Espainiako estatuko biztanleen %10 inguru, 4 milioi pertsona, lan bila dabil. Zifra horren barruan sartzen dira lehen lanpostuaren bila dabiltzan gazteak (472.000), lana izan arren hainbat arrazoigatik lanpostua aldatzeko prest daudenak (%32 inguru, 1999ko CIS erakundearen ikerketa baten arabera), unean uneko edo iraupen luzeko langabetuak eta berriro lan merkatura sartu nahi luketen pertsonak (adibidez, denbora batez lan mundutik kanpo egon ondoren berriro lanera itzuli nahi duten emakumeak).
Adiskide eta ezagunak, biderik eraginkorrena
Lana bilatzearen barruan, oso desberdinak izango dira lehen lanpostuaren bila dabilen gaztearen estrategia eta bideak eta, hainbat arrazoi tarteko, lana aldatu nahi duenarenak.
Eskatzailearen prestakuntzak ere baldintzatzen eta bideratzen du lana bilatzea: unibertsitateko tituluak ez du arrakasta bermatzen, teknologia berriekin erlazionaturiko lizentziaturen kasuan izan ezik, horiek indarrean baitaude orain. Unibertsitateko ikasketen arazoetako bat iraupen luzea izaten da: lan merkatuaren joeren eraginez, unibertsitate ikasketa jakin batzuetan hasten da gaztea, baina baliteke ikasketok bukatu orduko beharrak aldatzea. Aitzitik, Lanbide Heziketak (LH), oraintsu arte bigarren mailakotzat jotzen zenak, azkarrago erantzuten die merkatuaren beharrei eta ikasketak laburtu egin dira gainera (DBH bukatu eta batxilergoko bi urte egin ondoren, LHko bi urteko ziklo bat hasten da eta hori amaitzean lanbide bat izango du ikasleak).
Autonomia erkidego batzuetan gazteen %40k aukeratzen du bide hori, enplegu-indize handia baitu: %100 eraikuntzan, %94 automozioan, %93 metalean, %86 nekazaritzan eta %86 elektrizitate eta elektronikan.
Hori dela eta, lana bilatzea prozesu pertsonalizatu gisa hartu behar da eta egoera bakoitzak (lan esperientziarik duen ala ez, prestakuntza, itxaropenak, lana aurkitzeko presa …) estrategia jakin bat eta bitartekoak beste era batera erabiltzea eskatuko du. Aldi baterako Lan Enpresak (ALE), enplegu agentziak, INEM edo Langai bezalako enplegu zerbitzu publikoak, Internet, hedabideetako iragarkiak, eta ahoz ahoko informazioa izaten dira lana aurkitu edo aldatzeko bitarteko nagusiak.
Bitarteko batzuk egokiagoak dira sektore jakin batzuetan lana aurkitzeko eta horietako bakoitzaren bidez aurkitutako lanpostuak ere desberdinak izango dira iraupenaren aldetik. Gainera, bilaketa azkarragoa izaten da batzuekin besteekin baino (ALEek eskaintzen dituzten lanpostuak ez dira beste bitarteko batzuenak bezain egonkorrak, baina ALEen bidez askoz azkarrago aurkitzen da lana, batez ere zerbitzuen sektorean).
Internet gero eta gorago dago bitartekoen artean, zifrek erakusten dutenez: estatuko enpresen %8k gutxienez erabiltzen ditu enplegu-atarien zerbitzuak (1998an %2 bakarrik ziren) eta langileen %6 atari horien bitartez kontratatzen dute; eta Sarearen erabiltzaileen %36k erabiltzen ditu zerbitzu hauek.
Baina lana bilatzeko bitartekari eraginkorrena aipatu behar bagenu, ahoz-ahokoa nabarmentzen da guztien artean: lanpostuen %70 adiskide eta ezagunen sarearen bitartez lortzen da, garai batean “entxufe” edo “kutunkeria” eta gaur egun “erlazio sarea” deitzen denaren bidez.
Enplegu eskaintzarik handiena duten lanbideak, teknologia berriekin erlazionatuez gain, eraikuntza, automozioa, metala, nekazaritza, komertzialak eta zerbitzuak dira eta adituen ustez lana bilatzeko guneak Madril, Katalunia eta mediterraneoko arkua dira. Nafarroan, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Errioxan ere perspektiba onak daude. Andaluzia ere enpleguaren trenean sartuko da aurki, bereziki teknologia berrien sektorean.
