Konturatzen zara nolako gaitasuna duzun gomendioak egiteko eta “Discópolis”-ek bezala audientzia eta prestigioa duen programa batean disko jakin bat goraipatzeak nolako erantzukizun profesionala eta etikoa dakarren?
Jakina, konturatzen naiz horretaz. Kazetaritza ikasi nuen eta Etika eta Deontologia ikasgaia arretaz jarraitu nuen. Kazetari izan nahi nuela eta profesionalki musikari loturik egon nahi nuela jakinda, Kontserbatoriora joan nintzen ikasketak egitera eta oraindik ez diot utzi ikasteari. Aitortu beharra daukat disko konpainietatik presioak jasotzen ditugula, azken batean horixe baita euren egitekoetako bat, baina inondik ere ez dute gure irizpidea aldatzerik lortzen: irrati kate publiko bateko kazetari naizen aldetik, oso argi daukat musikaren arloan ditudan ezagupenak gizartearen zerbitzura jartzeko nagoela hemen. Erabat independentea naiz. Komunikazioaren arloko profesional gisa, albisteak ematea da nire eginkizuna, musikari buruzko albisteak kasu honetan, eta ez dut interesik RNE ez den beste inongo enpresatan.
Nire publikoa gizartea da eta gizartearen zerbitzuan, ahal den musika guztia eskuratzen dut. Radio 3 irratian musika mota guztietara iristeko baliabideak ditugu; egileek eurek ere beren disko argitaratuak edo maketak ekartzen dizkigute eta gainera, Europako kritikarien sare bateko kide naiz. Horri esker, munduko edozein bazterretako diskoak berehala lortzen ditut. Etengabe materiala bildu ondoren, berrikuntzak aurkeztea izaten da hurrengo urratsa eta horri nolabaiteko ukitu propioa eransten diot nik, akademikoa, zerbait irakasten saiatzen bainaiz. Discópolis programa egiten 1987ko urtarrilaren 5ean hasi nintzen, ero talde batek, Peter Gabriel eta besteren batek, rock musikaren barruan musika desberdin bat egiten zutenean eta geroago world music deituko zena bilduko zuen zigilu bat sortu zutenean. Apustu arriskatua zen, rock eta sustrai etnikodun soinuen eta folk ukituen nahasketa bat, artean oso zehazturik ez zegoen zerbait; baina nik konfiantza izan nuen mugimendu hartan. Azken batean, gauza berriak egiten dituzten egileengana irekitzea da kontua, musika eta kultura desberdinak baldintza berdinetan nahasten dituztenak, hizkuntzak bateratzen dituztenak, sortzen dutenak…
Zure programak kulturen arteko nahasketaren aldeko apustua egin izan du beti eta badirudi etorkinen gero eta etorrera handiagoaren aurrean jarrera hartzen duzuela horrela. Gaur egun, asko aipatzen da kultura aniztasuna, kontzeptu hori hirietan etnia bakoitzeko ghettoak izateari lotuta; baina oraindik ere baliozko da “kultura aniztasuna”?
Musika honekin gauza bat ikasten da: alboan dugun pertsona, gure herritik milaka kilometrora dagoen herrialde batetik etorri arren, gu bezalakoa dela eta gure eskubide berberak dituela. Nik nire programan garatzen dudan kontzeptua nahasketa da, baina arazo semantiko bat dago, terminologia arazoa, kultura aniztasunarekin. Discópolis programan nahasketen musikaz hitz egiten da, gainera, Berlingo Multiculti irratitik ere emititzen da. José Monleón pentsalariarengana jotzen dugu, gai hau jorratzeko moduari buruz orienta gaitzan. Kulturen nahasketa igualitario eta iragazkorra egiten dugula ulertzen badugu, ghettoetan irautearen aurkakoa, asmatu egingo dugu kultura aniztasunaz hitz eginez. Apartheidaren auka borrokatu badugu, koherente izan behar dugu. Baina kontuz! Nahasketak ongi egin behar dira. Adibidez, musikan ez da dena baliozkoa, bi estilo nahastu eta ez funtzionatzea gerta daiteke eta. Gizartearen eremuan, oso lagungarri izango genuke sustrai desberdinak ditugula eta nahasketak aberastasuna dakarrela gogoratzea.
Sarritan entzuten da rocka hil egin dela eta gaur egungo taldeek Beatles, Rolling Stones, Velvet, Genesis, King Crimson, Pink Floyd, Kinks edo Led Zeppelin talde handiek jorratutako eskema eta bideak aldaketa txiki-txikiekin errepikatu besterik ez dutela egiten. Zer iritzi duzu? Azken hogei urteotan ez da ezer garrantzitsurik egin? Smiths, Nirvana, Talking Heads, Oasis eta U2, adibidez, aurrekoaren kalko hutsa dira?
Rocka ez da hil, ez horixe, hil dela behin eta berriz iragarri badute ere. Gauza berriak ezagutzeko gogoa da hiltzen dena. Baliteke entzuleari musikariak gaur bertan egiten ari direna ez interesatzea, baina profesionalok zabalik egon behar dugu berrikuntzen aurrean, horiek aurkeztu eta azaltzeko, baina beti gogoan izanda eskaintza oso handia dagoela eta entzulearen harrera gaitasuna mugatua dela eta guztia ezin duela jaso.
