Banaketa zerrendak

Postontzi elektronikora zuzenean

Internetek aspaldi abiatu zuen zerbitzu honek denboran barrena kementsu irauten du
1 maiatza de 2002
Img listado internet

Postontzi elektronikora zuzenean

Zaude segur: gustukoa duzun jarduera horrek, bitxi eta bakana izanagatik, mundu zabalean zaletuak izango ditu. Horrenbestez, distantzia fisikoa ia hutsaren parekotzat jotzen duen Internet komunikabideak, joera bertsuak dituzten erabiltzaile-taldeak elkarrekin harremanetan mantentzeko lagungarri diren sistemak ugaldu eta hobetzeko balio du. Egiazko “komunitate birtual” horietako kideen arteko lokarriak sendotzeko Sareak aspaldian jarritako lanabes horietako bat, egun ere baliagarrienen artekoa, banaketa-zerrendak dira. Hitz gutxitan azaltzeko, posta elektronikoak eskaintzen dituen aukera batzuen hobekuntzak dira.

E-mail bat bidaltzea gauza soila, azkarra eta merkea da; baita milioi bat mezu igortzea ere. Posta tradizionalean ez bezala, posta elektronikoaren jasotzaileen kopuruak ez du igorpena garestitzen, ezta mantsotzen ere. Erraztasun hori dela medio, Sarearen hastapenetatik bertatik, hala eskatzen zuten erabiltzaile guztien posta elektronikora informazio bera zuzenean bidaltzen zuten zerbitzuak sortu ziren: banaketa-zerrendak, hain zuzen ere.

Badira banaketa-zerrenda neurrikoak, norabide bakarrekoak, aldian aldikoak, anarkikoak, mekanika kuantikoaren gainekoak, laurogeigarrenetako punk mugimenduari buruzkoak… hau da, zaletasun guzti-guztiak asetzeko beste. Sailkatu behar izatekotan, bi ataletan bereiziko genituzke: irekiak eta itxiak. Lehenengoetan, bertako partaideek aktiboki esku har dezakete, hots, berak e-mail bat igorri eta kide guztiek jasotzen dute.

Itxien kontrola

Zerrenda itxietan, aitzitik, informazioa sortzaileek bakarrik bidal dezaketenez, bertako kideek badakite interesgarritzat jotzen duten informazio-iturrietatik bakar-bakarrik jasoko dituztela mezuak (musika talde baten albisteak, nobelagile baten idazlanak, aldizkari jakin bateko informazioa, etab). Nolanahi ere, banaketa-zerrenda irekiek erabiltzaileen komunitate birtual bat sortu eta mantentzeko balio dute eta bigarren hauek, aldiz, zerbait esan behar duenak erabiltzaile mordo bati helarazteko bideak dira.

Hortaz kanpo ere, bada aukeratu beharrik: zerrenda irekiak berak ere neurrikoak izan daitezke edo kontrolik gabeak, adibidez. Aurrenekoetan mezu guztiak zuzen-zuzenean argitara eman eta gainontzeko kideei igortzen zaie. Neurriko zerrendetan (“zerrenda itxiak” ere esaten zaie hauei), ostera, mezu guztiak irakurri eta horietatik eztabaida-taldeko kideentzat egokiak bakarrik hautatzen ditu arduradun batek. Era honetan kideen askatasuna murrizturik gertatzen bada ere, beste aldetik eskertzekoa da gaiarekin zerikusirik ez duten mezuekin postontzia ez betetzea.

Kontuak, aukeran

Nolako gaiak aztertzen diren galdeginik, denetarikoak, ia-ia denak jorratzen direla aitortu behar da: milaka gai-zerrenda daude, eskura: hutsalenetatik hasita, sakonenetaraino. Izan ere, eztabaida lasaiago, antolatuago eta dokumentatuagorik egitea bermatuko lukeen biderik ez dago Interneten. Batzuen iritziz, chat-ak bikotea bilatu edo Trivial-en jokatzeko saski-nahaski hutsak diren bitartean, banaketa-zerrendei esker bidaltzaileak mezua igorri aurretik gogoeta egin (hori ezinezkoa da, inondik inora, chat-ak berehalakotasun izugarria agintzen baitu) eta, argudioak oinarritzeko eta ideiak sakonago jorratzeko, liburu edo aldizkari tradizional edo elektronikoei buruzko erreferentziak erants ditzake.

Gure zaletasunen araberako eztabaida bilatzeko zerrenda-bilatzaile batera jotzea izaten da egokiena: RedIRIS (www.rediris.es/list ), Topica (www.liszt.com ), Listtooll (www.listtool.com ) eta Ezine (www.ezinecentral.com ) dira zerrenda-bilatzaile ezagunak, besteak beste. Nolanahi ere, eskura dauden aukera ugari horietan geure modukorik aurkitzen ez badugu, geurea sor dezakegu bertan.

