Energia lortzeko alternatibak

Espainiako estatuan 15 milioi tona hondakin solido sortzen da, hau da, pertsona bakoitzak urtean 400 kilo, egunean kilo bat baino gehiago. Hondakin horiek energia bihurtzea posible da
1 maiatza de 2001
Img medioambiente listado

Energia lortzeko alternatibak

Espainiako estatuan 15 milioi tona hondakin solido sortzen da, hau da, pertsona bakoitzak urtean 400 kilo, egunean kilo bat baino gehiago. Hondakin horiek energia bihurtzea posible da.

Hala ere, energia berriztagarrietan aukera konplexuenetako bat da, material organikoen aukera zabala eta zaborra energia bihurtzeko prozesu ugari dagoelako. Materia organikoa, adibidez nekazaritza edo industriako hondakinak eta era askotako hondarrak, ur zikinak, udalerrietako hondakinak, zuhaitz enborrak edo uzta-hondarrak energia kaloriko edo elektriko bihurtzea da prozesua. Hala ere, energia berriztagarria izan arren, ez da energia garbi bat, biomasa hori erretzeak atmosferaren baldintza naturalei kalte egiten dien osagai kimikoak isurtzen baititu. Bide hori bultzatzearen aldeko eta kontrakoak ados daude gauza batean behintzat: metodo garbietan oinarritutako energia produkzioaren eta ehuneko ehun berriztagarrien arteko zubia dela hau.

Kaleko jendeak partehartzerik handiena izan dezakeen aukera hauxe dela ere esaten dute, kasu askotan euren esku izango baita zaborrak erretzeko aprobetxatu ahal izatea. Horregatik da hain garrantzitsua zaborra hiru multzotan (organikoak, beira eta kartoia) bereizteko ohitura: . Ontzitarako lehengaien kontsumoa ahalik eta gehien gutxitzea edo materialak ongi bereiztea edozeinek egin ditzake eta ekarpen garrantzitsua dira hiri hondakinen kudeaketarako eta energia lortzeko.

Bihurketa termokimikoa eta biologikoa

Bihurketa termokimikoak landareak eta hondakin organikoak erabiltzen ditu erreketa bidez beroa sortzeko. Hainbat modalitate dago: pirolisia (oxigenorik ez dagoenean karbonoa duten materialen deskonposaketa termikoa), hidrosorkuntza (hondakin organikoetatik hidrokarburoak ateratzen dira), hidrogasifikazioa (simaurra metano eta etano bihurtzen da, presio handietan jartzean), eta azkenik, hartzidura eta destilazioa (garau eta landare-hondakinetatik alkohola ateratzen da).

Bihurketa biologikoan, bakterio aerobikoak (oxigenoa behar dutenak) deskonposatzetik ateratzen den beroa baliatzen da. Bi adibide argi dira ur beltzak eta ongarri-urak, deskonposaketa prozesu baten ondoren gas erregaia sortzen baitute, digestio anaerobikoari esker.

Uruguaiko adibidea

Montevideoko zabortegi handi batean zaborra prozesatzeko lantegi bat jarri zen. Lurpeko hobi handiak egin ziren eta gorotz-hondakinez bete eta buztinez estali ziren, buztina isolatzaile naturala baita. Lehen hobi edo zuloan 80.000 tona hondakin bota zen. Zabor organikoaren deskonposaketaren bidez gasak askatzetik energia sortzen duen dispositibo hori hasierako fasean dago, baina 20 urtean zehar megawat bateko potentzia sortuko duela aurreikusten da. Horrela, 100 watteko 10.000 argi punta 20 urtean zehar eta 24 ordu piztuta edukitzeko adina energia sortuko luke, edo 300 etxeren batez besteko kontsumoa.


Zaborra deskonposatzeko prozesuak sei hilabete eta urtebeteko tartea behar du hasteko, baina gero etengabe askatzen du gasa 20 urtean zehar

