Bidaia segurua

Lurralde urrunetarako bidaia: txertoa jarri behar

Unean uneko osasun egoerak, eskualdeko gaitz endemikoek, bidaiaren ezaugarriek eta luzapenak adierazten dute nolako txertoak hartu behar diren herrialde bat bisitatzeko garaian.
1 maiatza de 2003
Img miscelanea listado 225

Lurralde urrunetarako bidaia: txertoa jarri behar

Espainian 300.000 lagunek hartu zuten Afrika, Asia eta Hego Amerikako hainbat herrialdetako gaitz kutsakorren kontrako txertoa 2000 urtean, horiexek baitira sukar horia, kolera, paludismoa eta antzeko patologiez kutsatzeko aukera larrieneko eskualdeak. Arrisku bizieneko gizataldeak zaharrak, haurdunak, inmunodeprimituak, haurrak eta gaitz kronikoek jotako pertsonak badira ere, aipatu gaixotasunetakoren bat maizen harrapatzen duen bidaiariaren profila bestelako hau da: 30 urtez beherako gaztea, bidai kontuetan eskarmentu gutxikoa, aire zabalean kanpin egin, toki ibiltarietan saltzen denetik jan eta mundu zabaleko baserri-mundua zeharkatuz hilabete baino gehiago (euri-sasoian, batik bat) ematen duena. Nolanahi ere, kutsatzeko arriskuan zeinahi bidaiari dagoenez, komeni ez ezik, derrigorrezkoa ere bada txertoa ipintzea zenbait herrialdetan sartzeko.

Txertatze egiaztagiri pertsonalizatuak

Toki batzuetara joateko txertatze-egiaztagiria edukitzea funtsezkoa izateaz gainera, Afrika eta Asiako herrialde askotan sartzeko baimena eskuratu nahi izanez gero, agiri hori ezinbestekoa da. Horrelakorik gabe bidaiariak ikusiko du nola debekatzen dioten helmugara iristea edo, bestela, 10 egunerainoko itxaronaldia nozitu beharko du isolamenduan, prebentzio-neurri gisa.

Espainiako probintzi hiriburu guztietan dauden Nazioarteko Txertatze-Zentroak, kasuan kasuko herrialdera joateko beharrezkoa den txertoa antolatu eta zehazteko ez ezik, txertatze-txartela emateko Osasun Ministerioaren baimena duten eta Osasunaren Mundu-Erakundeak aintzat hartuak dauden bakarrak dira. Bidaia jakin bat egiteko txertoak, bisitatu nahi den lurraldeko osasun-egoeraren, bertan sustraiturik dauden gaitz endemikoen, bidaiaren ezaugarrien (arriskua ez da berdina abentura-txango batean joanda edo bidaia antolatu batean joanda, ezta kale-giroko bisita batean edo oihaneko batean) era iraupenaren arabera aldatzen da. Zentro horietan bidaiari bakoitzari nolako txertoak behar dituen zehazten dituen berariazko fitxa ematen zaio. Horrela saihets egin dakioke (alboko efektuak ere badituzten eta, gainera, prezioa duten) botiken administrazio indiskriminatuari edota behar ez bezalako babesari.

Lehenago antolatu behar

Gaixotasuna harrapatu ez ezik, etxerakoan bertakoei ere kutsatzeko arrisku handiko bidaiak behar bezain lehenago atontzea komeni izaten da. Osasun alorreko gestioetan abiatu baino hilabete edo hilabete eta erdi lehenago hasi behar izaten da, txerto batzuk osatzeko, lehen indizioaz gainera, besterik ere hartu behar izaten baita. Horietako batzuek, efektuak agertu aurretik, hainbat egun behar dituzte; beste zenbait ezin dira segun-eta zeinekin batera aplikatu; hainbat eta hainbat, kaltegarri omen dira emakume haurdunentzat… Kontua, gainera, ez da kartila estandar bat betetzea: bidaia egin beharreko unean bertan, joan-etorriaren inguruko gorabehera guztiak hartzen dira kontuan. Komeni da, nola ez, txerto-egiaztagiria eguneraturik edukitzea eta lehen mailako txertatze-zikloa betea izatea (hirukoitz birikoa: mingorria, errubeola eta parotiditisa; dena den, Espainiako hiritar guztiek hartu dute hiru gaitz horien kontrako txertoa). Bisitatu beharreko herrialde edo eskualdea zeinahi dela ere, sendagileek hurrengo txertoak ipintzea aholkatzen dute: A eta B hepatitisa, difteria, sukar tifoideaz gainera, helmugak, urte-sasoiak eta gainerakoek agintzen dituztenak, unean uneko osasun egoera gogoan izaki.

