Merkataritza elektronikoa

Erosketak Interneten egitea ez da, berez, mundu fisikoan egitea baino intseguruago: bitarteko berri horretan nola jardun ikasi baizik ez da.
1 maiatza de 2001
Img internet listado

Merkataritza elektronikoa

Bere kreditu-txartela eskuan daramala, barra atzetik zerbitzaria bistatik desagertzean inolako eragozpenik ez duen erabiltzaileak mesfidantza agertzen du txartel horren zenbakia Interneten tekleatzeko unean.Motiborik izateke uste dugu askotan Sarea ez dela toki segurua. Ezezagunaren aurreko beldurraren ondorioz, eskua poltsikora eramateko garaian erabiltzaile askok zerbait eskuratzeko erabakia ez hartzea hobestea eragiten du maiz. Mundu fisikoan jokatzeko arauak edonork ditu ezagunak (zuk zeuk ere ez al duzu arraina fresko dagoen egiaztatzen?); kontua da, orain, mundu berriko klabeez jabetzea, mundu digitalean sartzeko.

New York Times egunkariko artikulugile batek zioenez, merkataritza elektronikoa “estiloa zaintzen duen katalogo bidezko salmenta hutsa” baizik ez da. Kasurik gehientsuenetan mezulari edo posta bidez iritsiko zaion zerbitzua kontratatzen du erabiltzaileak. Hori bai, katalogo horiek unean-unean egokitu egin daitezke eta bezeroaren neurrira, berariazkoak izan daitezke, gainera, eroslearen zaletasun eta gutizien araberakoak.

Datu enkriptatuak

Denda birtuala aurrean dugula, garrantzi handia du geure buruan terminoekin nahasketarik ez sortzeak. Denda askok esango dizute salerosketetan zerbitzari seguruak baliatzen dituztela: horrek zer esan nahi du baina? Erabiltzailearen eta dendaren arteko komunikazioak ia-ia araka ezinak direla, enkriptaturik doazelako ordenagailu batetik bestera. Nolanahi ere, mutur batean zein bestean zer gertatzen den inork ezin diezazuke bermatu.

Ordenagailuan eragiketa guztiak miatzen dituen “troiar” motako birus bat baldin badauka, zerbait erosten duzun guztietan eskrupulurik gabeko pertsona batek zure datuak ostu diezazkizuke. Era berean, denda konfiantza osokoa ez bada, alferrik izango da datuak ibilbidean ez usteltzea. Aurreneko arazoaren konponbidea soila da, erraza: birusen kontrako txertoa instalatu eta aldian behin eguneratzea. Bigarren kasuan, aldiz, zailagoa da erabiltzailearen konfiantza zein dendak merezi duen erabakitzea. Bada, dena den, gutxi-gutxitan porrotera eramango gaituen bidetxo bat.

Zerbitzari seguruaren ezaugarriak

Webguneak zerbitzari seguru batean instalaturik egon behar du. Hori egiaztatzeko aski da Netscape nabigatzailean giltza baten irudia eta Exploreren giltzarrapo itxi bat agertzen direla ikustea. Bestetik, denda horrek bere buruaz zenbat eta informazio gehiago eskaini, orduan eta berme handiagoa.

Harremanetarako telefonoa, helbide postala eta antzeko datuek norekin ari den ezagutzeko aukera emango diote kontsumitzaileari. Izan ere, aforismoak dioen bezala, Interneten inortxok ez daki zakurra zein den edo, bestelako hitzetan, sekulako merkataritza-zentroa dirudien hori saltoki ziztrina baizik ez dela aise baino aiseago ezkuta daiteke.

Ordainketa

Ordaintzeko modu bat edo bestea hautatzeko unean, dudarik ez izan: dendak errenboltso bidezkoa eskaintzen badizu, aukeratu horixe, era horretan ez baituzu deus ordainduko erositakoa eskuetan eduki aurretik. Halaz ere, denda gehientsuek kreditu-txartelen bitarteko ordainketa bakar-bakarrik onartzen dizute. Gauzak horrela, merezi du on-line erosketak bakarrik ordaintzeko berariazko txartel bat eskuratzea, modu horretan eragiketa bakoitzaren gertu-gertuko jarraipena egin eta okerreko kargurik egin ez dizutela egiaztatu ahal izango duzulako.

Merkatal gune batzuek txartelaren zenbakia telefonoz ematea ere onartzen dute. Kontua ez da Sareak bestelako sistema batzuk baino askoz konfiantza gutxiago merezi duenik sinestea baina, nolanahi ere, merkataritza horrek kontsumitzaile askorengan sortzen duen segurantziarik eza biziki larria denez, merkatal gune elektronikoek era guztietako sistema eta bermeak eskaintzen dizkizute. Honi guztiari esker, erosketa tradizionala bera baino seguruago bilakatzen da on-line eragiketa, azkenean.

Akatsak egon badaude, haatik. Baquía enpresa aholkulariaren txosten batek zioenez, Espainia ez omen da inondik ere jarraitzeko moduko eredua: on-line denda gehien-gehientsuenek akatsen bat edo beste agertzen dute. Dena den, gauzak horrela izatearen errua lege-testuen sakabanaketari egozten dio aholkularitza horrek eta, gainera, hitzez hitz honela darrai: “Seguruenik, enpresa horiek beraiek ere ez dakite akatsik daukatenik, ez direlako jabetu horretaz”. Txosten horretan irakur dezakegunez, akats larriak dituzten denden kopurua ez da iristen, denera, %15era.