Azkenik, bada beste lan-aukera bat ere, egunean baino egunean zale gehiago duena, oraindik behar adina hedatu ez den arren: telelana. Espainiako estatuan lanean ari direnen %2,8k baino ez du etxetik lan egiten, baina Europan %6ra iristen da modalitate hori eta gora egingo duela ikusten da argi eta garbi: langile tradizionalen %60k baino gehiagok telelanaren aldeko interesa azaltzen du etorkizun hurbilerako.
Oraingoz telelana ez da gehiegi lotzen kalitatezko lanpostuekin, behin-behinekotasunarekin baizik. Gainera, Espainiako legeriak ez du oraindik arautu eta beraz, ohiko lanpostuei ezartzen zaien araudi berarekin arautzen da telelana ere. Autoenplegua ere ez dugu ahaztu behar, ekintzaile eta arriskatuenentzako aukera gisa, formula honen bidez eratutako enpresek hilkortasun maila handia erakusten duten arren: %60 inguru desagertu egiten da bost urte baino lehen.
Lehentasunak ezartzea
Enplegua bilatzeko lehen urratsa norbere burua aztertzea da, zer eskain dezakegun aztertu eta lanpostu batean gehien baloratuko diren alderdiak zehaztea. Hurbiltasun geografikoa, soldata, diruzkoak ez diren onura sozialak, lan-giroa, aurrera egiteko aukerak, egin beharreko lanen interesa, lanpostuaren egonkortasuna, enpresaren prestigioa eta ordutegia izango dira alderdi horietako batzuk.
Lana aurkitzeko prozesuaren barruan une erabakigarriak dira, irizpide bati edo besteari lehentasuna emateak bizitza eredu bat edo bestea aukeratzea baitakar. Nolabaiteko bizitza-kalitatea guztiok nahi izaten dugun arren, egia da soldata handiagoa erantzukizun handiagoko lanpostuak betez lortuko dela gehienetan (eta guztiok ez dugu horietarako prestakuntzarik) eta ordutegi gogorragoak izango ditugula eta ondorioz denbora libre gutxiago.
Etxetik kanpo lan egiteak bizilekua aldatzera behartu lezake langilea, horrek dakarren guztiarekin. Eta lan-giro desatsegina izateak sortzen duen tentsioa eramangarri izango da batzuentzat, baina gaixotu egingo ditu beste batzuk. Horregatik, funtsezkoa eta komenigarria da zein bizimodu nahi den argi edukitzea, lehen lanpostuaren bila dabilenarentzat zein beste lan bat aurkitu nahi duenarentzat. Bigarren kasu horretan daudenek abantaila bat izango dute: aipatutako alderdi bakoitzak bere bizitzan nola eragiten duen jakiteko adina eskarmentu izateak erraztu egingo du erabakia hartzea.
Lan jakin batean gehien baloratuko diren alderdiak zehaztu ondoren, lanpostu hori bilatzeko estrategiak landu beharko dira. Alderdirik garrantzitsuenak betetzen dituzten enpresen zerrenda egitea izango da lehen urratsa.
Curriculumak leku guztietara bidaltzea baino eraginkorragoa izango da ezarritako helburuak betetzen dituzten enpresetara igortzea. Alderdi horien artean, adibidez, soldata, hurbiltasuna eta lan-giroa baldin badaude, irizpide horiei erantzuten dieten enpresak izango dira zerrendan.
Baina aukeratutako enpresek ere neurri desberdinean beteko dituzte baldintza horiek (etxetik oso hurbil egon arren, enpresa batek irabazi txikiagoak emango dizkigu, hain hurbil ez baina distantzia egoki batera dagoenak baino).
Horregatik, gure oinarrizko helburuak betetzen dituzten enpresen zerrendan ere sailkapena egin beharko dugu, lehentasunezko iruditzen zaizkigun alderdien arabera. Hona hemen fase honetarako aholku bat: hautatu lehen hiru irizpideak eta ebaluatu horien ondorioak. Aurreko adibidea jarraituz, zenbait pertsonarentzat egokiagoa izango da etxetik urrutiago izan arren soldata handiagoa izatea, baina beste askorentzat, hain goiz ez jaikitzeak eta goizago etxeratzeak dakarren bizitza-kalitatea funtsezkoa izango da. Zalantzan egonez gero, irizpide osagarriak sar daitezke gogoetan: soldata txikiagoa izan arren, batzuetan interesgarri izaten dira zenbait enpresak langileei eskaintzen dizkieten osasun eta gizarte arloko prestazioak.
