Lurraren erraiek ingurumenari kalte
Ondorio garrantzitsuak izan dituen azken erupzioaren protagonista Nyragongo sumendia izan da, Kongoko Goma hiria suntsitu eta 100.000 pertsona baino gehiagori eragin diona. Ukaezina da sumendiek gizateriaren historian zehar izan duten eragina: erabat baldintzatzen dute inguruetako herri eta hirien bizitza, ingurunea guztiz eralda dezakete, kasuren batzuetan sumendietako errautsek mesede egiten diote uztari eta sumendien ondoriozko euri azidoek kalte egin diezaiokete gure osasunari.
Hala ere, ingurumenaren aldaketekiko zuzeneko lotura ez zen konfirmatzen hasi XX. mendera arte, orduantxe lotu baitziren lehen aldiz sumendien erupzioak planetako klimaren aldaketa orokorrekin. Ez da harritzekoa, beraz, parke tematiko bat ere sumendiei eskaini izana, Frantziako Auvernia eskualdeko Puy de Dome-tik hurbil.
Ikusgarri bezain arriskutsuak
Sumendiak munduan zehar nola kokatuta daude ikusita, lehen ondorio bat ateratzen da: dauden lekuan ez daudela ausaz eta kasualitatez. Plaka tektonikoen arteko igurzketaren eraginez sortzen dira sumendiak, plaka horietan, bata bestearen azpian kokatzen denean haitzen fusioa gertatzen baita azalaren barruan. Magma horrek lurrazalera igotzeko joera du, pitzadura eta arrakalen bitartez eta horrelaxe sortzen du sumendiak bere burua, bere produktuak (laba, lehergaiak, errautsak eta sumendiko hautsak) pilatuta.
Erupzioa ikuskizun paregabe eta zoragarria den arren, mehatxu latza ere bada, eta ez laba-isurketa, errauts eta jaurtigaien ondorioz edo lokatza-erreka eta gas toxikoen eraginez bakarrik. Sumendien jarduerak, halaber, beste gertakari natural arriskutsu batzuk ere abiaraz ditzake, hala nola paisaia deformatzea, aintziretako hormak hausteagatik edo erreka eta ibaiak moteltzeagatik uholdeak gertatzea, edo lurrikaren ondoriozko erausiak. Eta kalte ezagun horiei, gainera, osasunarengan duten eragin negatiboa gehitu behar zaie, batez ere 3 urtetik beherako haurren kasuan; eta klimaren aldaketetan eragin eztabaidatua. 90eko hamarkadan hasi ziren adituak horretaz hitz egiten.
Klimaren aldaketa?
1991ko ekainean Pinatubo (Filipinak) mendiaren erupzio indartsua gertatu ondoren, hurrengo bi urteetan atmosferara CO2 isuri txikiagoa gertatzen zela ikusi zuten adituek. Zergatik ote zen ikertu, eta ohartu ziren sumendiak botatako errauts eta partikulek 1992 eta 1993 urteetan zehar planetaren inguruan lanbro antzeko bat sortu zutela eta lurrazalera iristen den eguzki-argia gutxitu egin zela, zeharkakoago eta lausotuagoa baitzen. Zientzialari askok, orduan, murrizte horrek Lurreko tenperatura ere jaistea ekarri zuela uste izan zuten eta horrekin zoruaren eta landareen arnasa ere gutxitu egin zela. Baina Kaliforniako Berkeley unibertsitatean berriki egin diren ikerketekin frogatuta geratu da landareen fotosintesi prozesuan zehar eraginkortasuna areagotu besterik ez zela egin, karbono-dioxido gehiago xurgatuz, tenperatura orokorra gradu erdi jaitsi zen arren, eguzkiaren erradiazio orokorra %5 jaitsi zelako eta klimaren aldaketa hori ez da esanguratsua. Hala ere, fenomeno ohikoagoen eragin negatiboetan sakontzen jarraitzeko balio izan zuten analisiek, hala nola aerosolen eragina eta atmosferan dagoen kutsadura.
Onurak ere ekartzen dituzte
Hala ere, nekazaritza eta biziraupeneko metodoak irabazten atera daitezke sumendien jardunaren eraginez. Errautsek eta material piroklastikoek oso emankor bihur dezakete lurra eta uzta aberatsak jasotzeko aukera ematen diete nekazariei. 1992ko apirilean Cerro Negro sumendiak erupzioa izan zuen Leon herritik hurbil, Nikaraguan. Sumendiaren inguruko lurretan errauts-geruza lodi bat erori zen eta nekazaritzaren etorkizun beltzaz hainbat iragarpen ere egin zen, urte luzez etenda geratuko zela esanez. Hala ere, 10 hilabeteren buruan uzta onak jaso zituzten nekazariek sumendiaren errautsez ondutako lur emankor haietatik. Sumendien onberatasun horiek oso eragile ekonomiko eta sozial indartsua dira, zalantzarik gabe. Sarritan esan izan da arrisku handiko sumendi-guneetan bizi direnak joko zaleak izaten direla berez eta arrisku handia jokatzen dutela segurtasun gutxiko irabaziak lortzeko. Baina krater baten oinean bizi izanez hartu duten esperientziak katalizatzaile gisa balio du, hondamendi naturalen aurrean babesteko metodoak garatzeko; izan ere, erupzioei aurre egiteko erari buruz pertsona horiek egiten dituzten gogoetak eta bizirik irauteko martxan jartzen dituzten teknikek ezagupen baliotsuak eskaintzen dituzte.
