Mendiko bizikletak

Txirrindulariaren gaitasunak erabakitzen du bizikleta mota

Kondairak dioenez, 70eko hamarkadan Estatu Batuetan lurrezko bideetan zehar bizikletaz ibiltzen hasi zen lagun talde bat
1 apirila de 2002

Txirrindulariaren gaitasunak erabakitzen du bizikleta mota

Kondairak dioenez, 70eko hamarkadan Estatu Batuetan lurrezko bideetan zehar bizikletaz ibiltzen hasi zen lagun talde bat. Ideia Europara esportatu zen eta ziklo kroseko bizikletetara egokitu, bizikleten hagun meheen ordez zabalagoak jarri eta pisua gehituta, makinarengan kontrol handiagoa eta mendian azkarragoa izatea lortzeko. “Etxeko” modelo haietan abiatu zen mountain bike edo mendiko bizikleta izendatu zen bizikleta kontzeptu berriaren jatorria. Horren arrakastaz ez dago inolako zalantzarik dagoeneko: 1985az geroztik mundu guztian saldutako bizikleten %60 mendikoak dira, lurrezko bide edo bidexkatan zehar horien erdia baino ibiltzen ez bada ere. Mendiko bizikletak ere ez dira atzera geratu aurrerapen teknologikoetan eta material arin eta trinkoagoak ikertu dira bizikleta horiek egiteko. Horrela, aluminiozko koadroak erabakigarriak izan dira bizikleta mota hau herrikoi egiteko eta merkatuko erregina bihur dadin.

Bizikleta nola aukeratu

Mendiko bizikletak erosoa izan behar du batez ere eta ibiliko duen pertsonarentzako koadro egokia eduki beharko du. Bi aukera eskaintzen ditu merkatuak: serieko makina hautatzea edo neurrira eskatzea. Seriean egindako bizikleten gamarik merkeena, altzairuzkoa beti, 155 euro inguruan dabil. Baina bizikletak neurrira enkargatzeko joera nagusitzen ari da: 350 eurotik abiatu eta katalogoan aukeratzen dira koadroa eta gainerako elementuak. Denda espezializatuek hibridoak egiteko aukera ere ematen dute: serieko bizikleta bat oinarri hartuta, kontsumitzailearen gustuen arabera aldatzen dira pieza edo elementuak. Hautatzen den era hautatzen dela, saldu osteko zerbitzua izatea edo gutxienez hitzartzea komeni da, bizikleta erabiltzen hasi eta 30 egunera piezak doitu beharra izaten baita.

Postura egokia


  • Jarlekuaren altuera:
    eserita gaudela, hankak luzatuta pedalera iritsi behar du, pedala lurretik ahalik eta hurbilen dela.

  • Jarlekua:
    nibelatu egin behar da erdiko ardatzarekiko (pedalen besoek koadroarekin bat egiten duten tokiarekiko) perpendikular egon dadin eta jarlekuaren alderik meheenak behar bezain aurrean egon behar du, koxisari minik ez eragiteko.

  • Eskulekua:
    posizio egokia hauxe da: eskulekuei heldu eta besoak pixka bat flexionaturik direla, burua, berriz, begiak behartu gabe lurra ikusteko moduan, 45 graduko angelua osatuz.

  • Balaztak:
    erraz balaztatzeko, eroso egon behar dute. Gaizki jarrita badaude, eskumuturrak behartuta egongo dira, uzkurtuta zein luzatuta.

  • Koadroaren tamaina:
    bizikletan postura desegokia izatearen arrazoi nagusia koadroaren tamaina desegokia izan ohi da. Koadroak erabiltzailearen altuerarentzako neurri egokia duen jakiteko, bizikletaren koadroaren gainean jarri behar dugu, jarlekuaren aurrean. Horrela jarrita gaudenean, eskua hankartea eta koadroaren artean jarri behar dugu eta bien artean esku bateko tartea geratu behar du. Distantzia txikiagoa baldin bada, koadroa oso handia da eta erortzeko arrisku handia dago; distantzia handiagoa baldin bada, koadroa txikia da eta ez da postura egokirik lortuko.

Mendiko bizikletaz irtetean, ez ahaztu…

  • Kaskoa: nahitaezkoa da dagoeneko.
  • Motxila ekipatua: ezinbestekoa kantinplora eramatea. Motxilan sartu beti kaloria, gatz eta karbohidratotan aberatsa den janaria eta haizearen aurkako jantzi edo txamarraren bat.
  • Kulotak, parrilla eta zakutoak: kulotak bereziki diseinaturik izaten dira atalik sentiberenak babesteko eta urradura edo bestelako deserosotasunik gerta ez dadin (60 euro). Sarri irteteko asmoa izanez gero eta ibilaldia egun bat baino gehiagokoa baldin bada, ez dira ahaztu behar parrillak (33 euro) edo zakutoak (99 euro), pisua eramateko.
  • Erremintak eta ordezko ganbera: gero eta bizikleta gehiagok ekartzen dute jarlekuaren azpian erreminta-zorroa, baina oinarrizkoak zeintzuk diren jakitea komeni da. Ezinbestekoak dira giltzak, dadoak, gurutze formako desmuntatzekoa, laua, hagun mugitzeko espatulak, katea moztekoa eta doigailua. Ez ahaztu ordezko ganbera, berria edo erabilia, baina egoera onean dagoena, eta jakina, partxeak.
  • Ponpa: tamaina eta kolore ezberdinetako aire-ponpak daude salgai. CO2 kartutxoak ere izaten dira, gurpilak azkarrago puzten dituztenak, baina gogora dezagun ekologiaren aurkakoak direla eta luzera garestiagoak.
  • Botikina: tiritak, alkohola, benda edo gasak, analgesikoak, eguzkitarako krema eta ezpainetako kakakoa.
  • Linterna: linterna arrunta bat ez da 10 euro baino gehiago kostatzen.
  • Sakelako telefonoa: bakarrik edo beste norbaitekin joan -beti da hobeto norbaitekin joatea- gomendagarria da sakelako telefonoa eramatea.