  • Plastikoak: Zabor poltsa baten edukiaren %14 plastikoak izaten dira. Gehienbat erabilpen bakarreko ontziak eta era guztietako bilgarri eta enbalajeak (PVC edo PET botilak, polietilenozko poltsak, kortxo zurizko erretilu eta kaxa babesleak…). Hondakindegi batean lurperatzen badira, leku asko behar dute eta hainbat hamarkada eta agian milurtekoak behar dira desegin arte. Erretzea aukeratzen bada, CO2 isurketak eragiten dira; substantzia horrek eguraldi aldaketa sortzea bultzatzen du eta baita osasunarentzat eta ingurumenerako oso arriskutsu diren beste zenbait kutsagarri ere. PVCa da gehien erabiltzen den plastikoetako bat. Fabrikazioan kutsadura handia eragin dezake eta erabili ondoren erre egiten bada, dioxina eta furanoak bezalako substantzia toxikoak sortzen ditu. Gogoan izan behar da plastikoak petrolioaren eratorriak direla. Horregatik, plastikoak kontsumitzean, berriztagarria ez den gai bat agortzen laguntzeaz gain, petrolioa atera eta garraiatzeak eta plastiko bihurtzeak eragiten duen kutsadura izugarria bultzatzen ari gara.
  • Brikak: Ontzi angeluzuzenak, zelulosa, aluminio eta plastiko (polietileno) geruza mehez eginak. Freskagarriak, zukuak, ura, ardoa, saltsak, esnekiak eta bestelako likidoak ontziratzeko erabiltzen dira, elikagaiak ongi kontserbatzen baitituzte eta ontzi hauen pisu eta formari esker, oso erraz pilatu eta garraiatzen direlako. Brikak egiteko lehengai ez berriztagarriak eta energia kontsumitzen dutenak behar dira: aluminioa eta petrolioa. Plastikoa eta aluminioa bereiztea zaila delako, ezin dira birziklatu “brik” berriak egiteko. Madrilen %0,28 bakarrik berreskuratzen da eta horiekin balio gutxiko objektuak fabrikatzen dira.
  • Latak: Metalek hiri hondakin solidoen pisuaren %11,7 osatzen dute eta horien bolumenaren %4,2 latek osatzen dute. Burdina, zink, latorri eta, batez ere, aluminioz fabrikatzen dira eta benetako arazo bihurtu dira, orokor bihurtu baita erabilpen bakarreko ontzi erabiltzea. Aluminioa bauxitatik abiatuta egiten da; baliabide hori ez da berriztagarria eta Amazonia oihaneko milaka kilometro karratu suntsitzen ari dira hori ateratzeko.
  • Beira: Gogorra eta egonkorra izateak erraztu egin du likido eta solidoak kontserbatzeko eta etxeko tresna, isolamendu eta abarrerako erabiltzea. Ez du gehigarririk behar eta, beraz, beiran ontziratzen diren substantziak ez dira aldatzen, korrosio eta herdoiltzearen aurrean iraunkorra da, gasentzat oso iragazgaitza… Material honen arazoa zera da: itzultzen ez diren beirazko ontziak orokortu egin direla, beirazko ontziak 40 edo 50 aldiz ere erabili ahal izango liratekeen arren, aurrez puskatzen ez badira. Beirazko ontziak %100ean birzikla daitezke, baina prozesu horretarako energia behar da eta kutsadura sortzen da.
  • Pilak: Oso kutsagarriak dira, batez ere merkurioa eta beste metal astun batzuen ondorioz (bereziki botoi-pila gehienak). Pila hauetako bakar batek 600.000 litro ur ere kutsa lezake. Pila konbentzionalak, hain kaltegarri ez badira ere, ez dira ingurumenarentzat gaitzik gabeak.
  • Papera eta kartoia: Eguneroko bizitzan konta ezin ahala objektu izaten dugu paper edo kartoian bilduta eta, beraz, material horrek osatzen du gure zabor poltsaren pisuaren %20 eta bolumen osoaren heren bat. Hein handi batean eta oso erraz birziklatzen ziren arren, gero eta paper eta kartoi eskaera handiagoa dago eta horrek zelulosa-ore gehiago fabrikatzea dakar. Horren ondorioz milioika zuhaitz botatzen da. Gainera, hazkunde azkarreko espezieak landatzea bultzatu da, adibidez eukaliptoa edo pinua, baso autoktonoen kaltetan eta papergintzaren industriari lotutako kutsadurak gora egin du. Ez da ahaztu behar, gainera, paper mota guztiak ez direla birziklagarri: plastifikatua, itsaskorra, argizariduna eta fax papera ezin dira birziklatu.
Hiri hondakin organikoak, etorkizuneko energia

Biomasaren erabileraren adibiderik ezagunena egurra da: gizadiak ezagutzen duen energia iturririk zaharrena. Egurraren osagaiak zelulosak eta ligninak dira eta baita almidoi, baltsamu, alkohol etiliko, alkanfor, koloratzaile, tanino, lurrin eta erretxinak ere. Egurra erretzen den bitartean beroa sortzeko oxigenoa behar da eta karbono dioxidoa askatzen da.

Hiri handietako hondakin organikoak, adibidez zaborretako osagai organikoak, energia elektrikoa sortzeko erabil litezke eta hori sistema elektriko globalera pasa liteke; baina zuzenean etxeko energia produzitzeko ere balio dezake, deskonposaketan metano gasa sortzen baitu eta hori kanalizazioetan zehar bana liteke. FAO erakundearen (Nekazaritza eta Elikadurarako Nazio Batuen Erakundea) arabera, horixe izango da etorkizuneko energia iturri nagusietako bat, besteak beste garraiorako erabili ahal izango dela uste baita. Baina hori erabiltzea behar gorriak eragingo duela ere esaten da, erregai fosilak agortu egingo baitira.