Gauza bat, arrozesnea; bestea, ontzia
Ontziratuta datorren arrozesnea postre gozoa da eta, paradoxa badirudi ere, arroza baino askoz ere zazpi esne gehiago du ( 7 – 10 aldiz) baita, maiz, arroz baino azukre gehiago ere. Osagai nagusi horiek ez ezik, arrozesneak limoi azala, kanela edo bestelako aromak ere edukitzen ditu. Esnegaina, banilla, esne-hautsa, esne kontzentratua, almidoia, aromak eta egonkortzaileek ere osatzen dituzte formula industrial hauek.
Esnekia bada ere, arrozesnearen osagai edo osaketa erregulatzen duen eta kalitate-parametroak finkatzen dituen arauteriarik ez dago. Arrozesnea egiteko aski da esnetan arroza azukrearekin mantso egostea. Kanela eta limoia lurrinaz janzteko eransten zaizkio. Oinarrizkoan, bederen, elikagaien industriak formula tradizionala egiten du. Esneari osagai guztiak gehitutakoan, nahasteari tratamendu termiko arina aplikatzen dio, produktuaren elaborazioa burutzeko; elikagai hori hotzetan kontserbatu beharko da iraungo duen aste (gutxi) horietan. Prozesu termikoa zorrotzagoa bada, mikroorganismoak suntsituko dituen esterilizazioa erdietsi da; horrela dagoen produktua ez da zertan hozkailuan gorde eta, gainera, hainbat hilabetetan iraungo du jangarri.
CONSUMER EROSKI-k laborategian aztertu eta dastarazi ditu zortzi arrozesne-lagin; produktuok pisu desberdinetako ontzietan merkaturatzen dira eta prezioetan ere alde biziak daude: 2,82 euro kiloko kostatzen da hotzik gabe kontserba daitekeen bakarra (Pascual), merkeena, eta 7,64 (Kaiku) ed 7,38 euro (Goshua) garestienak.
Emaitzak, hitz gutxitan
Arrozesne horien profil nutrizionala analisiak erakutsi zuen: karbohidrato ugari (produktuaren %22, batez beste) eta proteina (%3) eta gantz urrikoak (%3) izaki, ez dira espero bezain energetikoak, ehun gramo arrozesnek, batez beste 125 kaloria baizik ez dituelako. Azukre eta kaloria gehien daukana Casería La Madera izan da eta gutxien daukana, Danone. Esne gehien daukana Goshua da; Pascual eta Central Lechera Asturiana laginak, berriz, arroz gehien daukatenak dira.
Irregulartasun bakarra atzeman da, laginen erdiek etiketa-araua urratzen baitute: haietako bik ez dute adierazten zenbat arroz daukaten eta, gainera, informazioaren parte bat letra txikiegian agertzen da; beste bik bere burua “elikagai natural” modura agertzen dute baina horixe debekatua dute, legez, arrozesne denak baitira naturalak. Analisiak erakutsi zuenez, lagin bakar batek ez zeukan genetikoki eraldatutako organismorik eta azterketa mikrobiologikoak, berriz, lagin denen egoera higieniko-sanitarioa zuzena dela. Dastatze-proban, “proba batetik bestera alde nabarmenak hauteman ziren azterturiko parametro denetan”, hots, itxura, zaporea, sentsazioa murtxikatzean, eta bukaera. Casería La Madeira (7 puntu) nabarmendu zen eta denetan txarrenak Dhul, Kaiku, Pascual eta Central Lechera Asturiana izan ziren (5,5 puntu lortu zuten gehienez).
Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Danone laginak ematen du: dastatze-proban gustatu zitzaien mahaikideei, azukre eta kalori gutxien daukan lagina da eta merkeenetako bat, gainera. Alderdi organoleptikoa (zaporea, usaina, ukitua…) lehenetsiz gero, aukera politena Casería La Madera da (5,33 euro kiloko). Lau garestienak kristalezko flaskoan edo buztinezko ontzietan merkaturatzen dira (beharbada kontsumitzaileari eskulangintzazko edo kalitate handiagoko produktuaren irudia helarazteko) baina ez dira gainerakoak (jogurt eta natillak komertzializatzen diren plastikozko ontzietakoak) baino goxoagoak eta ez dute horiek baino osaketa nutrizional hoberik.
Arroz baino esne gehiago
Osagai nagusia esnea da (osoa edo gaingabetua, eta esnegaina). Arroza, izan ere, bigarren tokian agertzen da Kaiku, Pascual eta Central Lechera Asturiana laginetan bakarrik; gainerakoetan hirugarren mailan dago, azukrearen ostean. Zazpik kanela eta limoia dauzkate (lurrungarri gisa ager daitezke) eta Danonek kanela soilik baliatu du. Oinarrizko bost osagai horiek dira Kaiku, La Madera eta La Ermita arrozesneek dauzkaten bakarrak. Goshua, Danone eta Dhul laginek esnegaina erantsi dute; Danonek esne gaingabetu berhidratatua gaineratu du eta Dhul laginak esne-hautsa eta banilla; Central Lechera Asturiana da gatza gaineratu duen bakarra. Arroza, almidoi asko daukanez, jeleak osatzeko gaitasun handia du; beraz, arrozesne industrial hauek moldatzeko ez da zertan lodigarriak edo egonkortzaileak erabili produktuak berez daukan ukitu krematsua erdiesteko. Pascual da gehigarri horietako bat (egonkortzailea) ipini duen marka bakarra.
Hezetasuna (ura) edukiaren %67 (La Madera) %74raino doa (Danone eta Kaiku). Anoa bat arrozesnek dauka %70 – %80 esne; arrozaren presentzia produktuaren %6 – %11 inguru dabil; azukrea, berriz, %7 – %15. Arrozesneak, batez beste 123 kaloria ditu 100 gramoko, baina kontuan izan dezagun anoa bat 135-140 gramo baizik ez dela. Arrozesne ontzi batek 175 kaloria diru, hots, krema, natilla, mousse eta antzeko esnedun postreek baino gutxiago baina jogurtak baino gehiago. Kaloria gutxi izateak postre interesgarri bihurtzen du kaloria-dosi handiagoa behar dutenentzat (haur, nerabe, kirolari…) eta, gainera, goxo, murtxikatze errazeko denez eta funtsezko nutrienteez hornitzen gaituenez, apetitu gutxikoek edo eriondoan daudenek orduz kanpoko jakia izan dezakete.
Arrozesnearen batez beste %22 karbohidratoek osatzen dute eta arrozean, azukrean (sakarosa) eta laktosan (esneak, 100 gramoko, 5 gramo azukre dauzka) dautza. Sakarosa eta laktosa karbohidrato soil edo asimilazio azkarrekoak dira; arrozaren almidoia, aitzitik, asimilazio mantsoko karbohidratoa, egokiagoa. Sakarosa (azukre erantsia) produktuaren %7tik (Danone, Kaiku) %15era (La Madera) doa. Zorro bat azukre 10 gramo da; La Madera arrozesneak -210 gramo-, hiru zorro. Laktosa (esneak bakarrik daukan azukrea) edukiak esne kopurua adieraziko digu: esne gehien daukana, inondik ere, Goshua da (%6 laktosa); gainerako laginetan presentzia hori %2,7tik (Central Lechera Asturiana) %3,9raino (La Ermita) doa. Karbohidrato konplexuen edukia (almidoiak arrozaren edukia, besteak beste, adierazten digu) %7 (Goshua) eta %11 (Pascual eta Central Lechera Asturiana) dabil. Ondorioz esan dezakegu, Central Lechera Asturiana laginean izan ezik, azukre soilak konplexuak baino ugariagoak direla.
