Diskoteka eta dantzalekuak: 29 lokalen azterketa

Musikaren bolumena sobera eta segurtasuna falta

Diskoteka, taberna, diskopub eta dantzalekuak milaka gazteren babesleku bihurtzen dira asteburuetan, lagunekin denborapasako ordu batzuk eman, kopa batzuk hartu edo modako musikarekin dantzan egiteko.
1 otsaila de 1999
Img temap

Musikaren bolumena sobera eta segurtasuna falta

Musikadun lokal hauek, telebista, antolatutako bidaiak edo janari azkarra bezala, gure garaion ezaugarri bihurtu dira eta aisialdiaren kontsumitzaile gisa definitzen gaituzten joeren adierazgarri garbiak ditugu. CONSUMER aldizkariak, pasa den urteko azaro eta abenduko ostiral eta larunbat gauetan zehar, Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñea, Logroño, Santander eta Burgosko diskoteka ezagun eta jendetsuenen artetik hogeita hamar inguru aztertu ditu. Inguruetan bizi direnei lokal mota honek sortzen dizkien eragozpenei heldu eta izan ditzaketen segurtasun arazoak aztertzeaz gain, lokal horietan zegoen musikaren bolumena ere neurtu da azterketa honetan. Azken datu hori, musika kutsadura akustiko bihur daitekeelako eta arriskuaz jabetu gabe entzuten dutenen osasunean eragin kaltegarria izan dezakeelako. Zarata-maila handia dagoen lekuan luzaroan egoteak lesio degeneratiboak eragin ditzake belarrian eta entzumena galtzea ere ekar lezake, haserrekortasuna, neurosi depresiboa eta estresa eragiteaz gain. Hara txosten honen lehen ondorioa: bisitatu ditugun establezimenduen %80an musika altuegi zegoen, lokaleko batez besteko soinu-intentsitatea (barra, dantzaleku eta erreserbatu edo leku lasaiagoetako bolumenaren batazbesteko aritmetikoa) 90 dB (A) baino altuagoa baitzen; Osasunaren Mundu Erakundeak muga horretan jartzen du arrisku-atalasea.

Osasun arloko erakunde horrek ohartarazten du 90 dB (A) gaindituz gero arriskua nabarmena dela osasunarentzat, egonaldiaren eta soinu-inpaktu hori jasotzen duen pertsonaren arabera desberdina izan daitekeen arren. CONSUMERen ikerketatik beste konstatazio bat ere atera da, eta ez garrantzi gutxiagokoa: aztertutako dantzalekuen %75ak hutsuneak ditu segurtasun arloan (irteera eta larrialdietako ate batzuk barru aldera irekitzen dira edo ez dute seinaleztapen-argirik, bezeroen eskura suitzalgailu gutxi edo bat ere ez, lokala husteko zailtasunak…), larrialdi egoera batean arriskua areagotu egingo lukete hutsune horiek.

Ordu luzetan zehar soinu-bolumen handiegia pairatzeak osasunarentzat duen arriskura itzuliaz, lokalen %40an batez beste 96 dB (A) arteko baloreak edota handiagoak jaso ziren; maila horiek zuzenean arriskutsu dira eta osasun-agintarien eta leku horien erabiltzaileen artean gogoeta eskatzen du errealitate horrek.

Egoera asko aldatzen da hiri batetik bestera

Aztertutakoen artean, musikaren bolumenarekin abusurik handiena egiten duten diskotekak (96 dBko maila gainditzen dutelako “Oso gaizki” kalifikatu direnak) Logroñoko laurak, Donostiako lauretatik hiru, Bilboko bostetatik hiru eta Gasteiz eta Santanderreko lauretatik bat dira. Diskotekazaleen belarriak gehien errespetatzen dituzten diskotekak Burgos, Gasteiz eta Iruñeakoak dira.

Estatuan ez dago diskoteka edo antzekoen barruko zaratengatiko ingurugiro kutsadura xedatzen duen araudirik; urriaren 27ko 1316/1989 Errege Dekretua, lanaldian zehar zarataren aurrean langileak babesteari buruzkoa bakarrik dago eta honek 90 dB (A) ezartzen du gehienezko maila gomendagarri gisa. Europako arteztarau zenbaitek arautzen dituzte zaratak, baina inon ere ez da zehazten diskotekek bolumena zenbat dezibeliotaraino altxatu dezaketen. Udal ordenantzek lokal hauen kanpoko aldean onargarri diren soinu-mailak ezartzen dituzte, auzokoei eragozpenak ebitatzeko; baina horiek ere ez dute mugatzen diskoteketako bezeroek gozatzen-sufritzen duten bolumena. 29 diskoteketatik 6 baino ez dira (Gasteiz eta Iruñean bi, Santanderren bat eta Burgosen beste bat) lokal barruko batez besteko mailan 90 dB(A) gainditzen ez dutenak.

