Telefonia mugikorra

Erabilera-ohiturak ezagutzea funtsezkoa da planik egokiena aukeratzeko

Diru asko aurrez daiteke gure beharretara gehien egokitzen den plana hautatzen asmatuz gero
1 apirila de 2002
Img tema de portada listado

Erabilera-ohiturak ezagutzea funtsezkoa da planik egokiena aukeratzeko

Guztira 25 milioi sakelako telefono eta 6.100 milioi eurotik gorako irabaziak (2001eko datuak dira); horra hor Espainiako estatuan irabazirik gehien ematen duen ekonomia sektoreetako bat: telefonia mugikorrarena. Biztanleen %60 baino gehiagok dauka dagoeneko sakelako telefonoa eta horrek Europako batez bestekoaren gainetik jartzen gaitu, zerbitzu horretan lider diren herrialdeen artean. Dagoeneko hainbat urte da Espainiako estatuan linea mugikorren kopurua linea finkoena baino handiagoa dela eta 2010. urtean Europan eskuko telefonoen merkatua 175.000 milioi eurokoa izatera iritsiko da; horietatik, %10eko kuota osatuko du Espainiako estatuak (Alemania, Erresuma Batua, Frantzia eta Italiaren atzetik).

Oraingoz, lau enpresa dira pastel ekonomiko erraldoi horren jabe: MoviStar (16.793.000 bezero), Vodafone (7.732.148 bezero), Amena (5.300.000 bezero) eta Euskaltel (400.000 bezero); eta kontsumitzaileak lelotu egiten dituzte dei eta tarifei buruzko plan konplexu eta amaigabeekin, beti lehiakidearenak baino hobeak direla esanez. Dagoeneko inork ez du zalantzan jartzen tresna hauen erabilgarritasuna eta bilakaera teknologiko amaigabea -gero eta txikiagoak, osatuagoak eta erakargarriagoak dira-; baina ezin da albora utzi gailu hauek larregi eta era desegokian erabiltzeak sortzen duen arazoa, eta batez ere, sakelako telefonoaren faktura ordaintzean edo uste baino lehenago txartela agortzen denean sortzen diren atsekabeak.

Erabiltzaile mota bakoitzaren beharretara gehien egokitzen den operadorea eta horien barruan prezio-plana zein den ikertzeko (erabiltzaile bakoitzak dei gehien zein ordu eta egunetan egiten duen ikusita), CONSUMERek Espainiako estatuan diharduten telefonia mugikorreko lau konpainien 22 prezio-planak aztertu ditu.

Lehen ondorio nagusia: kontsumitzailearentzat oso zaila dela tarifak konparatzea eta ez konpainia batenak erkatzea, baizik eta operadore ezberdinen prezioak konparatu ahal izatea, oso era nahasian eta irizpide desberdinen arabera aurkezten baitira. Gainera, alta ematea (hau da, kontratu bat sinatzea) ez da beti tarifa merkeenak eskuratzea izaten, telefonia mugikorreko enpresek “kontratudun” bezeroak lortzean hala agintzen duten arren; hala ere, hileroko fakturak informazio gehiago eskuratzeko aukera ematen du eta horrela, gastua hobeto kontrolatzea lor daiteke.

Beste konstatazio bat: ordutegi jakin baten barruan oso prezio merkeak eskaintzen dituzten planek prezio garesti-garestiak ezartzen dituztela ordutegi horretatik kanpo: adibidez, prezio-plan baten barruan (Amena eta Euskaltelen Aisialdiko Tarifa), arratsaldeko lauak aurretik egindako minutu bateko deia ordu horretatik aurrera baino 0,70 euro gehiago kostatzen da.

Ikusitakotik ondorio garbia ateratzen da: tarifak konparatu eta gure kontsumo-ohiturak aztertzeak konpainia aldatzera edo gaur egungo konpainia beraren barruan plana aldatzera eramango gaituela agian. Baina aldatzea ere ez da beti erraza izaten. Erabiltzaileak beste operadore bat hartu nahi badu, bere telefono zenbakiaren “eramangarritasuna” eskatu beharko du (operadorea aldatzea, baina telefono zenbakia aldatu gabe) eta bere terminala “aska” dezatela (sakelako telefono gehienak blokeatuta egoten dira, telefoniako operadore bakar batekin erabili ahal izateko moduan).

