Oinezkoak

Ezbeharrik izatekotan, ahuletan ahulenak

Oinezkoa tarteko duten istripuen erdia baino gehiago hura galtzadan sartzearren edo behar ez den bezala gurutzatzearren gertatzen dira
1 otsaila de 2008
Img motor listado

Ezbeharrik izatekotan, ahuletan ahulenak

Trafiko munduan sartzen diren elementu denetatik oinezkoa da ahulena. Estatistikek adierazten duten modura, Espainian urtero-urtero mila pertsona hiltzen dira, ibilgailuek harrapaturik. Europar Batasunean 10.000 oinezko hiltzen dira eta 300.000 zauriturik gertatzen dira. Oinezkoen zirkulazio-istripuetan arrisku handieneko taldeak zaharrak eta haurrak dira. Ibilgailuen eta oinezkoen arteko elkarbizitza zaila da, gutxienez; oinezkoaren jokabidea ez da beti errugabea istripuetan. Espainiako Trafiko Zuzendaritza Nagusiak emaniko datuen arabera hamar harrapatzetik zazpitan arduraduna oinezkoa da. Larrienak herrien arteko errepideetan gertatzen dira baina hiriko kalean ugariagoak dira. Sen onez zirkulatzea, beraz, gidarien eta oinezkoen obligazioa da.

Oinezkoek kontuan izan beharreko neurriak

Hirian

  • Kalea oinezkoen pasabidetik zeharkatzeak harrapatua izateko arriskuaren %50 murriztea da.
  • Oinezkoentzako egokituriko zonak dauden tokietan, zabiltza horietatik, ez sartu behin ere galtzadan.
  • Oinezkoentzako zonarik ez dagoenean, ibil zaitez ahalik eta eraikinetatik gertuen. Ez ibili inoiz espaloi ertzetik, ez hortik gertu ere. Horrela erorikorik eta, agian harrapaketarik, saihestuko duzu.
  • Zabiltza erne-erne ibilgailu luzeak (autobusak, kamioiak, etab) biratzean: atzeko gurpilak aurrekoak baino itxiago doazenez, harrapatua izan zaitezke.
  • Oinezkoen pasabidean, geldi zaitez espaloian, galtzadan sartu gabe, eta erakuts iezaiezu ibilgailuetako gidariei kalea zeharkatzeko asmotan zabiltzala. Ibilgailuak gelditu direnean, begiratu ezker-eskuinera, ziurtatu inolako arriskurik ez dagoela, eta hasi zeharkatzen. Ez ibili korrika baina ez zaitez gelditu galtzada erdian.
  • Oinezkoentzako semaforoa berde ipinitakoan, ez abiatu galtzadara; begiratu ezker-eskuinera eta egon zaitez segundo batzuk zeharkatzen hasi aurretik.
  • Oinezkoentzako pasabideetan, zeharkatu beti ibilgailuen norabidetik urrutien dagoen lekutik: hortxe gertatzen dira istripu gutxien.
  • Zeharkatu kalea bide laburrenetik, zuzen-zuzen beti, diagonalean ibili gabe. Zenbat eta metro gutxiago egin orduan eta arrisku arinagoa izango duzu.
  • Galtzada autobus edo ibilgailu handi-handi baten aldamenean zeharkatu behar baduzu, ibil zaitez haren atzetik beti, sekula ez aurretik. Hori esker, ikusi ahal izango duzu eta ibilgailuetako gidariek ikusiko zaituzte.
  • Ume-kotxea badaramazu edo gurpildun aulkian bazoaz, ez sartu galtzadan, ibilgailurik ba ote datorren begiratzeko.
  • Ez ibili jauzika, ez oztopoak saihestuz: horrela erortzeko eta bertatik dabiltzan ibilgailuek harrapatua gertatzeko arriskutan zabiltza.
  • Plaza eta biribilguneetan ibili inon baino erneago. Ez zeharkatu erditik, zabiltza oinezkoentzako pasabideetatik, plaza edo biribilgunea inguratuz, iritsi nahi duzun tokiraino. Luzexeagoa bada ere, ibiltzeko modurik seguruena da hori.
  • Zaude erne egun euritsuetan. Batetik, aterkiak oinezkoari ikusgarritasuna eragozten dio; bestetik, kristalak maiz lurruntzeak gidariari bista galarazten.

