Zona urdinean aparkatzea: hiri bakoitza mundu bat
Duela zazpi urte CONSUMER EROSKI-k argitara eman zuen ikerlanean hamabi hiritako zona urdinetako (errotazio handiko aparkamendu arautuko guneak) tarifak konparatu zituen. Oraingoan, berriz, azterturiko 18 hiriburuetan indarrean dauden tarifak eta ordutegiak jaso dira. Horrez gainera, 810 parkimetro aztertu dira, hiri bakoitzean 50 aparkamenduko proba praktikoa egin da, zona urdinean aparkatzeak eskatzen duen denbora zehazki neurtzeko, ticketak adierazitako denbora zenbat ibilgailuk gainditua zuten eta, horietatik, zor zitzaien isuna zenbatek zuten ezarria eta, azkenik, tokian tokiko udalean garabi zerbitzuaren tarifak galdetu ziren.
Gidari askok dakitena berretsi baizik ez du egin ikerketak: zona urdinak kudeatzeko garaian hiri bakoitza mundu bat da, hiri batetik bestera ia dena aldatzen da. Hori ikusirik, ondorioak atera daitezke. Lehena: parkimetroak toki denetan desberdinak badira ere, ongi funtzionatzen dute, salbuespenak salbuespen (Granada, Logroño eta Malagakoek bakarrik suspenditu dute, ondo ez dabiltzalako, informazio eskasa ematen dutelako eta minusbaliatuentzat irisgarri ez direlako) eta ordaintzeko metodoa ez da ulertzeko zaila.
Beste ondorio bat: hiri batetik bestera tarifak arras aldatzen direnez, garestienak (Bartzelonan eta Donostiako erdialdean euro erdia ordaintzearren 14 edo 15 minutuz aparka daiteke) merkeenen hiru halako dira (Murtzia, A Coruña, Gasteiz, Sevilla eta Zaragozan euro erdia ordainduta 50 minutuz utz daiteke autoa). Eta nola aldatu dira tarifak azkeneko urteotan? Hauek ere ez dira berdin aldatu leku guztietan: Logroñon, aparkalekuko ordu bakoitzagatik ordaindu beharreko tarifa %5 baino ez da igo 2000. urteaz geroztik (CONSUMER EROSKIk honen antzeko txostena argitaratu zuen duela zazpi urte); Madrilen, tarifak bikoiztu eta zerbait gehiago gehitu dira; eta Bartzelonan, Gasteizen, Alacanten eta Iruñean, tarifek %40-70 igoera izan dute. 7 urte hauetan metatutako KPI, ordea, %25,4koa da.
Zenbat denbora kostatzen da aparkatzea?
Aldizkari honetako teknikariek proba praktikoa burutzeko 900 aparkamendu egin zituzten 18 hirietako zona urdinetan. Bertatik ondorioztatu zenez, astegun batean, batez beste, zona urdinean aparkatzea hamar bat minutu hartu behar izaten dira eta minutu bat gutxiago, berriz, saiakera larunbat goizean egiten bada. Batez besteko hori, dena den, ez da oso esanguratsua, hiri batetik bestera errealitatea biziki aldatzen baita: batez bestekoez ari garela beti ere, Sevillan bi minutu aski izan ziren eta Valentzia, Bilbo eta Iruñean bost minutu; bederatzi hiritan 10 minutu edo gehiago behar izan ziren aparkatzeko. Panorama okerrena daukaten gidariak Granadan aparkatu nahi dutenak dira: bertako zona urdinetan plaza bat topatzea 26 minutu kostatu zen, batez beste; Donostian (16 minutu, batez beste), Kordoban (15 minutu), Alacanten eta Madrilen (13 minutu) gauzak ez daude hagitz politago.
Esandako guztia beste hitz batzuetan adierazteko: buruturiko 900 aparkatze-saiakeren ia %20tan plaza libre bat aurkitzeko ordu laurden bat baino gehiago hartu behar izan zen baina %30tan bost minutu edo gutxiago kostatu zen. Beste datu bat: aparkatzeen erdiak soilik kostatu ziren hamar minutu edo gutxiago.
Zona urdinean asteguneko ordaintze-ordutegiak antzekoak dira hiri denetan: bederatzi bat ordu irauten dute eta eguerdian hausten dira. Bilbo, Iruñea (9,5 ordutara zabaltzen da) eta Madril (11 orduz) bakarrik dabiltza horren gainetik eta A Coruña, Sevilla, Gasteiz eta Zaragoza ez dira zortzi ordutik aurrera luzatzen.
