Hirietan zirkulazio arauak haustea

Gidariak eta oinezkoak, oso eskas

Dauzkagun ohitura desegokiek argitzen dute hein handi batean hirietako bideetan gertatzen diren istripuak
1 maiatza de 2003
Img temap 325

Gidariak eta oinezkoak, oso eskas

2001ean, gure herrialdean, 55.000 auto istripu gertatu ziren hiriguneetan; istripuen ondorioz 75.000 biktima izan ziren, eta horietatik 974 hil egin ziren. Hil ziren horietatik 337 oinezkoak ziren. Gure hirietako bide publikoetan batez ere munta txikiko istripuak gertatzen direla pentsatzeko joera daukagu, baina datuek planteamendu hori oso okerra dela erakusten dute.

CONSUMER-ek azterketa bat egin du, azaletik bada ere, itxuraz behintzat biktimak izateko aukera gutxiago daukaten egoeretan istripu horietako batzuk zergatik gertatzen diren argitzeko asmoarekin (ez dira gehiegizko abiadura edo edari alkoholdunen eraginpean gidatzea bezalako arau hauste larriak aztertu).

Erabilitako metodoa sinplea dela esan daiteke: aldizkari honetako teknikari batzuk hainbat egunez jarri ziren Madril, Bartzelona, Valentzia, Castello, Bilbo, Coruña, Malaga, Alacant, Donostia, Gasteiz, Iruñea, Murtzia eta Logroño hirietako 8 semafororen, 6 zebra bideren eta “T” formako elkargunean dauden bi Stopen parean, eta gidariek zein oinezkoek egin zituzten arau hausteak idatzi zituzten.

Txostenetik ateratzen diren emaitzek gure hirietan zirkulazioko arauak ez direla behar bezala betetzen erakusten dute, eta gidarien eta oinezkoen ohitura desegokiak direla, hein handi batean, hirietako bideetan hainbeste istripu jazotzeko eta horiek hain larriak izateko arrazoia.

Gidariei dagokienez, honako hauek dira daturik kezkagarrienak: %27k ez zuten Stopa behar bezala egin (automobila guztiz geratu eta jarraitu aurretik begiratu), %8,5ek semaforoa gorri edo anbar kolorean zegoela aurrera jarraitu zuten, eta ia %40k ez zuten oinezkoentzako pasabidea errespetatu oinezkoak bidea gurutzatzeko zain zeudenean. Hala eta guztiz ere, oinezkoak ere ez ziren oso fin ibili zirkulazio arauak errespetatzeari dagokionez: oinezkoen %20k semaforoa gorri zegoela gurutzatu zuten bidea, eta %10ek bidean automobilik zetorren begiratu gabe zeharkatu zuten. Are gehiago: %22k pasabiderik ez zegoen lekuetatik gurutzatu zuten bidea.

Ibilgailuetara itzulita, %44tan bidaiari bat edo bat baino gehiago zegoen derrigorrezko segurtasun uhala jantzi gabe, gidarien %5 eskuko telefonotik hizketan zihoazen autoa gidatzen ari ziren bitartean, %14k argi keinukariekin seinalerik adierazi gabe maniobraren bat egin edo norabidea aldatu zuten, eta %8k zebrabidea inbaditu zuten semaforoa gorri zegoelako gelditu zirenean.

Alde handiak hiritik hirira

Datuak hirika alderatuz gero ikus daitekeenez, horietako batzuetan arauei jaramonik egiten ez dieten gidariak eta oinezkoak aipaturiko batez bestekoetan baino askoz gehiago dira. Logroñon, esate baterako, gidarietatik %28k semaforoa gorri edo anbar zegoela pasatu zuten, edo berde jarri aurretik ekin zioten berriro bideari; Malagako, Bartzelonako eta Murtziako gidarietatik %64k ez zieten bidea gurutzatu nahi zuten eta semafororik gabeko zebrabide batean zeuden oinezkoei pasatzeko aukerarik eman; Donostiako, Iruñeko eta Bilboko gidarietatik %45ek baino gehiagok ez zuten Stopa behar bezala egin; Gasteizko %62k ez zuten egiten ari zen maniobra keinukarien bitartez adierazi, eta Donostian aztertu ziren ibilgailuetan bidaiari bat edo bat baino gehiago derrigorrezko segurtasun uhala jarri gabe zihoazen. Oinezkoen jokamoldeari dagokionez, daturik muturrekoenak hauek izan ziren: Castellon eta Madrilen oinezkoen %30ek baino gehiagok semaforoak debekatzen zuenean zeharkatu zuten bidea, eta Madrilgo hiru oinezkotatik ia batek une horretan bidean autorik zetorren begiratu gabe gurutzatu zuten zebrabidea.

