Argaltzeko zentroak

Gehientsuenek ez dute proba gainditu

Informazio gutxi ematen dute, bezeroaz arduratzen den pertsona ez da beti aditua dietetika eta nutrizioan eta, maiz, "elikabide pertsonalizatua" delako esamolde hori amu komertziala baino ez ohi da
1 maiatza de 2002
Img temap

Gehientsuenek ez dute proba gainditu

Bikini-operazioa hasia da jende askorentzat. Horrela bada, estetika-zentroak, belar-dendak eta antzekoak lanean dabiltza, lanpetuta, hemendik aste gutxitara bainu-jantzia eta arropa “nabarmena” janzteko une egokia izango baita. Argaltzeko zentroen negozioak Espainian 1.500 milioi euro baino gehiago eragiten du urtero (2000 urteko datuen arabera).

Esfortzurik gabe sekulako pisu-galera azkar eta atseginak lortzea agintzen diguten iragarkiek, bezeroaren araberako elikabide pertsonalizatuek, lehen kontsultak doan eta antzekoek, honelako publizitatearen jasotzaileak zentro espezializatuetara bidaltzen dituzte; espezializatuak agian bai, baina, egiaztatu dugun bezala, bertako pertsonala ez da den-denetan nutrizioan aditua. Argaltzeko zentro horiek eskaintzen dituzten tratamenduak eraginkorrak ote diren, bertan lanean diharduen pertsonala behar bezala jantzirik ote dagoen eta medikuntzaren ikuspegitik establezimendu zorrotz eta zuzenak ote diren jakiteko, CONSUMER-eko teknikoek apirilean, Espainiako 12 hiritan martxan dabiltzan 36 argaltze-zentro bisitatu zituzten (bisitaldi bakarra baino ez). Horietako gehienen ezaugarria bera da: pisua galtzeko egiten dituzten promesek eta proposatzen dituzten tratamenduek, dietetika eta nutrizio alorreko adituen mesfidantza piztu dute, elikabide osasuntsuez lortu ezin daitezkeen helmugetara iritsiko ginela agindu baitziguten zentro horietako gehienek.

Dietetika eta nutrizio alorreko adituen laguntzarekin eta medikuntza alorretik behar bezalako aholkularitza jasorik, horietako zentro bakoitzak bezeroari modu eraginkor eta osasuntsuan pisua galaraz diezaiokeen egiaztatzen lagun dezaketen irizpideak finkatu ziren gure azterketan.

Geroago, aldizkari honetako sei teknikari balizko bezero gisa joan ziren Alacant, Bartzelona, Bilbo, Burgos, Castelló, Donostia, Gasteiz, Iruñea, Madril, Malaga, Santander eta Valentzian hiruna argaltze-zentrotara, eta bertako enplegatuei pisua galtzeko asmoa zutela jakinarazi zieten. Sei teknikari horietatik bik ez zuten inondik ere argaltzeko premiarik, beste biren gehiegizko pisua oso arina zen (beren gorputz-masaren indizea -GMI- 25 eta 26,9 bitarte zebilen) eta beste biak lehen mailako potoloak ziren (GMI = 30 eta 34,9 bitartekoa).

Azterketan atera zen ondorio nagusia hau da: 36 argaltze-zentro horien %68k ez dute proba gainditu, %6k aise gainditu dute eta zentroen %26k “onartzeko moduko” kalifikazio apala baizik ez du lortu. Beste aldetik, zenbait zentrotako pertsonalarengan etika profesionalaren gabezia nabarmena hauteman zen, bisitari etorri zaien bezeroaren premiari egokitzen ez zaizkion tratamenduak agintzen edo aholkatzen dizkiotelako (argaltzeko batere beharrik ez duenari, adibidez, kiloak galtzea aholkatzen diote). Zentro horietako beste alderdi kaltegarri bat arreta da: bezeroaz ez da beti arduratzen nutrizioan edo dietetikan espezializatutako sendagilea, eta “elikabide pertsonalizatua” esamoldea bezeroak erakartzeko amua baizik ez da, lau zentrotik bi baino gehiagotan. Azkenean, horrelako zentroen %60etan bakarrik proposatzen dute egiazko tratamendu iraunkor eta osasuntsua; gainontzekoetan antolatzen edo iradokitzen dituzten pisu galerak azkarrak dira, azkarregiak, osasungarri eta iraunkorrak izateko.