Gasteiz, Bilbo, Donostia, Iruñea, Logroño, Burgos eta Santander, Bartzelona, Valentzia, Alacant, Murtzia eta Castellóko diskoteka eta antzekoen inguruetan bizi diren 242 lagunen iritzia ere jaso du CONSUMERek. Inkestak egiaztatu egiten du auzokoen bizitza asko aldatzen dela, asteburuetan bereziki. Inkestatuen %85ak diskotekak eragindako eragozpenak jasaten dituela dio. Kexarik ohikoenak musikaren bolumena, kaleetako zikinkeria, jendearen garrasiak eta bezeroen autoen frenuek eta azeleratzeek eragindako hotsak dira. Bizilagunen erdiak dio diskotekako musika entzun egiten dela bere etxetik. Eta, hori baino txarragoa, hirutik batek dio zaratak ez diola gauez lorik egiten uzten. Urrutirago joanda, hamar inkestatutatik batek dio etxekoren batek insomnioa izan duela diskoteka dela eta. Lautik batek modu bateko edo besteko erreklamazio edo salaketa aurkeztu izan du arrazoi hau tarteko, poliziaren aurrean, udaletxean edo bietan (%12). Baina ekintza hori ere ez da eragingarria: erreklamazioa aurkeztu duten hamar lagunetik bederatzi ez da gustura geratu jasotako erantzunarekin.

Segurtasuna: asko hobe daiteke

Egia da diskotekek ez dutela normalean ezbeharrik sortzen, baina zerbait gertatukoan kaltetu ugari izan daiteke, une jakinetan jende-pilaketa handiak sortzen baitira eta sutea edo bestelako edozein larrialdi sortutakoan, zailtasunak izan daitezke lokala husteko. Aurrez esan dugun moduan, lau diskotekatatik hiruk punturen batean ez du betetzen lokal mota honentzat indarrean dagoen segurtasun-araudia (Ikuskizun Publiko eta Aisialdiko Ekintzen Arautegi Orokorra). Hutsunerik handienak irteera eta larrialdietarako ateetan aurkitu dira. Establezimenduen %55eko ate guztiek ez dute, irteteko unean jendea orientatzeko moduko ate gardenik; %27an diskotekaren kanpoko aldera irekitzen ez diren irteera eta larrialdiko ateak zeuden (“ateak kanpoko aldera irekiko dira…” arauak gogorarazten duenez) eta lokalen %13ak ez ditu ate guztietan seinaleztapen-argiak. Gainera, diskoteken %20an ez zegoen suitzalgailu edo tuturik jendeak ikusteko eta hartzeko moduan. Lokalen %24an larrialdi kasuan lokala hustutzeko zailtasunarekin erlazionatutako arazoak antzeman ziren. Bilbon, bisitatuko bost establezimenduetatik lautan detektatu da arazo hori: “Flash” lurpekoa da eta berrogei maila inguruko eskailera du irteteko; “Consorciok” ate bakarra du; “Kafe Antzokian” goiko solairutik sarrerarako eskailerak oso estuak dira eta “Congreson” goiko balkoia ia-ia xagu-zuloa izango litzateke larrildiren bat gertatuz gero. Gasteizen bi lokalek dituzte husteko zailtasun hauek: “Dreams” izenekoan eskailera asko jaitsi behar da lokalera sartzeko, lurpekoa baita eta “Aural” aretoan larrialdiko irteeretako bat oztopatu egiten da arropazaindegia handitzen dutenean. Azkenik, Donostiako “Bataplán” aretoan larrialdiko ateetako bat hesi batekin itxita zegoen.

Bestalde, honela dio Araudiak: “Lokaleko eskailera-maila bakoitzean seinaleztapen-argiak jarri beharko dira, larrialdiko argietara konektaturik…”. Aztertutako 29 lokaletatik 17tan eskailerak daude; hala ere, lau lokalek ez zituzten derrigorrezko argi horiek eskailera guztietan. Norbere irudia isladatzen dutelako lokaletik irtetea eragotz dezaketen ispiluak edo antzekoak: Logroñoko “Yo Qué sé” aretoan bakarrik aurkitu da horrelakorik. Segurtasun arloan hainbeste irregulartasun izan arren, lau lokaletatik batek bete egiten du araudia, CONSUMERek aztertutako puntu guztietan.