Tarifez beste zerbait
Ordaindu beharreko tarifa txikiena (garrantzi handikoa, autoa une batez utzi eta berehala etortzekoak garenean) batez beste 0,26 euro kostatzen bada ere, dezente aldatzen da hiri batetik bestera: 0,15 eurotik (Murtzia eta Oviedo) 0,50 euro (Granada) edo 0,40 eurora (Bilbo). Beste horrenbeste gertatzen da gutxieneko tarifa hori ordainduta aparka daitekeen denbora-tartearekin ere: 13 minututik (Oviedo) 35 minutura doa (Sevilla). Beste faktore esanguratsu bat, zona urdinean onartzen den gehieneko aparkaldia da, interpretazio desberdinak egin dakizkiokeelako: zenbat eta luzeagoa izan, orduan eta erosoagoa gertatzen zaie erabiltzaile batzuei baina eraginkortasun urriagoa agertuko du, bere helburua baldin bada ibilgailuen errotazioa sustatzea. Aparkaldi luzeena Murtzian egin daiteke: 150 minutu jarraian, eta laburrena Bartzelonan (60 minutu baino ez); gainerako hirietan 120 minutuz (hamabitan) eta 90 minutuz (lau hiritan) aparka daiteke, gehienez ere. Gehieneko aparkaldi horren kostua ere ikaragarri aldatzen da hiri batetik bestera: 0,95 euro kostatzen da Gasteizen ordu eta erdia eta 1,10 Zaragozan bi ordu aparkatzea; baina autoa ordubete bakarrik uztea 2,30 euro kostatzen da Bartzelonan, 2,50 euro Bilbon ordu bi eta 2,40 euro Murtzian bi ordu eta erdi.
Parkimetroko ticketak adierazitako denbora gaindituz gero?
Hiri denetako zona urdinetan aparkaturik zeuden autoetako ticketak aztertu ziren, txartelean adierazitako denbora zenbati iragan zitzaion kalkulatzeko eta, egoera horretan zeudenetatik zenbati ezartzen zitzaion isuna. Behaturiko lau mila kotxe haien %15ek gainditua zuten ordaindutako denbora-tartea eta, areago, hiri batzuetan batez besteko hori aise gainditzen zen: Granadan, adibidez, aparkaturiko autoen ia %40k gainditua zuten kontrataturiko aparkaldia, Alacanten %30ek eta Zaragozan eta Sevillan, berriz, %20 baino gehiagok. Beste muturrean Bilbo eta Donostian, zona urdinean aparkaturiko ibilgailuen %3k bakarrik zuten gainditua ticketean adierazitako denbora hori eta Logroño, Oviedo eta Iruñean %8 ziren. Kontratua ez betetzeaz gainera, urratzen duena ez dute zigortzen: agirian agertzen zen ordutegia gainditua zuten lau ibilgailutik hiruk ez zeukaten isunik agerian. Eta proportzio hori, hamarretik bederatziraino doa Alacant, Iruñea eta Gasteizen. Valentzia eta Granadan, aitzitik, araua urratua zuten autoen %60k isun-agiria agertzen zuten eta beste horrenbeste gertatzen zen A Coruña eta Malagako hamar autotik lautan. Ticketean adierazitako denbora gaindituta ere, isunik ez zeukaten ibilgailuek 22 minutu gehiago egonak ziren batez beste baina Sevillako batez bestekoa 47 minutu zen eta Madril eta Alacantekoa, berriz, ia ordu erdikoa. Datu horiek jakinik, zona urdinak bere funtzio hertsatzailea betetzen ote duen auzitan jar dezakegu, hots, zirkulazio trinkoena duten alderdietan ibilgailuei tokiz aldatzera behartzea, hiri barneetan aparkatzea posible bihur dadin, etengabe plaza libreak egon daitezen eta, era berean, gidariarentzat sistema hau higuingarri eta garestiegia gertatzearren, hirian ibilgailu pribatua gutxiago balia dadin.
Autoa garabiak eraman dezake
Garabiak zona urdinetik ticketik ez daukan edo onarturiko denbora gainditu duen auto bat eramaten badu, ibilgailu horretako gidariak batez beste 99 ordaindu beharko ditu (lehen eguneko atxikipena barne). Espainian, batez besteko tarifa horren gainetik gailentzen dira Alacant, Bartzelona, Madril eta Valentziakoak (120 eta 160 euro artean kostatzen dira). Prezio bizi samarrekoa, era berean (105 euro) Kordoba eta Sevillako garabia. A Coruña, Bilbo, Granada, Donostia, Valladolid, Gasteiz eta Zaragozako garabiek 82-90 euro artean kobratzen dute. Hutsegitea merkeago gertatzen da Logroño eta Murtzian (80 euro), Iruñea eta Oviedon (75 euro inguru) eta, batez ere, Malagan (69 euro).
Hiriz hiri
- A Coruña:
Zona urdinik merkeenetako bat: 0,50 euro ordainduta 55 minutuz aparka daiteke eta euro bat ordainduz gero, ordubete eta berrogei minutuz. Garabi zerbitzua ere, merkeenetako bat da (82 euro, (lehen eguneko atxikipena barne). A Coruñako parkimetroek (gutxik bezala) ez dute isunak baliogabetzeko aukera ematen. Ez dute bi euroko txanponik onartzen. - Proba praktikoa: astegunean batez beste zortzi minutu kostatu zen aparkatzea -batez besteko nazionala (10 minutu) baino gutxixeago- eta minutu bat baizik ez larunbatean -batez besteko nazionala (9 minutu) baino askoz gutxiago-. Denbora gainditua zuten ibilgailuen %60k ez zeukaten isunik.
