Pinturak zainketa berezia behar du
Aldian behin autoa garbitzea oinarrizko zainketa da egoera onean edukitzeko. Era erregularrean egin beharreko lana da eta ez estetika arrazoiengatik bakarrik. Autoaren pinturaren egoera bere aurkezpen-txartela da, kanpotik nola zaintzen den adierazten duena eta saldu nahi izanez gero, eragina izan dezake prezioan. Autoa garbitzeko unean oso hedatuta dagoen zenbait ohiturak ez da bat ere gomendagarria; adibidez, autoa garbitzeko eguzki beteko eguna aukeratzea edo autoa zurdadun arrabolak dituzten garbiketa-guneetan garbitzea.
Autoa non eta noiz garbitu
- Autoa sarri garbitzeak, itxura hobea edukitzeaz gain, saltzeko balizko prezioa handitzen du.
- Autoa erabili berritan garbitzea komeni da, lokatza, intsektu eta gainerako partikulak bigun dauden bitartean, errazago askatuko baitira. Zikinkeria lehortzen uzten baduzu, pinturan arrastoak egiteko edo orbainak geratzeko arriskua dago.
- Ez garbitu autoa eguzkitan, ez beroagatik, lehortzen denean arrastoak geratuko direlako baizik.
- Ahal dela ez erabili zurdadun arrabolak dituzten garbiketa-gunerik. Oso praktikoak dira, baina azkenean plastikozko zurdek urratu egiten dute karrozeria. Hobe da presioko ur txorrota daukaten zerbitzu-guneak erabiltzea.
- Ahal duzun guztian, autoa garbitzeko aukeratu osmosi bidezko uraren tratamendurako sistema daukan zerbitzu gune bat. Sistema horrek karea, mineralak eta kloroa kendu egiten dizkio urari; horrela, ez da kare-arrastorik geratzen karrozerian eta autoa errazago lehortzen da.
Goitik behera
- Autoa ordena honetan garbitzea komeni da: hasi sabaitik, gero kapota, maletategiaren atea, albo bat, aurreko aldea, beste alboa eta azkenik gurpilak. Lehortu zapi leun batekin, baina egiaztatu aurrez ez duela inolako lur arrastorik, pinturan marrarik ez egiteko.
- Autoa eskuz garbitzen baduzu, ahaztu trapu eta esponjak, pintura urratu egiten baitute hauts eta areazko partikula txikiekin igurztean. Erabili mangera bat, baina urak ez dezala larregiko presiorik izan, lokatza eta hondar-aleek autoaren berniza urra baitezakete.
- Ahal bada, ur epela erabili autoa garbitzeko eta hotza azken garbiketarako. Sekula ez ur berorik, pinturari kalte egin baitiezaioke.
- Alkitran-orbainak alkohol apur batekin garbitu eta ondoren urez pasa.
- Xasisaren beheko aldeko eta gurpiletako lokatza kentzen laguntzeko, eskuila bigun bat erabil dezakezu. Urak lokatza bigundu duenean igurtzi, beti ur-txorrotarekin.
- Gomazko estalkiak eta alfonbrak sakon garbitu (azken horiek xurgagailuarekin eta noizean behin produktu egokiren bat emanez). Autoaren estetika hobetzeaz gain, aldian behin horien azpiko plantxaren egoera egiaztatu ahal izango duzu.
Eskuilak, kristalak eta argiak
- Eskuilek garbi egon behar dute. Horiek zaintzeko, astean behin zapi umel bat edo kotoi zati bat pasatzea izaten da onena. Ez ahaztu urtean behin eskuilak aldatzea.
- Kristalak hobeto garbitzeko, erantsi ontziak garbitzeko xaboi apur bat haizetako-garbigailuaren likidoari.
- Autoaren argiek hauts geruza bat izateak %10 arte murriztu dezake argien eraginkortasuna; konponbidea oso erraza da: pasa noizean behin trapu heze bat.