Zarata hainbat gunetan

Diskoteken %80an larregizkoa zen sonometroek jaso zuten batez besteko soinu-intentsitatea. Neurtu ziren hiru guneak (barra, dantzarako pista eta leku lasaiago edo erreserbatuak) banan-banan aztertzen baditugu, egoera etsigarria da. Logikoa denez, bolumen-mailarik altuena dantzarako pistakoa da: Santanderreko “Oh” eta Burgosko “Varadero” dira pistan 90 dBko maila gainditzen ez duten bakarrak. Dantzalekuen %80an 96 dB (A) baino gehiago atzeman zuten sonometroek. Logroñoko “Yo Qué Sé” dantzalekuan 118 dB(A) ere harrapatu ziren eta hiriburu bereko beste hirutan (“Palenke”, “Área 7” eta “Aural” izenekoetan) 116 dB(A) neurtu ziren dantzarako pistan.

Barran zarata gutxixeago zegoen

Aztertutako 29 aretoetatik sei 90 dBtik (A) behera zeuden, baina hamarrek gainditzen dute 96 dB (A)ko maila, hau da, musikaren bolumena nabarmen altuegia da, dantzarako baino elkarrizketarako eta musikaz gozatzeko pentsatuta dagoen leku horretan. Areto hauetako bezero askok txoko lasaiagoak maite dituzte. Dantzaleku gehienetan daude oihu egin beharrik gabe elkarrizketan egoteko txokoak. Hala ere, gune horiek ez dira sarritan nahi bezain goxoak: hiru lokaletik batean baino ez da 90 dB (A) gainditzen “gune babestu” hauetan ere. Burgosen bisitatu genituenak dira errukitsuenak: lau diskoteketan aurkitu dugu 90 dB (A) iristen ez den leku bat. Donostiako “Discóbolo” eta Santanderreko “El Cairo” aretoetan ez dago era horrelako txokorik.

Hirutik batek ez du ixteko ordutegia betetzen

Bizilagunen kexa eragiten duen arrazoi nagusia: diskotekek ez dutela betetzen araudiak ezartzen dien ordutegia. CONSUMEReko teknikariek 29 lokal horien ixteko ordutegia jakin zuten eta hirutik baten ixteko ordua (goizeko hirurak eta seiak bitartekoa) gainditu egiten zela egiaztatu zuten; “jendeak sartzen jarraitzen zuen”, diote. Gasteizen eta Logroñon lokal bakarra da ordutegia errespetatzen ez duena eta Bilbon eta Iruñean bi. Burgosen bakar batek ere ez zuen errespetatzen eta Donostia eta Santanderreko guztietan bete zen ezarritako ordutegia. Berariazko karteletan iragartzen ez zen kasuetan, establezimenduko langileek adierazitakoa hartu zen ixteko ordutzat.

Bestalde, txostenak argi uzten du diskoteka hauek ez dietela bezeroei behar adina informazio ematen: %80an ez zegoen larrialdi kasuetan jarraitu beharreko pausoak azaltzen dituen kartelik; beste %80k ez du lokalera sartu ahal izateko eskatzen den gutxieneko adina zehazten eta antzeko kopuruan ez da lokala ireki eta ixteko ordutegiaren berri ematen.

Zer kexa dute bizilagunek?
  • Bizilagunen %85a diskotekaren hurbiltasunaz da kexu.
  • Erdiak baino gehiagok dio etxetik diskotekako musika entzuten duela.
  • Hiru bizilagunetik bati loa eragozten dio musikaren bolumenak.
  • Hamarretik batek dio familiakoren batek osasun arazoak izan dituela diskotekaren eraginez (insomnioa batez ere).
  • Bestelako kexak: kaleetako zikinkeria (%79ak), jendearen oihuak (%78) eta autoen frenuen eta azeleratzearen hotsak (%53). Autoetako musikaren bolumenaz (%42) eta diskoteka inguruetako borrokez (%40) ere kexu dira.
  • Erreklamazioak: hamar bizilagunetik batek aurkeztu du erreklamazio edo salaketaren bat areto hauengatik, batez ere zarata eta iskanbilak direla eta.
  • Non erreklamatzen den: Erreklamazioa aurkeztu dutenen artetik %42ak Poliziaren aurrean egin du, %22ak Udalean eta %12ak bietan. Hamarretik ia bat diskotekako langileengana ere joan da kexatzera.
  • Erreklamatzeak ez du ia ezertarako balio: erreklamazioa egin dutenetatik %87 ez da erantzunarekin gustura geratu.
  • Eta hotsak ekiditeko etxean obrak egitea? Bizilagunen %15ak obrak egin behar izan ditu etxea isolatzeko. Ohikoena leihoak aldatu, isolamendu hobekoak ipini eta etxebizitzaren zorua insonorizatzea da eta garesti ateratzen da.
  • Delinkuentzia arazoak: hirutik batek uste du etxetik hurbil duen diskoteka edo disko-pub aretoak era horretako arazoak sortzen dituela. %16ak lapurretak aipatzen ditu, beste hainbestek droga trafikoa eta %15ak bandalismoa. %11ren ustez lokal hauek lagundu egiten dute gazteen arteko borrokak sortzen.