Ikerketa nola egin zen

Lau balizko planteatu dira, CONSUMERek kontsultatu dituen adituen iritziz horiexek baitira telefonia mugikorraren erabiltzaileek egiten dituzten deietako patroi (ohitura) nagusiak. Balizko bakoitzaren barruan dei kopuru jakin bat ezarri da, asteko egun eta ordu desberdinetan zehar banatuta. Halaber, kontuan hartu da deiak bereizketarik gabe egiten direla (beti proportzio berean) konpainia bereko sakelako telefonoetara, beste konpainietako telefonoetara eta telefono finkoetara, izan ere prezio-plan askotan deia norakoan den, halakoa izaten baita tarifa ere. Ez da kontuan hartu deia nondik eta nora egin den ere. Eta “kontratudun” erabiltzaileen kasuan, linearen titularrak titular gisa urtebete baino gehiago daramala hartu da kontuan. Ondoren, balizko bakoitzeko deiak zenbat kostako liratekeen kalkulatu da, lau enpresek guztira eskaintzen dituzten 22 tarifa-planak kontuan hartuta.

Lau balizkoak:

  • Deiak batez ere goizez eginda (8:00etatik 13:00etara).
  • Deiak batez ere arratsaldez eginda (16:00etatik 21:00etara).
  • Deiak edozein ordutan eginda (8:00etatik 22:00etara).
  • Deiak batez ere asteburuetan eginda.

Ordutegi bakoitzeko tarifarik merkeenak

Batez ere goizez deitzen baduzu…

  • Zure kontsumoa gutxi gorabehera erregularra eta 30, 40 edo 60 eurokoa izaten bada, MoviStar Plus 30, 40 edo 60 plana komeni zaizu. Plan horiek minutuko 0,17 euro, 0,16 euro eta 0,15 euroko deiak egiteko aukera ematen dute hurrenez hurren (BEZ barne), kontrataturiko tarifara iritsi arte (30, 40 edo 60 euro). Baina hilabete batean zure kontsumoa hitzartutako tarifara iristen ez bada, berdin-berdin kobratuko dizute. MoviStar plan hauen tarifak dira guztietan merkeenak, baina oso kontsumo erregularra duten eta hiru zifra horietara hurbiltzen diren erabiltzaileei bakarrik komeni zaie kontratu mota hau.
  • Kontsumoa irregularra eta goian aipaturiko kopuruetatik beherakoa baldin bada, Vodafone-ren Goizeko Plana da egokiena (0,10 euro minutuko, BEZ barne); baina goizeko deirik gehienak 11:00ak eta 13:00 bitartean egiten badira, merkeena MoviStar Plus Goizeko Aukera izango da (0,08 euro minutuko, BEZ barne).
  • Beste aukera on bat: Vodafone Única, MoviStar Activa 24 ordu eta MoviStar Activa Club aurrez ordainduriko txartelak, hilean 2 minututik gorako hamar dei baino gehiago egiten ez bada (gutxi gorabehera).

Batez ere arratsaldez deitzen baduzu…

  • Amena-Euskaltelen Aisialdiko txartelak eta Vodafone-ren Aisialdikoa dira egokienak (0,14 euro minutuko, BEZ barne). Baina tarifa murriztuko ordutegiz kanpo egiten diren deiek oso prezio garestia izaten dute.

Horrela, erabiltzaileak batez ere arratsaldez dei egiten badu, baina noizean behin arratsaldeko ordutegiz kanpo ere deiak egiten baditu, hona komenigarriena:

  • Hileroko kontsumoa erregularra baldin bada eta 30, 40 edo 60 eurora hurbiltzen bada, Movistar Plus 30, 40 edo 60 Plana (kontratua),
  • Aitzitik, hileko kontsumoa erregularra ez baldin bada edo 30 eurotik beherakoa baldin bada, Vodafoneren Arratsalde Plana (kontratukoa) izango da egokiena; baina deirik gehienak 19:00 eta 21:00 artean egiten badira, Movistar Plus Arratsalde Aukera (kontratua) izango da egokiena.

(Kontratuko plan horietako ordutegi murriztutik kanpo egiten diren deiak, garestiak diren arren, Vodafone-ren Aisialdiko txartela eta Amena-Euskaltelen Aisialdi Tarifa baino %35 eta %48 merkeagoak dira, hurrenez hurren).