Sarean erostea: abantailak

Aurrerapausoa ematen duen kontsumitzaileak, mundu fisikoan pentsa ezinezkoak liratekeen abantaila ugari topatuko ditu. Nabarmenetako bat, prezioak konparatzeko soiltasun eta erosotasuna da. Kontua ez da bakarrik internautak, bere etxeko gelatik eta pijama jantzita, denda digital guztiak banan-banan arakatu ahal izatea, eskaintzarik hoberenak zeinek dituen atzemateko, sistema batzuek (Mysimon izenekoak, adibidez) egiespen hori dohain eta automatikoki egiten baitute dagoeneko. Emaitzak ordu gutxiko maiztasunez eguneratzen dira eta, bestelako bitartekaririk erabili gabe, produktu jakin bat non eros daitekeen ezagutzeko aukera ematen digute: Horiexek dira Sareko benetako merkatal zentroak. Horien garapenaren arabera garatuko da, hein handi batean, merkataritza elektronikoaren aurrerakuntza, alor horretan diharduten web guneen ezaugarriak eta kalitatea aztertzen dutelako eta, horrekin batera, erosteko toki bat hautatzeko orduan, biziki lagungarri gertatzen diren klasifikazioak eskaintzen dizkigutelako.

Hala eta guztiz ere erosketa ez da nahi bezain ongi gertatzen, ez ahantzi zazpi egun dituzula, posta bidezko beste zeinahi erosketatan bezalaxe, erreklamazioak egin ahal izateko. Hori bai, eduki kontuan gertuko denda batean baino dezente zailago izango dela Chicagoko beste batean zure eskubideak aintzat har daitezen erdiestea.

Nolanahi ere, arriskupean ito aurretik (arriskuak egon badaude eta) izan gogoan datu adierazgarri hau: Amazon ziberliburudendako bezeroen %70 berriro itzuli dira saltoki horretara. Zer edo zer izango du kanpoko denda horrek.

  • Eduki kreditu-txartel berezi bat, on-line erosketak ordaintzeko bakarrik. Erosten duzun gauza bakoitzaren lorratza segitzea errazago izango duzu horrela.
  • Errepara ezazu denda non dagoen kokaturik: Internetentzat ez dago distantziarik baina posta-zerbitzuentzat bai. Ingelesez ongi dabilen internauta erraz sartuko da Tolosako dendan zein Idahokoan, baina erositako gauza toki batetik edo bestetik ekartzeko gastuak ez dira berdinak; agian ez du merezi urrutikoak eskaintzen digun deskontua aukeratzea. Haztatu aukera guztiak.
  • Bisita itzazu hainbat dendatan prezioak konparatzen dituzten web guneak, produktu berdin-berdinak (elektronikoak, diskoak, liburuak, etab.) erosteko unean batez ere. Saltoki bat bestea bezain fidagarri gertatzen zaigunean ez da zertan garestiago ordaindu.
  • Egiaztatu dendak harremanetarako telefonoa eta helbide postala daukala. Posta elektronikoa eta web guneko helbidea ez dira aski, beste ordenagailuaren atzean nor ezkutatzen den hautemateko.
  • Denda birtual askotxok, erosketa egin duten bezeroei iruzkinik egin eta argitaratzeko aukera eskaintzen diete. Irakur ezazu nahi duzun produktuari buruz agertzen diren iritzi guztiak eta ez ahantzi iruzkin horien egilea edonor izan daitekeela.
  • Galda ezazu salerosketa zerbitzari seguru baten bitartez egitea (Exploreren giltzarrapoa itxi eta Netscapen giltza azaltzen da) baina, hala eta guztiz, ez fidatu. Zure segurtasuna babestea dela eta, zerbitzari seguruak ezinbesteko dira, baina hori ez da aski.
Nahi adina nabigatzeko
  • Mysimon
    www.mysimon.com
    www.mysimon.com Erakusleihoak bisitatzeko modurik erosoena. Produktua eskaintzen duten dendetako batzuen zerrenda luzeaz gainera, merkatal gune horien sinesgarritasunaren balorazioa ere agertzen dizu.
  • Kelkoo
    www.kelkoo.es
    www.kelkoo.es Mysimon-en berdin-berdintsua, egituraketaz, baina gaztelaniaz. Honakoan agertzen diren komertzioak espainiarrak izaten dira baina. Ezin konpara daiteke, ez kalitatez, ez kopuruz, Estatu batuetako arerioarekin, baina gertuko dendetan peskizan ari garenean aukera baliagarria izan daiteke.
  • Epinions
    www.epinions.es
    Erosketa mundu fisikoan egin edo mundu birtualean egin, produktu horrexekin beste erabiltzaile batzuk konforme dauden ala ez egiaztatu ahal izango duzu Epinions eta antzeko orrietan. Internauta ugarik dihardute, ahalegin eta denbora itzelak eskainiz, aukeran dauden produktu eta zerbitzu guztiei buruzko kritika burutsu-sakonak egiten.
  • Kriptopolis
    www.kriptopolis.com
    www.kriptopolis.com Zure ordenagailua gotorleku eraso ezina bihurtu nahi baduzu, derrigorrez bisitatzeko web gunea duzu hauxe. Zure ekipoak nozi ditzakeen kanpo-eraso guztietatik babestuko dituzten aplikazioei buruzko programa eta, batik bat, dokumentazio ugari aurkituko duzu bertan.
  • Panda Software
    www.pandasoftware.com
    www.pandasoftware.com Bilboko konpainia hauxe da, zeinahi ordenagailutan ezinbesteko bilakatu den aplikazio batean (birusen aurkako programetan, alegia) mundu zabaleko lau erreferente nagusietako bat. Birusik gabeko ekipo batez horniturik bakarrik joan gaitezke dendaz denda, gure jokaera inork espiatzen ez duen segurantziaz.