Auto gidarien arau haustearen araberako analisi haztatu bat egin eta gero zera esan daiteke: zirkulatzeko arautegiko alderdi horiek gutxien errespetatu zituztenak Gasteizkoak, Iruñekoak eta Malagakoak izan ziren. Donostia, Madril, Bilbo, Logroño, Coruña eta Bartzelona ezin dira harro agertu. CONSUMER-en proba ondoen bete zutenak (gainditzeko notarik atera ez zuten arren, ezta hurrik eman ere), Valentzia eta Castello izan ziren.

Oinezkoei dagokienez, berriz, araurik garrantzitsuenak gehien urratu zituztenak Madrilgoak izan ziren, zalantzarik gabe, hirutik batek autorik zetorren begiratu gabe gurutzatu baitzuen oinezkoentzako pasabidea, eta proportzio berean semaforoak debekatzen zuenean gurutzatu zuen. Donostiako, Bilboko eta Castelloko oinezkoak negatiboki nabarmendu ziren.

Gasteizko, Iruñeko eta Valentziako oinezkoek jokabide egokiagoa erakutsi uzten, nahiz eta horiena ere ez zen behar bezain egokia izan. Arauari eta norbere eta gidarien segurtasunari gehien begiratzen dioten oinezkoak Coruñakoak eta Murtziakoak dira. Oro har, bi hiri horiek eta Valentzia dira CONSUMER-en txostenean emaitzarik egokienak lortu dituztenak.

Azterketa nola egin zen

Ikerketa apirilaren 9, 10, 11 eta 14an egin zen (guztiak ere lanegunak), Zirkulazio Kodean oinarritutako metodologia propio bati jarraituta.

CONSUMER-eko teknikariak, koadernoa eskuan zutela, aipatu hamahiru hiri horietako bakoitzeko 16 puntutan lekukotu ziren, zirkulazio arau jakin zenbaiti buruz oinezkoen eta gidarien jokamoldea aztertzeko helburuarekin. Aztertu beharreko puntu horiek hainbat irizpide komun kontuan hartuta aukeratu ziren, eta baldintzetako bat zen hiriguneko eremuak izan behar zirela, oinezkoen eta ibilgailuen mugimendu handia zutenak.

Azterketak iraun zuten bitartean gutxi gorabehera ikertu ziren oinezkoen kopurua 33.000 izan zen, eta 43.000 ibilgailu inguru ikertu ziren. Horiek denak aztertzeko guztira 1.034 ordu eman ziren, 104 semaforotan -8 hiri bakoitzean-, 78 zebrabidetan -6 hiri bakoitzean- eta 26 Stopetan, hiri bakoitzean bitan. Zirkulazioko arauei buruzko ikuspegi egoki batez lan egitearren, indarrean dagoen Zirkulazio Arautegia aztertu zen, gaia adituak diren hainbat pertsonaren laguntzaz.

Hiri bakoitzean behatu ziren 8 semaforoetatik hiru 3 karrileko galtzadak ziren, beste hiru bi karrilekoak ziren, eta beste bi karril bakarrekoak. Bai semaforoetan, bai zebrabideetan eta Stopa daukaten bidegurutzeetan, CONSUMER-eko teknikariek aztertutako diren aldagai guztiei buruzko gorabehera guztiak idatzi zituzten.

Onenetik txarrenera, hiriz hiri

CORUÑA

  • Gidariak: Gaizki
  • Oinezkoak: Ongi
  • Onena: bertako auto gidariek beste hiri batzuetakoek baino askoz gutxiago urratzen dute segurtasun uhala erabiltzeari buruzko araua. Oinezkoek beste hiri batzuetan baino gehiago errespetatzen dituzte semaforoak, eta pasabideak erabiltzen dituztenean zirkulatzen autorik ez dabilela gehien begiratzen dutenetakoak dira.
  • Txarrena: gidarietatik %41ek ez dute zebrabidea errespetatzen. Eta gidatzen duten bitartean eskuko telefonotik hitz egiten dutenen bigarren hiria da.

