Memoria

Dohain naturala ala ahaleginaren emaitza?

Gizakiaren gaitasun gorenetako bat da memoria.
1 apirila de 2002
Img interiormente listado

Dohain naturala ala ahaleginaren emaitza?

Gizakiaren gaitasun gorenetako bat da memoria. Hala uste da antzina-antzinatik, gertaturikoa gogoan hartzea eta jakintza multzo hori geroago erabiltzeko gordetzea erronka handia izan baita betidanik gizakientzat. Egia esan, gure aurrekoak izan zirenaren herentzia baino ez gara hein handi batean. Eta hartzen ditugun erabaki askotan, ohartuta nahiz oharkabean, memoria erabiltzen dugu, hau da, aurrez pentsatu, egin edo bizi izan duguna.

Memoriarik gabeko gizakia noraezean dabilen izakia da eta gizartera ez egokitzeko eta isolamendurako arrisku larria du. Ez gogoratzea, edo oso gutxi gogoratzea arazoa da, gauza berriak ikasteko nahia edo beharra dutenentzat batez ere. Bestalde, hurbileko memoriarik eza, duela denbora gutxi gertaturikoa ez oroitzea, pertsona nagusiak larritzen dituen alarma seinalea da.

Edozein modutan ere, memoria kuestionatu egin izan da ondasun absolutu gisa, eta “traketsen inteligentzia” dela ere esan izan da. Seguruenik, gutxiespen horren jatorria ikasketa metodo jakin batzuetan izango da: informazio kopuru handiak bereizketarik gabe barneratzea eta errepikapenean oinarritutako bilketa mekanikoa ardatz duten ikasketetan, zenbait portaeratan; memorian gordetzen dena ulertzeak balio estrategikorik ez balu bezala.

Memoria, inteligentziari lotua eta behar bezala estimulatua, ezinbesteko dugu gizaki arrazionalon bizitzan. Gizakiok erabakiak hartzen ditugunean ez baitute bihozkadek eta intuizioak bakarrik parte hartzen, baita pentsatzeko gaitasunak eta gogoetarakoak ere; eta horrek oroitzapenak ekartzen dizkigu, oraintsukoak zein aspaldikoak, hain zuzen ere memoriaren bitartez.

Behar adinako memoria gaitasuna edukitzea funtsezko da, beraz, bizitza inteligentea izateko.

Hitz bitan, zer da memoria?

Gure burmuinean behar bezala sartu eta bertan txoko bat aurkitu ondoren, estimuluak jaso eta gogora ekartzeko gaitasuna da memoria. Iraganeko zati sinbolikoek gaur egungo bizitzan irautea da. Inteligentzia gauza konplexuagoa da, baina ezin da ulertu memoria gaitasunik gabe. Hala ere, pertsona oso inteligenteek memoria ona izan ohi dute normalean; baina memoria ona izateak ez du besterik gabe esan nahi memoria galdu duen pertsona bat baino argiago garenik.

Itxura denez, jaio aurretik ere haurraren burmuinean grabaturik geratzen dira hainbat sentsazio. Bizitzako lehen urteetan zehar gure memoria sentsitiboa izaten da, batez ere sentsazioak eta emozioak gordetzen ditu. Jokaerei buruzko memoria geroago agertzen da: mugimenduak saiatzen dira, errepikatu eta apurka-apurka, grabatuz joaten dira. Horrela, aurreratu eta ingurunera egokitzea ekarriko dioten hainbat esperientzia gogoan hartuz eta ikasiz joango da haurra. Azkenean, ezagutzaren memoria garatzen da edo datuak sartu, behar bezala gorde eta beharrezko denean gogora ekartzeko gaitasuna. Hiru fase horiek funtsezkoak dira eta hein handi batean zenbait gauza ahazteko joera eta memoria hobetzeko gakoak azaltzen dituzte.

Datuak barneratzea

Ezagutzak, esperientziak eta gertaerak gure burmuinera sartzen diren unea da. Une horren inguruko zirkunstantziak funtsezkoak dira memoriaren arrakasta edo porroterako. Ezinbesteko dira arreta eta kontzentrazioa. Une horretan ikasi edo gogoan hartu nahi denaz bestelako elementuak gertatzen badira (adibidez, ikasten ari garen bitartean inguruan elkarrizketak, musika edo telebista izatea) datuak ez dira egoki iritsiko eta gordeko. Edo pertsonak egoera emozional zailak bizi baditu, bere arreta beste nonbait egongo da, distrakzioa nagusituko da eta zaila izango da ezagupen edo erregistro horiek egoki jasotzea. Bestalde, datu-sarrera egokia izan dadin saiatu behar dugu eta ahalik eta kanal gehien erabiltzea komeni da: ikusmena eta entzumena erabiliz batez ere, eta beharrezko bada ukimenaren eta usaimenaren bitartez.

Informazioa biltzea

Une honetan, jasotako datuak behar bezala antolatzen dira burmuinean. Horretarako, metodologia bat izatea ez ezik, datuak sailkatzen lagunduko dioten egitura intelektualak ere izan behar ditu pertsonak. Adibidez, armairu batean arropak gordetzerakoan, aurrez motaren arabera sailkatu ahal izango ditugu arropak, gero bakoitza bere lekuan uzteko. Arropa bilatzen dugunean nabarmen geratuko da aldea, norberak ezagutzen duen ordenak (geuk antolatu dugu ordena hori) agintzen baitu jantzi bakoitzaren kokapenean.

