Ebakuntza ala gimnasia?
Sorbaldarekin batera, mugikortasunik handieneko artikulazioa da mokorra. Lotailu, muskulu eta tendoiek indartzen dute eta funtsezko eginkizuna du, ibili eta korrika egin nahi salto egiteko ezinbesteko izateaz gain, gure gorputzaren pisuari eusten baitio. Mokorrak katedraletako arbotanteen antzeko diseinua du eta izterrezurraren buruan egitura fin bat dago, kargak uniformeki banatu eta tentsioei eusten diena.
Artikulazioak alineazioan akatsak dituelako tentsioak orekatuta banatzen ez direnean eta femur-buruko gune edo punturen batek pisu larregi jasaten badu, artrosia bezalako prozesu degeneratzaileak sortzeko baldintza egokiak gertatzen dira. Mokorraren kasuan koxartrosia esaten zaio. Eskeletoa gaizki lerrokatuta izatearen ondorioz punturen batek presio larregi jasan dezake eta horrela, artikulazioko kartilagoak hausturak izan, haustura mikroskopikoak hasieran, eta gerora artrosiaren sorrera ekartzen dutenak.
Baina badira beste faktore batzuk ere: pisu larregia edo traumatismo, infekzio, gora-behera metaboliko, hanturazko prozesu zein prozesu endokrinoen eraginez artikulazioko kartilagoa kaltetzea. Arrazoi jakinik gabe ere ager daiteke artrosia. Mokorrekoa sarri agertu ohi da 40 edo 50 urte inguruko pertsonen artean eta berdintsu agertzen da gizonezko eta emakumezkoen artean; minbera da eta alde bietakoa sarritan. Urteak pasa ahala areagotu egiten da. Mokor edo aldakako artrosiak bilakaera txarra izan ohi du eta okerrarako eta ezintasunera iristeko joera izaten du. Lehen mailako artrosietan (bestelako anomaliarik gabe agertzen direnetan), bilakaera nahiko ona izan daiteke eta sarritan ez da tratamendu kirurgikorik behar izaten. Baina zenbait artrositan oso azkar kaltetzen da femurraren burua eta ebakuntza beharrezko izaten da halakoetan.
Sintomarik arruntenak mina, gogortasun eta ezintasuna dira; bestela esanda, muga funtzionalak. Mina oso garaiz hasten da eta hasiera batean mugitzerakoan bakarrik izaten bada ere, gero geldian ere mina izaten da. Ipurmasailean, izterraren kanpoko aldean edo izterrondoan ager daiteke mina, baita belaunean ere; azalpenik gabeko belauneko mina mokorreko gaitzak eragiten du sarritan. Muga funtzionalak ere azaltzen dira, mugimenduaren perimetroa txikitu egiten da eta eskailerak igotzeko zailtasunak sortu edo galtzerdiak jantzi nahiz oinetakoak lotzeko arazoak izaten dira. Ondoren, herrena agertzen da, oso ibilkera tipikoa: kaltetuta dagoen aldera mugitzen da gorputza mokor kaltetuan indarra egitean. Kasu askotan ez dira bat etortzen erradiografiek erakusten dutena eta mina. Hau da, baliteke erradiografietan artrosia agertu eta pertsonak ia molestiarik ez izatea. Edo alderantziz.
Arrazoi ugari dago
Artrosia ez den beste arrazoiren batengatik ere sufri dezake mokorrak. Koxitisa izeneko hanturazko prozesua erreumatismo orokorraren sintoma gisa ager daiteke, artritis erreumatoidea edo espandilartritis ankilosatzailea bezala.
Femur-buruaren nekrosi aseptikoa femur-burua suntsitzen duen prozesua da eta artrosiaren antzeko sintomak ditu, zergatia ezberdina izan arren. Gaitz honen jatorria ez da oraindik ezagutzen, baina ohikoagoa da alkohol larregi edaten duten edo kortikoide dosi handiak hartu dituzten 40 eta 60 urte bitarteko gizonezkoen artean.