Zerrendek badute beste abantaila nabarmen bat ere: hizkuntzak praktikatzeko bide aproposa dira, interes berberak izan arren, beti hizkuntza bera baliatzen ez duten pertsonak jartzen dituztelako harremanetan. Horrelako gehienetan (Internet osoan bezalaxe, alegia) ingelesa da nagusi, baina espainolezkoak ere ehunka izaten dira. Areago, hiztun gutxi dituzten hizkuntzetakoak ere aurkitzen dira bertan. Egiari zor, hedabide gutxik ematen digu aukera, horren modu eroso eta errazean, gure antzeko pertsona ugari ezagutzeko.

Posta elektronikoko zerrendak kudeatzen dituzten sistema gehienak biziki desberdinak direnez, horietako bakoitzetik baja ematea ere prozesu desberdina jazotzen da. Beraz, kide sartu aurretik hobe izaten da baja ematea soila eta erosoa dela egiaztatu edo bermatzea; bestela, oso litekeena da garai batean erakargarri iruditzen zitzaizkigun arren, egun batere interesgarritzat hartzen ez ditugun zerrendez postontzia lepo ikustea.

Consumer-eko buletinak

Consumer-en inguruan dabiltzan web-en unibertsoa (CONSUMER aldizkaria, consumaseguridad.com, Consumer gida praktikoak eta Vitelia) hiru banaketa-zerrenda (buletin elektroniko) dituzte: horiei esker jasotzen dute gaurkoturiko gaiei buruzko informazioa bisitariek.

Era horretan erabiltzaileak ez du zertan web-en aldiro-aldiro sartu: web guneak berak dei egiten dio internautari, kontsumo eta eguneroko bizitzari dagozkion gaietan informazio freskoa izan dezan. Buletin elektronikoak doanekoak dira eta internautari datu bakarra eskatzen diote: bere posta elektronikoa.

Aldizkariarena da denetan buletin aspaldikoena (1998tik igorri izan da etengabe) eta berari esker, Consumer-en harpidetza hainbat tokitara helaraz daiteke (bestela ezinezkoa litzateke). Urtea bete berria duelarik, consumaseguridad.com elikagaien kontsumo seguruaren aldizkariak azken berriak jakinarazi eta aholkuak ematen ditu, alor horretako segurantzia areagotu eta elikabide toxikoen bidezko infekzio ikaragarriei saihets egiteko. Consumer.es -ek, bere aldetik, buletin bakarrean biltzen du azken zazpi egunetan kontsumo-atari osoan argitara emaniko guztia. Laburbilduz, hiru banaketa-zerrenda hauek dira Eroski Taldea Fundazioak kontsumoaz eta eguneroko bizitzaz plazaratzen duen informazioarekin konpromiso leialena duten internautekiko komunikabiderik zuzenena.

Etorkizunean, erabiltzaileek interesgarrien dituzten gaiak soilik jasotzeko, buletin hauek ez ezik, geroaldiko beste hainbat ere pertsonalizatu ahal izango dituzte: nutrizioa, brikolajea, etxe ekonomia, erreportaje bereziak, kontsumo alorreko albisteak… denetik jorratu ahal izango da etxetik. Neurri-neurriko buletinen aroa izango da aurki.

Harpidedun izateko…

Posta elektronikoa hurrengoetako batean utzita:

Nahi adina nabigatzeko
  • Topica
    www.liszt.com
    Beren banaketa zerrenda horietan 100.000 izen emanik dituztela diote; gaiei dagokienez, Anastacia abeslariaren jarraitzaileetatik hasita, Adena ekologisten elkarteak kudeatzen duen zerrendaraino iristen da. Okerrena, aukera-olde horretan hautatzea.
  • Yahoo Groups
    www.yahoo.es
    Banaketa-zerrenda baino areago, Yahoo Groups taldeak egiazko komunitate birtualak dira eta bertan erabiltzaileek mezuak igorri eta jasotzeaz gainera, era guztietako artxiboak trukatzen dituzte, hainbat zerbitzuren berri jasotzen duen web orrialdea ere eskura izaki. Berria, zinez.
  • RedIRIS
    www.rediris.es/list
    Internet hasi zenetik hor da RedIRIS, Espainiako unibertsitateen sarrera telematikoa kudeatzen duen erakunde honek hasieratik eztabaida-foro elektronikoak eskaini izan ditu, ezagutza ugaltzeaz kezkatzen direnentzat bereziki.