MURTZIA

  • Gidariak: Gaizki
  • Oinezkoak: Ongi
  • Onena: semaforoak gehien errespetatzen dituzten gidariak dira, eta segurtasun uhalaren arauari buruz legea gutxien hausten dutenak. Gidarien %6k baino ez zuten argi keinukaririk erabili egoerak hala eskatzen zuenean. Oinezkoei dagokienez, errespeturik handiena erakusten dute semaforoen aurrean, eta zebrabideak erabiltzen dituztenean ibilgailurik zirkulatzen ez dabilela gehien begiratzen dutenak dira.
  • Txarrena: gidarietatik %64k ez dute zebrabidea errespetatzen.

VALENTZIA

  • Gidariak: Erdipurdi
  • Oinezkoak: Gaizki
  • Onena: proportzioan, hiri honetako gidariek erabiltzen dituzte argi keinukariak ondoen, eta eurek hitz egiten dute gutxien sakelako telefonotik.
  • Txarrena: oinezkoetatik %21ek semaforoa gorri zegoela gurutzatu zuten bidea.

ALACANT

  • Gidariak: Gaizki
  • Oinezkoak: Erdipurdi
  • Onena: gidariek argi keinukariak ondoen erabiltzen dituzten eta sakelako telefonotik gutxien hitz egiten duten hirietakoa da. Oinezkoetatik %3k baino ez zuen zebrabidea autorik zetorren begiratu gabe zeharkatu.
  • Txarrena: auto gidarietatik %37k ez zuten zebrabidea errespetatu.

LOGROÑO

  • Gidariak: Gaizki
  • Oinezkoak: Erdipurdi
  • Onena: zebrabidea gurutzatu nahi duten oinezkoei buruzko errespetua. Gidariek argi keinukariak ondoen erabiltzen dituzten hirietakoa da, eta sakelako telefonotik gutxien hitz egiten dutenetakoa.
  • Txarrena: hiri honetako gidariak semaforo gorri edo anbar kolorekoa gutxien errespetatzen dutenetakoak dira, eta hiru ibilgailuetatik bitan bidaiariren bat zihoan segurtasuneko uhala jarri gabe.

BARTZELONA

  • Gidariak: Gaizki
  • Oinezkoak: Erdipurdi
  • Onena: argi keinukariak ondoen erabiltzen diren hirietakoa da, baita oinezkoek zebrabidea autorik datorren begiratu gabe gutxien gurutzatzen dutena (%2).
  • Txarrena: beste hiri batekin batera, hiri honetako gidariek oinezkoei zebrabideetan pasoa gutxien ematen dieten hirietakoa da (%69k urratzen du arautegia). Semaforoa gorri edo anbar zegoenean gidariek aurrera jarraitu zuten bigarren hiria da (%13).

CASTELLO

  • Gidariak: Erdipurdi
  • Oinezkoak: Oso gaizki
  • Onena: hiri honetako gidariak sakelako telefonotik gutxien hitz egiten dutenak dira (%2).
  • Txarrena: gidarietatik %42k ez zuten zebrabidea errespetatu. Oinezkoek semaforoa gorri zegoenean pasabidea gurutzatu zuten oinezko gehien daukan hiria da (%32).

MALAGA

  • Gidariak: Oso gaizki
  • Oinezkoak: Erdipurdi
  • Onena: oinezkoen %4k baino ez zuten zebrabidea gurutzatu aurretik automobilik zetorren begiratu gabe.
  • Txarrena: gidarietatik ia %70ek ez zieten oinezkoei pasabideetan pasatzeko aukerarik eman, eta ibilgailuetatik %60tan bidaiariren bat segurtasun uhala jarri gabe zihoan. Eskuko telefonotik hitz egiten gidari gehien zihoan hiria da (%8).

DONOSTIA

  • Gidariak: Gaizki
  • Oinezkoak: Oso gaizki
  • Onena: zebrabideak gehien errespetatu zituzten gidariak.
  • Txarrena: gidarietatik %47k ez zuten zegoen Stopa errespetatu, eta ibilgailuen %85etan bidaiariren bat zihoan segurtasun uhala jarri gabe. Oinezkoen %26k ez zuten semaforo gorria errespetatu eta bidea gurutzatu zuen, eta %21ek automobilik zirkulatzen ari zen begiratu gabe zeharkatu zuten zebrabidea.