Proteinen edukiak ez du alde handirik erakusten: beheko muturrean %2,5 agertzen da (La Madera) eta goikoan %4 (Goshua). Gantz gutxien daukana Pascual markakoa da (edukiaren %1,5) eta gantzatsuenak, aldiz, La Ermita eta Central Lechera Asturiana (%3,5). Ez da gantz gehiegi, postrea dela jakinik. Arrozesneak ugarien dituen mineralak kaltzioa eta fosforoa direnez, esneki hau ordezko izan daiteke esne hutsa gustukoa ez duen jendearentzat baina, hori bai, kontuan izan behar da esnezko postre azukreduna dela eta horrela hartzen den esne-kopurua baso bat esne edo jogurt bat hartzen denean baino txikiagoa dela.
Esnekia den aldetik, kaseinaren (esneak ugarien daukan proteina) aurkako alergia duen jendeari ez zaio komeni hartzea. Laktosaren (esnearen azukrea) aurkako intolerantzia nozitzen dutenek ere, jakina, hobe dute arrozesnerik ez kontsumitzea.
Arrozesnea esnezko postre azukreduna denez, neurriz kontsumitu behar dute diabetes, obesitate edota hipertriglizeridemia (triglizerido asko odoletan) nozitzen dutenek.
Glutenaren aurkako intolerantzia nozitzen dutenentzat egoki den zereal urrietako bat da arroza baina, halaz ere, esnea, arroza eta azukrea glutenik gabeko dietan sar daitekeen arren, fabrikatzaile batzuek eransten dituzten aromen jatorria ez dute zehazten. Kontu-neurri gisa, zeliakoek orokorki, hobe lukete osagai guzti-guztiak adierazten ez dituzten elikagaiak eta glutenik gabekotzat agertzen ez diren produktu prozesatuak kontsumituko ez balituzte, arriskua larria baita. Arrozesnea gustukoa badute, zeliakoentzat ordezko bide segurua etxean egitea da: errezeta soil-soila da-eta.
Laburbilduz eta konparaketako taula
Laburbilduz
- Ontziratutako zortzi arrozesne-lagin aztertu dira oraingoan; formatuak, pisuak eta prezioak oso desberdinak dira. Merkeena kostatzen da 2,82 euro kiloko (Pascual: hotzik gabe kontserba daitekeen bakarra) eta garestienak 7,64 (Kaiku) edo 7,38 euro (Goshua).
- Esnezko postre gozo hau osagai hauekin moldatzen da (ugarienetik urrienera): esnea, azukrea, arroza, eta kanela, limoia edo hauen aromak.
- Nutrizio-profila: karbohidrato ugarikoa (batez beste, produktuaren %22) eta proteina (%3) eta gantz urrikoa (%3). Hestekiak edota opilak baino askoz ere kaloria gutxiago du honek: ehun gramo arrozesnek, batez beste, 123 kaloria ditu.
- Azukre eta kaloria gehien dituena Casería La Madera da; kontrako muturrean Danone agertzen da. Goshua da esne gehien baliatu duena eta Pascual eta Central Lechera Asturiana, arroz gehien daukatenak.
- Etiketa-araua lau laginek urratzen dute: Kaiku eta La Madera laginek ez dute adierazten zenbat arroz daukan eta, gainera, funtsezko informazioaren parte bat letra txikiegian agertzen da. Goshua eta Pascual laginek “elikagai natural” modura agertzen dute beren burua baina hori adieraztea debekatua dago, arrozesne guztiak naturalak baitira.
- Lagin bakar batean ez da genetikoki eraldatutako organismorik. eta arrozesne guztien egoera higieniko-sanitarioa zuzena da.
- Dastatze-proban kalifikazio hoberena Casería La Madeira-k eraman du (7 puntu); apalenak, berriz, Dhul, Kaiku, Pascual eta Central Lechera Asturiana laginek (5 eta 5,5 puntu artean. La Ermita (6,3 puntu), Danone eta Goshua (6,4na puntu) tartean agertu dira.
