Azken finean, kontsumitzaileak ordaintzen duen zerga
Dendan erosketa egindakoan kobratzen dizuten hiru motako BEZ horri erreparatu al diozu inoiz? Ba al dakizu erositako produktu-mota bakoitzari zein portzentaje -%16, %7 ala %4- dagokion? Garaiko EEEan (egun Europar Batasuna) sei urte eman ondoren, 1992 urtean hain zuzen, sartu zen indarrean Balio Erantsiaren gaineko Zerga. Era horretan, kontsumoko ondasun eta zerbitzuen gaineko bestelako hainbat zerga ezabatu eta elementu mota bakoitzarentzat BEZ jakin bat ezarri zen. Horrela bada, produktua zenbat eta oinarrizkoago izan, orduan eta BEZ portzentaje txikiagoa izango da (adibidez, esnearena, %4; hiriko garraioarena, %7; bideo batena, %16). BEZ horrek berezitasun ezaguna du: produkzio-katearen fase bakoitzean zamatzen du artikuluaren balio erantsia eta zati guzti-guztiek aplikatu eta desgrabatzen dute, azkeneko kate-begiak izan ezik, erosleak ordaindu beste biderik ez baitu.
BEZ aplikatzeko irizpideak, auzitan jartzeko modukoak
Zenbait produkturi mota bateko edo besteko BEZ aplikatzean irizpide desberdinak kontuan hartzea ere hagitz deigarria gertatzen da. Kondoiak %4ko multzoan sarturik daudela (osasun-alorreko produktutzat joak baitaude, zuzentasun osoz), emakumeentzako konpresa eta tanpoiek halakotzat definiturik ez daudenez, %16 osoa jasan behar dute, hau da, kosmetikoek nozitzen duten berbera, gizarte sektore ugari-ugariarentzat ezinbestekoak direla kontuan izan gabe, dirudienez. Liburuak %7ko BEZarekin zamatzen dira ondasun kulturaltzat hartzen direlako eta musika-produkzioari, aldiz, %16 aplikatzen zaio. BEZari buruzko Legea aldatzea hainbat sektorek eskatua ez ezik errealitate bihurtzeko modukoa ere bada, orain dela pare bat urte egiaztatu zen bezala (inflazioaren kontrako neurri gisa, butano eta autopisten BEZ %7ra jaitsi zenean; orain biak ere zuzendu egin behar izan dituzte, gasari dagokionez Europar Batzordeak eginiko adierazpenak gogoan hartuz eta Europako Komunitateetako Justizia Epaitegiaren erabakia betetzeko, bidesarien kasuan.
Faktura nola egingo, BEZ eta guzti ala gabe?
Fakturak egitea berez den legezko obligazioa ez betetzea eta, era berean, faktura bat BEZ gabe ordaintzea iruzurrak dira, legez ezarritako zerga horrela ordaintzen ez delako. Haziendak irregulartasunez egin den erosketa atzemateko azken kontsumitzaileak aukera askorik ez duen arren, delitua bi alderdiek egin dute: bai saldu duenak, bai erosi duenak ere, biek urratu dute legea. Lege-alor horretatik kanpo, BEZ ordaintzeko beste arrazoi bat da Herri Ogasunarekin elkarlanean jarduteko hiritarren behar etikoa da. Zergei buruzko iritzi publikoa aztertu zuelarik, Espainiako Centro de Investigaciones Sociológicas enpresaren azken azterlanean hauteman zuten inkesta erantzun zuten hamarretik bost baino gehiagoren ustez, zergak beharrezkoak dira Estatuak zerbitzu publikoak (errepideak, etab.) eskainiko baditu. Hiritarren %63ren iritziz zergak oso handiak dira eta gizarte-klase ertainek Haziendaren presio handiagoa jasaten dute. Zein zerga altxatzea gertatuko litzaiekeen gogaikarriena itundurik, bi erantzuletatik batek PFEZ ihardetsi zuen (hauxe bera izan zen erantzun errepikatuena); ondotik, tabakoa eta edari alkoholikoak zamatzen dituen zerga eta hirugarrenean, berriz, balio erantsiaren gainekoa.
BEZaren ibilbidea
Ipin dezagun adibide hau, zerga nola garatzen den ulertzeko: nekazari batek maioristari kotoia saldu dio, 3.000 euro, guztira. Prezio horri %16ko BEZ zamatu dionez, fakturan osoko kopurua 3.480 euro izango da, maioristak ordaindu duena, alegia. Kobratutako BEZ kontzeptu gisa, nekazariak Haziendan 480 euro sartu beharko ditu. Maioristak, berriz, kotoia alkandora fabrika bati saldu dio, 3.600 euro gehi %16ko BEZ kobratuz: guztira, 4.176 euro. Salmenta hori dela eta, maioristak Haziendan 576 euro ordaindu behar ditu, baina kotoia erostean 480 euroren ordainketa bereganatu zuenez, bien arteko aldea baino ez du ordainduko: 96 euro. Fabrikatzaileak, berriz, kotoia alkandora bihurturik merkatari bati saldu dio, 6.000 euroren truke; fakturari %16ko BEZ aplikatu dio. Merkatariak guztira 6.960 euro ordaindu ditu. Fabrikatzaileak, BEZ dela eta, Haziendan 960 euro sartu beharko zituen baina erosketan 576 euro entregatu zituenez, Haziendan 384 euro sartu ditu, kontzeptu horrengatik. Merkatariak jendeari saldu dizkio alkandorak 9.150 euro gehi BEZ kobratuz. Alkandora guztiak saldutakoan, BEZ gisa 1.464 euro izango ditu bere kutxan. Haziendari 504 eman beharko dizkio, alkandorak erostean beste 960 euro ordaindu zituelako. Kontsumitzaileak, alkandora erostean, %16ko BEZ ordainduko dio dendariari. Ibilbide horren azkenean, ikusi bezala, Haziendak 1.464 euro kobratu ditu (hau da, 480 + 96 + 384 + 504 euroren batuketa).
