Hementxe dugu urte-sasoi zuria
Nolanahi ere, gozatzeko aukerak ez dautza eskitegietan soilik: giroturiko igerilekuak, bizikleta edo lerak alokatzea, irristategiak, diskoteka, zentro termalak, zinema… Bide guztietatik saiatzen dira estazioak zaletua erakartzen eta, areago, ilunabarrean, elur-orduak amaitutakoan, gustuko atsedenaldia izan dezan. Bakarrik, familian edo lagunartean joanik ere, ongi pasatzeko aukerak amaigabeak dira. Estatu espainoleko estazioek 1997 urtean, batik bat eski alpinoan aritzera bilduriko bost milioi bisitariri zabaldu zizkieten ateak. Espainiak 28 estazio eta balizaz hornituriko 709 pista ditu eskaintzan, denera 767 kilometroko ibilbidea osatuz. Iraupen-eskia nahiago duenak, berriz, 15 estazio konbentzionaletan eta beste 17 berariazkotan aurkituko du non ibilia, guztira balizaz adieraziriko 450 kilometroko bidea egiteko daudela; hauek, zapaldu gabeko elurretan barrena doazenak baino seguruagoak dira eskarmentu handia ez duen eskiatzailearentzat.
Andorrak (5 estazio) eta Frantziak (300 baino gehiago) eskaintza zabala osatzen dute Pirinioez beste aldean eta ohiko helmuga dira dagoeneko elurzaleentzat. Teleaulkia, teleskia edo telekabina har dezake zaletuak gora igotzeko modu errazean. Txosten honetan agertzen diren 40 eski-estazioetako eguneko forfaiten prezioak Leitariegosen (Leon) ordaintzen diren 1.900 pezetetatik Baqueira-Bereteko 4.400 pezetetaraino doaz. Egun batzuetako bidaia, forfait eta lojamendua jasotzen dituzten “bildumak” eskaini ohi dituzte bidai agentziek.
Prezioak nonahi garesti diren arren (eskia ez baita ekonomia apalekoek goza dezaketen kirola), urte-sasoi eta lojamendu-motaren arabera alde handiak daude, toki batetik bestera. Laguneko hogei bat mila pezeta ordaindurik, “asteburu zuria” eman dezakezu, garraioaren, lojamenduaren eta igogailu mekanikoen kostua barne. Tresneria, janzkera eta osagarriak ere jaso behar dira kontutan, patrika estutzeko unean. Baina ekiporik hoberena ez dago osorik aseguru on bat gabe: eskia, osasunarentzat kirol mesedegarri izan arren, istripu-iturri da maiz. Neguko Kirolen Espainiako Federazioko (FEDI) Tarjeta urtean 6.000 pezeta kostatzen da eta, horren truk, istripurik gertatzekotan, mundu osoan estaldura eta gerorako asistentzia ere eskaintzen dio erabiltzaileari, jarraipena eman behar izanez gero. Egun bakar bat edo gehiagotarako asegurua ere egin dezake inoiz edo behin doan eskiatzaileak: 250 pezetatik 2.600 bitarte dabiltza horien prezioak, iraupen eta herrialdeen arabera. Beste alde batetik, eskian estrainekoz hasteko garaian merezi du profesionalek ematen dituzten klaseetan matrikulatzea; baina jardunari ere bere teknika hobetzeko ez zaio gaizki etorriko, tarteka edo sasoiaren hastapenetan, eskolaren bat hartzea.
