Ordaindu nahi ez diren horien aurreko defentsa
Kontsumitzaileak ordaindu nahi ez dituen bankuko ordainagiriak itzul ditzake, horrela jokatzeko zergatia gorabehera, bankuari adieraziz gero. Izan ere, ordainagiria kontuan kargatu aurretik eta ondoren ere, atzera itzul dadin eskatzeko aukera dago. Printzipioz, behintzat, bankuak horretaz ez dizkio azalpenik eskatuko. Gerora arazorik ez izateko, hobe du ordainagiria emititu duen erakundearekin harremanetan sartu eta ez ordaintzea zergatik erabaki duen jakinaraztea. Erakunde horrek, nolanahi, zerbitzua adosturiko terminoetan ematen ari dela frogatzeko gauza bada, arazoak izan ditzake bezeroak: denetan ohikoena, bezero berankorren zerrendan agertzea.
Noiz itzul daitekeen bankuko ordainagiria
Egun, banku eta aurrezki kutxen bezeroen %80 baino gehiagok beren kontu korronteetan hainbat oinarrizko zerbitzuren ordainketa helbideratua dute: ura, argindarra, gasa, jabekideen komunitateko gastuak, autoaren edota etxebizitzaren asegurua, telefono finkoa eta mugikorra, etab. Aspaldi honetan, gainera, finantza erakundeak ugaldu izanak beste hamaikatxo zerbitzuren ordainketa ere horrela egitea ekarri du: hizkuntza- eta dantza-eskolak, gimnasioko hileko kuota, etc. Bezeroen artean harrera ezin hobea izan du banku-zerbitzu honek: formulak eskaintzen duen erosotasunak erakarrita, ez ohi dute kontuan izan ordainagirien helbideratzeak igorpena egiten duen erakundeak ezarritako ordaintze-epeetara mugatzea agintzen duela dela.
Halaz ere, emaniko zerbitzuarekin konforme ez dagoen guztietan bezeroak bankuari ordainagiria itzul dezan eska diezaioke. Erakunde jaulkitzaileak bere fakturari dagokion ordainagiriari igorri baino lehenago eta ondotik ere egin dezake, ordea. Espainiako bankuaren arautegiak ordainagiria epe arrunt (9 lanegun, zeinahi motiborengatik) edo aparteko epe batean (30 egun natural, helbideratzean akatsik hauteman bada edo kopuruarekin ados ez egotekotan) itzultzeko aukera ematen du.
Epe horiek gorabehera, ordainagirien itzulketa arautzean, erakunde bakoitzak bereak ezar ditzake. Espainiako banku handietan, adibidez, ordainagiria itzultzeko batez besteko epea 15 finkatu dute. Hortik aurrera, banketxeak ahaleginak egin ditzake ordainagiria jaulki duen erakundeak itzulketa onar dezan baina, eskuarki, itzultzen bada ere, 15 edo 30 igarotakoan egin bada, erakunde jaulkitzailek ordainagiriak kontuan kargatzen dute berriro.
Diru-kopuruari dagokiola, Helbideratzeengatiko Zorpetzeen Trukeari buruzko Itunak xedatua duenez, 30 eguneko epean itzul daitezkeen ordainagirien zenbatekoa gehienez ere 3.000 euro izango da. Itzulketa aurreneko bederatzi egunetan egiten bada, ostera, zenbatekoaren muga ez dago arautua. Inoiz, kontsumitzaile partikularren bati, adibidez, argindarraren hileko fakturagatik 100.000 eurotik gorako apuntea egin zaio baina, jakina, akats nabarmen hori egiaztaturik, horrelako ordainagiriak itzuli behar izan dira.
Arrazoizko eta arrazoi gabeko itzulketak
Itzulketa tramitatzen den guztietan erakundeek horren kausa eta diligentzia justifikatu behar dute. Horregatik, banku-bezeroari beti beti-beti eskatzen diote idatzizko agiririk (e-maila, faxa edo eskutitza): horren bitartez, baliogabetzea eskatzen duena erabiltzailea bera dela agertuko da. Bezeroaren ENAren kopia ere eskatzen dute banketxeek. Espainiako Bankuaren arabera, kudeaketan izan duten diligentzia eta, igorpen hori itzultzea gerta baledi, inolako erantzukizunik ez dutela ziurtatzeko balio duten egiaztagiri denak gorde behar dituzte erakunde guztiek.
Ordainagiri bat itzultzea, baina, noiz dago justifikatua? Bezeroak helbideratzean akatsa hauteman duenean edo zenbatekoarekin ados ez dagoenean ordainagiria itzultzea da ohikoena. Inoiz, hori erraz frogatzeko modukoa da, esate baterako, 30 euroren partez 300 kargatu dutenean.