Lehen bisita eginikoan ateratako ondorioak

  • Azterturiko argaltze-zentroetako %68k ez dute gainditu proba. Areago, %14k “oso gaizki” kalifikazioa eraman zuen, beren tratamenduak “ereduzko produktuetan” oinarritu baitzituzten.
  • “Lehen kontsulta doan” lema iruzurra da, gezurrezkoa, amu komertzial hutsa. Bisitatu ditugun zentro guztietatik bakar batek ez du egiten aurretiazko azterketarik doan (zenbaitek, hurrengo bisitetan egiten dute, baina tarifa ordainduta) tratamendua bezeroaren nolakotasun pertsonalen arabera egokitzeko. Informazioa eman baizik ez dute egiten lehendabiziko horretan, baina informazioa bera ere osatu gabea eta nahasgarria gertatzen da maiz.
  • “Elikabide pertsonalizatua” delako mezua gezur hutsa da zentroen %60tan. Tokian tokiko tratamendu eta produktuak hobeki saltzeko aldarrikatzen dute eslogan hori, argudio gisa, bezeroa sinesberago bihurtzen baitu gehienetan. Hamar zentrotik lauk bakarrik eskaintzen ditu egiaz pertsonaren araberako elikabideak.
  • Establezimendu horie %26an etika profesionalik eza egiaztatu zen: bezeroaren benetako premietara inondik ere egokitzen ez diren tratamenduen informazioa edo aholkularitza ematen dute. Argaltzea aholkatzen dute sarri bezeroak horren beharrik ez duenean, potolotasun alorreko sasi-arazoa identifikatuz. Zentro horietako batek bezeroari sekulako tratamendu inbasiboa proposatu zion (gastroplastia egitea, hau da, kirurgia), pazientearen historia klinikorik eta dietetikorik ezagutu gabe. Beste zentro batean, CONSUMER-eko teknikoa (balizko bezerotzat ziharduena) tentatu egin zuten, marka hartarako saltzaile lanetan jardun zezan: xehetasun guztiz (areago, tratamendua bera baino xehekapen hobe eta ugariagoekin) azaldu zioten enpleguari nolako etekinak atera ziezazkiokeen, nolako ikasketak, ezagutzak edo tituluak zituen galdetu gabe, alderdi hori “gutxienekoa zela” errematatuz.
  • Zentroen %20tan saltzaile, “tekniko espezialista” (titulaziorik jakinarazi gabe) edo esteticienne batek dietista edo sendagile lanetan dihardu, tratamendua aholkatu edo agindu, eta “gehiegizko pisuaren arazoaren identifikazioa” egiten dute, noski, horretarako gauza izan gabe.
  • Azterturiko 36 horietatik 19 zentro 8 frankizien jabetzakoak dira. Frankizia horietako zazpitan aholkatzen dituzten tratamenduetan alde handia dago, batetik bestera. Beraz, frankizien funtzionamendua ezin baliozta daiteke modu orokorrean.
  • Bukatzeko, tratamenduaren iraupena eta pisu-galtzearen erritmoa osasungarria izango zen zentro guztien %60tan bakarrik, hau da, hamarretik lau zentrotan planteatzen dituzten helburuak nekez lor litezke edo ez dira biziki osasuntsuak, pisu-galera azkarregi egingo litzatekeelako.

Madrilgo zentro batean, aldizkari honetako teknikariak (24 GMI duena, edo, bestela esateko, pisu zuzen-zuzena duenez, argaltzeko inolako beharrik ez du) zenbat kilo kendu beharko zituzkeen galdeginik, hogei bat galtzeko premia zuela ihardetsi zioten hasiera batean; balizko bezero haren harridura nabarmena izaki, ordea, zenbakia zuzendu eta hamar bat galdurik ongi zegokeela arrapostu zioten.