Bitartekariak: desberdinak emaitzetan eta azkartasunean
Lan batean gehien baloratzen ditugun irizpideak finkatu ondoren, iritsi da lan merkatuko bitartekariak (enpleguen eta hautagaien arteko lotura) erabiltzeko unea, gure nahietara ondoen egokitzen diren enpresekin harremanetan jartzeko. Zenbat eta gehiago erabili, orduan eta aukera handiagoa arrakasta izateko.
ALEak:langileak kontratatu eta aldi baterako enpresa erabiltzaileen esku jartzen dituzten enpresa pribatuak. Enpresa mota honen irudi txarra desagertzen ari da, 1999ko abuztuko Soldata Konbergentziaren Legeari esker. Araudi horren arabera, ALE batek kontrataturiko langileek enpresa erabiltzaileak zuzenean kontrataturikoen soldata berbera jaso behar dute. Enpresa horien merkatu nagusia zerbitzu sektorea da, eta industria eta eraikuntza datoz atzetik. Lan kontratuen %15-%20 inguru ALEen bidez egiten da, eta lan mundura itzultzeko bide paregabea dira denboraldi luze batez lanetik urruti izan diren emakumeentzat edo oraindik lan-merkatuan sartu ez diren eta dirua edo lan eskarmentua behar duten gazteentzat. ALEek lanpostuak oso erraz, azkar eta aldi baterako eskaintzen dituztelako da hori.
Ez dira lan egonkorra lortzeko biderik onena, baina Aldi baterako Lan Enpresen bidez hainbat lan egin ondoren, hiru langiletik bat enpresa erabiltzailean geratzen da lanean.
enplegu zerbitzu publikoekin batean lan merkatuko bitartekari gisa lan egiten duten entitateak dira, langileei lanpostu bat aurkitzen eta lana eskaintzen dutenei beren beharretarako langile egokiak aurkitzen laguntzen dietenak. Agentzia horiek kobratu egin lezakete zerbitzua, baina ez da ohikoena. Izena eman behar da eta enplegu eskaintzekin deitzeko zain egon. Ez dira egokiak lana bilatzea presazkoa baldin bada, epe luzera ematen baitituzte emaitzak. Lan kontratuen %6 agentzia hauen bidez lortzen da.
Enplegu-zerbitzu Publikoak erakunde publikoak dira (INEM, Langai…) lan merkatuko bitartekari gisa dihardutenak eta biztanleria aktibo guztiari bere zerbitzuez baliatzeko aukera ematen diotenak (enplegurako orientazioa, doako prestakuntza, lan munduan sartzeko zailtasunak dituzten sektoreak laneratzea bultzatu, enplegurako laguntza zerbitzuak…). Zerbitzu publiko horien bitartez lana bilatzea egokiagoa da luzaroan langabe daudenentzat, 45 urtetik gorako langabe eta zailtasun bereziak dituzten bestelako sektoreentzat. Ez dute enplegu eskaintza zabalik izaten eta ez dute lana aurkitu duten langileen portzentaje handirik (%8-10).
Zerbitzu hauen erabiltzeko helbidearen arabera dagokigun enplegu bulegoan eman behar da izena. Bilaketa motela izan arren eta eskaintzak prestakuntza aldetik bakoitzak dituen baldintzetara ia egokitzen ez diren arren, zerbitzu hauek bitarteko ona dira informazioa eta aholkularitza lortzeko eta lan merkatuarekin harreman handiagoa izateko.
Internet: atari ugari eskaintzen du, formazioan, aholkularitzan eta enplegua bilatzen espezializatuak. Oraindik pazientzia handia behar da atarietan curriculum bat sartzeko eta eskatzailearen profilera egokitzen diren eskaintzak aurkitzeko, baina egunez egun hobetuz doaz eta erabilera erraztu egin da. Horren lekuko da atari horiek bisitatzen dituzten internauten portzentaje handia (1998an %2k erabiltzen zituen eta gaur egun berriz %36k) eta enpresek ere gero eta kontratazio gehiago egiten dute enplegu-atarien bidez (langileen %6 arte). Denbora eta dirua aurreratzen dute eskatzaileek eta enpresek.
Lan bila dabilen internautaren profila 20 eta 34 urte arteko gizon edo emakumea da, klase ertain eta ertain-altukoa, esperientzia eta prestakuntza handia dituena. Lanposturik bilatuenak, informatikariak, industria ingeniariak eta banka, ostalaritza eta turismo arloko langileak dira. Atari horietan curriculum bat sartzean garrantzitsua da profila ahalik eta gehien zehaztea, bi arrazoirengatik: lehenik, posta elektronikoa alferrikako eskaintzaz bete ez dakigun eta, bigarrenik, oso labur eta zehatzak ez diren curriculumak baztertu egiten direlako enpresa batek oso ezaugarri jakinetako hautagaia eskatzen duenean.
