Ana Cresporen lanbidea ez da oso ohikoa gure artean, eta ez emakumea delako bakarrik: ikerlari eta zientzialaria da.Ikerketa molekular eta biologikoetako nazioarteko proiektuetan kolaboratzaile da eta, aldi berean, munduan zabaltzen diren hainbat liburu eta artikuluren egile. Madrilgo Complutense Unibertsitateko Farmazia Fakultateko Landare-biologia Departamentuko bere bulegoan hartu du CONSUMER.
Zer iritzi duzu estatuko gaur egungo ikerketa zientifikoaren egoerari buruz?
Zientzia interesatzen bazaigu, finantzatu egin behar da eta lan hori egingo duten erakunde eta pertsonak zaindu. Baina Administrazioak ez du oraindik zientzia tradizioaren oinarririk eta ingurune sozialean ere konfiantza eta babes gutxi ematen zaio ikerketa zientifikoari. Alderdi bietan hobera goaz, baina gure ikerlari kopurua -inguruko beste herrialde batzuen aldean oso txikia- eta ikerketan inbertitzen den dirua kontuan hartzen badugu (hori ere txikiagoa da), Espainiako komunitate zientifikoak badu meritu bat: oso produktiboa da. Edozein modutan ere, azken aldian inbertsio hutsuneak ezkutatzen saiatu da Administrazioa, Estatuko aurrekontu orokorretan ingeniaritza finantzarioa eginez eta ahaztu egin zaio gaiei aurre egin behar zaiela, konpondu nahi badira, behintzat. Adibidez, atzerrian ikasi duten edo ikasten ari diren zientzialari espainiar multzoa berreskuratu beharra dago, sistema handituko bada ezinbestekoa baita giza kapital hori.
Unibertsitateen helburuetako bat etorkizuneko zientzialarien enbrioi bihurtzea da. Nola lortzen da zentro horiek sustatzea?
Unibertsitateen helburuetako bat etorkizuneko zientzialarien enbrioi bihurtzea da. Nola lortzen da zentro horiek sustatzea? Unibertsitatea ez da batzuetan ikusten dugun bezain instituzio homogeneoa. Zentro batzuek lanbideak irakastea dute zeregin nagusi; lanbide heziketako goi mailako eskola izaera dute baina hori zaila eta aldi berean oso garrantzitsua da Espainiaren etorkizunerako. Baina beste batzuek bestelako helburuak dituzte. Horien oinarria ez da bereziki profesionalak trebatzea, ezagupen berriak fabrikatzen, metodo zientifikoa erabiltzen eta ideiak produktu ukigarri bihurtzen irakastea baizik. Horretarako, egitura eta lege-marko malguagoak diseinatu behar dira, helburu bietako campusak izan daitezen, ahalik eta ondoen eta irakaslerik onenekin. Bestalde, ezinbestekoa da ikerlarientzat eta ikerketaren aldeko apustua egiten duten erakundeentzat pizgarri mesedegarriak sortzea. Unibertsitateak ikasle eta irakasle onenak hartzeko interesa izan behar du eta horretarako administrazioek diruz saritu behar dituzte hala egiten duten unibertsitateak. Eta, gainera, unibertsitateek ere saritu egin behar dituzte ikasle eta irakasleak erakartzeko politika inteligenteak dituzten departamentuak.
Zer onura lortuko litzateke elikagaien etiketetan produktuen definizio zientifikoa jarriko balitz?