Historiako erupzio aipagarrienak
1815: Tambora sumendia, Indonesian, indarrez jarri zen erupzioan eta 50.000 hildako eragin zituen. Historiako hilgarriena izan da.
1902: Mont Pelé sumendiak, Martinika irletan, 36.000 hildako eragin zuen eta minutu gutxian Saint Pierre portua suntsitu zuen.
1991: Pinatubo mendiak, Filipinetan, pasa den mendeko bigarren erupzio handiena eragin zuen eta Krakatoak 1883an eztanda egin zuenez geroztik ezagutu den kalte atmosferiko handiena. Mila hildako izan ziren eta milioi bat desplazatu.
Kristo aurreko 1.500. urtea: Santorini irlako sumendia esnatu egin zen. Kondairak dio sumendi hark suntsitu zuela Atlantida, zorionaren irla mitikoa.
Kristo aurreko 79. urtea. Vesubio sumendiaren kasua: Europako sumendi mitikoena da. 1999an alarma sortu zuen, 55 urtez lotan egon ondoren. Baina gertakaririk ezagunena Kristo aurreko 79. urteko erupzioa da, Ponpeia hiria erabat suntsituta utzi eta Herkulano eta Kanpania hiriak ere hondatu zituena.
Sumendien erupzioak eta haurrak
Oso gutxi idatzi da sumendien errautsek urtebetez azpiko haurrengan duen eraginaz, baina frogaturik dago erupzio baten ostean 4 urtez azpiko haurrek eragiten dutela mediku kontsulta gehien. Haurrengan orokorrean, zainketa epidemiologikorako sistemek gastroenteritisa, bronkitis asmatikoa eta arnasbideetako infekzioak hazi egiten direla azpimarratzen dute.
Teide esnatu egingo da
Ez da bihar izango, ezta etzi ere. Urteak pasa beharko dira, hamarkada batzuk seguru asko, baina Teide sumendiak erupzioa izango du berriro, lehenago edo geroago. Izan ere, lurrazpiko jarduera ez da gelditu. Zentzu horretan, sumendi aktiboa da. Tenerifeko agintariek aurreikusita dute gertaera hori eta ekintza planak prestatu dituzte beharrezko denerako; erupzioak inor ustekabean ez duela harrapatuko espero da. Teide bezala, mundu osoan 600 sumendi aktibo dagoela kalkulatzen da, jarduera maila oso aldagarria den arren.
- Errauts-ekaitza: sumendiaren erupzioan laba pusketak edo gas-zutabeak botatzen dira airera; tamainaren arabera, errautsak, harea, blokeak… izango dira. Errautsek suteak eragin ditzakete basoetan eta nekazaritzarako erabiltzen diren lurrak edo teilatuak estali -eraitsi arte-, uztak hondatu edo aldi batez lurrak ereitea galarazi.
- Su-isurketak: haitz beroak, tamaina desberdinetakoak eta gasetan bilduak, fluido gisa mugitzen dira sumendian behera eta ehunka gradu eta orduko 50 eta 150 kilometro arteko abiadura har dezakete. Sumendietako produktu suntsitzaile eta hilgarrienak dira, bidean aurkitzen dutena aurrean eramaten baitute, eraikinak eta edozein bizitza mota, beren indarra eta tenperatura handia direla eta.
- Lokatza-erauntsiak: haitz zati, errauts, sedimentu eta ur kopuru handiek osatzen dituzte eta horregatik, oso azkar mugitzen dira aldapan behera eta harrapatzen dutena eramateko gaitasun ikaragarria dute. Lur-jauzi horiek aurrean eramaten dituzte zoruak, landaretza, haitzak eta bidean aurkitzen duten edozer, lokatza eta harrizko erreka erraldoiak osatuta. Herri osoak lurpean utzi izan dituzte eta ibai handien ibilguak aldatu.
- Laba-ibaiak: sumendiak botatzen duen haitz urtuaren isurketak eragiten ditu ibaiok, baina gutxitan sortzen dute biktimarik, oso astiro jaisten baitira. Ibai hauek ere bidean harrapatzen duten guztia suntsitzen dute, erreta, kolpatuta edo lurperatuta.
- Gasak eta euri azidoa: magmak gasak izaten ditu disolbaturik, erupzioek atmosferara isurtzen dituztenak; normalean toxiko eta arriskutsuak izaten dira landare eta animalien bizitzarako. Gasek eragin kaltegarriak izan ditzakete, bereziki sumendiaren inguruetan (5 kilometro), baina herrialde batzuetan emisio puntutik 30 kilometrora ere eragin dute kaltea. Euri azidoak pertsonei begietan, larruazalean eta arnasketa sisteman egiten die kalte batez ere. Uztak kutsatu eta ukituriko landaretza jaten duten animaliei ere egiten die kalte. Zenbaitetan, errautsei lotutako gasekin nahastean euri azido bihurtzen dira euri tantak; euri mota hori kaltegarria da pertsona, animalia eta landaretzarentzat eta baita metalezko egiturentzat ere.
- Ekaitz elektrikoak: sumendiak botatzen dituen gas eta lurrunek erraztu egiten dute hodeietan sortutako elektrizitatea airean zehar garraiatzea eta horrek tximista eta oinaztargi handiak sortzen ditu. Gainera, eurite bortitzak izateko arriskua areagotu egiten da.