Prentsako enplegu iragarkiak: lan kontratuen %2 bakarrik izaten da prentsan argitaraturiko lan eskaintzen ondorio, baina iragarki horien bidez gutxienez merkatuaren joerak antzematen dira eta eskaera gehien eta gutxien duten lanbideak zeintzuk diren ikus daiteke. Enpresek oso gaizki ikusten dituzte argitaraturiko enplegu iragarkiei besterik gabe erantzuten dieten pertsonak. Horregatik, iragarkiak arreta handiz irakurri behar dira eta lanposturako zein baldintza den baztertzaile eta zein ez ikusi, oso gutxitan betetzen baitira baldintza guztiak (ez da gauza bera “ingelesa jakitea baloratu egingo da” edo “ingelesa menperatzea ezinbestekoa”).
Puntu hori aztertu ondoren hautagaiak oinarrizko baldintzak betetzen dituela uste badu, aurkezpen gutun on bat prestatu behar du, eskaintzara egokitua eta besterik gabe erantzuten dutenen artean nabarmentzeko aukera emango diona. Lana bilatzeko modu honek bilatzailearen esku uzten du bere profil, baldintza eta nahietara ondoen egokitzen den eskaintza hautatzeko aukera.
Ahoz-ahokoa: harreman pertsonalen sarea da. Garai batean entxufe edo kutunkeria deitzen zena, gaur egun harreman sarea edo networking deitzen da. Gure harreman-agendari begiratzea da, lanpostu baterako nork gomendatuko gaituen edo, gutxienez, enpresa baterako sarbidea nork erraztuko digun jakiteko. Sare hori bat-batean lantzen da eta lanpostu bat aurkitzeko biderik azkar eta eraginkorrena da: lanpostuen %70 inguru adiskide eta ezagunen bitartez aurkitzen dira, eta lehen lanpostua aurkitzeko eta lana aldatzeko balio du.
Sare soziala zaindu eta bultzatu egin behar da, kontaktu berriak sortuko dituen katea bihurtzea lortu arte. Ez da emaitzak berehala lortzeko biderik eraginkorrena, baina zalantzarik gabe, biderik emankorrena da epe ertain eta luzera. Ordena eta arreta aldetik ahalegin handia behar da, baina merezi du.
Lanpostua aldatu aurretik
- Ziurtatu gehien komeni zaizun erabakia dela eta aldaketa positiboak ekarriko dizkizula
- Arrazoi nagusia soldata baldin bada, eskatu igoera lanpostuari uko egin aurretik
- Ez aipatu inori zure asmoen berri enpresa utziko duzula erabat ziur egon arte
- Zure nagusiak jakin behar du beste inork baino lehen aldatzeko asmoaren berri
- Jakinarazi enpresari behar adina denbora aurretik
- Ahal den neurrian, beste norbaitek ordezka zaitzala alde egiteko unea iristen denean
- Jarraitu harremanetan lehengo enpresarekin eta egin ahalegina ateak itxi ez daitezen
- Enpresa berriari buruz, lortu elkarrizketan eman dizutena baino informazio gehiago. Sorpresak izan ditzakezu.
- Enpresa berriarekin ahozko akordioa egin ondoren, eskatu idatziz konfirmatzea.
- Jar ezazu helburu bat, baina izan errealista: agian ez duzu lortuko. Gainera, denbora joan ahala aldatu egin daiteke hasierako helburua.
- Aztertu zure prestakuntza maila eta zer espero dezakezun. Gogoan izan beste pertsona asko izango dela zure egoera berean.
- Salbuespenak salbuespen, behetik hastea izaten da ohikoena.
- Lehen lanpostua gorago jo ahal izateko eskarmentua hartzeko bitartekotzat hartu behar da.
- Zenbat eta bitarteko gehiago erabili, orduan eta aukera handiagoa lana aurkitzeko.
- Aztertu eta ebaluatu lan merkatuaren joerak.
- Mentaliza zaitez: lana bilatzeko ahalegina egin eta sendotasun psikologiko handia beharko duzu eta.
- Darabilzun metodoaren bidez emaitzarik lortzen ez baduzu, aztertu zertan huts egiten duen eta erabili beste bat.
- Egiaztatu zure curriculumak nahi duzun lekura iristen direla. Deitu enpresetara eta galdetu pertsonal buruaren izena.