consumaseguridad.com

consumaseguridad.com

Elikagaien kontsumoak ondoriozta dezakeen arriskua ahalik eta txikienera ekartzeko informazio egoki-egokia
1 maiatza de 2001
Img miscelanea listado

consumaseguridad.com

Horrelaxe, zorrotz, hasten da Carnes con DNI erreportajea, hau da, elikadurari dagokion segurantzian bere burua Estatu osoko erreferente bilakatu nahi duen consumaseguridad.com. Interneteko egunkariak bere orrialdeetan hilero-hilero jasotzen dituen ehun elementu berrietako bat.

Nahiz eta txiki-txikia izan, jateko garaian arriskua beti gainean dugulako, hain zuzen ere, elikagaien bidezko toxiinfekzioa harrapatzeko aukera ahalik eta ñimiñoena izan dadin lagungarri izango dituen estrategiei (hala nola sukaldean baliatu behar dituen lanabes eta tresnak behar bezain garbi egon behar direla edo elikagaien kontserbazioan hotz-katea inola ere eteterik ez dagoela, adibidez) eta irensten dituen elikagaiei buruzko informazio egiati eta argia eduki behar du kontsumitzaileak eskura. Elikadura-alorrean gertatu diren azkeneko bi krisialdiek (behi eroak eta sukar aftosoa), kontsumitzailearengan neurriz gaineko kezka eta urduritasuna sortu dute, zalantzarik gabe.

Informazio argi eta zorrotza ematea lanabesik ahaltsuen eta baliagarriena da, consumaseguridad.com eko arduradunen iritziz, elikagaien kontsumoari buruzko mesfidantzazko pertzepzio hori eguneroko bizitzan aurretiaz hartu beharreko neurri burutsu eta praktikoa bihur dezagun. Horixe da bidea kontsumitzaileak erosten duenarekin konfiantza har dezan eta elikagaiak ahalik eta segurantzia handienaz maneia ditzan. Hispacoop (“Confederación Española de Cooperativas de Consumidores”) elkarteak, Espainiako Osasun eta Kontsumoko babesa duen consumaseguridad.com Interneteko ataria jarri du martxan eta egunero gaurkotzen du bertako edukia.

Topagunea

Webgune horretan lanean dabilen profesionalen talde ugariaren eginkizuna itzela da, beraz: elikagaiei dagokien segurantzia, hau da, berariazko jarduera berezi horren gaineko dokumentazio eta informazioaren premia duten ikertzaile, albaitari, irakasle, abeltzain, nekazari, harakin, kazetari, kontsumo-tekniko eta ikasleen topagune izan nahi du. Horrekin batera, ordea, informazio argi eta zehatza eskuratu nahi duen kontsumitzaile xehea ere kontuan harturik, elikagaien kontsumo eta maneiuan ohiturak hobetu ahal izateko, gerora praktikan jartzeko moduko gertatuko diren azalpen soil eta ulergarriak ematen dizkio. Kontua da oinarri-oinarrizko gaiak bakarrik eskainiz adituak ez aspertzea eta, aldi berean, informaturik bizi nahi duten kontsumitzaileei funtsezko datu horiek ere ematea.

Hori egiteko, zientzia- eta kontsumo-gaietan espezializaturiko kazetari mordoska bat, elikagaien kontrol mikrobiologikoa eta egoera aztertzea berezitasuna duten ikertzaileak, produktuaren zuzenbidean adituak diren juristak, kontsumitzaileen elkarteetako zuzendaritza batzordeetako pertsonala, irakasle unibertsitarioak eta Interneteko tekniko diren profesional ugari jarri ditu lanean Hispacoop elkarteak. Denen artean, Interneten berariaz agertzeko informazio-produktua sortu eta moldatzen dute egunero, eguneko albisteen gaurkotasuna eta erreportaje, analisi eta artikulu berezietako informazio sakon eta lasaiagoaren arteko oreka mantenduz.

Webgune horrek diseinu soil eta bizia dauka. Azaletik bertatik, interesgarrien gertatzen zaizkion informazioetara jo dezake internautak, begiratu huts batez. Web horren barnean, lau gai-multzoetako bakoitzak (iritzi eta iruzkin gehien harrotzen dituzten bi krisiak, produktuaren segurtasuna legezko arauteriaren arabera, elikagaien ikuspegitiko arriskuak eta eragile patogenoen ikuspegitiko arriskuak, alegia) bere azala dauka: horrela, erabiltzaileak bilatu nahi duen kontuari buruzko informazio askoz ere espezializatuagoa aztertu ahal izango du, zuzenean bertaraino sarturik.

Nabigazioa zeharkakoa da beti: informazio bat irakurtzen ari zaren bitartean, bertan aztertzen den gai horri buruzko bestelako informazioen berri ere izan dezazun erraztasunak ematen zaizkizu: azterketa edo analisiak, albisteak, erreportajeak, artikulu bereziak, internautari interesgarri gerta dakizkiokeen gaiak jorratzen dituzten consumaseguridad.com-az bestelako orrietarako lotuneak, etab. Helburua begi-bistakoa da: nabigatzaileak behar edo nahi duen informazio guzti-guztia aurkitzea, muga bakarra ikusmina izanik.

Zergatik Interneten bakarrik?

