GNU-Linux

Ordenagailurako programa askeak

Windows, MacOS eta nagusi dabiltzan beste sistema operatibo batzuen alternatiba aske eta doanekoa da Linux
1 apirila de 2002
Img interiormente listado

Ordenagailurako programa askeak

“Minix antzeko sistema operatibo baten bertsio askea eratzen ari naiz”. Interneteko foro batera 1991ko urriaren 5ean Linus Torvalds finlandiar ikasleak igorri zuen mezu hori detonagailua izan zen. Handik hamaika urtera, bertan sortu zen Linux programaren inguruan lanean dihardute, eskuzabal jardun ere, milaka eta milaka lagunek mundu zabalean.

Zer ote da Linux hori, ordea? Programak sortu era hankaz gora edo buruz behera ezartzen duen mugimendu altruista baten alderdi ikusgarria da, icebergaren tontorra esan genezake: etekin ekonomikoa bigarren mailara alboratuta, gizarteari zerbait baliagarria entregatzeko asmoz eta gogoz dihardu.

Sistema operatibo baten nukleoa da Linux, “programa guztien ama” antzeko zerbait. Hauxe da gainontzeko aplikazioen zuzendaria, PC-etan Windows edota Macintosh-etan MacOS direnen baliokidea. Linux, ordea, askea da. Sistema hau kopiatu, oparitan eman, banatu edo hobetzeko -are saltzeko ere- aukera du edonork baina, hori bai, tripak agerian dituela, beste edonork ere kopiatu, oparitan eman, banatu edo hobetzeko aukera izan dezan. Horregatik jende askok Linux dohainekoa dela uste duen arren, dagokion hitz egokia “askea” da. Programa komertzialak prezintaturik saltzen direnez, instalatu aurretik erabiltzaileak ezin jakin dezake inola ere programa horrek zer egingo duen.

Kodea, agerian

Linux programak, “software-askatasun” ildotik garatzeko sortu diren beste guztiek legez, iturri-kodea agerian du, bere funtzionamendua edonork ikusi eta egiaztatu ondoren, gustukoa baldin badu, beste hainbat aplikazio sortzean programa hau oso-osorik edo hein batean bakarrik erabili ahal izango du. Era horretan lortzen dena, gurpila behin eta berriro asmatzen ibiltzeari saihets egitea da (horrelaxe gertatzen baita hedatuak dauden aplikazioekin: programatzaileak kreazioa zerotik hasi behar izaten du den-denetan).

Horregatik Linux sistema operatiboa egunez egun handituz eta hobetuz doa, milaka kilometroko distantziak eta ordu desberdinak gorabehera, Interneten auzolanean jarduteko bide hobezina aurkitu duten mundu zabaleko erabiltzaileek eskuzabal eginiko ekarpenari esker: nolatan dihardute horrela, baina? Gehienbat, zerbait baliagarria sortzeko atsegina sentitzearren. Pittinka-pittinka unibertsitateko ikasle-irakasleei ireki zitzaien militarren sare hura euskarri harturik, ate gehienak zabalik izango zituen Internet sortzeko martxan jarri zen izpiritu berak bultzatu du oraingoa ere. Adituen arabera, ordenagailu pertsonalik gehien-gehienetan Microsoft-en Windows sistemak mantentzen duen hegemoniazko jarreraren aurkako alternatiba sendo bakarra Linux da, gaurkoz.

Nolanahi ere, software askearen munduan marka ezagunena den arren, sistemaren bihotza baino ez da Linux. Haren inguruan hamaikatxo programa sortu dira, ordaindu beharrekoen baliokide hertsiak, adibidez: Abiword testu-prozesagailua da (Word bezala) XMMS programak musika erreproduzitzen du (Microsoft Media Player-en antzera), Gimp-ek argazkiei ukituak ematen dizkie (Photoshop-ek legez) eta Evolution-ek Outlook-en eginkizun berberak betetzen ditu.

Herri xehearentzat

Urtetan zehar, Linux eta inguruko programak ghetto antzekoak izan dira, informatikan aditu-adituek bakarrik erabiltzeko modukoak, alegia: aplikazio biziki konplexuak izaki, baliatzeko unean ordenagailuaren erraiak zehaztasunez ezagutzea ezinbestekoa zenez, erabiltzaile jardun bakan batzuen esku baizik ez zeuden. Gauzak, ordea, aldatzen ari dira. Linux sisteman jardutea, Windows edo Macintosh-en bezain erraza bihurtzen ari baita. Aresti arte, erabiltzaileak “egin zerorrek” zuen aukera bakarra: berak, inongo laguntza zein laguntzailerik gabe, ezarri behar zituen ordenagailuan nukleoa eta premiazko programa guztiak, behar aldrebes eta neketsuan. Prozesu hori soiltzeko hainbat enpresak “distribuzioak” izeneko soluzio berria sortu dute: hauek, bilduma berean ezartzen dituzte nukleoa eta aplikazio sorta zabal bat, era soil eta automatiko samarrean instalatzen direnak.