Eski alpinoko mundu zuria
Txosten honetan aipatzen diren zentroetatik garrantzitsuenak, eskiatzeko barrutiei goazkiela, St. Lary-Soulan (Pirinio frantziarra), Pas de la Casa-Grau Roig (Andorra) eta Baqueira-Beret (Kataluniako Pirinioa) dira, 100, 88 eta 77 kilometroko pistak dituztela. Kataluniako (4.400 pezeta) eta Andorrako (4.100 pezeta) estazioak, Formigalekin batera (4.000 pezeta, Pirinio Aragoarrean) dabiltza garestienen artean, helduen eguneko forfaitetan. Halaz ere, igogailuen eta pista-kilometroen kopurua kontuan izanik, horietako edozeinetan eskiatzea Leitariegosen (Leon) baino merkeago gertatuko zaigu; azken estazio horretako prezioa 1.900 pezeta baizik ez dela ere, 6 igogailu eta bost bat kilometroko pista ditu, guztira. Estazioren batek, erabiltzailearen adinaren arabera xedatzen ditu prezioak: 12 urtetik beherako haurrei eta 65 urtetik aurrerako helduei %50erainoko deskontuak egiten zaizkie toki batzuetan. Lau urtetik sei urte bitarteko umeak ez du ordaintzen estazio zenbaitetan eta tarifak, bestetan, murriztu egiten dira, jardunaldi erdian bakarrik aritzeko edo egun bat baino gehiagotan ibiltzeko txartelak hartzen direnean. Cerler, Panticosa, Baqueira, Espot eta Sierra Nevada (Espainian), Arinsal (Andorran), eta Cauterets (Frantzian) ditu eskarmentu luzeko eskiatzaileak -abiadaren zaleak, bereziki- tamainako estazioak, goreneko kotatik beherainoko desmaila 1.000 metro baino gehiagokoa baita. Hasi berriak eta eskiatzaile lasaiak egokiago izango ditu 400 bat metroko desmaila duten pistak, hala nola Cabeza de Manzaneda, Leitariegos, Vall de Nuria edota Alto Campoo. Elurra ziur egongo dela bermatzeko unean, estazioen goratasuna funtsezkoa da baina, elurrik ez izatekotan, kainoiek ekoiztuko dute erruz. Font Romeu-Pirénées 2.000 izenekoa (460 kainoi dituela), Baqueira-Beret (357 ale), eta Pas de la Casa (323) dira kainoi gehien eta, horrenbestez, artifizialki ekoizturiko elurrez estalitako pista-kilometro gehien dituzten eski-estazioak.
“Elurretako surfa” ere deritzon snowboard kirol berria du gazte-jendeak indarreko kirol negutiarra. Eskiatzaileek darabiltzaten pista berak baliatzen dituzten arren, estazio batzuek -San Isidro, Astun, Baqueira, Sierra Nevada edo Pas de la Casa, adibidez-badituzte half-pipean berariaz aritzeko pistak, elurretako surflari horientzat aproposak. Eski ipartar edo iraupenekoa da beste alternatiba bat, merke (igogailurik ez da ordaindu behar, horrelakorik ez baita erabiltzen) eta lasaiagoa. Patxadan jarduteko kirol segurua praktikatu nahi duenak neurri-neurrikoa du eski-mota hau, estazioetako burrunda, masifikazio eta samaldetatik aparte. Bestetik, pistetara iristeko igogailuak hartzean jasan ohi diren jende-ilada amaigabeak ere ez dira nozitzen iraupen-eskian. Eski-mota honetan aritzeko ez da behar berealdiko egoera fisikoa: baldintza minimo batzuen jabe izanik, edonor ibil daiteke eski ipartarrean, istripu-indize apal-apala baitu eskiera honek eta, beste alderditik, koordinazioa, erreflexuak eta ahalegin aerobikoa biltzen ditu. Eski-plegu honi arrakasta Eskandinavia eta Erdialdeko Europan bereziki aitortzen zaion arren, Estatuko 456 kilometro balizatuetan barrena irristatzen diren zaletuak geroz eta ugariago dira. Iraupen-eskian aritzeko ibilbide luzeenak Candanchun (Huesca) eta Sant Joan de L’Ermen (Lleida) daude, bakoitzak 35 kilometro dituela; Cerler eta Llanos del Hospitalen (Huesca) eta Aransan (Lleida), 30 kilometrorekin. Nafarroan, Belaguak (24 km) eta Abodik (25 km) ere ibilbide dezente luzeak dituzte.
Honelako kirol baten teknika ongi ikastea funtsezkoa da, istripuak eta lesioak maiz gertatzen baitira, halaz ere. Ikasteak berez agintzen duen ezinbesteko disziplinari itzuri nahi diotenak damutu egiten dira maiz: nork bere kabuz ikasita, nolabaiteko estilo eta maila erakuts dezakeen arren, jardueran hobetzea eragozten dioten gabeziak agertuko ditu noiznahi eta, are eta larriagoa, irakasleekin jardunek baino segurtasun urriago nozituko du, eskiatzaileari lehen edo geroago baldintzak okertzen zaizkionean, bereziki: ekaitzak, pista bihurriak, galerak… Elurretako kirol honetan hasi eta jarduniko lagunengandik aurreneko eskolak hartzea ohikoena bada ere, espezializaturiko profesionalek emaniko ikastaroetan izenematea da irtenbide egokiena. Estazio guztietan daude eski-eskolak, eskiatzailearen beharrak asetzeko giza eta pedagogi baliabideez aski hornituak. Klaseak bana-banakoak edo kolektiboak izaten dira, erabiltzaileak aukera dezakeelarik: trebezia handikoa ez bada, hoberena pare bat klase indibidual hartzea izango du, seguruenik. Merkerik ez da, inondik ere, baina merezi du. Ordubeteko eskola indibiduala 3.500 eta 4.000 pezeta bitartean kostatzen da, batenaz beste; bi orduko klase kolektiboa, berriz, 1.900 pezetaz lor daiteke, laguneko. Aukerarik aproposena -ahal dugun neurrian- aste osoa ikasteari eskaintzea da. Bost egunetan, egunean hiru orduz, ematen den ikastaro kolektiboa 8.000 eta 15.000 pezeta bitartean kostatzen da (500 eta 1.000 pezeta orduko), estazioaren eta sasoiaren arabera. Prezio hauek eski alpinoari, ipartarrari zein snowboard-ari, hein berean, aplika dakizkieke. Eskolak hartzea mesedegarria gertatzen da beti, eski ipartarrean aiseago ikasten bada ere. Ez ahantzi, dena den, gabezia teknikoak lesio fisikoekin ordaintzen direla maiz.