- Kalitatearen eta prezioaren arteko erlazio egokiena Danone arrozesneak erakutsi du: dastatze-proban gustatu zaie mahaikideei, merkeenetako bat da eta, gainera, azukre eta kaloria gutxien dituena da. Arrozesne zaporetsuagoa nahiago dutenentzat aukera polita Casería La Madera da (5,33 euro kiloko).
Marka | Danone | Casería La Madera | La Ermita de San Pedro | Goshua |
---|---|---|---|---|
Formatua (g) | 2 unitateko packa (140 g bakoitza) | 210 g-ko flaskoa | 270 g-ko flaskoa | 140 g-ko buztinezko txarroa |
Prezioa (euro kiloko) | 3,48 | 5,33 | 6,56 | 7,38 |
Etiketa | Zuzen | Ez dago zuzen | Zuzen | Ez dago zuzen |
Hezetasuna (%) | 74,2 | 66,8 | 69,7 | 69,2 |
Proteina (%) | 3,2 | 2,5 | 3 | 4 |
Karbohidratoak, guztira (%) | 19,8 | 27,1 | 23,1 | 22,5 |
Azukreak, guztira (%) | 10,2 | 18,3 | 14,7 | 15,4 |
Sakarosa (%) 1 | 6,8 | 15 | 10,6 | 9,3 |
Laktosa (%) 2 | 3,2 | 3,3 | 3,9 | 5,9 |
Karbohidrato konplexuak (%) (%) 3 | 9,6 | 8,8 | 8,4 | 7,1 |
Gantza, guztira (%) | 2,1 | 3 | 3,5 | 3,4 |
Balio kalorikoa (kaloriak / 100 g) | 109 | 142 | 132 | 133 |
GEO 4 | Negatibo | Negatibo | Negatibo | Negatibo |
Egoera mikrobiologikoa | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen |
Dastatze proba (1 – 9 puntu) | 6,4 | 7 | 6,3 | 6,4 |
Marka | Pascual | Dhul | Central lechera Asturiana | Kaiku |
---|---|---|---|---|
Formatua (g) | 2 unitateko packa (150 g bakoitza) | 2 unitateko packa (135 g bakoitza | 2 unitateko packa (140 g bakoitza | 140 g-ko buztinezko txarroa |
Prezioa (euro kiloko) | 2,82 | 3,48 | 3,52 | 7,64 |
Etiketa | Ez dago zuzen | Zuzen | Zuzen | Ez dago zuzen |
Hezetasuna (%) | 71,8 | 73,2 | 71,7 | 74,3 |
Proteina (%) | 2,9 | 2,9 | 2,6 | 2,6 |
Karbohidratoak, guztira (%) | 23,2 | 19,9 | 21,6 | 19,6 |
Azukreak, guztira (%) | 12,1 | 11,6 | 10,5 | 10,1 |
Sakarosa (%) 1 | 8,4 | 8 | 7,7 | 7,3 |
Laktosa (%) 2 | 3,4 | 3,6 | 2,7 | 2,8 |
Karbohidrato konplexuak (%) (%) 3 | 11,1 | 8,3 | 11,1 | 9,5 |
Gantza, guztira (%) | 1,5 | 3,3 | 3,5 | 2,9 |
Balio kalorikoa (kaloriak / 100 g) | 116 | 118 | 125 | 112 |
GEO 4 | Negatibo | Negatibo | Negatibo | Negatibo |
Egoera mikrobiologikoa | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen |
Dastatze proba (1 – 9 puntu) | 5,3 | 5 | 5,5 | 5,2 |
(1) Sakarosa: azukre zuri edo azukre arrunta, elikagaiari erantsi zaiona.
(2) Laktosa: esneak daukan azukrea. Elikagaiak zenbat esne daukan adierazten du
(3) Karbohidrato konplexuak: hauen iturri behinena arroza da. Karbohidrato horien presentziak elikagaiak zenbat arroz daukan adierazten du.
