Adinekoen nazioarteko urte
Gaur egun sei milioi dira 60 urtetik gora pertsonak espainiar Estatuan eta 2010 urterako zazpi milioi eta erditik gora izango dira. Beraz, garrantzi demografiko izugarria hartuko duen kolektiboa da adinekoena. Eta logikoa litzateke gure gizartean bizitza ekonomiko, politiko eta kulturalean ere euren eragina areagotzea. CONSUMER aldizkariak hirurogei urteen mugan dauden edo muga hori pasata duten irakurle asko duenez, hilero orrialde hauetan bereziki eurentzat diren gaiak edo eurentzat egokituak (elikadura, osasuna, testamentuak, pentsio planak, bidaiak…) jorratzen ditu. Izan ere, guztiok kontsumitzaile izanagatik, eta jaki baten konposizioa edo autoaren aseguruaren prezioa jakitea edonori interesatu arren, zenbait gaik interes biziagoa sortzen du adin jakin bateko irakurleen artean. Baina hori ez da nahikoa. Gizarte mailako ekimen guztietan adinekoen nahiak sartzeko premia geure egin behar genuke (kostu ekonomikoetan eta agintari politiko eta gizarte agintarien pentsakeran horrek dakarren aldaketarekin). Hasteko, pentsioak eta eguneko zentro eta egoitzak hobetzeko konpromisoa hartu behar genuke; nahi duten adinekoentzat hezkuntza eta formazioarekin konprometitu eta, jakina, osasun-atentzioarekin eta gizarte ongizatearekin. Ezin dugu onartu zaharrak (zorionez) gero eta eroste-ahalmen handiago dutelako bakarrik baloratzea; hau da, kontsumitzaile gisa edo marketing aldetik bakarrik kontuan hartzea. Gizarte orok zor bat du bere zaharrekin; zerbaitegatik esaten da adinekoek jasotzen duten tratua dela herrialde baten garapen mailaren adierazgarririk bizi eta fidagarriena.
Guztiok prestatu behar dugu, gainera, geu hirugarren adinera iristen garenean baldintza ekonomiko egokietan, osasun fisiko eta emozional onean irits gaitezen. Zahartze aktiboa esaten diote adituek. Bestalde, adineko pertsonek zeregin garrantzitsuagoa izan behar dute euren ingurunean eta ekonomian: ezin dugu onartu erretiro garaia iristean pertsonei hain kolpetik errekonozimendu soziala eta komunitateko bizitzan duten eragina etetea. Belaunaldien arteko harremanak ere landu beharko ditugu: gazteen eta adinekoen arteko eguneroko hartu-emanak aberastasun kulturala dakar eta indartu egiten du gizarte-egitura. Agintari publikoek, euren aldetik, egokitu egin behar lituzkete enplegua, Gizarte Segurantza, osasun zerbitzuak, kontsumoko jokamoldeak eta abar, jaiotza-tasa baxua eta bizitza-itxaropenaren mailaren igoerarekin egunetik egunera zaharragoa den gizarte berri honetara. Azken batean, adin guztietakoentzako gizartea sortu beharko dugu.