BILBO

  • Gidariak: Gaizki
  • Oinezkoak: Oso gaizki
  • Onena: ez da positiboki ezertan nabarmentzen.
  • Txarrena: gidarietatik %45ek ez zuten Stopa behar bezala egin, eta ibilgailuetatik %57tan bidaiariren bat zihoan segurtasun uhala jantzi gabe. Oinezkoen %27k semaforoa gorri zegoela gurutzatu zuten bidea, eta %16k ibilgailurik ez zebilela egiaztatu gabe pasatu zuten zebrabidea.

MADRIL

  • Gidariak: Gaizki
  • Oinezkoak: Oso gaizki
  • Onena: ez da positiboki ezertan nabarmentzen.
  • Txarrena: gidarietatik %40k ez diete oinezkoei zebrabideetan pasoa ematen, eta %8 gidatzen ari den bitartean sakelako telefonotik hizketan doa. Oinezkoen %30ek semaforo gorri zegoenean gurutzatu zuen zebrabidea, eta %31k ibilgailurik zetorren begiratu gabe igaro zuen.

IRUÑEA

  • Gidariak: Oso gaizki
  • Oinezkoak: Erdipurdi-Gaizki
  • Onena: gidatzenari ziren bitartean telefono mugikorra oso gutxi erabiltzen zuten (%3,6).
  • Txarrena: gidarietatik ia erdiek ez dute Stopa behar bezala egiten, %10ek ez dute semaforoa gorri edo anbar dagoenean errespetatzen eta %21 zebrabidearen gainean jartzen dira semaforoaren aurrean gelditzen direnean. Ibilgailuetatik erdietan baino gehiagotan baten bat zihoan segurtasun uhala jarri gabe. Oinezkoei dagokienez, berriz, %23k semaforoa gorri zegoela igaro zuten galtzada.

GASTEIZ

  • Gidariak: Oso gaizki
  • Oinezkoak: Gaizki
  • Onena: oinezkoetatik %4k baino ez zuten zebrabidea igaro autorik zetorren begiratu gabe.
  • Txarrena: gidarietatik %56k ez zuten zebrabidea errespetatu, %11k ez zuten semaforo gorria edo anbarra errespetatu, ibilgailuetatik %76tan bidaiariren bat zihoan segurtasun uhala jarri gabe, eta gidarietatik %62k ez zituzten argi keinukariak erabili egoerak horrela eskatzen zuenean. Oinezkoetatik %28k semaforoa gorri zegoenean zeharkatu zuten bidea.

Zirkulazioko arauek diotena (oso gutxi betetzen duguna) eta konparaketako taula

Gidaria

  • Gidariak “bere buruari zein beste norbaiti inolako kalterik ez egiteko behar bezalako zuhurtziaz eta arduraz gidatu beharko du, eta gidaria eta bidearen erabiltzaileak arriskuan ez jartzeko kontuz ibiliko da. Erabat debekatuta dago arduragabekeriaz edo ausartegi gidatzea”.
  • Abiadura moderatuz gidatu beharko da eta, beharrezkoa izanez gero, egoerak horrela eskatzen duenean, ibilgailua gelditu egingo da, batez ere honako kasu hauetan:
  • Erabiltzen ari den bidearen zatian oinezkoak daudenean edo bertara sartuko direla pentsatzeko aztarna zentzuzkoak daudenean, bereziki hurrak, adinduak, itsuak edo bestelako pertsona ezinduak baldin badira.
  • Semaforo edo zirkulazioko agente bidez erregulatu gabeko oinezkoentzako pasabideetara gerturatzean, edota haurrak ager daitezkeela aurreikus daitezkeen lekuetan edo merkatu inguruetan.

Gidariek noiz ez daukate oinezkoen gainean lehentasunik?