Informazio eskasa

Lehendabiziko kontsulta doan eskaintzen zuten argaltze-zentroetara joan ziren, batik bat, gure teknikariak. Edonola ere, lehen kontsulta hori dohainik egiten ez duen zentroren batek, informazioa ugaltzeko beste kontsultarik ere eskaini zieten. Halaxe gertatu zen Alacanteko Centro Dietético Zoroa eta Ideal Line zentroetan, Bilboko Ailara-n eta Malagako Oikos-en. Horrenbestez, bisita informatibo hutsa izan zela kontuan izaki balioztatu dira zentro horiek. Azterturiko zentro gehienek “lehendabiziko kontsulta doan” mezua amu gisa baliatzen dute; dena den, tratamenduan hastea komeni den edo tratamendu hori eraginkorra izango ote den erabakitzeko bezainbesteko informazioa ez zaio ematen bezeroari lehen bisita horretan.

Aplikatu beharko liratekeen tratamenduak direla eta, zentroen %30ek bakarrik ematen du onartzeko moduko informazioa: honakoa onartzeko modukotzat hartu da tratamendua pertsonaren premietara (azterketa osoa egin ondoren, bezero bakoitzarentzat berariazko elikabidea) egokitzen denean eta asteko kilo erdi edo kiloko pisu galera agintzen duenean. Bisitatu diren gainerako zentroek, bietako bat: tratamenduan hastea komeni den edo tratamendu hori bere kasuan eraginkorra izango den erabakitzeko behar bezalako informazioa ez dute ematen, edo agintzen duen pisu-galera kilo erdi edo kiloa baino handiagoa da.

Pisua kendu behar ote dut?

Gehiegizko pisua delako arazoarekin asmatzeko, pertsonaren azterketa antropometrikoa (gutxien-gutxienez) egitea ezinbestekoa da: pazientea pisatu eta neurtu beharra dago bere GMI zehaztu eta balizko pisu-sobera hori zein mailatakoa den adierazteko. Dena den, azterturiko argaltze-zentro guztien %20k bakarrik egiten du premia gorriko diagnostiko hori. Zentroen beste %20tan horrelako neurketa bigarren bisitan (ordainduta, jeneralean) egin da. Gainontzekoetan, neurketa hori ia ezinbestekoa izan arren, ez da egin.

Zentro horietan maizen gertatzen den akatsetako bat, pazientearen arazoa arinegi identifikatzea izaten da, dela pazientea pisatu eta neurtu egiten ez dutelako, dela bezeroaz arduratzen dena (gehienetan) dietetika eta nutrizioan aditua ez den profesionala delako: hasierako funtsezko gestio hori komertzial batek, harreragile batek edo behar bezalako prestakuntzarik ez duen beste zeinahi langilek egitea ohiko kontua da.

Etika profesionalaren gabezia kezkagarria hauteman zen zentro horietako hamaikatan (hirutik bat baino gutxixeagotan, alegia): horrelako premiarik ez zuen bisitariari argaltzea aholkatu zitzaion eta, areago, horrelakorik ez zuen bezeroari loditasun arazoa identifikatu zioten. Horixe da Espainiako ipar aldeko eta Madril aldeko zentroetara jo zuten sasi bezeroen kasua, aurrenekoaren gorputz masaren indizea 22 (zuzen-zuzena) eta bigarrenarena 24 (hau ere, zuzena) izanik, argaltzeko inolako beharrik ez baitzuten.

Pisua galtzeko beharrik ez zuten bezero horien “arazoa” sendatzeko zentro horietako batzuek eskaintzen zuten tratamenduaren kostua 1.500 eurotik gora zihoan, argaltze-terapia dietetikoa eta metodo estetiko lokalak barne.

Kasuren batean, sendagile zela zioen arren (baina bere jokaera eta hizkera hautemanik, susmoak harrotzen zituen), titulurik agertzen ez zuenik ere egokitu zen. A Coruñako argaltze-zentro batean CONSUMER-ek bidali zuen paziente batez arduratu zen sendagileak gastroplastia (urdaila txikitzea) egitea aholkatu zion, aurreko historial kliniko edo dietetikorik izateke. Gogora dezagun gastroplastia deritzon ebakuntza kirurgikoa III. eta IV. mailako loditasunean bakarrik aholkatzen dutela fakultatibo batzuek (bestelako esku hartze terapeutikoek porrot egindakoan eta pazienteak loditasun horrixe dagozkion bestelako patologiak ere nozitzen dituenean), baina hori ez zen gure pazientearen kasua. Nolanahi ere, ebakuntzaren epe motz eta luzerako ondorioez (eta balizko konplikazioez) informazio osoa eman behar zaio pazienteari. Emakume sendagile hark, dena den, kirurgia horrek ia arriskurik ez duela berretsi zion bezeroari.