Ordainagiria itzultzea justifikatua dago, era berean, erakunde jaulkitzaileak erabiltzaileari zerbitzurik ematen ez dionean. Horrela gertatzen da, adibidez, enpresa batek porrot egiten duenean baina bertako bezeroek hartu beharko lituzketen zerbitzuengatik kuotak ordaintzea itundua dutenean. Horren adibide ezaguna da Espainian Opening akademia erraldoiak utziriko hamaika kaltetuek nola ordaindu behar izan zituzten beren ordainagiriak, enpresak porrot egin eta, hortaz, zerbitzuak emateari utzi ondoren ere.
Kontratu bat haustea eskatu den arren, enpresak bezeroari baja emateari uko egitea ere helbideratutako ordainagiriak itzultzeko justifikazio egokia da. Aspaldi honetan horixe nozitu dute, batez ere, telefonia mugikor, Internet edo ADSL lineen bezeroek: honelakorik ez galtzeko era guztietako argudio eta aitzakiak erakutsi izan dituzte enpresa horiek eta, noski, kontratuei amaiera ez emateko ahalegin guztiak egin dituzte.
Ordainagiria itzultzea egoera jakin batzuetan ez legoke justifikaturik, aitzitik: kontua zorpekoa izatea, edo erabiltzaileak ez ordaintzeko arrazoi biribilik aurkitzeko gauza ez denean. Kontua zorpekoa denean, erakunde batzuek, ordainagirien itzulketa saihesteko, kargua beraiek onartzen dute, erabiltzaileak arazorik izan ez dezan. Halaz ere, a posteriori zigor latzak ezartzen dizkiote, kontua zenbaki gorritan uztearren. Printzipioz, behintzat, kontua saldorik gabe mantendu den bitartean ordainagiririk “geldiarazteko” ardura hartu badute %10 inguruko interesa aplikatzen dute banketxeek, mailegu-emaile gisa jardutearren. Horrez gainera, zorpekoa irekitzeko %2ko komisioa eta beste 12 euro ere (posizioen erreklamazioagatik) kobratu ohi dituzte.
Inola ere justifikaturik ez dagoen ordainagirien beste itzulketa bat erabiltzaile batzuek egin ohi dutena da: ordaintzaile berankor konpultsibo horiek, arrazoirik ez omen dagoen arren, zorrak ez ordaintzea erabakitzen dute behin eta berriz.
Ordainagiriak ez ordaintzearen ondorioak
Horrelakoak erabiltzaileak hiru hilabetez ordaintzen ez dituelako ez ohi da ezer (berezirik) gertatu. Hortik aurrera, berriz, oso litekeena da erakunde jaulkitzaileek zerbitzuak emateari uztea. Argindar-enpresak dira zorrotzen dihardutenak adiera honetan. Hirugarren ordainagiria itzulitakoan, argindarrik gabe uzten du bezeroa. Ur eta telefono enpresek gehixeago itxaroten dute baina, hori bai, ez ordaintzearren isuna ezartzen diote erabiltzaileari.
Hirugarren ordainagiria itzuli zaienean, gainera, zerbitzuak ematen dituen enpresak bezeroari eskutitza bidaltzen dio: bertan, zorrak ordain ditzan eskatzeaz gainera, hori berehala ez egitekotan, ordaintzaile berankorrenen zerrenda espainiar ezagunenetan (RAI eta ASNEF) agertuko dela ohartarazten dio.
Ordaintzaile berankorren erregistroan sartzearen eragozpenik latzena: kontsumitzaileri, bere izena zerrenda beltz horretan agertzen den bitartean, zeinahi eratako finantzaketa ukatu egingo zaio. Fitxategi horiek banku eta kutxa guztiek kontsultatzen dute, bezeroari hipoteka edo mailegu pertsonalik eman aurretik.
Bankuen ordainagiriak, ukiezinak
Bankuek, oro har, eskatzen zaizkien zerbitzu-enpresen era guztietako ordainagiriak itzultzen dituzte: argindar, ur, gas, telefono, aseguru eta gainerakoen ordainagiriak, kontsumitzaileak horrela nahi badu, bankuak itzultzeari ezin uko egin diezaioke. Baina banku-ordainketa batekin bezeroa ados ez badago, gauzak zeharo bestelakoak dira: banku eta aurrezki kutxek beren negozioari -komisioen kobrantza, adibidez, baita kontratuetan behar bezala zehazturik agertzen ez direnean ere- dagozkion ordainagiriak itzultzeari uko egin diezaiokete.
Urterik urte Espainiako Bankuaren aurrean kexu eta erreklamazio gehien sortarazten dituen motiboetako bat komisioen kobrantza da, hain zuzen. Bezero asko kexatzen da hipoteka garaia etorri baino lehenago edo erabat ezereztearren, kontratuetan horrelako tasarik agertzen ez bada ere. Ordainagiri horiek itzultzeari uko egiten diote bankuek eta, nahiz eta Espainiako Bankuak, azkenean, hori okerreko banka-praktika dela deliberatzen badu ere, bere erabakia loteslea ez denez, finantza erakundeak nahi bezala jarduten segi dezake.