IRUDIETAN

Inauterietako maskarada

1 otsaila de 2008
Img fotorreportajep 129

Inauterietako maskarada

Mundua planeta globalizatua ez zelarik, gizaki denek, ez bazekiten ere, erritu bat, berbera betetzen zuten: mozorroa janztea. Neguarenak egin duenean, arauak urratzeko xedez, aurpegia ezkutatu eta kalea hartzeko zergatia bilatzean antropologoak, historialariak eta soziologoak ez datoz bat. Ama lurraren indarberritze eta emankortasuna ospatzea, gaizkia eta ongia elkarren aurka jartzea eta, kristauen egutegia aitzakia, ospakizun paganoaz baliatuz oturuntza egitea dira tesirik sendoenak. Baliteke arrazoi bakar bati heldu behar ez izatea ere. Inauterian hamaika adierek bat egiten dute: Ama Lurraren mendeko garela aitortzea, justiziari zor zaiona ordaintzea eta Garizumaren helduera prestatzea. Jatorri horiek errespetatu egiten dira egun ere, bazterrean gorderik ditugun arren. Inauteriak bereizgarri nagusia du, dena den: araua urratzeko aukera aprobetxatzea, horren berri eman behar izan gabe. Nonahi egiten da hori, mutur batetik bestera: Indian eta Kanarietan, Brasilen eta Bavieran, Chiapasen eta Nafarroan.

Anue haraneko Lantz herrixkak antzina-antzinako inauteriaren adierazpeneko ikurretako asko bildu ditu; areago, pertsonaien, egintzen eta motiboen azalpen bakarra ez izatearen misterioari ere heldu dio. Alde batetik, Ama Lurra eta Bizia identifikatze horretan Erromako saturnalen mitoa ospatzen du; bestetik, Herioa datza hor. Horrekin batera, justizia erdiestearen aldeko borroka taularatzen du baina kalean borroka eta liskarretan dabiltzan pertsonaiak ez dira ez onak, ez gaiztoak, ñabardurez josiak agertzen dira, zintzoak dira eta gaizkile, aldi berean: beren rolak antzeztu eta gehiegikeriaz aritu ahal izateko, mozorroaz baliatzen dira.

Txatxoak, kolore biziez jantzi eta eszenako jaun eta jabe bihurturik, aurpegia estalita daramate. Zaldikoren erasoetatik ihesi doan Ziripoten eskolta dira Eta Zaldikoren atzetik doaz Arotzak, perratzaileak. Txatxoak, aldi berean, ikuskizunari so daudenak izutu, Ziripot zirikatu, Zaldiko atzitzen denean txalo jotzen eta zaldia ferratzen arotzei laguntzen diete. Pantomima amaitzean, txatxoek, gaizkiaren ikurra den Miel Otxin altxaturik, akabatu, sua eman eta zortzikoa dantzatuko dute biribilean, garaipena ospatzeko.

Eszenaratze magiko horrek, nortasuna ezkutatzen duten mozorroen kontraesana gorpuzten du: ongiaren atzetik doazen arren, gaizkia egitea atsegin-bide dute.

Txatxoak, mozorroturik, herria zeharkatzeko prest

Ziripot aitona potoloa, makila lagun, atzitzaileei ihes eginez

Zaldikok Ziripoti eraso eta lurrean zerraldo utzi du

Arotzak Zaldikoren bila, ferrak ezartzeko

Miel Otxín, hiru metroko gaizkilea azaldu da herrira

LMiel Otxin harrapatu, hil eta sutan erre izana ospatzen dute txatxoek