Elikabide pertsonalizatua

Argaltze-zentro batzuetako metodoen funtsean dieta estandarrak edo elikabide miragarriak daude; hauek guztiak ez pertsonalizatuak dira, eta pazientearen premia zehatzei ez zaizkie egokitzen. Pertsona guztiek ez dute modu berean erantzuten tratamendu jakin baten aurrean; areago, oso litekeena da paziente batek tratamendu berari erantzun desberdinak ematea une desberdinetan. Horregatik tratamendu pertsonalizatua eskatzea eta, hasiera-hasieratik, elikabidea betetzean pazientearen inplikazioa ezinbestekoa dela garbi uztea funtsezko oinarriak dira pisua galtzeko prozesuan. “Elikabide pertsonalizatua” ohiko eskaintza ezaguna, gehienetan, tokian tokiko tratamendu eta produktuak saltzeko amua baizik ez da.

Bisitatu diren argaltze-zentroen %40k eskaintzen zuten elikabide pertsonalizatua: bezeroari ematen dioten informazioan, bere bizimoduaren, ohituren eta zaletasunen araberako dieta moldatuko dela agertzen da eta, bide beretik, emaitza arrakastatsuak bermatzeko, bere inplikazioa ezinbestekoa dela aitortzen diote bezeroari. Zentroen %14tako tratamenduaren funtsean “ereduzko” (“etxeko”) produkturen bat ohi datza: ezaugarri horrek berak zentro hori bazterrean uzten du, tratamendu horiek ez dutelako elikabide zuzenik irakasten eta, epe luzera, pisua kentzeko ere ez dutelako balio.

Astean kilo erdia edo kiloa baino pisu gehiago galtzea aholkatzeko modukoa ez denez, osasun-alorreko irizpide hori oso kontuan izan behar du fakultatiboak tratamenduaren iraupena zehaztean. Kontuan hartzekoa da, era berean, gizaki bakoitzak era desberdin batean erreakzionatzen duela argaltzeko tratamenduen aurrean: hortaz, data finko bat agintzea ez da kontu erraza, inondik ere. Gogoan izatekoa, era berean, tratamenduaren jarraipena egitea ahalbideratuko duten aldian aldiko bisitak egin behar direla kasu guztietan, are tratamendua bera amaitu denean ere. Azterturiko zentroen %40k ez ziharduten irizpide honen arabera eta, horrenbestez, horietan tratamenduaren iraupena okertzat balioetsi zen, helburuak ez zirelako ez errealista, ez osasuntsu ere, pisu-galera azkarregiak proposatzen zituzten eta. Zentroetako batean adierazi zuten pisu-galera gehiegizkoa zen, argi eta garbi: 5 kilotik 7 kilora bitarte, hilean.

Tratamenduaren izaera

Argaltze-zentroek pisua galtzeko beren proposamenetan oinarritzen dituzten metodoei dagokie baremo hau. Horietako batzuen tratamenduaren funtsa, bezeroei saltzen dizkieten produktuak baino ez dira (zenbaitetan “argaltzekoak” kalifikatzailearekin: hori legez kanpokoa da eta, batez ere, gezurrezkoa): horrela gertatzen da aztertu ditugun zentroen %14tan. Argaltzeko zeinahi tratamendutan elikadura funtsezko zutabea da, gehiegizko pisua duten pazienteen %90en gaitzaren zergatiak elikagai oso kalorikoak hartzea eta bizimodu sedentarioa izaten baitira. Horrenbestez, gehiegizko pisua tratatzeko bide gisa, produktu “miragarri” horiek ez dute balio argaltzeko, ezta galdutako pisua ez berreskuratzeko ere.

Prezioak tratamenduaren kalitatearekin, zerikusi urria

Ikerlan honetan bisitatu diren zentroetan, bederen, gehiago ordaintzea ez da tratamendu osasungarriago eta eraginkorrago baten bidez argaltzeko bermea. CONSUMER-ek eginiko azterketan “gaizki” kalifikazioa jaso duten zentroetako batzuek, proba gainditu duten zentro urrien (9 baizik ez, 36tatik) hiru halako ere kobratzen dute.

