri, gaitzespide edo demeritutzat jo zezakeelako. Baina hori aurki aldatuko da, plan nazional berrian zientziaren hedakuntzak eta sustapenak eragin handia izango duelako. Egia da zientifikoak ez duela zertan jakin hori egiten, bere lana ikertzea baita… baina, gutxienez, egiten dakienari aintzat har dakion, noski. Eta, jakina, zientzialariak ez du behin ere ahantzi behar herri-dirua baliatzen ari dela eta baliatzen den horren berri eman behar diote, kudeatzaileei ez ezik, gizarte osoari ere bai. Ene iritziz, gizarteak, hein batean, ez du zientifikoa aintzat hartzen zertan ari den ez dakielako. Zergatik ez daki… Zientifikoak horren berri eman ez diolako.
Zientifikoaren eginkizuna da horren berri ematea?
Zuzenki, zientifikoarena ez bada, zientifikoaren eta gizartearen arteko lotura sortzeko, ikerkuntza zentro eta unibertsitateetan ipini behar diren bitartekoena da.
Nola atzematen da lan zientifikoa Espainian, zure aburuz?
Pertzepzioari buruz orain dela bi urte egin zen inkestak (azkenekoa, oraino) dioenez, “gaizki ordainduak daude, biziki garrantzitsuak dira…”, hots, ez da ezaguna. Beraz, lan zientifikoaz Espainian ezagutzen dena estereotipoetan eta telebistan agertzen den atal ñimiño horretan oinarritua dago.
Telebistan agertzen dena ez dagokio doi-doi errealitateari…
Ene ustez, behintzat, zientifikoaren estereotipoa agertzen da, maskulinoan, ero samarra, fliping.
Zer egin behar da lan zientifikoaz ezagutzen den apur hori osatzeko edo hobetzeko?
Denetik gehiago: diru gehiago, bitarteko ugariagoak, hedatzeko prestatua dagoen jende gehiago, eta hedabideek serioago hartzea. Arazoa da zientziarekin loturiko albisteak katastrofeak edo ezbehar ikaragarriak edo, bestela, egundoko aurkikuntzak gertatu direnean bakarrik agertzea; horrelakoak, jakina, ez dira eguneroko kontuak. Ez da ezagutzen zientziaren prozedura normala zein den, egunero behatokietan edo laborategietan zer egiten den, jendeak ez daki zientzialariak zertan dabiltzan eta, halako batean, genoma aurkitu dute edo galaxia bat idoro dute baina, horretaraino iritsi arte, tartean dagoen guztiaren berri ez du jendeak: argazkian agertzen den zientzialari ospetsu horrez gainera beste pertsona asko, teknikari asko, laguntzaile ugari ere bai… Eta pertsona horiek egunero-egunero ari zaizkizu eginkizun garrantzitsu horretan.
Espainiako sektore ekonomikoa jabetua al dago errealitate horretaz?
Horra hor koxka: enpresa-sektoreak ez du ulertzen erabat oraino, ez da erabat sartu hor. Espainian diru publikoak dezente baldintzatuak gauzka oraindik eta hori oztopoa da, hau da, zientzian Estatuak ipintzen duenaren antzeko diru-kopurua enpresak jarriko balu, dezente urrunago irits gintezke. Baina ez dut uste nik ikerkuntza edo zientzia guztia esku pribatuetan egon behar duenik. Arazoa da, orain, Espainian inbertsio pribatua txiki-txikia dela.
Hori ere aldatzen ari al da?
Aldatzen ari dela esango nuke nik, baina inbertsio publikoa baino mantsoago.
Zientzian emakumeak duen presentzia aztertzea da zure espezialitatea. Zer du zientziak femeninotik?
Orain bertan, Espainiako ikasle unibertsitarioen ehuneko berrogeita hamarretik gora emakumeak dira, lizentziatzen diren ehun ikasletik 65 emakumeak dira eta 35, gizaseme. Baina femeninotik gutxi du gainerakoan, emakumek goi karguak betetzen ez dituztelako, oraingoz.
Egia esan, emakume katedradunak…
Espainian osoan, %13 baizik ez. Eta diziplina zenbaitetan (pediatria, obstetrizia edo ginekologia, besteak beste) ez dago katedradun emakumerik; ingeniaritzan, tradizioz eremu maskulinoa izaki, beste horrenbeste gertatzen da: %30eraino ez da iristen, zenbaitetan.
Ikerkuntzan diskriminazio positiboa ezarriko lukeen legea indarrean sartzearen aldeko zara?
Bai, baina nik ez nuke horrela bataiatuko: “diskriminazio positibo” horren ordez, nik konpentsaziozko jarduerez arituko nintzateke, oraindik hor dirauten desberdintasunak konpentsatu egingo luketelako. Kontua hau da, bi gauza berdin dituzunean, berdin jarduten baduzu eta biei gauza berbera aplikatzen badiezu baremo berean, hoberena aterako zaizu; berdinak ez diren bi gauza dituzunean, neurri berberak aplikatzen badizkiezu, ordea, desberdintasuna iraunarazten duzu eta, berdindu egin daitezen, bestelako zerbait egin beharko duzu.