- Alacant:
Zona urdinik merkeenetako bat: 0,50 euro ordainduta 50 minutuz aparka daiteke eta euro bat ordainduz gero, ordubete eta hogei minutuz. Gutxieneko tarifa 0,30 euro da: batez besteko nazionala baino garestixeagoa. Azken zazpi urteotan tarifak %43 garestitu dira, hots, PKI (%25) baino dezente gehiago. Ibilgailua erretiratzeko garabi zerbitzua, garestienetako bat (120 euro). Parkimetroek, gutxik bezala, ez dute bi euroko txanponik onartzen. - Proba praktikoa: astegunean batez beste hamahiru minutu kostatu zen aparkatzea -batez besteko nazionala baino %30 gehiago- eta bederatzi minutu larunbatean -batez besteko nazionala hori da-. Hiriburu hau da denbora gainditua duten ibilgailu gehien daudenetako bat (hamarretik hiru) eta horien %5ek baizik ez zeukaten isunik (Espainiako batez besteko isunak, %28).
- Bartzelona:
Zona urdinik garestiena, askozaz ere. Tarifa linealak, Iruñea eta Oviedon bezala; 0,50 euro ordainduta 14 minutuz soilik aparka daiteke eta euro bat ordainduz gero, 27 minutuz. Gutxieneko tarifarik ez duen hiri bakarra. Sistemak bost zentimoko zatika funtzionatzen du. Ibilgailua erretiratzeko garabi zerbitzurik garestiena hemengoa da (160 euro). Zona urdineko tarifak azken zazpi urteotan %72 garestitu dira, hots, PKI (%25 ) baino dezente gehiago. Igandean ere, hainbat kaletan aparkatzearren ordaindu behar da. Aparkaldi luzeena, denetan laburrena: ordubetea - Proba praktikoa: aparkalekua aurkitzea beste hainbat hiritan baino gutxiago kostatzen da hemen: astegunean batez beste zortzi minutu -batez besteko nazionala 10 minutu da- eta bost minutu larunbatean -batez besteko nazionalaren erdia, kasik-. Denbora gainditua zuten ibilgailuen %85ek ez zeukaten isunik.
- Bilbo:
Zona urdinik garestienetako bat: 0,50 euro ordainduta 35 minutuz aparka daiteke eta euro bat ordainduz gero, ordubetea. Gutxieneko tarifa 0,30 euro da, garestienetako bat. Ibilgailua erretiratzeko garabi zerbitzua (88 euro), batez bestekoa baino merkeagoa. Astegunean, beste hainbat hiritan baino ordaintze-ordu gehiago (9,5 ordu). Parkimetrorik garbien eta hobekien kontserbatuak eta, dudarik gabe, bitxienak: matrikula apuntarazten duten bakarrak, autoa denbora amaitu baino lehenago kentzen bada, diruaren proportziozko partea itzultzen duten bakarrak eta telefono mugikorraren bitartez ordaintzea onartzen duten bakarrak. - Proba praktikoa: aparkalekua aurkitzea bost minutu baizik ez da kostatzen hemen, astegunean zein larunbatean -batez besteko nazionala askoz handiagoa da, horren bikoa, kasik-. Denbora gainditua zuten hamar ibilgailutik bederatzik ez zuten isuna agerian.
- Kordoba:
Bertako tarifak Espainiako batez bestekoen tankerakoak dira: 0,50 euro ordainduta 45 minutuz aparka daiteke eta euro bat ordainduz gero, ordubete eta 23 minutuz. Gutxieneko tarifa batez bestekoa baino merkeagoa da: 0.20 euro. Ibilgailua erretiratzeko garabi zerbitzurik garestienetan bosgarrena da (105 euro). Ordutegia beranduen amaitzen den hiria (gaueko bederatzietan). Txartelen frogagirietan ez da agertzen informaziorik behinena. Parkimetroetan ezin da isunik baliogabetu - Proba praktikoa: astegunean aparkatzea gehien kostatzen den hirietako bat: batez beste hamabost minutu -batez besteko nazionala (10 minutu) baino gehiago- eta hamalau minutu larunbatean -batez besteko nazionala (9 minutu) baino %55 gehiago-.
- Granada:
Tarifak oso antzekoak dira: 0,50 euro ordainduta 30 minutuz aparka daiteke eta euro bat ordainduz gero, ordubete eta laurden. Zenbat eta denbora gehiago aparkatu, orduan eta prezioa, minutuko, merkeagoa da, beste hiri gehienetako joeren kontra. Gutxieneko tarifa azterketa osoko garestiena da: 0,50 euro. Ibilgailua erretiratzeko garabi zerbitzua, berriz, merkeenetakoa (90 euro). Parkimetroetan ezin da isunik baliogabetu (gutxitan bezala) - Proba praktikoa: astegunean aparkatzea gehien kostatzen den hiria: batez beste 26 minutu -batez besteko nazionala 10 minutu da-. Astegunean baino gehiago kostatzen da larunbatean: 27 minutu, batez beste -batez besteko nazionala 9 minutu da-. Zona urdinean aparkaturik zeuden hamar ibilgailutik lauk gainditua zuten onartutako denbora (batez besteko nazionalaren bikoa, hain zuzen) eta, horietatik, %56k bakarrik zeukaten isuna (batez besteko nazionala are eta okerragoa da: %28)