Ekipoa
Eskiatzeko ekipo batetik bestera sekulako kostu-aldeak daude, erostunak zaletasun, gustu eta maila guztien araberako genero-aukera duelarik. Eski alpinoan aritzeko bota, eski, estekadura eta makuluez hornitzea 55.000 eta 185.000 pezeta bitartean kosta dakizuke. Snowboard-zaleak merkeagoa du hornidura: 50.000tik 100.000 pezetara artekoa; iraupen-eskia praktikatzea baldin bada kontua, prezioak 30.000 pezetaraino jaitsiko dira. Eskiak erosteko unean, eskiatzaile gisa geure buruaren maila kontuan hartzea eta eskiak nola erabili behar diren pentsatzea da garrantzizkoena. Hasberrientzako eskiek arinak behar dute izan, maneiagarriak. Taulak botekin lotuko dituzten estekadurak aukeratzean gogoan izan behar dira erabiltzailearen pisua, adina, prestakuntza fisikoa eta eskiatze-maila. Esan beharrik ez: ez ahantzi inola ere diru-ahalmena. Botak hautatzerakoan oinarrizko kontua da erosoak izatea, alboetatik zurrunak, aurre-atzetik malguak eta orkatila zein oinari zuzen egokitzea. Material eta tresna hauek estazioetan bertan aloka daitezke: jokaera horixe du hasberriak egokiena, horrenbeste gauza bat-batean erostea biziki garestia delako.
Eski-ekipo osoa egun batez alokatzea 1.200 eta 2.500 pezeta bitartean aterako zaizu. Bigarren eskuko merkatua ere indarrean jarri da, klub- eta federazio-giroetan batez ere. Berotzeko arropa, berriz, erosi edo beste norbaiti eskatu behar zaio, alokatu ez baita egiten. Janzkerak hotza galarazi behar du, gorputzeko beroari eutsita, eta erabiltzaileak eroso ibili behar du, batez ere. Anoraka zein galtza transpiragarri eta inpermeablea izatea komeni da orobat. Eguzkitarako betaurrekoak ezinbestekoak dira, jasotzen duen radiazioaren %85a isladatzen baitu elurrak. Haizearen kontrako berariazko betaurrekoak edukitzea ere mesedegarri gerta dakizuke: eguzkitarakoak alfer-alferrikakoak izango dituzu eguraldi kaskarrarekin, lurrindu egiten dira eta, gainera, elurra begietara sartzerik galarazten ez dutelako; honela ikusmena izugarri gutxitzen denez, erosotasun eta segurtasun-galera nozitzen dugu eskiatzean. Eskularru, betaurreko eta arroparen prezioa, denak batera, 35.000 eta 125.000 pezeta bitartean ibil daiteke.
Segurtasunak agindurik, arau batzuk bete behar
- Ibili arreta biziz, errespeta itzazu gainontzeko eskiatzaileak. Trauskilenak ere badu eskiatzeko eskubidea. Denak izan ginen baldar noiz edo noiz: orduan, hasberriengana begirunea agertu eta beren mugak halakotzat jotzen zituzten eskiatzaile jardunak topatzea gustatzen zitzaigun guri.
- Ez ibili zeure ahalmenen gainetik. Aritu beharreko pistez informazioa eskuratu behar duzu aurrenik. Eraman beti gainean pisten planoa eta begira iezaiozu, igogailua lehendabiziko aldiz hartu aurretik. Era honetan, atsekabeak eta kezkak saihestuko dituzu.
- Bidegurutzean edo pista batean sartu aurretik, begira arretaz ezker-eskuinetara.
- Beste eskiatzaile bat aurreratu behar duzunean, utzi segurtasun-tartea.
- Ez gelditu pistaren erdian, toki estuetan edo ikusgaitzetan. Erortzen bazara, utzi libre pista lehenbailehen.
