Etxebizitzarako alarmak

Besterenen zaleak etxetik uxatzeko

Alarma mota aukeratzean, prezioa ez ezik, norberak lortu nahi duen segurtasun gradua hartu behar da kontuan
1 maiatza de 2003
Img eco domestica listado

Besterenen zaleak etxetik uxatzeko

Azken urteotan Espainian garatuz doan iraultza teknologikoak ez omen du eraginik izan lapurretaren kontrako alarma sektorean, nahiz eta horrelakoak geroz eta gehiago eskatzen dituen hiritarrak etxebizitzan jartzeko. Salmenta gora doan arren, adituak aitortzen duenez, oraino ez da asmatu lapurra izutu eta, “garbitu” nahi duen etxean sartu aurretik, kezka sortzeko sistema perfektua. Diseinuan ere aurrera egin den arren, lapurretaren kontrako alarmen funtzionamenduak ez du aldaketarik izan: kanpoan tutua hasi, ebasleak bere burua nabarmen sentitzen du eta ihesi doa.

Familia bakarreko etxebizitzak ohoinari sortarazten dion interes biziak ederki azaltzen du zergatik bilakatu den honelako alarmen instalazioa ohiko kontua. Nolanahi ere, eraikin horien nagusiak ez dira alarmaren erabiltzaile bakarrak. Espainian lapurretak ugaldu ahala, pisuetan ere alarmak jartzea ere biderkatu egin da. Joan den urteko lehen sei hilabetean Espainia osoan ia 40.000 salaketa aurkeztu ziren, hau da, lapurreta bat 7 minutuko jazo zen, gutxienez. Datu hauek nabarmen frogatzen dute oinarrizko neurriak -hala nola oporretara goazenean pertsianak zeharo ez ixtea edota gure irteeren gaineko iruzkinik ez egitea- ez direla aski.

Alarma jartzeak etxebizitza erasoezin bihurtzen ez badu ere, zerbait bermatzen du (alarmak hotsa bakarrik egiten badu eta inongo zentralekin konektaturik ez badago) gutxienez: lapurreta gertatu eta berehala Poliziari horren berri gaztigatzea. Alor horretan lortu dira aurrerakuntza handienak. Alarma aktibatuz gero, enpresari horren informazioa iristen zaio, zentral jasotzaile baten bidez. Monitore bati esker, alarma hoska ari dela gaztigatu eta Poliziari dei egiten dio, unean bertan. Ebaspena enpresa batean gertatu baldin bada, alarma saldu eta instalatzeaz arduratu den firmak nagusiari edo erantzuleari ere dei egingo dio.

Kontuz sasi-alarmekin

Eskuratu nahi duzun segurtasun-sistema alarma-zentralarekin konektaturik dagoela segurtatzeko, aparatua erosten duzun denda edo enpresa Espainiako Poliziaren Zuzendaritzako Enpresen Erregistroan izen emana dagoela egiaztatu beharko zaizu. Era horretan, urtebeteko mantenu-kontratu bati esker, zure etxean norbait bortxaz sartzekotan esku hartzeko ekipoa igortzeko konpromisoa hartzen du enpresa saltzaileak. Kontratuaren hiru kopia egin behar dira, denera: batekin zu geratuko zara, bestea enpresarentzat da eta hirugarrena Poliziarentzat.

Alarma instalatuz gero, zaintza-zentroa etxeko nagusi edo arduradunarekin kontaktuan jarriko da, bere pasahitz eta klabea jakinarazteko. Alarma piztu eta pasahitza inork ez markatzekotan, zentroak etxe horretara dei egin eta (bi alderdiek bakarrik ezagutzen duten) klabea eskatuko dio. Pasahitza markatzean arduradunak hanka sartu baldin badu edo nahasi egin bada, aski da telefonoz klabea ematea. Klabe hori zuzen ez badago, ordea, berehala Polizia azalduko da bertara.

Etxeko nagusiaren hanka sartzeagatik alarma bigarren aldiz piztu baldin bada, horixe gertatzen den hirugarrenean Legeak xedaturiko isuna ordaindu beharko du: 3.000 eta 30.000 euro bitartekoa, alegia.

Alarma sistemak

Alarma aukeratzean, interesatuak nahi edo premiazko duen segurtasun-gradua izan behar du gogoan. Badira hainbat alarma-sistema desberdin: hortik hasita, erabiltzailearen zaletasun eta egin nahi duen gastuaren arabera, motak ere ugari dira. Hona:

Irrati bidezkoa:

irrati-frekuentziaz funtzionatzen du (433 megahertz), 1998ko Europako arautegiaren arabera. Kontsola batek, sistema konektatu eta deskonektatzeko teklatuak eta aginteak osaturik dago. Kamera bat ere onartzen du sistema honek. Bai kamerak, bai jasogailuak, biek funtziona dezakete sarean konektaturik edo baterien bitartez, erabateko autonomia lortu nahi bada. Irrati bidezko alarmak dira gehien saltzen direnak, instalazio erosokoak baitira.


Abantailak:

  • Horrelakoak instalatzeko ez da obrarik egin behar etxean.
  • Hari bidezko sistema baino merkeago da.


Eragozpenak:

Hari bidezkoa baino zaintza-maila apalagoa.

Hari bidezko sistema:

etxe osoan zehar hariak instalatu behar dira, zaintza gabeko alderdirik izan ez dadin.


Abantailak:

Zaintza etxebizitza osoan bermatzen du


Eragozpenak:

  • Kasuen arabera, ez dago instalatzerik zorua altxa eta paretak zulatu gabe, hori nahitaezkoa delako hariak jartzeko.
  • Instalazio- eta mantenu-kostua garestiago da

Sentsoreen sistema bolumetrikoa:

uhin-luzerak determinatu jarduera-alorrean mugimendua atzematen dute. Oinarriz, kontrol-unitateak, kontsolak, sistema konektatu eta deskonektatzeko edo alderdiak kanpoan uzteko teklatuak osatzen dute. Alderdi mesedegarriena (etxebizitza handietan, eskertzeko modukoa): nagusia alderdi batean dela, inor ez dabilen gainontzekoak zain ditzake bertatik.


Abantailak:

Erabiltzaileak berak eraginiko segurtasuna bermatzen du.


Eragozpenak:

Gainerako sistemetan baino errazkiago piztu daiteke alarma.

OHARRA: hemen aipaturiko hiru sistemek abantaila bat dute: alarma bat piztu dela atzematen dutenean, urteko 365 egunetan, 24 orduz funtzionatzen duelarik, zentralera dei egiten dute eta honek, bere aldetik, jazotakoaren berri Poliziari jakinarazten dio.

Alarma soila:

ez du kanpo konexiorik, sistema akustiko hutsa da. Instalatzeko erraz bezain merkeak diren alarma hauen helburua, hotsa dela bide, etxeko ez direnak uxatzea da.


Abantailak:

  • Denetan merkeenak dira, mantenu-kontraturen premiarik ez dute.
  • Instalazio erraz-errazekoa: argibideei jarraiki, erabiltzaileak berak egiteko modukoa.


Eragozpenak:

Zentral batera konektaturik ez daudenez, pizten bada ere Polizia ez da bertara joango, inork abisatzen ez badio.

Alarma-aparatu batetik bestera, prezioetan alde handiak daude, etxebizitzaren ezaugarrien, instalazio-motaren eta beste hainbat faktoreren arabera.