Mokorreko periartritisak ere izaten ditu artrosiarekin nahasteko moduko sintomak. Artikulazioa, giharrak, tendoiak eta batez ere tendoi eta giharreen labaintze egokia segurtatzen duten poltsa serosoak inguratzen dituzten atal bigunak inflamatzen direnean mina sortzen da ipurmasailaren kanpoko aldean eta izterrean. Azaldutako guztiarengatik, mokorra minbera dagoenean edo izterraren kanpoko aldean edo inguruetan minik izanez gero, zergatia identifikatu beharra dago, tratamendurik egokiena aurkitzeko.
Mokorreko artrosiari aurre egiteko
Tratamenduaren helburua mina gutxitzea eta mugikortasunari eta muskulaturari eustea da. Mina gutxitu dadin antiinflamatorioetara jotzea izaten da onena, baina medikuaren kontrolpean egin behar da beti, zenbait arazo sor baitezakete. Artikulazioa arintzeko makila erabiltzea gomendatzen da, kaltetuta ez dagoen aldean, alde “onean”.
Ikasi egin beharko dugu bastoiarekin ibiltzen: heldulekua mokorraren parean jarrita, ukondoa 20 gradu inguru flexionatuko dugu. Ispiluaren aurrean ibiltzea modu ona da egoki ibiltzen ikasteko. Ahalik eta tenteen ibiltzen saiatuko gara eta izterra atzeruntz luzatuko dugu, oinak lurretik ondo jasoz, arrastaka eraman gabe.
Mokorreko gaitza duenak eguna hastean lotuta eta gogortuta sentitu ohi du gorputza. Horixe da unerik egokiena tentsio eta estiramentuko ariketak egiteko (B taula). Baina kondilo edo zulo-tarteko protesia dutenek ez dituzte ariketa hauek egin behar, ezta mokorreko displasia dutenek ere. Ez dugu jarleku baxurik eta besaulki bigunik erabiliko. Jarlekutik zutitzeko edo esertzeko, gorputza aurreruntz botatzea komeni da, eskuak jarlekuan edo besaulkiaren besoetan indarra eginez. Zutitzeko, berriz, belaunak luzatu.
Pisua zaindu egin beharko dugu, loditasunak larregi kargatuko baitu gure mokor ahula. Bizikletan nahiz etxeko aparatu estatiko batean pedalei eragitea ariketa ona da: mugikortasunari eutsi eta giharrak indartzen ditu. Baina indar handirik egin gabe eragin beharko diegu pedalei. Mokorrarentzat onena sarritan mugitzea da eta ebitatu egin behar dira ordu luzetako “jarrialdiak”, telebistaren aurrekoak, adibidez; bestela gero asko kostako zaigu zutitzea. Pasiada asko ematea eta sarri mugitzea da gomendagarriena.
Giharrak indartzeko ariketak (C taula) egunean hiru aldiz egin behar dira gutxienez. Giharrak lasaitu eta horien malgutasun eta mugikortasuna gehitu beharko ditugu, A taulako ariketen bidez.
Hiru ariketa-taulok dira gomendagarriak mokor bat edo biak minduta daudenerako eta artrosia edo gogortasun hutsa duenarentzat. Pazienteak ebakuntza izan badu edo aurki kirofanora joan beharrean bada, edo artrosia ez den beste gaitzen bat badu, medikuari kontsultatu behar dio ariketok egitea komeni zaion ala ez, ia beti mesedegarri diren arren. Batzuetan, mokorreko artrosiak ebakuntza behar izaten du. Gaur egun protesia da – edozein protesi mota- konponbiderik onena, bakarra ez bada. Emaitza onak izaten dira gehienetan. Ebakuntza egitea beharrezko den ala ez, interbentzio mota eta unerik egokiena traumatologoek zehaztu behar dute. Normalean desagertu egiten dira minak eta mugikortasun maila ona lortzen da. Beraz, ekin lanari.