Depresioa

Senda daiteke, izan gaitezen baikor

Espainian lau milioi pertsona baino gehiagok izan du bere bizitzan zehar depresioren bat.
1 otsaila de 1999

Senda daiteke, izan gaitezen baikor

Ia-ia epidemia dela esan daiteke: europarrentzat bihotzeko gaixotasunen atzetik depresioa da laneko bajen arrazoi nagusia. Eta ez da kasualitatea bereziki emakumeei eragiten dien gaixotasun gisa ikustea ere: emakumezkoen ia %70ak gutxienez depresio bat izango du bere bizitzan zehar. Nagusitasun honen lagungarri dira emakumearengan berezko diren zenbait faktore, sarritan depresioaren sintomak eragiten dituztenak, hala nola aldaketa hormonalak, menopausia edo erditzearen ondorengo aldia.

“Deprea” gertaera traumatiko edo esuztekoen (krisi exogenoen) erantzun gisa edo, besterik gabe, malenkonia erara ager daiteke, gauza guztiak gris bihurtzen eta apatiaz jazten dituen tristura eran. Tristezia horren zergatiak ez ditugu ezagutzen edo gure iraganean erabakigarri izan arren, sailkatu gabe eta izkutuan dauden arrazoi zehatzek eragiten du tristura (krisi endogenoa).

Depresioa era askotara ager daiteke, baina bada zenbait sintoma, elkarrekin eta batera agertuz gero depresio baten aurrean gaudela adierazten digutenak. Kutsu negatiboa izaten dute, baina ez dugu larregi arduratu behar: bizitza horrelakoxea da eta hala hartu beharra dago, naturaltasunez. Eta aurreiritzi eta beldurrik gabe aurre egin. Ikus ditzagun depresioa iragartzen diguten sintomok. Horietako bat baino gehiago ditugula ikusten badugu, aurrea hartu beharra dago, gure oreka eta ongizate emozionala jokoan baitaude.

Suminkortasuna: Ez dugu gure emotibitate negatiboa kontrolatzen eta edozerk haserrarazi ohi gaitu. Ingurukoek aldaketa antzematen dute gugan. Gure soziabilitatea eta jarrera eta portaerak ulertzeko normalean baino gaitasun txikiagoa izaten dugu. Bizitzako energia gutxitu egiten da eta interesa galtzen da ia gauza guztien aurrean. Alferkeria eta apatia nagusitzen dira gugan eta inmobilismoa egiten da egoeraren jabe. Motibaziorik gabe aurkitzen gara eta inork ez gaituela ulertzen sentitzen dugu. Ia ezerk ere ez du merezi, gure ustez. Loak gora-beherak ditu: gauerdian esnatu edo asko kostatzen zaigu loak hartzea. Egonezina dugu. Jateko gogoan ere aldaketak: itxuraz arrazoi jakinik gabe, aldatu egiten dira gure jateko ohiturak. Sexuaren eta maitasunaren aurrean axolagabe gaude: berdin zaigu, ez gaitu erakartzen. Ez gara gogoratzen maitasuna izeneko gauza bat badela (ezkontide, bikotekide edo familiarenganako maitasuna) eta sentsualitatea eta sexu-plazerra zer den ere ahaztu egin zaigu.

Errudun sentimentua eta norbere buruaren errukia: inguruan gertatzen den edozer gauza negatiboren aurrean, geure burua egiten dugu errudun. Gauzak ez ulertzea eta ezer ere ondo ez egitea leporatzen diogu geure buruari. Lanean kontzentratzeko eta etekina ateratzeko zailtasunak: geure bizitzarekiko kezka larri honek arreta osoa eskatzen digu. Ez dugu lanerako denborarik eta gaitasunik, eta are gutxiago depresiotik askatzeko ahalmenik. Norbere itxuraz axolarik ez: bat batean, dena itxurakeriaren zeremonia dela ohartzen gara eta ez dugu horretan parte hartu nahi. Hipokresia hutsa da guztia: maite nauenak berdin maite izango nau narrats samar ibilita ere. Gainera, “ez dut umorerik neure itxura hobetzen minutu batzuk galtzeko; badut zeregin eta zer pentsatu garrantzitsuagorik”.

Sintoma hauetako batzuk aldi berean ditugula ohartuz gero, depresioaren aurrean izango gara seguruenik. Psikologoarenera joan beharra dago. Edo, hasteko, hitz egin dezagun gure egoeraz depresioak izan dituen norbaitekin. Gainera, gai horri buruzko liburu asko dago eta atseginak izateaz gain, informazio egokia ematen dute.

Depresio motak

Batzuetan, modu ulertezinean iristen dira angustiaren sintomak, gauza traumatikorik gertatu gabe. Depresio endogenoa esan ohi zaio horri. Pertsona triste dago, bizitzaren aurrean malenkonia bizi du, baina ez daki zehazki zergatik. Hala ere, normalean egoera jakin baten ondoren gertatzen dira sintomak: laneko estresa, seme-alabek etxetik alde egitea, egoera mehatxugarri baten aurrean beldurra edo kezka bizi izatea, maite dugun norbaiten gaixotasuna edo heriotza, guraso, seme-alaba edo bikotekidearekin arazoak… Depresio erreaktibo edo exogenoak dira hauek.