Zentro batzuek tratamendu osoa kobratzen dute; beste zenbaitek, berriz, bisita bakoitzeko ezartzen dute tarifa. Aurrekotan, tratamenduaren batez besteko kostua 1.637 euro (270.000 pezeta) da eta muturrekoek 3.005 eta 632 euro (hau da, batetik bosterako proportzioa).

Kontsulta bakoitzeko edota saltzen dituzten produktuengatik kobratzen duten argaltze-zentroei dagokienez (balioespena egiteko unean, toki bakoitzean iradoki den produktuen erabilera eta bisiten maiztasuna hartu da kontuan), batez bestekoa hilean 124 eurora (20.000 pezeta) iristen da. Prezioez ari garela, garestiena hileko 390 euro kostatzen da eta merkeenaren kostua 48 euroan dago, gainontzekoak tartean dabiltzala: batetik zortzirako errenkada, alegia.

Ordaintzeko baldintzak hitzartzean, tratamendu osoa kobratzen duten zentro gehienek erraztasunak ematen dizkiote pazienteari: tratamenduak finantzatzeaz gainera, hilero epeka ordaintzea eta ordainketa zerbait atzeratzea onartzen dute.

“Ongi” kalifikazioa eraman duten bi zentro bakarrek (Valentziako Clínica Dual eta Castellóko Ideal Line) tratamendu osoa 1.500 eta 2.676 euro kobratzen dituzte.

Noiz mesfidatu argaltze-zentro batekin

  • Gure gorputzaren eta egoeraren azterketa sakona (pisua, altuera, gure aurrekinak eta gure senideenak, osasun arazoak, bizimodua…) egin gabe, tratamenduaren iraupen finkoa proposatzen dutenean eta tratamendua behin batez ordaintzen denean, bisita bakoitzean egin ordez. Gure arazoaren zergatia zein den eta zenbat kilo galdu behar ditugun ez badakite, nola ezar dezakete tratamenduaren iraupen finkorik?
  • Produktu “eredugarrietan” bakarrik oinarrituriko tratamendua eskaintzen digutenean, eta establezimendu horretan edo horrekin kontzertaturiko beste batzuetan saltzen diren produktuekin (guk, hasiera-hasieratik ordaindu beharrekoak) osatzen den dieta doanekoa ezartzen digutenean. Tratamendu horiek ez dute irakasten elikabide egokirik eta, gainera, ez dute balio pisu galera mantentzeko ere.
  • Pisu galtzearen erritmoa asteko kilo erdia edo kiloa (hilean, hiruzpalau kilo) baino handiagoa izango dela “bermatzen” digutenean. Erritmo handiagoarekin argaltzeak uraren eta elektrolitoen galera (baita muskulu-masa eta, proportzio urriagoan, gantza) ekartzeaz gainera, osasunarentzat larriak izan daitezkeen ondorioak izan ditzake: tentsio arterialaren beherakadak, odoletan gantz asko, nutrizio alorreko gabeziak eta bestelako arazoak.
  • Esfortzurik gabe argalduko garela agintzen digutenean. Pisua galtzeko zeinahi tratamendutan interesatuaren erabateko eta ahaleginezko inplikazioa funtsezkoa da helburuak lortzeko, hauek errealistak badira eta osasungarrientzat arriskurik ez badute.
  • Gernu-erretentzioa benetan nozitzen dugula egiaztatu gabe, diuretikoak hartzea aholkatzen zaigunean: horrelakoen iturri izan daitezke haurdunaldia, edoskitzaroa edo osasun-alorreko hainbat arazo (bihotz, giltzurrun edo gibelaren gutxiegitasuna, adibidez). Diuretikoen (gernuaren kanporatzea ugaltzen duten produktuak) eta laxanteen (obratze-kopurua ugaltzen dutena) erabilera bereizi gabea arriskugarria du herri-osasunak.
  • Tratamendua ezarri eta, hortaz, horren aurrean nola erreakzionatuko dugun jakin aurretik, prozesuaren iraupen finkoa adierazten zaigunean. Pisua galtzeko erritmoa aldatu egiten da pertsona batetik bestera, gizaki bakoitzaren nolakotasunen arabera.

Galdategi indibiduala: Pisua galdu behar ote dut?