- Oinez igo edo jaitsi behar baduzu, zoaz pista-albotik.
- Bete ezazu estazioko langileek, seinaleek eta adierazpenek agindutakoa.
- Istripurik izatekotan, lagundu beti horren premian dagoenari (kontu handiz, beste eskiatzaile batek harrapa zaitzake eta).
- Jakinarazi arduradunei pistetan hauteman dituzun balizko istripu-zergatiak.
- Ez ibili lehian, itzulipurdika edo ariketa arriskutsuak eginez, horretarako egokiak ez diren aldeetan. Zeure buruaren segurtasuna ez ezik, beste eskiatzaileena ere arriskutan legoke.
- Begiratu natura. Eski-estazio bat pribilegiozko barrutia denez, erabiltzaile eta kirolari zaren aldetik saia zaitez ingurugiroan duzun eragina ahalik eta txikiena izan dadin.
Kirol osasuntsua, arretaz praktikatuz gero
Ariketa osoa da eskia. Ingurune osasuntsuan praktikatzen denez, bai osasun fisikoari, bai ongizate psikologikoari mesedegarri gertatzen zaie. Kirol honetan, halaz ere, istripu eta lesioak gertatzen dira, praktikatzen den inguramenduaren –azalera inklinatu irristagarria, eguraldi hotza– eta erabiltzen den berariazko materialaren ondorioz.
Osasunarentzat mesedegarri:
- Eskia praktikatzen den eskualdeko goitasunak (2.000 metro ingurukoa) globulu zuri eta gorrien kopurua ugaldu egiten du, organismoaren defentsak ere areagotuz.
- Mendiko aire garbiak organismoaren oxigenazioa erraztu egiten du.
- Eguzkiak, D bitaminaren ekoizpena sustatu eta, ondorioz, rakitismo eta osteoporosia prebenitzen ditu. Larruazalean erredurarik gerta ez dadin, ordea, arretaz jardun behar da.
- Bero eta hotzaren ondorioz geruza epidermiko baskularrak eraginean aritzen diren bitartean, deskongestioa errazten da, gora-behera horiek birsortzaile epitelial gisa baitihardute.
- Iraupen-eskiak erresistentzia fisikoa areagotu eta etekin kardiobaskularra hobetzen du.
Lesio ohikoenak
- Belauna: alderdirik ahulena da, etengabe tolesturik baitoa eta, gainera, norabide-aldaketa gogorrak eragiten dituelako. Lesioen %87a menisko eta lotailuen okerdurak izaten dira.
- Hatz lodia: esgintzeak, makulua loturik edukita erortzean. Tendiniti eta artritiak hatz lodien barrualdean hatzok makuluetan eragiten duten presioaren ondorioz.
- Burua: erori edo talka egitean hartzen dira kolpeak. Lesioen %33a zauriak dira eta %28a, berriz, kontusioak.
- Bizkarra: oinazeak gehiegizko kargagatik. Lesioen %38a luxazioak dira.
- Ukondoa: tendinitiak, gehiegizko kargagatik.
Helburua, istripurik ez gertatzea
- Egin, aurretiaz, beroketa-ariketak.
- Eskiatzeko era eta abiadura egokitu behar dituzu zeure ahalmenetara eta elur, pista, eguraldi eta abarretara.
- Ez ibili bakarrik, ez pistetatik kanpo edo tarte itxietan ere.
- Matrikulatu ikastaro batean, oinarri teknikoez behar bezain ongi jabe zaitezen: horrela, lesio-arriskua areagotzen duten akats gutxiago izango duzu. Behar ez bezalako belaun-tolesturak lotailuen esgintzea eragin dezake.
- Zeure eskiatzaile-mailaren, estaturaren eta pisuaren arabera aukeratu behar duzu ekipoa. Eduki egoera onean. Hasberria bazara, aloka ezazu materiala. Eraman kirol-mota honen araberako janzkera erosoa.
- Babestu larruazal eta begiak haize eta eguzkitatik. Erabili babespen-faktore garaiko kremak eta betaurrekoak, are eguraldi hodeitsuan ere.
- Jan egokiro. Azukre eta karbohidrato ugariko dietak aski energiaz hornituko zaitu eta, gainera, geroago minbera eta karranparik ez duzu nozituko. Edan likido ugari.
- Hartu atsedena, indarrak suspertzeko behar den guztietan.
- Alkohola ez da edari egokia, ez mesedegarria, unean bertan beroketa ekartzen duen arren. Metabolismo muskularra kaltetu, erreflexuak moteldu eta erreakzionatzeko gaitasuna gutxitzen du alkoholak.