Txertoak

Sukar horia: 10 urteko indarraldia du. Bidaian abiatu baino, gutxienez, 10 egun lehenago jarri behar da. Bigarren dosirik ez du. Prezioa: 50 euro.

Kolera: erdipurdiko babesa baizik eskaintzen ez duenez, higiene-neurriak hartzea funtsezkoa da. Bidaian hasi baino astebete batzuk lehenago hartzen da eta ez du bigarren dosirik. Prezioa: 20 euro.

Paludismoa edo malaria: gaitz honen kontrako txerto eraginkorrik ez dagoenez, gaixotasuna transmititzen duen eltxoaren ziztadari itzuri egitea aholkatzen da. Horrez gainera, dena den, irten aurreko astean, bidaiak dirauen bitartean astero-astero eta amaitu ondorengo lau asteetan ere, profilaxi gisa, pilula bat hartu behar da. Era berean, tonikarik ez edatea aholkatzen da, edari horrek kinina duenez (malariaren kontrako botika askoren printzipio aktiboa da kinina) tonika hartzeak tratamenduaren eragina indargabetu egin lezake.

Tetanosa: garrantzi handiko txerto prebentibo horren indarraldia 10 urtekoa da. Pazienteak azken txertoa noiz hartu zuen gogoratzea komeni da, baliozkotasun-epeak ez betetzekotan erreakzio alergikoak sor daitezke eta. Prezioa: 2 euro.

Sukar tifoideoa: ahozko txerto hau hirugarren astean hasten da eraginak izaten eta hiru urteko babesa ematen du. Egonaldi luze-luzeak edo ez ohiko ibilbideak egiten dituzten bidaiarientzat aholkatua. Prezioa: 15 euro.

A eta B hepatitisa: garrantzi biziko txerto prebentibo hau abiatu aurretik hartu eta handik urte erdira indargarria ipini behar da ostera. Abenturazko ibilbideak egin eta 30 urte oraindik ez dituzten bidaiarientzat aholkatua. Prezioa: 100 euro inguru.

Meningitisa: abiatu baino hilabete lehenago hartzen delarik, hiru urteko indarraldia du. Bisitatu beharreko eskualdeko meningitis-motari egokitzen zaio txerto hau.

Poliomenitisa: betirako balio du honen aurkako txertoak. Prezioa: 15 euro.

Entzefalitis japoniarra: Asiako baserri-munduko tokietara doazen pertsonei, bertan hilabetea edo gehiago eman behar badute, eta gaixotasun horren agerpenak dituzten eskualdeetara doazenei bakar-bakarrik aholkatzen zaie hau ipintzea. Ez ohiko tratamendu hau, eskuarki, Nazioarteko Txerto-Zentrora eskatu behar denez, hilabete baino lehenago hasi behar da gestioetan.

Txertoa bakarrik ez da aski

Arrisku handiko helmugetara doazenentzat txertoa ipintzea neurri eraginkorrena den arren, kontuan hartu behar da txertoak ez gaituela inmune egiten, bere lana prebentibo hutsa baizik dela: beraz, (elikadura zein geure burua eta arropa garbitzean) higiene-alorreko neurriak hartzean zorrotz-zorrotz jokatu behar da:

  • Arropa eta oinetako egokiak aukeratzea. Herrialdea bero baldin bada, hautatu zuntz naturalak (kotoia, lihoa, etc.), arinak, zabalak, kolore argitsuetakoak. Aldatu maiz arropaz. Oinetakoek ere zabalak izan behar dute, transpiragarriak, onddoen bidezko zoldurei saihets egiteko.
  • Oheratu aurretik, astindu maindireak eta burusiak; egin beste horrenbeste arropa eta oinetakoekin jantzi aurretik: agian, intsekturen bat sartuko zen bertan.
  • Eraman kapelua eta eguzki betaurrekoak, aplikatu eguzkitarako kremak.
  • Eraman aldean botikin txiki bat eta bertan desinfektagarria, kotoia, antibiotikoak, parazetamola, ura edangarri bihurtzeko pastillak eta beherakoaren aurkako botikaren bat.