Elikagai batzuk oso erraz identifikatzen ditu produktua ezagutzen duenak, baina ez da beti horrela gertatzen. Elikagai jakin batzuen aurrean norbanakoak arriskuak izan ditzake (intolerantziak edo alergiak) eta hori saihesteko bide bakarra alderdi horiek etiketan zehaztu eta substantzia hori ez kontsumitzea izango da. Bestalde, kontsumitzaileak eskubidea du, kilo bat patata garesti ordaindu badu, espero zuen produktu mota den jakiteko. Edozein modutan ere, jaten ditugun espezieak ezagutzeaz gain, nondik datozen ere jakin behar dugu. Zoonosi edo gaixotasun toxikoekin lotzen diren hainbat gaixotasun berri animalia espezie jakinei edo espezie horren jatorrizko eskualdearekin dute lotuta. Adibidez, “calehuala” izenekoa gaixotasun larria izan daiteke eta marea gorriek kutsaturiko jatorri tropikaleko arrainak kontsumitzearekin lotu ohi da; anisakosomiasia itsaso hotzetatik ekarritako arrainak kontsumitzearekin lotzen da, Baltikoko sardinzarrak, Ozeano Bareko izokina eta nematodoz kutsaturiko bakailao eta legatz espezie zenbaiten kontsumoaren ondorioz. Zenbait osasun eta iruzur arriskuren aurrean etiketa zuzena izatea eta informazio zehatz egokia ematea da kontsumitzailearentzat defentsa bakarra. Nik dakidala, gaur egungo gure legeriak, Europako Batasunekoak, etiketan izen komertzialaz gain espeziearen izen zientifikoa eta jatorria ere jartzea agintzen du. Etiketan zorroztasun hori adieraztea ez da apeta hutsa. Batzuetan harrigarria iruditzen zait produktu transgenikoekin hain zorrotz jokatzea eta gero produktuen etiketari dagokionez espeziearen izena eta jatorria jartzeari buruzko arauak bete daitezen ez agintzea.
Gaur egun ba dago ikerketa zientifiko fidagarririk, elikagai transgenikoak jaten dituenaren osasunarentzat kaltegarri ez direla frogatzen duenik?
Landare transgeniko bat komertzializatzeko baimena ematen denean, kontrol zorrotz ugariren bidez kaltegarri ez dela ziurtatu delako izango da. Gainera, gogoan izan behar da Estatu Batuetan aspalditik kontsumitzen direla transgenikoak eta ez dela oraindik frogatu gizaki edo animalien osasunean kalterik txikiena ere eragiten dutenik. Ingurumenean izan dezaketen balizko eragin negatiboaren inguruan ere ez da aurkitu bestelako nekazaritza modernoak baino kalte handiagorik eragiten duenik. Edonola ere, zuhur jokatu behar da, horrek ez baitu esan nahi etorkizunean arazorik ager ez daitekeenik. Nekez gerta daitekeen arren, beti da posible. Hemen, kotoi, krabelin, tabako edo antzeko landaketa esperimentalez gain, gizakien kontsumorako izurriteen aurrean oso gogorra den arto transgeniko mota bat besterik ez da landatzen, Bt156 izenekoa. Hala ere, bistan da Europan mesfidantza dagoela eta lehen aipatu ditugun jatorri naturaleko elikadura-arriskuen aurrean dagoena baino handiagoa gainera. Transgenikoen kasuan jendea ez da fio: “arrisku naturalen” aurrean, berriz, ez dago mesfidantzari aurretiaz. Baliteke transgenikoen inguruan interes ekonomikoak begien bistako bihurtu direlako izatea; besteen kasuan, berriz, tartean interes ekonomikoak egon arren, jendeak ez ditu ikusten edo ez ditu behintzat hain kaltegarri jotzen. Horrexegatik izango du jendeak seguru asko horri buruzko ikerketa zientifikoaren inpartzialtasunaz ere zalantza handiagoa. Ikerketa finantzatzen duenaren aldekoa izango dela uste izaten da, gehienetan ordaintzen duenak agintzen baitu.
Orduan, nork finantzatu eta agindu behar du ikerketa?