BEZ ordaintzen ez duten ondasun eta zerbitzuak
Behar-beharrezkotzat kalifikaturik daudelako, Balio Erantsiaren gaineko zergak ez ditu zamatzen bost ondasun- eta zerbitzu-mota:
- Sozial eta kulturalak: ospitaleak edo osasun-asistentzia, zaurituen anbulantzia garraioa barne (albaitaritzako sendagai eta zerbitzuak ez dira sartzen hemen), gizarte-asistentzia, eskola- eta unibertsitate-irakaskuntza, gradu ondokoa, hizkuntzen irakaskuntza eta eskola partikularrak. Kirol eta kultura zerbitzuak, liburutegiak, museoak, artxiboak, monumentuak, parke zoologikoak.
- Aseguru eta finantza-eragiketak: era guztietako aseguruak. Salbuespena aseguru-primari bakarrik dagokio, ez ondoriozko zerbitzuei (automobila konpontzea, adibidez). Finantza-eragiketak (gordailuak, kredituak, fidantzak, abalak, transferentziadun eragiketak, txekeak, kanbio-letrak, kreditu-txartelak, dibisa-eragiketak, elkarteen balore eta akzioekin nahiz inbertsio-fondoetako partaidetzekin egiten diren eragiketak).
- Inmobiliaria alorreko eragiketetako salbuespenak: urbanizaturik ez dauden, edo urbanizatzen ari diren baina eraikuntza eginik ez duten edo aurretiaz transmitituak izan ez diren eta bukaturik ez daukaten eraiki ezinezko lursailen entregak. Konpentsazio-batzordeek eraginiko lursailen entregak, etxebizitzen bigarren edo hurrengo entregak. Hau da, lehen entregak BEZ ordainduko du baina hurrengoek ez (Ondarearen Transmisioen gaineko Zerga ordainduko dute). Ez daude zergatik salbuetsita zaharberritzeko edo eraisteko etxebizitzak. Lursail, etxebizitza eta garajeen alokairuak. Eta ez daude zergatik salbuetsita aparkalekuetarako lursailen alokairuak, erosteko aukeradun alokairuak eta beste norbaiti alokatzeko izango diren etxebizitza edo eraikuntzen alokairuak ere.
- Salbuespen teknikoak: salbuetsitako jarduerak egitean baliatu diren ondasunen (makineria, adibidez) entregak.
- Bestelakoak: posta zerbitzuak, zigiluen salmenta barne; loteriak eta zorizko jokoak…
Hiru motako BEZ dugu: orokorra (%16); murriztua (%7) eta oso murriztua (%4). Produktuaren premia zenbat eta oinarrizkoago izan, hainbat eta zama txikiagoa nozituko du zerga horretan.
- Orokorki, %16. Horixe da kasu gehienetan ondasun eta zerbitzuei aplikatzen zaiena (Legea eraberritu arte, produktu jakin batzuek -bitxiak, turismoak, etab.- luxuzkotzat jotzen zirenez, %32ko BEZ zeramaten zamaturik). Etxetresna elektrikoak, arropa, oinetakoak, brikolajea, tabakoa, edari alkoholdunak… dira honelako BEZ daramatenak.
- Murriztua, %7. Zerrenda luze-luzea bada ere, honelako tipoa hurrengo ondasun eta zerbitzuei aplikatzen zaie: BEZ oso murriztuan sarturik ez dauden elikagaiak, bidaiarien garraioa, ostalaritza zerbitzuak, antzerki, zirku, zinema, kontzertu eta antzekoetarako sarrerak, ehorzketa-zerbitzuak, ile-apaindegiak, hortz klinikak, eraikuntzak, etxebizitzak eta garaje plazak (etxebizitzarekin batera erositako bi plazaraino gehienez ere) gaixotasunak diagnostikatu edo arintzeko aparatu eta osagarriak, etab.
- Oso murriztua, %4. Honelako zergarekin oinarrizkotzat kalifikatutako ondasun eta zerbitzuak zamatzen dira: ogia, esnea, gazta, arrautzak, inola ere eraldatuak izan ez diren barazkiak, frutak eta tuberkulu naturalak (honenbestez, atal honetan ez da sartzen nekazaritza ekologikoa, sektore batzuk hori ere eskaintzen hasiak diren arren). BEZ hau, era berean, publizitateaz bestelako liburu, egunkari eta aldizkariei, gizakientzako sendagaiei, ezinduentzako aulki gurpildunei, protesiei eta babes ofizialeko etxebizitzei ere aplikatzen zaie.