Argi izan behar dugu: Depresio mota biak konplika daitezke eta garrantzitsuak dira. Izan ere, itxuraz kaltegarria ez den eta arrazoi jakinik gabe iritsi den malenkonia- edo tristura-krisi horren atzean arazo psikologiko garrantzitsuak izan daitezke. Ez dezagun pentsa gure tristura hau “gauzei buelta larregi ematen diegulako” denik. Pertsona batzuk gogoeta asko egiten dute, gure modus vivendiaren aurrean eta giza-harremanen inguruan buru-argi eta kritiko azaltzen dira, baina ez dira hala ere depresioan erortzen. Bakoitzari berea. Hilabeteetan edo urteetan zehar erori samar bagabiltza, ez dugu besterik gabe konformatu behar. Erabakiak hartu beharra dago gure bizitza-kalitatearen eta ingurukoenaren onerako.

Depresiokontrako botikak

Zenbait psikologoren artean fama txarra izan dute, batzuetan diagonostikorik egin barik eta gaixoarenganako arreta pertsonalizatu gabe eman izan direlako. Depresiokontrakoak medikuak eman behar ditu beti. Ez lituzkete beste profesional batzuek errezetatu behar eta ez ditugu lagun edo familiakoek gomendatu dizkigutelako edo geure kasa hartu behar. Sendagai hauek, bakarrik nahiz tratamendu psikologiko jakin batzuekin batera, oso eraginkor izan daitezke. Ez dago hartu gabe geratzeko arrazoirik. Buruko gaixotzat hartuko gaituzten beldurrez beharrezko direnean hauek hartzeari uko egitea txorakeria da. Depresioa gaixotasun bat da eta, zorionez, badu tratamendua. Sendagai hauek ezagutzen dituen espezialista baten eskuetan jartzen bagara, konfidantza osoa izan behar dugu beragan. Depresiokontrako eraginkor asko dago, baina kontuan izan dezagun beste hau ere:

Emaitzak ez dira berehalakoak. Odolean kontzentrazio maila jakin bat lortu behar dute eta eragina antzematen hasteko aste batzuk behar dira. Zenbait kasutan botika bat baino gehiagorekin aproba egin behar izaten du espezialistak, gaixoarentzat egokiena aurkitu arte. Botika hauek hartzeari ez zaio kolpetik utzi behar, hobekuntza begibistakoa izan arren. Hilabete batzuetako iraupena behar du gutxienez tratamenduak. Bestalde, efektu sekundarioak dituzte. Ager daitekeen sintoma-sorta sendagai hauen prospektuetan deskribatzen da (irakur itzazu). Baina ez zaitez sintomen zain egon, eta gutxiago antsietatez bizi, baliteke eta zuk horrelakorik ez izatea. Sintomarik ohikoenak arreta-mekanismoen gora-beherak eta libido-zailtasunak izaten dira. Beti bezala, kontsulta ezazu medikuarekin.

Depresioa: zer egin, botikak hartzeaz gain
  • Lehenik eta behin, onartu. Edozeini gerta dakioke, gauza arrunta baita. Ez gara deprimituta egotearen errudun. Depresioa ez da estigma soziala, gripea edo gastritisa bezain ohiko gaitza baizik.
  • Bigarrenik: profesional on baten laguntza eskatu. Psikoterapia, botikak edo tratamendu bateratua komeni den erabakiko du.
  • Ariketa fisikoa. Deprimituta dagoenaren joera naturala geldirik, ohean edo etxetik irten barik egotea da. Mugitzea, pasiatzea, kirola egitea gomendatzen da. Azken batean, bizirik gaudela sentitzea: izerditu, hotza, beroa, gosea edo egarria sentitu… Ariketa fisikoak distraitu egingo gaitu eta ongizate psikologikoa sentiarazten duten aldaketa fisiko-kimikoak sortarazten ditu garunetan.
  • Gustura lan egin. Egiten duguna egiten dugula, saia gaitezen ondo egiten. Senti dezagun ondo egindako lanaren poza.
  • Produktu toxikoak ebitatu. Tabakoak ez ditu nerbioak baretzen; aitzitik, depresioaren lagungarri dela dirudi. Alkohol larregi hartzeak eragin depresorea du nerbio sisteman. Medikuaren aginduz ez bada, ez botikarik hartu. Ezta drogarik ere. Depresioak irauten duen artean bizitza osasungarria egin (eta gero ere bai, ahaleginez).
  • Pentsamenduak kontrolatu. Polizoiak itsasontzian bezala sartu eta geure baitan bizi izaten jartzen dira: ardurak, obsesioak, ikuspegi negatiboa, aurreiritziak, oinarri gabeko susmoak… Adi egon behar dugu pentsamendu zentzugabe horiek harrapa ez gaitzaten. Batzuetan aski da pentsamenduok identifikatu eta horrelakoak izaten ditugula ohartzea.
  • Umore ona. Ikas ezazu, lehenik eta behin, zeure buruari barre egiten. Bizitzak badu alde ludiko, alai eta baikor bat. Bila ezazu.
  • Eguzkiaren argia oso lagungarri da. Saia zaitez logela, gela, bulegoa argitsu izaten. Argitasunak bizipoza ematen du. Irten zaitez kalera, naturara, mendira, hondartzara, eguzki bila.
  • Erlajazio-teknikak. Ikas itzazu profesional on batekin eta saiatu zure bizitzan aplikatzen.