Uste txarra gutxitzeko prozedura administratiboak eratu behar dira, botere publikoek jendearen konfiantza lortu behar dute eta inpartzialtasuna berma dezaketela erakutsi. Beste prozeduraren batzuk ere izango dira, baina bi konponbide osagarri bururatzen zaizkit niri, eta askotan aipatu izan dizkiet kideei. Alde batetik, inor epaile eta epaitu izan ez dadin ahalegindu behar da. Produktu transgeniko bat komertzializatu nahi duen enpresak (edo Administrazioak) ordaindu behar du ikerketa, baina ez du ezinbestean ikerketa berak eskatu behar. Beti prozedurak ez burokratizatzeko ahalegina eginez, gizarte zibilaren (kontsumitzaile eta abarren) partaidetza izango duten instantziak ere zehaztu daitezke, behar den aholkularitzarekin, interes sozialen defentsaren bermatzaile bihur litezkeenak. Eta ekintza osagarri gisa, ingeniaritza genetikoak eskaintzen dituen abantailak azaltzen ahalegina egitea eskatuko nuke, herritarrak bere iritzia osatzeko oinarri sendoagoak izan ditzan.
Zer iritzi duzu nekazaritza ekologikoaren ustezko abantailez?
Nekazaritza konbentzionalak energia asko kontsumitzen du, lanean (nekazaritzako tekniketan) zein produktu fitokimikotan (biozida eta fertilizanteetan). Horren truke, azalera unitateko produkzio handia lortzen da. Nekazaritza horrekin jende gehiagori ematen zaio jaten, azalera landua handitu beharrik gabe. Egitea edo ez egitea elkartasun kontua da eta horrekin batera erabaki politikoak hartzea. Nekazaritza ekologikoa deituaren bertsioak, intentsiboagoak dira eskulanaren kontsumoan eta etekin txikiagoa du. Hain zuzen ere, batzuetan espazio kontuek bihurtzen dute ekologiko. Kanarietako papak edo Villaconejos-eko meloia apartak dira, nire ustez genetikagatik, ohiko eran produzitzen dituztelako baino gehiago. Baina oso garestiak ere badira. Ordain baditzakegu eta ordaindu nahi badugu, gozatu egingo dugu eta kultura eta tradizio kuttunei eusten lagunduko dugu eta baita tokian tokiko ekonomia garatzen ere, hala komeni da eta. Baina ez dezagun ahaztu argudio hori herrialde banaka batzuetako pribilegiatu banaka batzuek baino ezin dutela erabili. Jaten ditugun produktuen nutrizio-balioari dagokionez (F. García Olmedoren “Entre el placer y la necesidad” liburua irakurtzea gomendatzen dut, berriki Crítica argitaletxeak argitaratua), nik uste dut teknikoki nutrizio-baliotzat uler daitekeena gauza berbera dela nekazaritza ekologikoan eta konbentzionalean. Nekazaritza ekologiko era batzuetan esan daiteke hondakin-maila apalak dituzten produktuak daudela, baina ez da ahaztu behar zenbait transgeniko hain zuzen ere biozidak aurrezteko helburuarekin diseinatu direla.
Landareak negutegian hazteak urte guztian zehar ia edozein produktu izateko aukera ematen du. Garaiz kanpoko produktu horiek nutrizio-osakeraren aldetik badute desberdintasunik kanpoan landatzen direnekin?
Berotegiak ez du eraginik ez kolorean ez zaporean; landatzen den landare motaren baitan izaten da hori. Normalean, bildu ondoren heltzeko aukera ematen duten landarean landatzen dira plastiko edo kristalpean, edo biltegi edo garraiorako abantailak eskaintzen dituztenak eta batzuetan barietate horiek ez dira gozoenak izaten. Oraingoz, ezin dugu guztia izan. Nekazaritza eta biologiako ikerketak gehiago aurreratuko duela espero dut eta orduan urte guztian eduki ahal izango ditugu produkturik gozoenak; baina ez hori bakarrik. Nik uste dut zenbat eta ikerketa gehiago egin, orduan eta produktu hobeak lortuko ditugula eta hobetu egingo dugula gure bizi-kalitatea ere. Eta, batez ere, goseak dagoenari jaten eman eta sufritzen dagoena sendatu egin ahal izango dugu.