Distribuzio horiek salgai dauden arren, interesa duena aske da zernahi kopiatzeko. Erabiltzaile askok erostea erabakitzen dute, modu horretan Internetetik hainbat datu-CD deskargatzeko lanak itzurtzearren (eginkizun hori pazientzia agortzeko modukoa izan daiteke, konexio on-ona eduki ezean) eta, bide batez, eskuliburuak inprimaturik jasotzeko. Horiez gainera, ideologia aurrerakoiaz diharduen mugimenduari laguntza emateko era bat da.

Linux, web orriak eskaintzen dituzten zerbitzarietan hedatu da gehien: bertan, filosofia horrekin funtzionatzen duen Apache programa alternatiba komertzial guztien aurretik doa egun. Bestela ere, Linux sistemak telefono mugikorretan, esku-ordenagailuetan eta, areago, erlojuetan ere badabiltza martxan. Aplikazio horien ezaugarri hoberenetako bat modularitatea da, izan ere, kasuan kasuko dispositiboan, ahalmen guztiak ustiatzeko moduan funtzionatzen du eta. Horregatik funtziona dezake “antzinako” 386 batean (ordenagailu horretarakoxe sortu zuen asmatzaileak Linux), azken belaunaldiko Pentium IV batean edota hainbat gigabytedun RAM memoriaz hornituriko zerbitzari eskerga batean ere.

Idazmahaiko bataila

Hainbat urtetan agindu testualen bitartez bakarrik maneia zitekeen Linux sistema operatiboa: saguak ez zuen funtzionatzen eta pantailan klik egiteko moduko ikonorik ez zen azaltzen; etxeko ordenagailuetan Windows koloretsuaren arbaso zen MS-DOS zaharkitu haren tankera, alegia.

Gauzak biziki aldatu dira baina. Erabiltzaile profesionalek kontsolarekin segi dezaketelarik (hau da, agindu testualak “betidaniko” moduan sartuz; sistema konplexuagoa da, inondik ere, baina baita zehatzagoa ere), etxeko ordenagailua baliatzen duten erabiltzaileek hainbat grafiko-ingurune (idazmahai) dauzkate aukeran. Hauei esker, Linuxen itxura lehiakideen mailara (gutxienez) heldu da.

Linuxeko idazmahairik ezagunenak KDE eta Gnome dira eta sistema klasikoak (Macintosh-ena eta Windows-ena) imitatzen dituzte, funtzionaltasun berriak dakartzatelarik. Ez dira bakarrak, ordea: Icewm-ek, adibidez, ingurune atsegina erdiesten du baliabideen erabilera hutsaren hurrena izaki; Enlightenment-ek daukan biziki pertsonalizatzeko moduko eszenatoki futuristak gainontzeko sistemetan elkarrekintzaz jarduteko aukerak ematen ditu. Berritasuna gustukoa dutenentzat, zoragarri.

Usenet
www.google.com/googlegroups/archive_announce_20.html


Interneteko eztabaida-foroen bilduma ugarien eta aspaldikoena jasoz, Usenet-en 20 urteko bizitza bildu du Google-k, komunikazio telematikoen arkeologian arakatzeko aukera ematen duen zerbitzua eskaintzeko. Historiko gertatu ziren mezuen zerrenda dakar, gainera: HIESaren gaineko lehendabiziko eztabaidatik hasita, World Trade Center-en aurkako atentatura arte.

Haragi Freskoa
www.freshmeat.com

Freshmeat-en software askeko proiektu gehien-gehienak biltzen dira: enpresek lagundutako proiektu eskergak eta programatzaile anonimoen bakar-lan direnak, tartekoak ere bertan direla. Freshmeat-en orrietatik beraiekin kolaboratu ahal izateko informazioa jasotzeaz gainera, programa horiek guztiak deskarga daitezke.

Lucas Proiektua
lucas.hispalinux.es


Software askearen dokumentazioari dagokion espainierazko liburutegi handiena da Lucas. Testuak ederki esplikaturik agertzen dira eta zeinahi erabiltzaileri (hasberria zein aditua dela) Linuxen eta alboko programen ahalmenak ustiatzeko aukera ematen die, ikasteko gogoa eta pazientzia pittin bat erakusten badu.