- Logroño:
Hemengo tarifak eta beste hainbat hiritakoak oso antzekoak dira: 0,50 euro ordainduta 42 minutuz aparka daiteke eta euro bat ordainduz gero, ordubete eta hamahiru. Gutxieneko tarifa batez bestekoa baino merkexeagoa da: 0,20 euro. Zona urdineko prezioak zazpi urteotan %5 garestitu dira (KPI baino bost aldiz gutxiago). Bartzelona eta Valentziarekin batera, hiri honetan ere zona urdinean larunbat arratsaldean aparkatzea ere kobratzen da. Bertako parkimetroak akastunenak eta irisgarritasun urrienekoak dira. - Proba praktikoa: astegunean aparkatzea 10 minutu kostatzen da -batez besteko nazionalaren berdina-. Astegunean baino gehiago kostatzen da larunbatean: 13 minutu, batez beste. Zona urdinean baimendutako aparkaldia gainditua zuten ibilgailuen %12k baizik ez zeukaten isuna
- Madril:
Hiririk garestienetako bat: 0,50 euro ordainduta 35 minutuz aparka daiteke eta euro bat ordainduz gero, ordubetea. Gutxieneko tarifa batez bestekoaren antzekoa da: 0,25 euro. Zona urdineko prezioak zazpi urteotan %108 garestitu dira (KPI baino lau aldiz gehiago): hauxe da azterketako igoerarik handiena. Ibilgailua erretiratzeko garabi zerbitzua bigarren garestiena da (153 euro). Aparkaldiak ez du etenik eguartean eta denetan luzeena da: goizeko bederatzietatik ilunabarreko zortziak arte. Parkimetroak, irisgarritasun urrienekoak dira. - Proba praktikoa: astegunean aparkatzea hiri gehienetan baino gehiago kostatzen da: hamahiru minutu batez beste. Astegunean baino errazagoa da larunbatean: 11 minutu. Parkimetroak emaniko frogagirian adierazten zen geraldia gainditua zuten hiru ibilgailutik ia bik ez zeukaten isunik
- Malaga:
Hiri garestienen artean: zona urdinean 0,50 euro ordainduta 36 minutuz aparka daiteke eta euro bat ordainduz gero, 55 minutuz. Asteguneko ordutegiak zortzi ordu baizik ez du (batez bestekoa 9 ordu da). Aparkaldi luzeena: ordu eta erdia (hiri askotan, bi ordu). Parkimetroak, txarrenetakoak dira: gaizki kontserbatuak eta garbitasun eskasa. Garabi zerbitzua, denetan merkeena: 69 euro (batez besteko nazionala 99 euro da. - Proba praktikoa: astegunean aparkatzea batez beste 9 minutu kostatu zen eta larunbatean 11 minutu, hiri asko-askotan bezala. Aparkatzeko denbora gainditua zuen zazpi ibilgailutik batek (azterketa osoko batez bestekoaren antzera) eta horien %60k ez zeukaten isunik (batez besteko nazionala okerragoa zen: %75, hain zuzen)
- Murtzia:
Zona urdinik merkeenetako bat: 0,50 euro ordainduta ordubetez aparka daiteke eta euro bat ordainduz gero, ordubete eta 35 minutuz. Ibilgailua erretiratzeko garabi zerbitzua ere merkeenen artekoa (80 euro). Ordaindu beharreko aparkatze zerbitzuak zortzi ordu eta erdi irauten du (batez besteko nazionala 9 da, kasik). Espainiako aparkaldi luzeena onartzen da hemen: bi ordu eta erdi eta gutxieneko tarifa denetan apalena da: 0,15 euro. Murtziako parkimetroak egoera onean daude eta zerbitzu ona ematen diote bezeroari - Proba praktikoa: astegunean aparkatzea batez beste hamaika minutu kostatu zen eta larunbatean bederatzi, hiri askotan baino gehiago, bietan. Aparkatzeko denbora gainditua zuen lau ibilgailutik hiruk ez zeukaten isunik.
- Oviedo:
Hemengo tarifak eta beste hainbat hiritakoak oso antzekoak dira: 0,50 euro ordainduta 42 minutuz aparka daiteke eta euro bat ordainduz gero, 84 minutuz. Iraupenak iraupen, prezioa minutuko ez da aldatzen. Ibilgailua erretiratzeko garabi zerbitzua merkeenetako bat da (74 euro). Zona urdinean aparkatzeko ordutegi mugatuak zortzi ordu eta erdi irauten du. Aparkaldi luzeenen artekoa: bi ordu eta bost minutu. Gutxieneko tarifa, Murtziakoarekin batera, merkeena. Bertako parkimetroek nahikoa informazioa ematen diote erabiltzaileari eta egoera onean daude. - Proba praktikoa: zona urdinean astegunean aparkatzea batez beste 9 minutu kostatu zen eta larunbatean zortzi minutu. Hirian behaturiko 200 ibilgailuen %8k bakarrik zuen aparkatzeko denbora gainditua eta, horien artean, hamarretik zortzik ez zeukaten isunik.