Ordutegi-loturarik nahi ez duenarentzat…

  • MoviStar Plus Aukera Planaren kontratua, bere bi aukeratako edozeinetan: Goiza eta Arratsaldea. Frankiziarik gabeko gainerako planak baino merkeagoa izateaz gain, ordutegi murriztuan zehar tarifa bera ezartzen da (0,08 euro) deia nora egiten den kontuan izan gabe. Aukera ona da, gehixeago ordaindu arren, zein ordutan deitzen duen begira ibili nahi ez duenarentzat.
Asteburuetan deitzeko...
  • Kontsumo erregularra edo 30, 40 edo 60 euroko kontsumoa baldin baduzu, MoviStar Plus 30, 40 edo 60 plana. Minutu bakoitzeko hurrenez hurren 0,17 euro, 0,16 euro eta 0,15 (BEZ barne) ordainduta deiak egiteko aukera ematen du, hitzartutako tarifara iritsi arte (30, 40 edo 60 euro). Baina hilabete batean kontsumoa hitzartutako tarifara iristen ez bada, berdin-berdin kobratuko dituzte. Movi-Star plan hauen tarifak merkeagoak izaten dira, baina oso kontsumo erregularra duten eta hiru zifra horietara hurbiltzen diren erabiltzaileentzat bakarrik.
  • Kontsumoa erregularra ez denean edo kopuru horietatik beherakoa baldin bada: MoviStar Plus Aukera plana (kontratu bidezkoa) bere bi aukeretan (Goiza eta Arratsaldea) minutuko 0,08 euroko kostuarekin, BEZ barne.

Telefonia mugikorreko konpainien beste zerbitzu batzuk

Amena, Vodafone eta Euskaltelen, aurrez ordainduriko txartelen erabiltzaileek taldeak osatzeko aukera daukate, taldekideen artean egiten dituzten deiak eta testu-mezuak (SMS) ohiko tarifarekin baino merkeago egiteko. Hainbat sistema erabiltzen dute, baina azken batean, aktibazio prezioaren truke eta hilero kostu bat izan gabe taldekideen artean deiak egin eta SMS mezuak bidaltzeko aukera ematen dute; taldekideen kopurua bi, bost edo hamar lagun artekoa izaten da. Kasu batzuetan, zerbitzu osagarriak ere eskaintzen dira, adibidez taldekide guztiei aldi berean mezuak bidaltzea, mezuak banan-banan bidalita baino askoz ere merkeago.

MoviStar-en aurrez ordaindutako txartelaren bezeroek ez dute taldeak osatzeko sistemarik, baina bada zerbitzu bat, (Zenbaki ohikoena) aktibazio-prezioaren truke bost telefono zenbakitara deiak eta mezuak merkeago egiteko aukera ematen duena. Sistema honekin, beraz, erabiltzailea ez dago behartuta dei gehien egiten duen zenbakien jabeekin ados jartzera.

Zenbakiaren “eramangarritasuna”

Telefono zenbaki berari eutsiz konpainia aldatzeko erabiltzaileak duen aukera da.

Nola eskatzen da eskuko telefonoaren “eramangarritasuna”?
Erabiltzaileak konpainia berriari eskatu behar dio zenbakia aldatzeko aukera, eta ez oraingo enpresari. Horretarako, banatzaile baimendu batengana jo behar du eta bere eskuko telefonoaren zenbakia konpainia batetik bestera aldatzeko tramitea egin dezatela eskatu. Hona zenbakia konpainia batetik bestera aldatzeko eskatzen diren zenbait datu: konpainia batetik bestera eraman nahi den zenbakia(k), SIM txartelaren (telefonoaren barruan izaten denaren) serie zenbakia, bezeroaren NAN zenbakia, eta kontratudun bezeroa izanez gero, banketxeko datuak.

Zenbat denbora behar da aldaketa egiteko?
Gaur egun, hilabete eta erdi eta bi hilabete artean behar izaten da.

Eramangarritasuna ukatzeko arrazoiak
Bezeroak utzi nahi duen operadoreak ezeztatu edo uko egin diez aioke zenbakia beste konpainia batera eramateari. Hona zergati ohikoenak:

  • eskaeran datu guztiak ez osatzea edo okerreko datuak ematea;
  • zenbaki berarentzat beste eramangarritasun prozesu bat abiarazi izana;
  • linea anitzeko kontratuan edo “SIM multiple” txartelarekin, abonatuak zeuzkan zenbakietako bat beste konpainia batera eraman nahi baldin badu baina guztiak ez, zenbaki guztiekin zuen kontratua amaitu behar du, eta gero beste konpainia batera eraman nahi duen zenbakiarentzat kontratu berria egin (hori guztia baja eman nahi den operadorearekin) horrela zenbaki zuzen batekin jokatu ahal izateko.
  • halabeharrak eragindako arrazoiak;
  • ordaindu ez delako zerbitzua moztu edo etetea.

