Autoan ibiltzea

Gidatzean ere, agindutakoa zorrozki bete behar

Legeak xedaturiko dokumentazioa gabe zirkulatzearren, 3.000 eurorainoko isuna ezar diezagukete
1 maiatza de 2003
Img consejo listado

Gidatzean ere, agindutakoa zorrozki bete behar

Bidaiari ekin aurretik automobila aztertzea funtsezkoa bada ere, ibilbidean sor litezkeen premiazko kasuetarako lanabes, osagarri eta gainontzekoak eramateak ez du garrantzi gutxiagorik. Bereziki aipatu beharrekoa, “autoko paperak” aldean eramatea, gidariaren berme izateaz gainera, ibilgailuak -segurtasun eta hirugarrengoen aurreko erantzukizun kontuetan- Legea betetzen duela segurtatzen dutelako.

Derrigorrezko agiriak

  • Bidaia hasi baino lehenago, egiazta ezazu derrigorrezko paper guztiak dauzkazula: gidatzeko baimena, zirkulatzeko baimena, ibilgailuaren fitxa teknikoa, azken IAT-ren egiaztagiria, indarreko IAT-ri dagokion eranskina eta derrigorrezko aseguruko poliza eta ordainagiria.
  • Ibilgailua zurea ez izatekotan, ez legoke gaizki nagusiak izenpeturiko baimen-agiri bat aldean eramatea, arazorik ez izateko.
  • Egiaztatu agiriak indarrean eta bertako datuak zuzen daudela. Helbidez aldatzen bazara eta hamabost eguneko epean Trafiko Zuzendaritzari jakinarazten ez badiozu, zigortua izan zaitezke. Dokumentuak dataz kanpo baldin badaude ere isuna jaso dezakezu.
  • Paperak galdu edo lapurtzekotan, hamaika endredo eta buelta alferrik ez emateko eta hamaika gastu ez egiteko, utzi orijinalak etxean eta eraman aldean gidatzeko eta zirkulatzeko baimenen, IAT eta derrigorrezko aseguruaren fotokopiak. Espainiako Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak baliozkotzat jotzen ditu, konpultsatuak baldin badaude eta konpultsa egin duen organismoa edo pertsona identifikatua baldin badago. Fotokopiak plastifikatzea ere onartzen du Legeak.
  • Aipaturiko konpultsa hori fede-emaile publikoek (notarioak, etab.) eta Trafikoko Zuzendaritza Nagusiko herrialdeko unitateek egin dezakete. Horretara beharturik ez dauden arren, udalek, zaintza-indarrek, administrazio autonomikoek eta Administrazio Publikoko gainontzeko organismoek ere egin dezakete agirien konpultsa.
  • Atzerrirako bidaia egin behar baduzu, eraman itzazu agiri originalak. Nazioarteko hitzarmen guztietan ez dago jasorik automobilaren jatorrizko dokumentazioaren ordez fotokopiak baliozkoak izatea.

Beste hainbat elementu ezinbesteko

  • Betaurrekoak edo ukipen-lenteak eraman ohi badituzu, derrigorrezkoa duzu ordezkoak gainean edukitzea. Ezinbestekoa ez den arren, eguzkitarako betaurrekoak eraman ditzakezu, gehiegizko argitasunetik zeure burua babesteko.
  • Ordezko lanpara-sorta bat eta horiek aldatzeko beharrezkoak diren lanabesak ere eraman behar dituzu autoan.
  • Gogoan izan ordezko gurpila ikuskatua egon behar dela, aire-presio egokia duelarik. Katua eta gurpila aldatzeko tresnak eramatea ere derrigorrezkoa da.
  • Ez ahantzi larrialdiko triangeluak. Horien premia izatekotan, autoaren aurretik eta atzetik, 50 metrotara, toki ikusgarrian ipini behar dituzu.

Hauek eramatea ere komeni izaten da

  • Ilunabarretik egunsentira bitartean geldialdirik egitekotan, txaleko islatzailea jartzea aholkatzen da.
  • Ibilgailuko okupatzaileen odol-mota, alergiak eta infekzioak jasotzen dituen agiria eramatea ere interesgarria da; horrela, larrialdirik gertatzekotan, behar bezalako atentzioa jaso ahal izango dute.
  • Errepide-mapa, linterna, zinta isolatzailea, oihala, autoa abiarazteko baterian konektatzeko “pintzak”… tresneria horrek toki gutxi okupatzen duelarik, larrialdi txikietan biziki estimagarria gertatzen da.

Isunak

  • Gidatzeko edo zirkulatzeko baimenik gabe gidari joatearren 10 euroko isuna jartzen da; baimen horiek eskuratu gabe ibiltzeagatik, berriz, 150 eta 900 euro bitartekoak, ibilgailu-motaren arabera. Gidatzeko baimenaren indarraldia amaiturik badago, isuna 150 eurokoa da.
  • IAT edo azken ikuskaritzari dagokion agiria gabe zirkulatzearren 10 euroko isuna ipintzen dute. Agiri hori ez izatearren, zigorra 150 eta 900 euro artekoa da. Txartela IAT zerbitzuak atxiki duela zirkulatzearren, 450 euroko isuna ezartzen da.
  • Derrigorrezko aseguruko poliza edo azken ordainagiria etxean utzita baldin bazabiltza, 60 euro ordaindu beharko duzu. Asegururik gabe zirkulatzea 600 eta 3.000 euro arteko isunaz zigortzen da. Ibilgailua aseguratu dizun konpainiak azken ordainagiria helarazi ez badizu, 30 eguneko epea daukazu hura aurkezteko.