- Iruñea:
Iruñeko zona urdina Espainiako garestienetako bat da: 0,50 euro ordainduta ordu erdia aparka daiteke eta euro bat ordainduz gero, ordubetea. Iraupenak iraupen, prezioa minutuko ez da aldatzen. Prezioak azken zazpi honetan %39 garestitu dira (gogoan izan KPI %25 igo dela). Ibilgailua erretiratzeko garabi zerbitzua merkeenetako bat den arren (75 euro), 2000 urtetik hona %45 garestitu da. Zona urdinean aparkatzeko ordutegi luzeenetako bat (bederatzi ordu eta erdi irauten du). Bertako parkimetroek zerbitzu ona ematen diote erabiltzaileari. - Proba praktikoa: astegunean aparkatzea hiri gehienetan baino errazagoa izan zen: 9 minutu kostatu zen; larunbatean, berriz, minutu bakarra (Espainiako batez bestekoa, 9 minutu). Aparkatzeko denbora gainditua zuen ibilgailuen %6k bakarrik zeukaten isuna
- Donostia:
Zona urdinik garestienetako bat: 0,50 euro ordainduta ordu laurdena baizik ezin aparka daiteke eta euro bat ordainduz gero, 35 minutuz, erdialdean. Bada zona urdineko beste tarifa bat, baina beste hiri askotakoa baino garestiagoa da. Prezioak azken zazpi honetan %15 garestitu dira (KPI baino gutxiago). Ibilgailua erretiratzeko garabi zerbitzua biziki garestitu den arren (%63) oraindik batez bestekoaren azpitik dago (88 euro). Erdialdeko kaleetan TAO ordaindu behar da. Zona urdinean aparkatzeko tarte luzeena ordu eta erdia da, laburrenetako bat. Txartelen frogagirietan ez da agertzen informaziorik behinena. - Proba praktikoa: astegunean aparkatzea hiri gehienetan baino gehiago kostatzen da: hamasei minutu, batez beste (horren gainetik Granada bakarrik dabil). Behaturiko 200 ibilgailuetatik seik bakarrik zuten parkimetroak emaniko frogagirian adierazitako geraldia gainditua eta horietako bik isuna zeukaten
- Sevilla:
Zona urdinik merkeenetako bat: 0,50 euro ordainduta 52 minutuz aparka daiteke eta euro bat ordainduta, ordu eta erdia. Zona urdineko ordutegia zortzi ordukoa da (batez bestekoa, ia bederatzi). Gutxieneko tarifa batez bestekoaren ia bikoa da: 0,30 euro. Parkimetroek gabezia larriak agertzen dituzte kontserbazio eta garbitasun egoeran. Ibilgailua erretiratzeko garabi zerbitzua garestienetako bat da (107 euro). - Proba praktikoa: astegunean aparkatzea gainerako hirietan baino errazagoa izan zen: bi minutu kostatu zen; larunbatean, berriz, minutu bakarra (Espainiako batez bestekoa, 9 minutu). Behaturiko lau ibilgailutik batek, frogagirian adierazitako denbora gainditua zuen eta, horietatik, %12k bakarrik zeukaten isuna
- Valentzia:
Zona urdinik merkeenetako bat: 0,50 euro ordainduta 50 minutuz aparka daiteke eta euro bat ordainduta, 95 minutuz. Larunbat arratsaldean ere TAO zerbitzua martxan da. Valentziako parkimetroak dira diru xehea ematen duten bakarrak. Ibilgailua erretiratzeko garabi zerbitzua (146 euro, Espainiako garestienetako bat) %38 garestitu da (KPI, berriz, %25). - Proba praktikoa: astegunean aparkatzea gainerako hiri gehienetan baino errazagoa izan zen: bost minutu baizik ez zen kostatu; larunbatean, berriz, bi minutu. Aparkaldia gainditua zuten hamar autotik seik isuna zeukaten (azterturiko 18 hirietatik proportzio handiena)
- Valladolid:
0,50 euro ordainduta 50 minutuz aparka daiteke eta euro bat ordainduta, 78 minutuz. Garabi zerbitzua 86 euro kostatzen da. Aparkaldi luzeena bi ordukoa da, azterketako beste hamar hiritan bezala, eta gutxieneko tarifa Espainiako merkeenetako bat da (0,20 euro). Hiri honetako parkimetroek erabiltzaileari ematen dioten informazioa bikaintzat jo daiteke. - Proba praktikoa: zona urdinean aparkatu ahal izatea batez beste bederatzi minutu kostatu zen astegunean eta lau minutu soilik larunbatean. Zona urdinean aparkaturik zeuden 200 ibilgailu behatuen %9k gainditua zuen parkimetroaren agirian adierazitako denbora baina hamarretik bik bakarrik zeukaten isuna.
- Gasteiz:
Zona urdinik merkeenetako bat: 0,50 euro ordainduta 55 minutuz aparka daiteke eta 0,95 eurogatik, ordu eta erdia, baina tarifa hau azken zazpi honetan %53 garestitu da (KPI baino askoz ere gehiago). Araututako ordutegiak zortzi ordu bakarrik irauten du (batez bestekoak, bederatzi). Aparkaldi luzeena ordu eta erdia baizik ez da. Ibilgailua erretiratzeko garabi zerbitzua biziki garestitu da (%48) eta 88 euro kostatzen da. Euroko txanpona onartzen ez duten parkimetro bakarrak Gasteizkoak dira: gehien ordain daitekeena, ordu eta erdiz aparkatzearren, 0,95 euro da. - Proba praktikoa: aparkatu ahal izatea batez beste hamar minutu kostatu zen astegunean eta bederatzi baizik ez larunbatean (batez besteko nazionalarekin bat). Gasteizko zona urdinean aparkaturik zeuden 200 ibilgailu behatuen %15kk gainditua zuen parkimetroaren agirian adierazitako denbora baina automobil bakar batek zeukan isuna.