Operadore berriak abonatuari SIM txartela ematea
“Eramangarritasuna” ukatzen ez bada, operadore berriaren banatzaile baimendua (eskaera jaso duena), abonatuarekin harremanetan jarriko da SIM txartel berria jaso dezan eta txartel horrekin operadore berriaren abonatu gisa dei egin ahal izango du.

Operadoreen arteko aldaketaren unea
Operadore berriak mezu labur bat bidali edo dei egiten du bezero berriaren eskuko telefonora eta operadore aldaketa zein egun eta ordutan egingo den jakinaraziko dio.

Aldaketa dohainik da?
Legeriaren arabera, telefonia mugikorreko operadoreek kobratu egin dezakete batetik bestera pasatzea tramitatzeagatik. Tarifa aldatu egingo da abonatuaren eta operadore berriaren artean lortzen den adostasunaren arabera, baina normalean dohainik egiten da prozesua, konpainiei interesatu egiten baitzaie bezeroak lortzea.

Operadorea aldatzean eutsi egin behar zaio zerbitzu motari?
Ez, abonatuak askatasun osoa du jaso nahi duen zerbitzu mota aukeratzeko, aurrez ordainduriko txartela zein kontratua izan, eta operadore berriak eskaintzen duen edozein plan, deskontu edo eskaintza aukera dezake. Abonatua, ondorio guztietarako, operadore berriaren (operadore hartzailearen) bezero berri bat da, baina salbuespen batekin: ez zaio zenbaki berri bat ematen, lehen operadoreak (operadore emaileak) eman ziona gordeko baitu.

Fakturazio era

Amena eta Euskaltel
Lehen minutua osorik kobratzen da eta gero segundoka egiten da tarifa. Tarifak ezartzeko 6 dezimal erabiltzen dituzte.

Vodafone
Lehen minutua osorik kobratzen dute eta gainerakoa 30 segundoka (txartelean zein kontratu modalitatean). Deiak minutu bat eta 40 segundo irauten badu, 2 minuturi dagokion tarifa ezarriko da. Amena eta Euskaltelek ez bezala, Vodafonek tarifetan biribiltze normala egiten du, 2 dezimal erabiliz.

MoviStar
Aurrez ordainduriko txartelaren modalitatean, konpainia honek 30 segundoko frakzioetan konputatzen ditu deiak eta lehen minutua osorik kobratzen du. MoviStar-en edozein kontratutan, lehen minutua osorik kontatzen da; minutu horren ondoren, segundoka fakturatzen da kontsumoa. MoviStar-ek beherantz biribiltzen du hirugarren hamarrekoa, edozein delarik ere. Adibidez, tarifa 0,188 euro baldin bada, 0,18 euroko tarifa aplikatuko da.

Sakelako telefonoa nola askatu

Sakelako telefono bat telefonia-konpainia baten bitartez erosten denean, konpainiak diruz laguntzen du aparailua eta horrela bezeroak ez du prezioaren zati bat besterik ordaindu beharrik. Linearik eta konpainia batekiko loturarik gabeko sakelako telefono bat 10 aldiz gehiago kosta daiteke. Baina diruz lagunduriko gailu bat aukeratzeak hainbat baldintza dakartza, besteak beste urtebetez konpainia berean jarraitzeko obligazioa edo terminala beste operadore batekin erabili ezina. Urtebeteko epe hori pasa ondoren, operadore guztiek terminala dohainik askatzeko aukera ematen dute -Euskaltelek formatu bietan eta Vodafonek aurrez ordainduriko txartelaren kasuan izan ezik-. Eta urtebete baino lehen egin nahi duenak, 120 eta 150 euro (20.000-25.000 pta)artean ordaindu beharko ditu.