Errepidean

  • Oinezko baldin bazoaz errepidetik, zabiltza beti galtzadaren ezkerraldetik, ibilgailuak beti aurrez ikus ditzazun.
  • Zabiltza beti bazterbidetik. Horrelakorik ez dagoenean, ibili galtzada-ertzetik ahalik eta urrutienetik. Bakarrik ez bazabiltza, zoazte banan-banan.
  • Gogoan izan: bihurguneak eta malda-gainaldeak dira galtzada zeharkatzeko lekurik arriskutsuenak.
  • Zirkulatzeko arau behiena: besteak ikustea eta besteek ikusia izatea. Gauez eta ikusgarritasun urriko egokieretan, ezarri elementu islatzaile (gerrikoa, txalekoa, besokoa…) edo argidun (linterna) bat. estatistikek frogatu dutenez, hildakoak izan diren harrapaketen %60 ikusgarritasun eskasa dagoenean jazotzen dira.
  • Ez zeharkatu trenbide-pasagunea trena ikusten baduzu; ezta trena urrun dela edo langa jaitsita dagoela ere.
  • Gogoan izan autopistetatik ezin dela ibili, ezta oinez zeharkatu ere.

Gidaria ere, oinezko

  • Errespeta ezazu oinezkoaren zirkulazio-lehentasuna, batez ere zaharrak, haurrak edo ezinduak direnean.
  • Abiadura-mugak errespetatzeak bai oinezkoaren, bai gidariaren arriskua arintzen du. Oinezko bat 50 kilometro orduko abiaduratik gora harrapatzea hilgarria izan daiteke; 40 eta 50 km orduko, larria; mantsoago, arina.
  • Gogoan izan zeu ere oinezko zarela.
  • Oinezko pasabidea gerturatu ahala, mantsotu abiadura eta ohartarazi zeure atzeko ibilgailuei gelditze hori, galga behin eta berriro sakatuz. Bi erraiko bidetik bazoaz, besoa leihotik aterata, ohartaraz iezaiezu ezkerretatik datozkizun ibilgailuetako gidariei egin behar duzun gelditzeaz eta galtzada zeharkatzen ari den oinezkoaren presentziaz.
Oinezkoak eta txirrindulariak

Oinezkoen arreta-neurriak

  • Espaloiak eta bidegorriak oinezkoen eta txirrindularien arteko liskar-iturri dira. Ahal dela, ez ibili ziklistentzat berariaz gorderiko bideetatik, oinezkoen zirkulazioa debekatua baitago horietan.
  • Kalea zeharkatzean belarria ez da beti gidari hoberena: bizikleta garraiobide isil-isila da.
  • Espaloian ziklista bat ziztu bizian azaltzen bada ahalegin zaitez ez urduritzen..Arazorik gabe saihestuko duzu, seguruenik.

Eta txirrindularienak

  • Oinezkorik ikustean, jokatu zuhurtziaz: oso litekeena da, 25 kilometro orduko abiaduran (edo azkarrago) txirrindulariaren eta oinezkoaren arteko inpaktuak oinezkoari ez ezik, ziklistari ere zauri larriak sortaraztea.
  • Txirringan bazabiltza, ez sartu behin ere espaloian, ezta oinezkoentzako bideetan ere. Gune horietako bat zeharkatu behar izatekotan, jaitsi zaitez bizikletatik.
  • Hirian barrena zabiltzala, gogoan izan balitekeela oinezkoren bat ustekabean eta motiborik gabe galtzadan sartzea. Semaforoetan, oinezkoen pasabideetara gerturatzean eta parke, ikastetxe, haurrak eta zaharrak dabiltzan guneetatik ibiltzean, hartu arreta-neurri guztiak.
  • Bidegorrian bazoaz eta oinezkorik topatzen baduzu, ez zaitez haserre. Beharrezkoa bada, geldi zaitez baina ez pasatu oinezkoaren gertu-gertutik, hura izutzeko, ikaratzeko edo eskarmentua emateko, ez oihukatu, ez errietan egin ozenegi.