- Zaragoza:
Zona urdinik merkeenetako bat: 0,50 euro ordainduta 54 minutuz aparka daiteke eta euro bat ordainduz gero, ordubete eta 49 minutuz. Zenbat eta aparkaldi luzeagoa egin, orduan eta merkeago ateratzen da minutuko prezioa (honakoa bakana bada ere). Ibilgailua erretiratzeko garabi zerbitzua 88 euro kostatzen da. Araututako ordutegiak zortzi ordu bakarrik irauten du (batez bestekoak, bederatzi). Larunbatean ez dago TAO zerbitzua martxan, ezta goizean ere. Zona urdinean aparkatzeko tarte luzeena bi ordukoa da eta gutxieneko tarifa, berriz, merkeenetako bat (0,20 euro). Parkimetroek informazio bikaina ematen dute eta, gainera, minusbaliotasunik nozitzen duten pertsonentzat egokituak daude. - Proba praktikoa: astegunean aparkatu ahal izatea batez beste hamar minutu kostatu zen (batez besteko nazionala horixe da); larunbatean aparkaldi mugaturik Zaragozan ez dagoenez, hamazortzi minutu behar izan ziren plaza aurkitzeko. Zona urdinean aparkaturik zeuden 250 ibilgailu behatuen %28k gainditua zuen parkimetroaren agirian adierazitako denbora baina hirutik bik ez zeukaten isuna.
Zona urdinean aparkatzea, hitz gutxitan
- Zona urdineko ordurik garestiena: Bartzelonan autoa ordubetez aparkaturik uztea 2,30 euro kostatzen da.
- Merkeena, aitzitik: Murtzian ordubetea 0,50 euro kostatzen da.
- 0,50 euro ordainduta aparkaldi laburrena egiten den hiria: Bartzelona (14 minutu) eta Donostiako erdialdea (15 minutu).
- Euro batekin aparkaldi luzeena erosten den tokia: Zaragozan ordubete eta berrogeita hamar minutu, kasik.
- Zona urdinik garestiena, orokorki: Bartzelona, inondik ere.
- Merkeena, orokorki: Murtzia; ondotik Gasteiz, A Coruña eta Zaragoza.
- Azken urte hauetan zona urdina gehien garestitu duten hiriak: Madril (aparkatzea orain zazpi urte baino bi aldiz gehiago kostatzen da gaur), eta Bartzelona, Alacant eta Iruñea (%40 eta %70 igo dira tarifak; KPI, berriz, %25 garestitu da 2000-2007 aldian).
- Zona urdinetako tarifak gutxien altxa dituena: Logroñok, zazpi urte honetan %5 baizik ez du altxa prezioa.
- Zona urdinean baimendutako aparkaldi luzeena: Murtzia, bi ordu eta erdi.
- Laburrena: Bartzelona, ordubete baino ez. Logroño, Malaga, Donostia eta Gasteizen, aparkaldi luzeena ordu eta erdikoa da.
- Zona urdineko gutxieneko tarifa garestiena: Granadan 0,50 euro da gutxien ordaindu behar dena.
- Hiririk merkeenak: Murtzia eta Oviedon gutxieneko tarifa 0,15 euro da.
- Zona urdinean aparkatzeko denbora gehien eman den hiria: Granada, astegunean 26 minutu eta larunbatean 27 minutu, batez beste. Hurrengo txarrenak: Donostia (16 minutu), Kordoba (15 minutu) eta Madril eta Alacant (13 minutu)
- Zona urdinean, astegunean, aparkatzeko lekua gutxien kostatu zen hiria: Sevilla (bi minutu, batez beste); ondotik Bilbo, Iruñea eta Valentzia (5 minutu, batez beste).
- Aparkatzeko asmoa duen gidariarentzako larunbat abegitsuenak: A Coruña, Iruñea eta Sevillakoak (minutu bat baino ez, zona urdinean lekua topatzeko).
- Hiriren batean, aparkatzea astegunean baino gehiago kostatzen da larunbatean: Logroñon eta Zaragozan, hain zuzen. Granada eta Bilbon ia ez dago alderik astegunetik larunbatera.
- Hobekien kontserbatu diren parkimetroak: Bartzelona, Bilbo eta Iruñekoak.
- Egoera okerrenean daudenak: Granada, Logroño eta Malagakoak
- Parkimetroek diru xehea ematen dute: Valentzian bakarrik
- Parkimetro bitxienak: Bilbokoak. Erabiltzaileari autoaren matrikula apunta dezan agintzen diote, ordaindu baina baliatu ez den denborari dagokion diru-kopurua berreskuratzeko aukera ematen diote eta, gainera, telefono mugikorraren bidez ordaintzeko aukera ematen diote.
- Parkimetrorik deserosoenak: Gasteizkoek ez dute euroko txanpona onartzen eta A Coruña, Alacant eta Zaragozakoek, bi eurokoa. A Coruña, Kordoba, Granada eta Valentziako makinetan ezin daiteke isunik baliogabetu (dagokion zigorra, beti ere isuna baino txikiagoa, ordainduta ere.
- Ticketak baimendutako zuen denbora gainditua zuten auto gehien zeuden hirietako zona urdinak: Granadakoa (behaturiko ibilgailuen %39k gainditua zuen denbora hori), Alacantekoa (%30), Zaragozakoa (%28) eta Sevillakoa (%23).
- Denbora gainditua izatearren, isuna merezi baino ezarria ez zeukaten auto gehieneko hiria: Gasteiz, Alacant eta Iruñea (hamarretik bederatzi baino gehiago). Gertu-gertutik, Bilbo.