Fitxa teknikoa

  • Gasteiz, Bilbo, Donostia, Iruñea, Logroño, Burgos eta Santanderreko 29 diskoteka, disko-pub eta antzeko aretoetako musikaren soinu-maila neurtu zen. Ikuskizu Publiko eta Aisialdiko Ikuskizunen Arautegi Orokorrean (1982) jasotako araudia betetzen zela egiaztatu zen.
  • Azaroaren 27 eta abenduaren 18a bitartean, hiri bakoitzeko modako lau edo bost diskoteka edo disko-pub bisitatu zituzten teknikariek, soinu-intentsitatea neurtzen duten sonometroak hartuta; bisita guztiak larunbat eta igandetan egin ziren, goizaldeko ordubata eta seiak bitartean. Lokal bakoitzean dantzarako pistan, barran eta gunerik lasaienean neurtu zen musika-maila. Teknikaria 20 minutuz izan zen gune bakoitzean eta 10 neurketa egin zituen. Lokaleko gune bakoitzaren azken emaitza 10 neurketa horien batez bestekoa da.
  • Segurtasuna aztertzeko puntu hauek begiratu ziren: ateak zein aldetara irekitzen diren, ateetan zati gardenik baden, ate bakoitzaren seinaleztapen-argia, bezeroen begien bistan suitzalgailu edo/eta tuturik ba ote zen, irteeretan ispilu desegokirik bazegoen, eskailera-mailetako seinalestapen-argiak eta lokala hustu beharrik izanez gero zein arrisku zegoen.
  • Lokal bakoitzak ixteko ordutegia betetzen duen ere egiaztatu zen. Ordutegia iragartzen duen kartelik ez zegoen kasuetan, lokaleko langileren bati galdetu zitzaion ordutegia.
  • Gainera, diskoteka eta antzeko lokalen inguruetan bizi diren 241 bizilaguni elkarrizketa pertsonalak egin zitzaizkien etxean, Gasteiz, Bilbo, Donostia, Iruñea, Logroño, Burgos, Santander, Bartzelona, Valentzia, Alacant, Murtzia eta Castellón.
Bisitatu diren lokalak:
  • Gasteizen: Mana, Dreams, Aural eta Círculo.
  • Bilbon: Flash, Consorcio, Kafe Antzokia, Congreso eta Distrito 9.
  • Donostian: Bataplán, Kabusia, Rotonda eta Discóbolo.
  • Iruñean: Zona Límite, Sector, Reverendos eta Más y Más.
  • Santanderren: Pachá, El Cairo, Amarras (Hotel Santemar-ekoa) eta Oh.
  • Burgosen: Trastos, Kache, Varadero eta Bésame Mucho.
  • Logroñon: Palenke, Área 7, Aural, eta Yo Qué Sé.

Modako diskotekak, hiriz hiri eta konparaketako taula

Gasteiz

Musikaren bolumena: bigarren hiria onenen artean, Burgosen atzetik. Oso ondo “Aural” , ondo “Círculo”, erdipurdi “Maná”, eta oso gaizki “Dreams” aretoan.

Segurtasuna: Logroñorekin batera eta Iruñearen atzetik, bigarren onena. Antzeman diren irregulartasunak: hiru diskotekak ez dute zati gardena ate guztietan. Diskoteka batean ate bietako batek ez du seinaleztapen-argirik. Bitan begibistako arriskuak daude lokala hustu behar denerako: “Dreamsen” eskailera asko jaitsi behar da lokalera sartzeko; “Auralen” larrialdietarako ate bat oztopatzen da arropazaindegia handitzen denean.