Gidariek beren ibilgailuekin igarotzeko lehentasuna daukate oinezkoekiko, hurrengo kasuetan izan ezik:

  • Seinaleztaturiko oinezkoentzako igarobideetan.
  • Beste bide batean sartzeko beren ibilgailuarekin biratu behar dutenean eta oinezkoak igarotzen ari direnean, nahiz eta horientzako pasabiderik ez egon.
  • Ibilgailuak oinezkoentzako esparrurik ez daukan eta oinezkoak dabiltzan bazterbide bat igarotzen duenean.
  • Oinezkoentzako gune guztietan.
  • Garraio kolektiboko ibilgailu batera igo behar duten edo jaitsi diren oinezkoei eta horretarako seinaleztaturiko geltokietan pasoa eman beharko diete, ibilgailu horren eta hurbileneko oinezkoentzako gune edo babeslekuaren artean daudenean.
  • Formazioan dauden tropak , eskola ilarak edo segizio antolatuak daudenean.

Klaxonaren erabilerari buruz legeak dioenez, hiri bideetan “salbuespen gisa edo zirkulazioari buruzko, ibilgailu motordunen zirkulazioari buruzko eta bide segurtasuneko arauren batek aurreikusten duenean, soinu karrankaria ez duten seinale akustikoak erabili ahal izango dira, eta debekatuta dago horiek motiborik gabe edo gehiegikeriaz erabiltzea”.

“Segurtasun uhalak edo bestelako erretentzio sistema homologatuak erabiliko dira, behar bezala lotuta, bai hiri barruko bideetan, bai hiritik kanpokoetan, eta gidariak eta aurreko, erdiko eta alboetako bidaiariek erabiliko dituzte, baita automobiletako atzeko eserlekuetan doazen bidaiariek ere”.

Oinezkoentzako pasabideak dauden lekuetan, bidea igaro behar dutenek pasabide horietatik igaro behar dute eta ez horien inguruetatik, eta pasabide horiek pasonibelak direnean honako arau hauek bete beharko dira:

  • Oinezkoentzako semaforoak baldin badaude, horien jarraibideei jarraitu behar zaie.
  • Oinezkoentzako semafororik ez balego baina ibilgailuen zirkulazioa agente edo semaforo bidez erregulatuta balego, ez dira galtzadan sartuko agentearen edo semaforoaren seinaleak ibilgailuak ibil daitezkeela adierazten ez duen bitartean.
  • Bidean marka bitartez seinaleztaturiko oinezkoentzako gainerako pasabideetan, lehentasuna daukaten arren, gerturatzen ari diren ibilgailuen distantzia eta abiadura segurtasunez igarotzeko modukoak direla egiaztatu arte baino ez dira galtzadan sartuko.
  • Oinezkoentzako pasabide batetik kanpo galtzada zeharkatzeko, segurtatu egin beharko dute arriskurik ez dagoela eta behar ez den eragozpenik sortuko ez dutela.
  • Galtzada igarotzean horren ardatzarekiko perpendikularrean igaro behar da, beharrik gabe bertan ez gelditu ezta berandutu ere, eta besteei ez die pasoa galarazi behar.
  • Oinezkoek ezingo dituzte plazak eta glorietak galtzadatik igaro, eta inguratu egin beharko dituzte.

Semaforoak eta automobilak

“Keinukaria ez den argi gorri batek pasatzea galarazten du. Horrek piztuta irauten duen bitartean, ibilgailuek ez dute semaforoa aurreratu behar, ezta, existituz gero, gertuen dagoen gelditzeko marra ere. Semaforoa bide elkargune baten barruan edo horren beste aldean baldin badago, ibilgailuek ez dute elkargunean sartu behar, ezta horren aurretik gelditzeko dagoen marra aurreratu behar ere”. Eta “keinukaria ez den argi hori batek ibilgailua egoera berean dagoen argi gorri bat balego bezala gelditu behar dela adierazten du, baldin eta ez bada ibilgailua hain gertu dagoelako ezin delako segurtasun baldintza egokietan gelditu”.

Semaforoak eta oinezkoak

“Keinukaria ez den eta oinezko geldiaren forma daukan argi gorri batek ezin direla bidea igarotzen hasi adierazten die oinezkoei. Keinukaria ez den eta ibiltzen ari den oinezkoaren forma daukan argi berde batek bidea igaro dezaketela adierazten die. Argi hori keinukari bihurtzen denean, bidea igarotzeko denbora amaitzear dagoela eta argi gorria pizteko puntuan dagoela adierazten du”.