  • Dietari ekin aurretik, galde egiozu zeure buruari: beharrezkoa ote dut argaltzea? Arrazoi estetikoengatik argaldu nahi izatetik benetan premiazkoa delako pisua galdu behar izatearen arteko aldea sekulakoa da.
  • Plantea iezaiozu zeure buruari: zerk ekarri nau argaldu nahi izatera? Dieta osasuntsu bat eginez kiloren bat galtzea ez da arazoa. Pisu asko galdu nahi izaten denean, ordea, funtsezko arrazoia osasuna izango da beti, ez estetika, ez moda. Argaltzeko metodo “miragarriak” arriskua dira osasunarentzat.
  • Pisu egokian al nago? Gorputz masaren indizea (GMI) da gehien baliatzen den erreferentzia, gehiegizko pisuaren muga non dagoen zehazteko unean. Indize honek 25 urtetik gorako helduentzat bakarrik balio du eta hurrengo formula aplikatuz kalkulatzen da:

GMI = Pisua (kg) / Altuera (m)
Adibidez, 1,65eko altuera eta 60 kilo pisatzen duen pertsona baten GMI 22,03 da.
(60 / (1,65 x 1,65) = 60 /2,72= 22,03.
Hau da, pisu egokian dagoenez, ez du zertan argaldu.

GMI Emaitzak
18,5 baino gutxiago Gutxiegiko pisua (normaltzat jotzen den mugaz azpikoa)
18,5-24,9 Pisu egokia
25-26,9 I. mailako gehiegizko pisua
27-29,9 II. mailako gehiegizko pisua (aurre obesitatea)
30-34,9 I. mailako obesitatea
35-39,9 II. mailako obesitatea
40-49,9 III. mailako obesitatea (osasunarentzat arriskutsua)
50 V. mailako obesitatea (gehienekoa)

Emaitzak:

Gutxiegiko pisua: pisu egokira iristen ez denean, pertsonak aldian-aldian sendagilearen kontsultara joan beharko luke, fakultatiboak ezartzen duen maiztasunaren arabera, pisu txiki horrekin lotura izan ditzaketen arazoak aztertu edo baztertzeko. Balizko aukera hori ezetsirik, dietistaren kontsulta joatea planteatu beharko luke, elikabidea aztertu eta hobetzeko.

Pisu egokia: ez da zertan argaltze-dietarik egin. Figura (gluteoak, aldakak, etab.) moldatu nahi bada, ariketa fisikora edo estetika-tratamendu zehatzetara jo daiteke. Gogora dezagun dieta orekatua egiteak kalterik ez duela egiten eta, horretan ere, adituaren aholkua funtsezkoa dela.

Gehiegizko pisua eta obesitatea: pertsona batek, pisu egokiaren gainetik dabilenean, elikabidea hobetu ez ezik, jarduera fisikoa areagotzeko ahaleginak egin behar izaten ditu. Nutrizio alorreko espezialistarengana jotzea komeni izaten da horrelakoetan.

Nola baloratu diren zentroak eta konparaketako taula

  • Ongi: aurreneko atalean izan ezik (“tratamendua pertsonalizatzeko azterketa”) beste guztietan ere kalifikazio positiboa erdiesten duena. Lehendabiziko bisitan azterketa hori (egitea komeniko litzatekeen arren) ez egitea ez dago zigorturik gure kalifikazioan, hurrengo bisitetan egin daiteke eta.
  • Onargarria: “dieta pertsonalizatu egokitua” eta “tratamenduaren iraupen egokia” ataletan balorazio positiboa lortu behar da, tratamenduaren oinarria ez baitira “izar” produktuak, hala nola zentro horietan edo horiekin hitzarturiko bestelako establezimenduetan salgai dauden pilulak, algak, kremak, belarrak eta antzekoak.
  • Gaizki: “dieta pertsonalizatu egokitua” eta “tratamenduaren iraupen egokia” ataletan balorazio positiboa erdiesten ez duten zentroek ez dute proba gainditu, gainerakoetan balorazio ona irabazi badute ere.
  • Oso gaizki: “izar” produktuak batik bat oinarri dituzten tratamenduak eskaintzen dituztenak. Hainbat atal garrantzitsutan proba gainditzerik lortu ez duten zentroak ere kalifikazio honekin seinalatu ditugu.