- Asteguneko ordutegi luzeeneko zona urdina: Madrilekoa (11 ordu); ondotik, Bilbo eta Iruñekoak (bederatzi ordu eta erdiko ordutegia).
- Astegunean ordutegi laburrena duten hiriak: A Coruña, Sevilla, Gasteiz eta Zaragoza (zortzi ordu baizik ez).
- Larunbatean: Bartzelonan, Valentzian eta Logroñon asteguneko ordutegia luzatzen da; konparatutako gainerako hirietan, goizean soilik dago indarrean sistema hori; Zaragozako zona urdinean, larunbatez ez da ordaindu behar.
- Zona urdinetik garabiak autoa kentzea garestien gertatzen den hiria (lehen eguneko atxikipen-tarifa barne): Alacant, Bartzelona, Madril eta Valentzia (120 eta 160 euro artean).
Kolore kontua: dena ez da zona urdin eta konparaketako taula
Zona urdinez gainera, lur gaineko hiri-aparkalekuak hainbat koloretako marrez mugatu eta arauturik daude. Sailkapena errotazio-mailaren (handi-handia, handia, ertaina edo apala) eta erabiltzailearen arabera (egoiliar, merkatari, bisitari, etc) aldatzen da.
- Zona berdea: errotazio apalekoa, alderdi edo auzategi horretan bizi direnentzat, bereziki. Aparkatzeko gehieneko denbora hemen zona urdinean baino luzeagoa da eta tarifak, noski, merkeagoak. Horrela gertatzen da A Coruña, Bartzelona, Bilbo, Granada, Oviedo, Iruñea eta Sevillan. Alacantek ere badauka zona berde bat baina, beste hirietakoak ez bezala, tarifa bat du goizean (1,50 euro bost ordutarako) eta beste bat arratsaldean (1,20 euro lau ordutarako).
- Zona laranja dago Sevilla, Iruñea eta Zaragozan. Hiriburu honetan, zona horretako kaleetan bizi direnentzat; Iruñean, zona laranjan bizi diren herritarrek ez ezik, merkatariek ere baliatzen ahal dute hori eta, ticketik erosi gabe, autoa aparka dezakete, Udalean urtean 44 euro ordainduta, bereizgarria erakutsiz gero. Sevillako zona laranja errotazio ertainekoa da eta bertan bizi direnek muga gabe aparka dezakete, prezio apaleko abonuak erosita.
- Zona gorria dago Iruñea, Granada eta Donostian (1): errotazio garaikoa izaki, urdina baino garestiagoa da. Zona gorriko kaleetan ibilgailua utzi nahi duenak ticketa berariazko parkimetroan erosi behar du.
(1) Donostia berezia da: araututako zonen sailkapena bertan indarrean dauden tarifen araberakoa da. Tarifa berezikoetan (zona gorria eta zona urdina) gehieneko aparkaldia ordu eta erdikoa da; zona gorria urdina baino garestiagoa da. Zona berdean (denetan merkeena) aparkaldi luzeena hiru, bost edo bederatzi ordukoa izan daiteke, segun eta zein kaletan dagoen. Egoiliarrek berariazko aparkalekuak dituzte, lerro zuri batez eta “R” batez adieraziak.
Erabiltzailea artatzea eta informatzea (1) | Parkimetroaren funtzionamendua (2) | Kontserbazio eta garbitasun egoera (3) | |
---|---|---|---|
A Coruña | Oso ongi | Gaizki | Oso ongi |
Alacant | Oso ongi | Egokia | Egokia |
Bartzelona | Bikain | Egokia | Bikain |
Bilbo | Bikain | Ongi | Bikain |
Kordoba | Ongi | Gaizki | Ongi |
Granada | Bikain | Gaizki | Ongi |
Logroño | Bikain | Egokia | Oso ongi |
Madril | Bikain | Egokia | Ongi |
Malaga | Oso ongi | Egokia | Oso gaizki |
Murtzia | Oso ongi | Egokia | Oso ongi |
Oviedo | Bikain | Egokia | Oso ongi |
Iruñea | Bikain | Egokia | Bikain |
Donostia | Oso ongi | Egokia | Oso ongi |
Sevilla | Bikain | Egokia | Gaizki |
Valentzia | Bikain | Egokia | Oso ongi |
Valladolid | Bikain | Egokia | Oso ongi |
Gasteiz | Oso ongi | Egokia | Oso ongi |
Zaragoza | Bikain | Egokia | Oso ongi |
Batez bestekoa | Oso ongi | Egokia | Oso ongi |
Irisgarri- tasuna (4) | Azken balo- razioa (5) | |
---|---|---|
A Coruña | Bikain | Ongi |
Alacant | Ongi | Ongi |
Bartzelona | Oso ongi | Oso ongi |
Bilbo | Egokia | Oso ongi |
Kordoba | Bikain | Egokia |
Granada | Gaizki | Erdipurdi |
Logroño | Oso gaizki | Erdipurdi |
Madril | Egokia | Ongi |
Malaga | Egokia | Erdipurdi |
Murtzia | Oso ongi | Oso ongi |
Oviedo | Oso ongi | Oso ongi |
Iruñea | Oso ongi | Oso ongi |
Donostia | Oso ongi | Oso ongi |
Sevilla | Oso ongi | Egokia |
Valentzia | Oso ongi | Oso ongi |
Valladolid | Oso ongi | Oso ongi |
Gasteiz | Oso ongi | Oso ongi |
Zaragoza | Bikain | Oso ongi |
Batez bestekoa | Ongi | Ongi |
(1) Erabiltzailea artatzea eta informatzea: zona urdineko seinaleztapenaz gainera, parkimetroetan ordaintzeko ordutegiaz, tarifez, sistema erabiltzeko argibideez eta ibilgailua utz daitekeen gehieneko denboraz informatzen den ere kontuan hartu da. Baita datu horiek zein hizkuntzatan agertzen diren eta agiri balioa duen txartelaren kalitatea ere.