Bizikleta nola garbitu

  • Gurpilak mugi daitezela: bizikleta garbitzen hasi aurretik, gurpilak mugitu ahal izango diren leku batean jartzea komeni da, ongi garbitu ahal izateko.
  • Indar handirik gabe: bizikleta garbitzeko, lehenik busti ongi, 50 zentimetroko distantziatik mauka baten bidez baina presio gehiegirik gabe, itsasgarriak edo pintura bera ere hondatzeko arriskua dago eta.
  • Kontuz gune delikatuekin: ez da zuzenean urik bota behar jarlekua eta koadroa lotzen dituen gunera, erdiko ardatzera edo martxa edo balazten palanketara.
  • Bi eskuila: zurda luze eta leuneko eskuila bat xaboi-uretan bustita aski da koadroa, suspentsioa etab. garbitzeko. Kontuz garbitu behar dira hagunak, lur eta lokatza zipriztinak botatzen baitituzte eta baita balazten urkilak ere. Balaztak gune zaila direnez, horiek askatuta hobeto sartuko da eskuila eta horrela sistema osoa garbitu ahal izango da, gomak barne. Zurda labur eta gogorreko eskuila batekin garbituko dira azkenik beste guneak. Pedalei bira eraginez, katean bira egitean pilatzen den lurra eta olioa askatuko da. Ez ahaztu atzeko koadroaren poleak garbi daudela egiaztatzea, garrantzitsua da eta.
  • Lehortu eta lubrifikatu: franela-oihal garbi bat egokia da bizikleta lehortu eta eskuilak garbitu ezin izan dituen puntuak garbitzeko. Ez ahaztu kable guztiak lehortu eta lubrifikatzea, balazta zein martxenak. Martxak lubrifikatzeko, aldatu handienetik txikienera eta gero alderantziz, horrela kableak sartu eta irten egiten baitira. Katea lubrifikatzeko, begi bakoitzean tanta bat jarri eta olioa katea osora hedatu arte pedalei eragitea izaten da onena.
Bizikleta baten elementuak

Koadroa Bizikleta muntatzeko erabili den egitura edo xasisa da, eta gainerako guztia baldintzatzen du: pisua, altuera eta erresistentzia.

  • Burdina: ia-ia merkatutik kanpo geratu da, burdinazko koadroak oso astunak izaten baitira. Oso bizikleta merkeetan baino ez da erabiltzen.
  • Kromo molibdenoa (Cro-Moly). Erresistentzia eta pisu arina bateratzen ditu. Zenbait bizikletak urkilan eta hodi bertikalean (jarlekukoan) bakarrik izaten dute eta, beraz, garrantzitsua izaten da etiketaren bidez edo katalogoan koadroa %100 edo Full Cro-moly dela egiaztatzea.
  • Aluminioa: bere pisu arinagatik garestiena den arren, hain arina izanik, txirrindulari hasiberrienek astunago eta erabilerrazagoa eska dezakete.

Datu garrantzitsua: markako koadroek bizi guztiko garantia izaten dute fabrikazio akatsen aurka.

Multzoa

Balaztatu, abiadura aldatu edo ibiltzeko aukera ematen duen pieza multzoa. Honako hauek ditu: pinoientzako atzeko deskarriladorea, platerentzako aurrekoa, kanbioen eragileak, pinoi-jokoa, palanka eta plateren jokoa, balazten multzoa (zapatak, eskutainak, etab.) eta mazoak eta errodamenduak.

4 linea bereiz daitezke (zenbait eta martxa gehiago, orduan eta prestazio hobeak):

  • Linea merkea (18 martxa)
  • Erdibideko linea (21 martxa)
  • Goi mailako linea (24 martxa)
  • Lehiaketako linea (27 martxa)

Multzoaren atal guztiak modelo eta fabrikatzaile berarenak direla egiaztatzea komeni da, multzo “nahasiko” bizikletak ere izaten baitira eta horietan, bistan diren piezak modelo onenenak izaten dira eta gainerako guztiak linea merkekoak.

Beste piezak

Jarlekua: modelo zabalak eta barrutik “gelezkoak” direnak meheak baino merkeagoak izaten dira (finak gogorragoak eta lehiaketarako egokiagoak izaten dira).
Eskulekua: posizioa aldatu egin daiteke gorputza tenteago eramateko. “Palomita” erakoa aukera ona da. Esponjazko eskumuturrak erosoagoak dira.
Balaztak: ahal bada aluminiozkoak.
Itxitura azkarrak: gurpil bietan eta jarlekuaren hodian.
Jarlekuaren hodia: txirrindulariak behar duen altuerara arte jasotzeko bezain luzea izan behar du.
Gurpil-azalak: leun eta finenak asfalto gainean ibiltzeko izaten dira. Lokatzetan ibiltzeko eta igoeran lurrari heltzeko, garrantzitsua da marrazki ona edukitzea.
Hagunak: aluminiozkoak izan behar dute.