Ixteko ordutegia: lauretatik batean ez da betetzen.

Bilbo:

Musikaren bolumena: okerrenetakoa. Oso gaizki “Distrito 9”, “Congreso” eta “Kafe Antzokia”. Gaizki “Consorcio” eta “Flash”.

Segurtasuna: erdi mailan geratzen da. Irregulartasunak: areto batean ate bakar batek ere ez du zati gardenik. Beste batean ate biak seinaleztapen-argirik gabeak dira. Bostetatik lautan eskailerak daude eta erdiek dituzte argitxoak. Lautan, begibistako arriskuak: “Flash” lurpean dago eta berrogei bat mailako eskailera du; “Consorciok” ate bakarra du; “Kafe Antzokian” goiko solairutik sarrerarako eskailerak oso estuak dira; “Congreson”, goiko balkoia xagu-zulo bihur daiteke lokala hustu behar izanez gero.

Ixteko ordutegia: bost lokaletatik bitan ez da betetzen.

Donostia

Musikaren bolumena: bigarren txarrena Logroñoren atzetik. Oso gazki “Bataplán”, “Kabusia” eta “Rotonda”. “Discóbolo” gaizki.

Segurtasuna: hiri guztietan txarrena. Irregulartasunak: lau lokaletatik hirutan (“Rotondan” izan ezik), ateak barrura irekitzen dira. Hirutan ate guztiek ez dute zati gardena. Lauetatik batean ez zegoen suitzalgailu edo tuturik bistan. Lokal batean obretako hesi batekin oztopaturik zegoen larrialdietako ate bat. Lau lokaletatik bitan eskailerak daude, baina bakarrak ditu seinaleztapen-argitxoak.

Ixteko ordutegia: Lokal guztiek betetzen dute ixteko ordutegia.

Iruñea

Musikaren bolumena: hirugarren onena Gasteizen atzetik. Ongi “Zona Límite” eta “Sector”, baina gaizki “Reverendos” eta “Más y Más”

Segurtasuna: hiri guztietan onena. Antzeman diren irregulartasunak: lau lokaletatik batean ateak barrura irekitzen dira. Iruñeako bi diskotekak ez dute zati gardenik ate guztietan. Areto batean lau atetatik bitan baino ez daude seinaleztapen-argiak. Aztertutako lau dantzalekuetatik hirutan eskailerak daude, baina batek ez ditu argitxoak eskailera-maila guztietan.

Ixteko ordutegia: Bisitatutako diskoteken erdiak ez du ixteko ordutegia betetzen.

Santander

Musikaren bolumena: erdi mailan geratzen da. Ongi “Oh”, baina “El Cairo”oso gaizki. “Pachá” eta “Amarras” aretoetan gaizki.

Segurtasuna: Bigarren okerrena. Antzeman diren irregulartasunak: lau lokaletatik bitan ateak barrura irekitzen dira. Diskoteketako bik ez dute ate guztietan zati gardena. Disko pub batek ez ditu seinaleztapen-argiak ate guztietan. Hiru lokaletan ez zegoen suitzalgailu edo/eta tuturik bistan.

Ixteko ordutegia: Lau lokaletan betetzen da ixteko ordutegia.

Burgos

Musikaren bolumena: orokorrean hiribururik onena. Oso gaizki “Varaderon”, erdipurdi “Trastos” eta “Bésame Mucho” aretoetan. Gaizki “Kachén”.

Segurtasuna: hirugarren onena Logroñoren atzetik. Antzemandako irregulartasunak: lau lokaletatik bitan ateak barrura irekitzen dira. Bi lokaletan ateek ez zuten zati gardenik. Bisitatutako lokalen erdiak ez zuen suitzalgailu edo/eta tuturik bistan.

Ixteko ordutegia: bisitatutako lokaletan batek ere ez du ixteko ordutegia errespetatzen.

Logroño

Musikaren bolumena: guztietan txarrena. Oso gaizki “Palenke”, “Área 7”, “Aural” eta “Yo Qué Sé”.

Segurtasuna: Gasteizekin batera eta Iruñearen atzetik, bigarren onena. Antzemandako irregulartasunak: lau lokaletatik hirutan zati gardena ez zuten ate guztiek. Bisitatutako lokaletatik batean (“Yo Qué Sé” aretoan) ispiluak zeuden irteeran.

Ixteko ordutegia: lau diskoteketako batean ez da errespetatzen ixteko ordua.