(2) Parkimetroaren funtzionamendua: zuzen funtzionatzen duen, billeteak eta txanponak onartzen dituen, itzulketa ematen duen eta, ezarritako ordua baino lehenago ibilgailua kentzen denean, ordaindutako diruaren proportziozko partea berreskura daitekeen, makinan -diru-kopuru jakin bat ordainduta- isunak berehala baliogabe daitezkeen.
(3) Kontserbazio eta garbitasun egoera: parkimetroaren inguruaren eta makinen garbitasuna: zerbitzuari ez dagozkion eranskinak edo marrak dituzten, endekatuak edo kiskaliak dauden, makina modernoa den edo zahar itxura duen.
(4) IIrisgarritasuna: parkimetroaren kokapena, gurpildun aulkian doan pertsonak aurrez hurbiltzeko aukera daukan, botoiak eta arrakalak altuera irisgarrian edo espaloira begira dauden, besteak beste.
(5) Azken balorazioa: batez besteko kalifikazioa, lau atalak kontuan hartuta.
Por 30 minutu | Por 60 minutu | Por 90 minutu | Por 120 minutu | |
---|---|---|---|---|
A Coruña | 0,30 euro | 0,55 euro | 0,90 euro | 1,20 euro |
Alacant | 0,30 | 0,60 | 1,20 | 1,80 |
Bartzelona | 1,15 | 2,30 | 3,45 | 4,60 |
Bilbo | 0,40 | 1,00 | 1,60 | 2,50 |
Kordoba | 0,40 | 0,75 | 1,10 | 1,35 |
Granada | 0,50 | 0,80 | 1,20 | 1,60 |
Logroño | 0,30 | 0,60 | 1,50 | Ez da onartzen |
Madril | 0,40 | 1,00 | 1,55 | 2,55 |
Malaga | 0,35 | 1,15 | 1,70 | Ez da onartzen |
Murtzia | 0,15 | 0,50 | … | 1,35 |
Oviedo | … | 0,72 | … | 1,50 |
Iruñea | 0,50 | 1,00 | 1,50 | 2,00 |
Donostia | 0,50 | 1,00 | 1,45 | Ez da onartzen |
Sevilla | 0,30 | 0,60 | … | 1,30 |
Valentzia | 0,30 | 0,60 | 0,95 | 1,25 |
Valladolid | … | 0,60 | … | 1,40 |
Gasteiz | 0,25 | 0,55 | 0,95 | Ez da onartzen |
Zaragoza | … | 0,55 | … | 1,10 |
Batez bestekoa | 0,41 euro | 0,83 euro | 1,47 euro |
Gehieneko denbora (minututan) | Tarifa (eurotan) | |
---|---|---|
A Coruña | 120 minutu | 1,20 euro |
Alacant | 120 | 1,80 |
Bartzelona | 60 | 2,30 |
Bilbo | 120 | 2,50 |
Kordoba | 120 | 1,35 |
Granada | 120 | 1,60 |
Logroño | 90 | 1,50 |
Madril | 120 | 2,55 |
Malaga | 90 | 1,70 |
Murtzia | 150 | 2,40 |
Oviedo | 125 | 1,50 |
Iruñea | 120 | 2,00 |
Donostia | 90 | 1,45 |
Sevilla | 120 | 1,30 |
Valentzia | 120 | 1,25 |
Valladolid | 120 | 1,40 |
Gasteiz | 90 | 0,95 |
Zaragoza | 120 minutu | 1,10 euro |
Batez bestekoa | 112 minutu | 1,66 euro |
Ciudad | Gutxieneko tarifa (eurotan) |
Baimendutako aparkaldia (minututan) |
---|---|---|
A Coruña | 0,30 | 30 |
Alacant | 0,30 | 30 |
Bartzelona * | ||
Bilbo | 0,40 | 30 |
Kordoba | 0,20 | 16 |
Granada | 0,50 | 30 |
Logroño | 0,20 | 20 |
Madril | 0,25 | 20 |
Malaga | 0,35 | 30 |
Murtzia | 0,15 | 30 |
Oviedo | 0,15 | 13 |
Iruñea | 0,25 | 15 |
Donostia | 0,25 | 15 |
Sevilla | 0,30 | 35 |
Valentzia | 0,25 | 25 |
Valladolid | 0,20 | 20 |
Gasteiz | 0,25 | 30 |
Zaragoza | 0,20 | 20 |
Batez bestekoa | 0,26 euro | 24 minutu |
* Bartzelonan ez dago gutxieneko tarifarik; 5 zentimoko zatika funtzionatzen du sistemak.