Amena
Aurrez ordainduriko txarteletan, baldintza bat dago liberalizazioa dohainik egin ahal izateko: 120 euroko (20.000 pezetako) errekarga egitea. Kontratuarekin ezinbestekoa da urtebeteko epea pasatzea lineari loturiko terminala erosi zenetik; 150,20 euro ordaindu behar da telefono liberalizatzeko.

Terminala liberalizatzeko Amenaren bezeroarekiko arreta zerbitzuarekin jarri behar da harremanetan, lineari eta terminalari buruzko datuak egiaztatzeko. Eta hainbat datu eman behar da (terminalaaren marka, modeloa eta IMEI zenbakia).

MoviStar
Urtebete pasa ondoren, kontratudun bezeroak terminala desblokeatzea eska dezake dohainik, edo epe hori baino lehen egin nahi badu, kontratuan zehaztuta dagoen kopurua ordaindu beharko du.

Aurrez ordainduriko txartelen kasuan, 120 euroko karga egin beharra dago liberalizazioa doakoa izango bada; bestela 150,25 euro (25.000 pezeta) ordaindu beharko litzateke. Prozesua honakoa da: lehenik eta behin MoviStarren bezeroarekiko arreta zerbitzuarekin jarri behar da harremanetan, lineari eta terminalari dagozkion datuak egiaztatzeko. Gero idatzi bat bidali beharko da terminala liberalizatzea eskatzeko. Kodea Telefónica Móviles España erakundearen esku denean, operadore hori terminala liberalizatzea eskatu duen bezeroarekin harremanetan jarriko da eta hori desblokeatzeko jarraibideak emango dizkio.

Vodafone
Txartel bidezko terminala ezin da askatu. Kontratu modalitateari dagokionez, urtebetez kontratuarekin egotea da baldintza, bestela 150,25 euro (25.000 pezeta) ordaindu beharko bailitzateke.

Une horretan Vodafone-ko langileekin harremetan jarri behar da eta terminalaren marka, modeloa eta IMEI zenbakia (eskuko telefonoaren NAN zenbakia edo horrelako zerbait) eman. Zenbaki hori bateriaren atzeko aldean dagoen eranskailu batean agertu ohi da eta kode bat sartuta ere kontsulta daiteke. Bi asteren buruan, terminala nola desblokeatu jakinaraziko dizute.

Euskaltel
Ez du aukera hau eskaintzen. Euskaltelen bezeroaren arretarako zerbitzuak ez die azaltzen bezeroei zergatik uko egiten dioten eskuko telefonoak “askatzeari”.

Mezu laburrak (SMS)

Operadore guztiek tarifa berbera dute SMS mezuentzat: estatu mailako edozein operadoreren eskuko telefonoetara bidalitako mezuak 0,15 euro kostatzen dira eguneko edozein ordutan eta asteko edozein egunetan eta Espainiatik kanpoko operadoreen terminaletara bidaliz gero, 0,60 euro (BEZ gabe kasu bietan). Mezuak atzerritik bidaltzen badira, hautaturiko operadore lokalaren araberakoa izango da prezioa. Goizez deitzea arratsaldez deitzea baino bost aldiz merkeago eskaintzen duten planetan, SMS mezuak bidaltzea aukera interesgarria da; baina ez da ahaztu behar bidalketa bakoitzean 120 eta 160 karaktere artean bidal daitekeela (zenbait terminalek mezu bat baino gehiago bakarra balitz bezala bidaltzeko aukera ematen dute; hala ere, horietako bakoitza ordaindu beharra dago). Baina, kontuz, mezua bidaltzea ez da beti deia baino merkeago ateratzen.

Ikus dezagun adibideekin: Vodafone-ren Goizeko Planean, kontratu bidezko modalitatea izanik, errentagarriago ateratzen da goizez testuzko 3 mezu bidaltzea minutu batez hitz egitea baino, izan ere, deia ezartzearen prezioa (0,14 euro, BEZ barne) gehi minutuko tarifa ( 0,44 euro, BEZ barne) kostua 0,58 euro ateratzen baita; eta testuzko 3 mezu bidaltzea 0,51 euro kostatzen da (BEZ barne). 0,10 euroko (BEZ barne) tarifa murriztuaren ordutegian eta deia ezartzearen kostua 0,14 euro (BEZ barne) dela kontuan izanda, deia 0,24 euro kostatzen da minutuko; mezuen sistema hautatuz gero, berriz, mezu bakarra baino ezin da bidali, bi mezu bidaltzea 0,34 euro (BEZ barne) kostako baita.