“Tribu urbanoak” jarraitzen dituzten musika estiloen arabera defini daitezke. Musika elektronikoari eta dance musikari begiratzen badiogu, geure buruari galdetzen diogu musika horren ezaugarriek droga sintetikoak kontsumitzea azaltzen ote duten, dance musikaren erritmo-burrunba eta musika errepikakorrarekin lotzen baitugu.
Lehengo batean, gure estudioan, elkarrizketa bat izan genuen lankide batzuek kontzertu horien inguruan izaten den polemikari buruz. 60ko hamarkadako gure guateque festak gogoratzen genituen, azken batean gauza bera baitziren: musika entzun, ongi pasatu eta besteekiko harremana bilatzea. Gaur egungo kontzertu eta festak orduko guateque haiek dira beharbada. Bistan da pastillak dance eta tecno musikekin lotuta daudela, baina galdera hauxe da: musikaz gozatzeko beharrezko diren eta nik ezetz uste dut. Alde horretatik naturista naiz, gorputzak berez du gaitasuna kolokatzeko sustantziak isurtzeko. Musikak trantzean sarrarazteko gaitasun bat du, pastillek ez dutena. Beharbada droga sintetiko horiek azkarrago egingo dute, baina zalantzarik gabe autentikoagoa, sanoagoa eta errealagoa da musikak harrapatzen uztea, substantzia psikotropiko barik.
Nondik nora dator unplugged disko edo “desentxufatuen” moda?
Aurrez eskaini dena eta ezagutzen dena formatu berri batean, akustikoan eskaintzea da marketing ideia horren oinarria. Eric Clapton-ek, adibidez, arrakasta handien hainbat disko eginak zituen, baina publikoak gehiago eskatzen du eta publikoari erantzuteko eta gehiago saltzeko, “desentxufatuaren” formatua erabiltzen da. Azken batean, kantu berberak dira, beste tonu batean eginak. Kasu batzuetan irabazten atera gara, diskoa bereziki zaindu delako, baina azkenean, gauza bera da, beste era batera kontatua.
Eta horrela, bertsio uholdeak jasotzen ditugu…
60ko hamarkadan talde baten disko bakoitza aurrekoa baino hobea izaten zen. Musikariek beren burua hobetzea eta freskotasuna, esperimentazioa, berrikuntza eskaintzea bilatzen zuten, aurrez egindakoaren antzik ez zuten gauzak egitea. Beatles taldeak grabazio bakoitzean lortzen zuen bere burua hobetzea: urtez urte desberdinak eta hobeak ziren. Eta ez ziren bakarrak; Rolling Stones, Pink Floyd eta beste talde batzuek artista gisa hazteko ahalegina egiten zuten, beren hizkeran bilakaera bat izateko. 80ko hamarkadan galdu egin zen hori. Aurrekoaren antza daukaten diskoak egitea baino ez da taldeen helburua, musika berehala identifikatzeko modukoa izatea.
Marka saltzen da, taldearen joera berri bat onartzen da, baina beti musika mota beraren barruan, bere bezeroak zapuztuko ez dituela garantizatuta. U2k, adibidez, disko onak ateratzen ditu, baina ezagutzeko modukoak dira beti, aurrekoen antza hartzen zaie. Zenbait taldek ihes egiten dio horri, baina gehienek, beren soinu-irudia lortzen dutenean, horri eusten saiatzen dira eta praktikan, beren buruaren bertsioak egitera jotzen dute, bilakatu eta aldatu beharrean.
Musika artea da eta, aldi berean, produktu kulturala. Hala ere, diskoek %16ko BEZa daukate eta liburuek berriz %7koa besterik ez. Zergatik diskriminazio hori?
Gertaera esanguratsu bat dago: edizio merkeenak berrikuntzak baino gehiago saltzen dira, horiek askoz ere garestiago izaten direlako. Musika zaleak musika legala erosten du ahal badu, konpentsatu egiten duelako (kalitate hobea, libretoak, etab) eta ez disko piratak. Baina zure galderari erantzunez, musika oro ez da kultura: zenbait disko komertzialen kasuan badu zentzua %16ko BEZ aplikatzeak, eta beste zenbait babestu egin behar lirateke, gertaera kultural gisa, BEZ murriztuagoa ezarrita. Baina kultura zer den eta ez zer nork erabakiko luke orduan? Edozein modutan ere, zuzen eta bidezko ikusten dut diskoen prezioa merkatzea ekarriko lukeen edozer gauza.
Heziketa sistema berritzeko prozesua bete-betean dago orain, baina oso ahots gutxik eskatu du Musika ikasgai gisa izatea. Gure tradizio akademikoak ez du aukerarik ematen ikasgai horretan Europako beste herrialde batzuek duten mailarekin amets egiteko; baina zure ustez, nola enfokatu behar litzateke Musika eskoletako programetan?
Musikaren profesional gisa, haserrarazi egiten nau herritarren artean gutxieneko kultura musikalik ez izateak. Musikazale gazte asko aurkituko duzu gaur egungo estiloetan jantzita eta musika asko erosi eta entzuten dute, baina ez dakite Wagner nor den. Baina musika arloko irakaskuntzarik ez izatea maila guztietan gertatzen da, ez eskola mailan bakarrik. Humanitateetako unibertsitate fakultateetan ere ahaztu egiten dute musika eta adierazpen artistiko unibertsal bat ahaztea esan nahi du horrek. Zerbait egin behar litzateke.