Fase klabea: gogora ekartzea

Oroitzapenak gogora ekartzerakoan, gorderiko informazioa berriro ateratzerakoan, bildutakoa ongi sailkatu baldin bada errazagoa izango da aurkitu eta erabiltzea. Baina erregistratzean eta gordetzerakoan arreta eta ordena ez dira faktore bakarrak: adinak, osasunak eta bizitzako zirkunstantziek berak ere eragin erabakigarria dute memorian. Gauzak ahazten direnean agertzen da kezka, ikasleak hainbat astez ikasi duena azterketako unean gogoratu ezin duenean edo, zahartzaroan edo zahartzarora hurbiltzean, giltzak non utzi ditugun, etxetik irtetean gasa itzali ote dugun edo duela urte pare bat ezagutu genuenean atentzioa eman zigun pertsonaren izena gogoratzen ez dugunean.

Zergatik ahazten zaizkigu gauzak?

Gauzak ahaztea interferentziek eragin dezakete, erregistratzerakoan datuak nahastu direlako, etapa horretan bertan arreta defizita izan delako, ez erabiltzeagatik (oroitzapenak ahuldu egiten dira erabiltzen ez direnean), motibazio ezagatik (zenbait gauza baztertzea, ez gogoratzea nahiago izaten du gure inkontzienteak, sufrimendua edo egonezina sortzen digutelako), eta urteen eraginez. Denbora joan ahala, indarra galtzen dute zenbait gaitasunek, memoriak horien artean: duela gutxi gertaturiko gauzak gogoratzeko gaitasuna urritu egin zaiela ohartzen dira zaharrak, antzinako gauzetarako memoria ona izan arren. Gauza batzuk ahazteak, patologiko ez den memoria-hutsune horrek, datuak erregistratzean fin ez ginela aritu erakusten du, edo zahartzean, gaitasun fisiko eta intelektualen endekapenak eragina izaten duela azkenean gauzak gogoratzeko gaitasunean. Baina gauzak ahazten ditugunean ez dugu larritu behar eta are gutxiago obsesionatu. Egin ditzagun saioak, ahalegin serio eta metodikoak, gogoratu nahi dugunarekin zeharka bada ere loturik dauden bestelako datuak ateratzeko. Eta estrategia horrek ere funtzionatzen ez badu, ez arduratzea izaten da onena. Obsesionatuta, gure memoria gehiago blokeatzea besterik ez dugu lortuko. Oroitzapena berez etorriko da gutxien espero dugunean eta orduantxe landu beharko dugu memoria ahalik eta gehien. Amnesia, bestalde, ahazte larria da, gehienetan gertaera traumatikoekin (fisko zein psikologikoekin) lotua, eta medikuaren tratamendua behar izaten da.

Memoria nola hobetu

Badira zenbait baldintza fisiko, oraindik behar adina ezagutzen ez ditugunak eta memoria hobea izateko bidea ematen dutenak; baina, hala ere, beti dago memoria optimizatzeko aukera. Hona hemen zenbait gomendio memoria hobetzeko:

  • Saia gaitezen datuak sartzeko uneak ahalik eta zentzumenik gehien erabiltzen: ikusmena, entzumena, usaimena…
  • Baldintza egokiak izan eta interferentziak saihestu. Tartean bestelako estimuluak ere baldin badaude, gogoratu nahi duguna memorian gordetzeko behar den arreta kenduko digute.
  • Handitu dezagun gure arreta eta kontzentrazio gaitasuna, isiltasunaren erdian entzuten saiatuz eta egunkarietan agertu ohi diren ikusmen-jokoak eta desberdintasunak antzemateko ariketak eginez.
  • Saia gaitzen gogoan gorde nahi duguna ongi ulertzen, beste gertaera batzuekin erlazionatuta.
  • Irudiak gogora ekartzeko gaitasuna da irudimena. Buruak hobeto gordetzen du irudikagarria dena. Saia gaitezen ikasi edo gogoratu nahi duguna irudiekin lotzen. Irudi horiek ez dute nahitaez logikoak izan behar; astakeria hutsak ere izan daitezke, kontrasteagatik hobeto grabatuko baitira.
  • Barneratu nahi dena ulertu ondoren, errepika dezagun aspertu arte. Errepikapenak ohitura sortzen du eta behin eta berriz saiatzeak kontzeptuak hobeto grabatzen laguntzen du.
  • Aldian behin proba dezagun gogoratzeko gaitasuna. Noizean behin, egin dezagun ikasten ari garenaren eta gure bizipenen inbentarioa. Gure memoria autoebaluatu egin dezakegu; ariketa atsegina eta gomendagarria da.
  • Adinean aurrera goazen heinean, komenigarria da hurbileko memoria estimulatzea -urrutiko memoriak arazo gutxiago ematen digu eguneroko bizitzan- hainbat ariketaren bitartez: egunero egunkariak irakurri eta albisteak jarraituta, noizean behin irakurri edo entzun dugunaren idatzizko edo ahozko laburpen txiki bat eginez, denboraren orientazioari eusteko egutegiari sarritan begiratuta, abestien letrak edo poemak buruz ikasita, gure argazkiak sailkatu, begiratu eta jasotzen dituzten momentuak gogoratuta, gauzen bilduma egin, antolatu eta noizean behin horiez gozatuta.
  • Azkenik, aholku baliagarri bat: idatzi zure memoriak. Seguruenik harritu egingo zaitu zer gogoratzeko gai zaren jakiteak.