Pisua galtzea dela eta, formula magikorik ez
Neguan metaturiko kiloak galtzeko aldian-aldian nozitzen dugun obsesioa berriro ere gurekin dugu. Eta pisuak kentzeko lagungarri, hemen ditugu pilula, sendabelar, janarien ordezko, mirarizko dieta, ebakuntza kirurgiko eta beste makina baten iragarkiak. Irudi lerdena lortzea dela eta, nutrizio alorreko adituek metodo horien fidagarritasun eskasa jarri dute agerian, urtero bezala. Espainiako Endokrinologia eta Nutrizioaren Elkartea eta Loditasuna Aztertzeko Elkarte Espainiarra ahaleginetan ari dira hedabideetan argitaratzen den ikaragarrizko informazio gezurtiaz kontzientzia har dezaten osasun alorreko agintariek eta iritzi publikoak, alderdi bat nabarmenduz: nutrizioaren (eta, oro har, zientziaren) alorretik inongo funtsik ez dutelarik, azkar-azkar eta esfortzurik gabe pisua arintzea agintzen duten metodo horien arrisku larriak. Egungo elikadura kaotikoa behar bezala antolatzeko premia gorria ez da txiripaz sortu orain ere, premisa behinena baitu oinarri: nutrizio oreka dugu ezinbesteko funtsa, osasun egoera on-onean bizitzeko. Horrenbestez, era guztietako dietak sendagileen kontrol zorrotzarekin egin behar dira.
Dieta motak
Dieta “herrikoiek” -gehienetan, akatsezko iritzietan oinarriturik- elikagai-multzoen okerreko banaketa eta irensketa aldarrikatzen dute (proteina gehiegi, gantz larregi, behar bezainbeste karbohidratorik ez hartzea, etab.); horrek organismoan desorekak eta, gerora, osasunean benetan larriak izan daitezkeen ondorioak sortarazten ditu. Eskuarki, elikabide horietan makronutriente jakin bat (proteinak, gantzak edo karbohidratoak) nagusi agertzen denez, dieta monotono eta nekagarri gertatzen da gehienetan. Ondorioz, horrelakoen aldekoek gutxiago jaten dute eta, hortaz, beren pisua jaitsi egiten da -osasunaz kontra- kaloria eskas irensteagatik.
- Proteina urriko elikabideak Erregimen honekin pisurik galtzen da, bai, baina muskulu-masaren eta erraietako proteinen (hots, bihotzaren, giltzurrunen eta gainerako funtsezko organoen osagai den horiexen) lepotik, arterietako presioa jaitsi egiten da eta, areago, tratamendurik ez duten arritmia kardiakorik ere gertatu izan da.
- Proteina ugari eta karbohidrato urriko elikabideak Urdaia, arrautzak eta beste hainbat elikagai hiperproteiko bakarrik kontsumitzen badira eta karbohidrato ugari dituztenak (laboreak eta deribatuak: arroza, orea, ogia, etab., lekaleak, barazkiak eta frutak) ahalik eta gehien murriztu edo kontsumitzeari erabat uzten bazaio, luze gabe emaitza onak lortzea agintzen dute.
Proteina-ekarpena gehiegizkoa eta, aldi berean, karbohidratoena eskasa denean, hezurren deskaltzifikazioa eta giltzurrunetan kalteak eragin ditzake, gehiegizko nitrogenoaren ondorioz. Karbohidratoen gabezia neke eta zorabioen arrazoi izan daiteke: honelako dietetan eskas dabilen glukosa baita organismoak denetan nahien duen energi iturria. Beste aldetik, erregimen hauek likido eta elektrolitoen galera handia eragiten dute -deshidratazioaren mesedetan- eta kolesterol eta triglizeridoen mailak altxatu egiten dituzte, arrisku kardiobaskularrak areagotuz.
Hori guztia gutxi bada, azido urikoaren mailak ere altxatu egiten dituzte elikabide horiek eta hiperurizemia (azido urikoaren maila garaia) nozitzen duten pertsonengan hezueri krisiak proboka ditzakete. Epe motz eta ertainera muskuluek (areago, erraiek ere) proteina galtzen dute, organismoak energi iturritzat baliatzen duelako. Luzera, karbohidratoen gabeziak organismoan azetona eta bestelako gorputz zetonikoen gehiegizko metaketa sortzen du, organismoa egoerara egokiturik, gantzak energi substratu gisa erabiltzen dituelako, muskulu eta erraietako proteina endeka ez dadin.
- Gantz eta kolesterol ugariko elikabidea Obesitatearen tratamenduan, honelako dietak dira hedatuen eta arriskutsuenak. Karbohidratoen kontsumoa murriztu eta, horien ordez, gantzak kontsumitzea dute oinarri. Dieta-modelo horietako batzuek egunean 1.500 mg-raino kolesterol eta gantz saturatuz horni gaitzakete, honelako elikabideak aholkatzen dituztenek gantzen ekarpen handi hori kontuan hartzen ez badute ere. Odoletako kolesterol eta triglizeridoen mailak igotzean, gaixotasun kardiobaskularren arriskua ere larritu egiten da. Nutrizio-oreka hausten duen neurrian, glukogeno erreserben (sustantzia hau, organismoak baliatutakoan, glukosa bihurtzen da) eta glukogenoari atxikitako uraren murrizketa probokatzen dute: horrek, pisu-galera azkarra ondorioztatzen duen arren, pisu hori berreskuratu egiten da karbohidrato ugari dituzten elikagaiak kontsumitzean.
- Gantzik gabeko erregimenak Ezin da hartu olio, gurin, margarina edo bestelako gantzik. Horrelako elikabideetatik funtsezko gantz-azidoen eta bitamina liposolubleen (A, D, E) gabezia nozitzeko arriskua dago.
- Bestelako elikabideak Egun zehatzetan, adibidez, elikagai jakin batetik bakarrik elikatzean datza horien funtsa. Aspergarriak eta erakargarritasunik gabeak dira, nutrizioaren alorretik desorekatuak eta oinarri zientifikorik gabekoak; digestioan ez ezik, beste hainbat alderditatik ere kaltegarri gerta daitezke ohiko elikatze-erritmoa hautsi egiten baitute.
Elikabide hauen arriskurik larriena pisua galtzeko modu desegokia da, irensten diren kalorien murrizketa latzaren ondorioz edo, bestela, behar bezalako eta behar bezainbesteko elikagaiak ez kontsumitzeak eragiten dituen desoreka organikoengatik. Hau da, pazientea argaldu egiten da likidoak, elektrolitoak, proteina-erreserbak (hein txikiagoan) eta gantza (are eta txikiagoan, nahiz kontua honakoa galtzea den) galtzearen bizkarretik.
Nolanahi ere, nutrizio aldetik funtsik ez duten arren, dieta hauek biziki onartuak dira, kaloria gutxiago kontsumitzearen truk azkar samar pisua galtzea errazten dutelako. Beraz, epe motzera, horrelako elikabiderik egiten duenak bide horretatik jarraitzeko abantailan sinetsiko du etsi-etsian. Hala eta guztiz, pisu galera iraunkorrak erdiestea dela eta, erabat desegokiak dira horrelako erregimenak: osasunarentzat arriskutsuak gertatzen dira eta ez dute irakasten elikabide zuzena egiten. Gainera, ez dute bermatzen pisu arintze horrek epe luzera iraungo duenik.