(4) GEO: genetikoki eraldatutako organismoak
Banan-banan
ZORTZI ARROZESNEAK, BANAN-BANAN
Danone
- 3,48 euro kiloko. 140 gramoko bi unitateko packa.
- Kalitatearen eta prezioaren arteko erlazio egokiena.
- Azukre gutxien (%7) eta kaloria (109 kaloria 100 gramoko) gutxien dauzkana.
- Dastatze-proban, 6,4 puntu: ez da nabarmendu inongo alderditan.
Casería La Madera
- 5,33 euro kiloko. 210 gramoko flaskoa.
- Aukera polita, hau ere.
- Etiketa oker dago: ez du zenbat arroz daukan adierazten. Azukre (%15) eta kaloria (142 kaloria 100 gramoko) dauzkana.
- Dastatze-proban, 7 puntuz, nahiena da; aldekoak: “krematsua”; aurkakoak: “lodia”.
La Ermita de San Pedro
- 6,56 euro kiloko. 270 gramoko flaskoa.
- Azukre gehien dauzkatenetan bigarrena (%11) eta gantzatsuenetako bat (%3,5 gantz).
- Dastatze-proban, 6,3 puntu; aldekoak: “kanela zaporea” eta “krematsua”; aurkakoak: “oretsua” eta “zaporea”
Goshua
- 7,38 euro kiloko, garestiena bezain garesti, kasik. 140 gramoko buztinezko txarroa
- Etiketa ez dago zuzen: produktu naturala dela dio, baina hori adieraztea debekatua dago, denak direlako naturalak. Proteina gehienekoa (%4) eta gantzatsuenen arteko bat (%3,4). Esne gehien (%6 laktosa) eta arroz gutxien (%7,1 almidoi) dauzkana.
- Dastatze-proban, 6,4 puntu; aldekoak: “kanela zaporea” eta “krematsua”; aurkakoak: “ez da oso lodia”.
Pascual
- 2,82 euro kiloko, denetan merkeena. 150 gramoko bi unitateko packa.
- Esterilizatua dagoen bakarra izaki, kontserbatzeko ez du hotzaren premiarik.
- Etiketa ez dago zuzen: produktu naturala dela dio, baina hori adieraztea debekatua dago, denak direlako naturalak. Gehigarri egonkortzaileak erantsi dituen marka bakarra. Gatz gutxien daukana (%1,5). Arroz gehien daukatenetako bat (%11 karbohidrato konplexu).
- Dastatze-proban, 5,3 puntu baino ez; aldekoak: “krematsua”; aurkakoak: “arroz gogorra”, “oretsua” eta “kolorea”
Dhul
- 3,48 euro kiloko. 135 gramoko bi unitateko packa.
- Dastatze-proban, 5 puntu baino ez; aldekoak: “zaporea”, “kolorea”, “krematsua izatea”; aurkakoak: “zapore motela” eta “arroz gogorra”.
Central Lechera Asturiana
- 3,52 euro kiloko. 140 gramoko bi unitateko packa.
- Gantz gehien daukatenetako bat (produktuaren %3,5). Arroz gehien (%11 almidoi) eta esne gutxien (%2,7 laktosa) dauzkatenetako bat.
- Dastatze-proban, 5,5 puntu baino ez; aldekoak: “zapore suabea” eta “sentsazioa murtxikatzean”; aurkakoak: “lodiegia”, “arroza eginegia “, eta “zapore motela”
Kaiku
- 7,64 euro kiloko, denetan garestiena. 140 gramoko buztinezko txarroa.
- Etiketa ez dago zuzen: ez du adierazten zenbat arroz daukan eta letra txikiegia da. Esne gutxien daukatenetako bat (%2,8 laktosa).
- Dastatze-proban, 5,2 puntu baino ez; aldekoak: “gozotasuna” eta “krematsua izatea”; aurkakoak: “zapore motela” eta “trinkotasuna”