Aldizkari edo egunkarien edizioetan ezinezkoak liratekeen aukerak eskaintzen ditu Sareak. Elikagaien segurtasunean eta etengabe aldatzen ari diren alorretan, web orria osatzen duten elementu guzti-guztiak gaurkotzeko aukeraz gozatzeak esan nahi du kontsumitzailearen premiei noiznahi erantzungo dien produktua eskura edukitzea, horrelako bereizgarriak dituen obra baten arrisku larrienari saihets eginik: zaharkiturik geratu eta, horrenbestez, baliagarritasuna galtzea.

Interneti berez dagozkion elkarregintza-ezaugarriak web gune honetan ere agertzen dira. Hainbat foro eta inkesta azaltzeari esker, consumaseguridad.com osatzen duten orrialdeak ikusteaz beste aukerarik erabiltzaileari eskaintzen ez dieten web gune horiek baino askozaz ere gehiago da: egiazko topagunea dute hauxe elikagaien segurantziaren kezka daukaten profesional, ikasle eta kontsumitzaile guztiek. “Aspaldian baino arrisku handiagoa ote du gaur egun jateak?” eta antzeko galderek bisitarien arteko polemika suspertzen dute eta beraien artean elkarrizketan jarduteko gonbitea da.

Elikagaien segurtasunak espainiar estatuan eta mundu zabalean sortarazten dituen albiste guztien berri berehala izateko modurik soilena, consumaseguridad.comdoaneko aldizkari elektronikoaren harpidedun egitea da, hala eskatzen duen internautaren posta elektronikora astero-astero bidaltzen baitzaio. Horrez gainera, bide horretatik jaso duen informazioa osatu nahi izanez gero, aldizkari horretatik beretik web gunean sartu eta berak kezka-iturri duen gaiarekin loturiko informazioak jorratu ahal izango ditu.

  • Iritzi eta iruzkin gehien harrotzen dituzten bi krisiak, Behi eroak eta sukar aftosoa dira, egun, alor honi dagokionez komunikabideetan gehien agertzen diren arazoak. Bost axola sukar aftosoak kontsumitzailearen osasunean inongo eraginik ez badu ere (ondotxo dakigunez, zientzialariek behin eta birritan frogatua dute sukar aftosoa nozitzen duen animaliaren haragia jatea gizakiarentzat inola ere ez dela kaltegarria). “Iritzi eta iruzkin gehien harrotzen dituzten bi krisiak” izeneko multzoan arazo hauek eta beste batzuk ere argitzen ahalegindu dira profesionalak; izan ere, maiz errepikatuak izanagatik ez ditugu hobeto ezagutzen. Adibidez, nork daki prioi bat benetan zer den?
  • Produktuaren segurtasuna, legezko arauteriaren ikuspegitik Hiritarrak oinarri-oinarrizkoa du, elikagaien kontsumitzaile den aldetik, bederen, nolako eskubideak zor zaizkion ezagutzea. Hasteko, elikagaien ondoriozko toxiinfekzio baten ardura nori egotz dakiokeen edo ontziratutako produktu fresko baten etiketak nolako informazioa eman behar digun jakinda, esate baterako, erosteko unean erabakiak hartzeko laguntzaile eta, beste aldetik, elikagaien segurtasunarekin zerikusia duen arazorik sortzean behar bezala jarduteko argibide izango dugu. Kontua ez da lege-testuak eskaintzea soil-soilik, problematika bere testuinguruan aztertzea eta gerta daitezkeen gorabeherak azaltzea baizik, ikusi batera horren latza den produktuaren segurtasuna bermatzeko eskubidearekin kontsumitzailea ohitu ahal izan dadin.
  • Eragile patogenoen araberako arriskuak Elementu mikrobiologikoek eta elikagai bidezko toxiinfekzioak sortarazten dituzten substantzien izenak, asko-askotan, eragiten dituzten ondorioak baino ezagunago ditugu. Zer ote da, berez, salmonella?, zein du bizitoki?, nola egin diezaiokegu saihets? Osasun arazoak sor ditzaketen elikagaietako mikroorganismoek nola diharduten jakitea, kontsumitzaile garen heinean, lagungarri izango dugu horiek aurreikusteko unean, kasurik gehienetan horrelako arriskuak zeharo ezabatzeko aski izaten baita higiene- eta maneiatze-neurri soil-soilak hartzea. Nolanahi, gaurkotasuna itotzen duen elikagaien krisia eskerga izanik ere, ez dezagun ahantzi Euskal Herrian gertatzen diren toxiinfekzio gehienen errudunak egoera txarrean dauden maionesak eta kutsaturiko tortillak direla.
  • Elikagaien araberako arriskuak Elikagai-mota bakoitza mundu osoa da. Horregatik azaltzen da consumaseguridad.com web gunean elikagai horietako askok segurtasunarekin duten lotura: arrainak, haragiak, arrautzek, esneak, frutek, laboreek… dituzten ezaugarri eta bereizgarriak ezagutu egin behar dira, ahalik eta modu hoberenean maneiatzeko. Esate baterako, jakin beharreko kontua dugu frutak oso zainketa gutxi behar duela arrisku guztiak, praktikan, suntsi daitezen eta, era berean, arrautzak eta arrautzaren eratorriak direla, oraindik ere, arrisku gehien dituzten elikagaietako batzuk.