Hozkailuari etekinik handiena ateratzeko

Garrantzitsuena, gehiegi ez betetzea eta tenperatura egokian erabiltzea

1 apirila de 2002
Img consejo del mes listado

Garrantzitsuena, gehiegi ez betetzea eta tenperatura egokian erabiltzea

Hozkailua etxetresna elektrikoa da, kostu ertain-handikoa, gure etxean ezinbestekoa eta batez beste 10 urte irautea espero izaten da. Ez da etxean energia gehien kontsumitzen duen gailua izaten, baina erabiltzaileen behar errealak kontuan izanda erostea komeni izaten da: bikote batentzat 200 litroko hozkailua gomendatzen da eta 300 eta 350 litro artekoa lau kideko familiarentzat.

Halaber, elikagaiak ez dira hozkailuaren barruan nola hala kokatu behar: aireak zirkulatu egin behar du elikagaien artetik, hozkailuak bere hozte funtzioa beteko badu.

Hozkailua erostean…

  • Erreparatu izarren sistema tradizionalari. Izar bakoitza -6 ºCren pareko da eta elikagai izoztuak egoera onean zenbat denboran gorde daitezkeen jakingo duzu.
  • Izar bakarreko hozkailuak -6 ºC izatera irits daitezke lurrinketa gunean, izotz zatiak egiten diren tokian. Ez dute elikagairik izozten; izozturik erositako produktuak 24 orduz kontserbatzeko baino ez dute balio.
  • Bi izarrekoek -12ºC hartzen dute, elikagai izoztuak 2-3 egunez kontserbatzeko aski; baina ez dute balio elikagaiak izozteko.
  • Hiru izarrekoak -18 ºC hartzera iristen dira; tenperatura egokia da hori elikagai izoztuak hainbat hilabetez kontserbatzeko.
  • Pertsona bakarrarentzat aski da 100 eta 150 litro arteko gaitasuna duen hozkailua. Bikote batek gutxienez 200 litrokoa beharko du.
  • Lau lagunentzat, 300 eta 350 litrokoa erosi beharko da. Bost pertsona baino gehiago dauden etxean, pertsona bakoitzeko 50 litro behar direla kalkulatu behar da. Hala ere, 600 litrotik gorako oso hozkailu gutxi dago merkatuan.
  • Arretaz konparatu gaitasun bereko ekipo desberdinen energia kontsumoa eta hautatu beti kontsumo txikienekoa. Begiratu ongi energia-etiketei.
  • Etxean, ongi aireztaturiko lekuan jarri hozkailua eta eguzkiaren izpietatik, labetik eta bestelako bero-iturrietatik urruti.

Hozkailua

  • Egokitu tenperatura-kontrolak hozte-egokia lortzeko aukera emango dizuten posizioetara. Hozkailurako 5ºC da tenperatura egokia.
  • Ez bete larregi, aireak elikagaien artean libre zirkula dezan eta azkar eta ongi hoztu daitezen.
  • Behar-beharrezko denean bakarrik ireki hozkailua. Behar duzuna hartu eta itxi atea berehala, hotzik galdu ez dezan. Hozkailuaren barruko tenperatura 5ºC-tik 10ºCra igotzen da irekitzen den bakoitzean.
  • Egiaztatu hozkailuaren ateak behar bezala ixten direla. Ateko gomak hermetikoki ixten ez badu, aldatu.
  • Elikagaiak bildu edo sartu ongi ixten diren ontzietan, ontzi garbi eta lehorretan, usainik, hezetasun galerarik, kutsadurarik edo hormetan lizunik sor ez dadin.
  • Ez sartu elikagai berorik: hozte-sistemari kalte egin diezaioke horrek.
  • Ez nahastu elikagai gordinak eta prestatuak, ez eta elikagai mota desberdinak ere: kontaktuarekin elkar kutsatzea gerta daiteke. Arreta bereziz jokatu haragi eta arrainekin, beste plater batzuetara urik isur ez dezaten, eta baita barazkiekin ere, lurra izaten dute eta.
  • Haragia, arraina eta jaki prestatuak hozkailuaren alderik hotzenetan jarri. Fruta eta barazkiak beheko kutxetan gorde, horixe baita hozkailuan gutxien hozten den aldea.
  • Aldian behin garbitu hozkailuaren hormak, apalak eta tiraderak xaboi-urez. Ez ahaztu kondentsazioko espiralak ere garbitzea.
  • Hiru hilabetean behin desizoztu hozkailua, hormetan izotza pilatu eta funtzionamendua oztopa ez dezan.

Izozkailua

  • “No frost” edo antzigarrik gabeko izozketa sistema darabilten izozkailuek ez dute aldian behin desizoztu beharrik, barruan ez baita antzigarrik eta izotzik sortzen; baina urtean behin desizoztea gomendatzen da.
  • Lau izarreko izozkailuek bakarrik dute izozteko adina indar.
  • Elikagai bat izoztu nahi baduzu, ongi bildutako zatietan eta barruan airerik ez duten ontzietan izoztu.
  • Izozkailua ere ez gehiegi bete, aire hotza barruan mugitu dadin. Elikagairik berrienak azpian jarri eta denbora gehiago daramatenak kontsumituz joan. Pakete bakoitzari jarri produktuaren izena eta data.